Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

Amona Basadi

 

       Nkgono (Amona) Basadi eta haren senarra Tusho jauna elkarrekin bizi ziren Sarona hirian alokatutako etxe batean. Etxe berean bizi izan ziren urte askotan. Seme-alabarik ez zuten arren, bikoteak lotura estua zuen Tusho jaunaren hiru ilobekin. Txikitatik mutilek harremanak izan zituzten osabaren familiarekin, eta, gurasoak hil zitzaizkienean, zuzenean familiako partaide egin ziren. Kanpotarrek uste zuten mutilak bikotearen seme-alabak zirela.

       Basadi eta senarra ohituta zeuden lana gogotik egiten. Tusho jauna, 1930. urte inguruan, oso gaztea zela, etxegintzan hasi zen lanean, eta trebea zen lanbideko eginkizun gehienetan. Adreiluak jarri, eta arotzaren, iturginaren eta margolariaren lanak eroso eta erraz egiten zituen. Lanbide horiek guztiak egiteko gai zenez gero, ez zen luzaroan lanik gabe egoten. Basadik bestalde, lantegi batean egin zuen lan neska gaztea zenez geroztik.

       Senar-emazteak oso ongi konpontzen ziren. Ezkondu eta handik gutxira onartu behar izan zuten ezingo zutela seme-alabarik izan, eta, beltzen gizarteko beste bikote gazte askok ez bezala, ez ziren arrazoi horrengatik elkarrengandik bereizi. Bata bestearentzat bizi ziren, bakoitzak ahal zuen guztia eginez, eta ez zen gutxi izaten. Etxea epeltasunez eta maitasunez beteta egon ohi zen, ilobek haien seme-alabak baitziruditen, eta familiakoek eta auzokoek maitasunez eta begirunez hartzen zituzten.

       Tamalez, gaixotasun larri batek hartu zuen Tusho jauna. Nkgono Basadik lan egiten aurrera egin zuen garai horretan eta, artean eskolara joaten ziren ilobek, laguntza handia eman zioten. Ikusi zuenean senarraren osasuna gero eta makalagoa zela, senar-emazteek familiaren egoeraz hitz egin zuten. Biak bat etorri ziren eta zentzuzkoa iruditu zitzaien, Basadi lanean ari zen bitartean, Tusho jauna zaintzeko, familiako bikoteren bati esatea haien etxera bizitzera joateko.

       Aldi berean ilobetako batek, Khumok, izeba-osabez kezkatuta, haiekin bizitzera joatea erabaki zuen, behar zituzten mandatuak egiteko. Khumo familiarekin bizi zen etxe nagusian, eta bikotea bere alabarekin, kanpoko bi geletan.

       Gaixotasun luze baten ondoren, Tusho jauna hil egin zen. Basadik benetan eskertu zion, garai horretan lanean ari zen Khumo ilobari, eta ezkontzeko asmoak zituenari, hark eman zion laguntza. Denek hartzen zuten familiako semetzat, eta horrenbestez bera izango zen osaba-aitaren ondasunen legezko oinordekoa, eta hala Basadi gai izango zen etxea ez galtzeko. Gainera, bikote maizterra zutenez gero, Basadik aukera gutxiago zituen kaleratua izateko.

       Khumo ezkondu zenean, bera eta emaztea Basadi izebaren etxera joan ziren bizitzera. Bitartean, Tusho jauna zaintzera ekarritako bikotea kanpoko bi geletan bizi zen. Hasieran, familia berria oso ongi moldatzen zen; familiako eta auzoko askok irrikaz ikusten zuten etxe hartako giro goxoa. Baina denbora igaro ahala, Pelo, Khumoren emaztea, senarrari esaten hasi zitzaion bere etxea izan nahi zuela. Senarrak, ahaleginak egin zituen emazteak handik alde egiteko asmoan atzera egin zezan, baina alferrik.

       Emazteak Khumo oso egoera larrian jarri zuen, batez ere izebak Pelo etxean gustura ez zegoela ez zuelako inondik ere sumatzen. Gauak esna ematen zituen Khumok emaztea nola zoriontsu egin asmatu nahian, izeba-ama zoritxarreko egin gabe. Azkenean, izebari jakinarazi zizkion bere kezkak. Hura harrituta geratu zen entzun zuenarekin, ez baitzuen horrelakorik espero. Zuzenean mintzatu zitzaion Pelori gai horretaz eta ikusi zuen hark erabakia zuela bere etxea izatea, nahiz eta horretarako, epe motzean, nonbait gela bat alokatu behar izan. Basadi izatez emakume baketsua eta ausarta zenez gero, erabaki zuen, Khumoren ezkontza, eta horrenbestez, haren zoriona hondatzea baino, hobe zela haiei askatasuna ematea, beren familiarentzat onena iruditzen zitzaiena egin zezaten.

       Basadiren baimenarekin eta laguntzarekin, Khumo eta Pelo gela baten bila hasi ziren handik hurbil zegoen Airland hirian. Han aurkitzen baldin bazuten gela, bazekiten errazagoa izango zela Basadirekin harremanak izatea, eta handik denbora gutxira, leku egokia aurkitu zuten. Bitartean, Basadi bere etxean geratu zen, eta bikotea oraindik kanpoko geletan bizi zen. Ordurako, haien alaba ezkondu zen eta senarra ere familiarekin bizi zen.

