Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

Askoren arteko bat

 

       Mosa mutil gaztea zen, amak oso maite zuena. Mphoren familiarekin bizi ziren biak Nukastel izeneko herri txiki baten inguruetan, nekazari zurien lurretan. Gaur egungo ereduen arabera, Mpho ama ezkongabea zela esango genuke. Mosa bere lehenengo semea eta bakarra zuenez gero, oso harreman estua zuten biek. Oro har, familia maitekorra zen eta zoriontsua.

       Mosak hamar urte inguru zituenean, ama, hogeita hamar urteak eginak zituen Jabu izeneko gizon batekin, eta Mpho baina zaharragoa zenarekin, harremanetan hasi zen. Harremana estuagoa egin zenean, ezkontzaren aukeraz hasi ziren hitz egiten.

       Mphok Jabu maite zuen, baina ez zuen ezkondu nahi senarrak biak, bera eta semea, bere familian onartzeko zalantzarik ez zuela izango ziur jakin arte. Beltzen ohituraren arabera, ezkontza ez dagokie soilik andregaiari eta senargaiari. Bi familiak era guztietako antolamendu eta prestaketetan buru-belarri sartuta egoten dira, eta zenbaitetan baita eguneroko bizitzan ere. Horregatik Mphok Jaburen familiari argi eta garbi entzun nahi zion esaten Mosa onartuko zuela haien etxean, han jaiotako umea balitz bezalaxe. Zenbaitetan, amak ezkontzara haurrik eramaten bazuen, amek ezkontzeko ordaindu ohi zuten lobola garestitu egiten zen. Hori egiten zenean, haurrak berehala hartzen zuen aita ordekoaren deitura.

       Jaburekin ezkondu ondoren semeak izango zuen etorkizunaz kezkatuta, Mphok bere amarengana jo zuen laguntza eske. Bazekien amak Mosa, iloba zaharrena, asko maite zuela. Gai hunkigarri horretaz hitz egiten ari zirela, Mphoren amak, hitzak ongi neurtu gabe esan zion alabari:

       Mma-Mosa ngoanaka (Mosaren ama, nire umea), ez didazu sinestarazi nahiko, senarra eta etxea aurkitzean, beti Mosa zurekin eraman ahal izango zenuela uste izan duzunik?

       Amaren galderaz harrituta, Mphok barne barnetik erantzun zion:

       —Ama, anaia ezkonduta dago, eta emaztea eta haurrak ditu zaintzeko. Ez nioke nire semea hazteko lanik eman nahi; nire erantzukizuna da Mosa zaintzea. Eta anaiak zu ere zaindu behar zaitu. Jaburi benetan esan diot, maite baldin banau, ez duela itxaropenik izan behar, neure semerik gabe bere ondoan edukiko nauenik uste izateko. Hark onartu egin du.

       Seriotasun handiz, Mphoren amak gogorarazi zion alabari gai horri buruzko ohitura eta usadioa. Adierazi zion, belaunaldiz belaunaldi, beltzen gizartean ia lege gisa finkatuta egon dela ezkontzaz kanpo jaiotako haurra amaren aldeko osabaren familian haztea, bestela esanda, amaren familian; eta familia horretako kide izateari ez diola uzten, amak beste gizon batekin ezkontzea erabakitzen duenean. Ahots ozenez, galdegin zion Mphoren amak alabari:

       —Nola utz dezakezu alde batera zure gizartean horren finkatuta eta onartuta dagoen jokabidea?

       Mphok indarra hartu zuen amari erantzuteko, ezpainak dardarka eta begiak distiratsu eta malkoz beteak zituela. Baina amak aurrera egin zuen:

       —Zergatik uste duzu bildu ginela zure inguruan Mosa jaio zenean, bioi jaten eman genizuela, eta jantzi eta zaindu zintuztegula horrenbeste maitasunez?

       Oraindik amak ez zion Mphori hitz egiteko aukerarik eman:

       —Gurea zela onartu genuelako egin genuen hori. Zer uste duzu pentsatuko lukeela zure aitak nitaz bere hilobian, Mosa zure etxe berrira eramaten utziko banizu? Pentsa ezazu hobeto, ume. Ezin dut egun bakar bat igaro mutil hori ondoan izan gabe.

       Hilabeteak eta urteak eman zituen Mphok Jaburekin ezkontzeko erabakirik hartu gabe eta semearen arazoaz amarekin etengabe eztabaidatzen. Oso zaila zuen erabaki bat hartzea. Mpho amaren arrazoiak onartzeko prest zegoen bakoitzean, bat-batean Mosa familiarekin geratzeaz koinatak egiten zituen adierazpen kezkagarriak entzuten zituen. Garbi zegoen koinatak ez zuela bere amaren ikuspegi berbera gai horretaz. Eta Mphok zalantza handiak zituen eta ez zekien zer egin. Egoera oso zaila zen harentzat.

       Goiz batean, Mpho prest zegoen bera eta bere familia bizi zen lurraren jabearen etxera lanera joateko, eta koinatak, galdera zuzenik egin gabe, bota zuen:

       —Artoa gauerako ekarriko duzula espero dut, ez baitugu erosteko dirurik.

       Mphok argi eta garbi ulertu zuen mezua. Koinatak zeharka esan nahi ziona hau zen: «Semea haztea nahi baduzu, jana zuk ordaindu beharko diozu».

       Une horretan, Mphok atzera egin zuen amarekin semeari buruz hitz egin zuten azken elkarrizketan hartutako erabakian. Bazekien ezingo zuela Mosa etxean utzi ezkontzen zenean. Azkenean, amarengana joan zen, eta esan zion ezin zituela semearen gaiari zegokionean bere aholkuak bete. Aipatu zizkion mutila etxean uzteko zituen oztopoak, ahaleginak egin bazituen ere, hitz egokienak aukeratzen, ama koinataren aurka ez jartzeko.

       Bere burua egoera larrian ikusita eta Mpho ezkondu baino lehenago gauzak konpontzeko irrikaz, Mphoren amak Mosaren etorkizunaz eztabaidatzeko familia bilera antolatu zuen. Oso kezkatuta zegoen alabaren eta errainaren artean gertatzen ari zenaz.

       Familiako kideen artean eztabaida sutsuak izan ondoren, Mpho eta koinata biak tartean zirela, bat etorri ziren gauza batean: Mosa bere amarena zen, eta hura, bizilekua etxe hartan zuen bitartean behintzat, familiako kidea zen. Baina ezkondu eta beste etxera joanez gero, ohituraren legeak zioen amak Mosa utzita joan behar zuela, baldin eta gai hori bi familien arteko hasierako ezkontza eztabaidetan kontutan hartu ez bazuten. Mphoren familiak argi eta garbi azaldu zion etxeko errainari, ohituraren arabera, Mosa amaren aldeko osabaren familiako kidea zela.

       Erabaki horiek Mosaren amaren negar malkoen aurrean hartu ziren, eta haren atsekabea areagotu egin zen koinataren erantzun hotza eta harroa ikusi zuenean. Baina 1960. urte inguruan herriko ohiturak agintzen zuenez gero, Mphok ez zuen nagusien erabakia onartzea beste aukerarik. Horren arabera, ezbeharra