       Herriko familia askok zuten etxean gainezka bizitzeko arazoa. Batzuetan familiak uko egin behar izaten zion bakarrik egoteari eta antzinako legeei eta moralari, buruen gainean teilatu bat izatearren.

       Haiekin bizi ez bazen ere, Basadik Khumo eta Pelo oraindik seme-alabatzat zituen. Txandaka joaten ziren izebarengana. Khumo, batez ere, maitekorra eta atsegina zen izeba-amarekin. Basadi, pertsona heldua zenez gero, Peloren oso noizbehinkako ikustaldiak ez zituen bien arteko harremanak arbuiatzeko eratzat hartzen. Aldiz, gutxienez hilean behin, larunbat arratsalde batean haiengana joateko ohitura hartu zuen. Orduan, Pelok beti epeltasunez eta arretaz hartzen zuen izeba. Khumok benetan eskertzen zion.

       Hirurogeita hamar urte inguru zituenean, Basadi osasun onez zebilen oraindik eta etxeko lanak erraztasunez eta behar bezala egiten zituen. Auzokoek eta familiakoek, denek, aipatzen zituzten haren mugimendu arinak eta etxea zaintzeko era bikaina. Etxean, baziren zenbait gauza beti berdin egiten zituenak. Lanetik etxera iristen zenean, tea hartzen zuen, leihoak zabaldu, etxea txukundu eta gauzak bere lekuan jartzen zituen. Orduan, hurrengo egunean lanera eramango zituen jantziak aukeratzen zituen, bazkariko ontziak xaboitzen eta garbitzen zituen, eta afalondoan, hurrengo eguneko bazkaria eta tea ontzietan sartzen zituen. Azkenean, gauza guztiak lanera joateko poltsan gordetzen zituen. Hori izan zuen ohitura urte askotan.

       Itxuraz, beraz, Basadik arazorik ez zuela zirudien. Baina azken hilabeteetan lagun minei, auzokoei eta familiakoei gauza bitxiak esaten hasia zen. Bere ziurtasunaz eta arriskuaz hitz egiten zuen. Khumo eta emazteari bizia galtzearen kezkaz ere hitz egin zien; beldur horrekin lotuta inoren izenik aipatu ez zuen arren. Are gauza bitxiagoa, argi eta garbi adierazi zuen hilik aurkitzen bazuten, jakin behar zutela etxearengatik izango zela. Khumok ez zion zentzurik hartzen izebak esaten zuenari; hark zioena gehiegizkoa zen eta neurriz gorakoa, eta are harrigarriagoa hura zen pertsona ausarta eta sendoa izanda.

       Egun batean, Basadik aurreztutako dirutik kopuru handia atera zuen hurrengo egunean hiriko bulegoan argindarra ordaintzeko. Etxeko paperak ere hartu zituen, azken aldaketak egin eta etxeko jabetza Khumoren esku uzteko. Auzoko batzuei esan zien eginkizun horiek betetzeko asmoa zuela, mehatxu beldurgarriak egin zizkioten arren, jakinarazi baitzioten etxea bere familiakoren baten eskutan uzten bazuen, hil egingo zutela. Baina garbi utzi zuen mehatxuak kontuan ez hartzeko ahaleginak egin, eta bere asmoak aurrera eramango zituela. Lanetik etxera itzuli zenean, hurrengo eguneko ohiko prestaketekin hasi zen, baina orduko hartan dirua eta paperak ere poltsan sartu zituen. Eta gero, beti bezala, lotara joan zen.

       Hurrengo goizean, bere eginkizunak betetzeko asmoa zuen goizean hain zuzen ere, Basadi hilik aurkitu zuten. Larrialdian, etxekoei, familiakoei, lagunei eta auzokoei haren aholkuak etorri zitzaizkien gogora. Baina, noski, beranduegi zen.

       Gorpua aurkitu zutenean, Khumo eta emaztea lanera joanak ziren. Telefonoz dei egin eta osabaren etxera joateko esan zieten, auzoa jota utzi zuen hondamendiaren lekuko izatera. Hara iritsi zirenerako, auzokoek heriotzaren berri eman zioten poliziari, eta honek Basadiren heriotza egiztatu eta gorpua gobernuko hil-etxera bidali zuen. Han, gorpuaren ebaketa egin ondoren, Basadi ez zela berezko eritasunez hil jakin zuten.

       Handik aurrera legeak bere bidea hartu zuen. Basadirekin bizi zen bikotea, alaba eta suhiarekin batera, galdeketak egitera eraman zituzten. Berehala aske utzi zituzten, eta familiarekin, lagunekin eta auzokoekin bildu ziren mendialdean Basadiren hiletan. Hiletatik itzuli zirenetik, suhia ez zuten berriz auzoan ikusi. Bikote zaharra handik beste leku batera joan zen bizitzera, eta alabak berarentzat etxe bat alokatu behar izan zuen.

       Bitartean, Khumori etxearen jabe izateko eskubidea eman zioten, izeba-amak nahi izan zuen bezala.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999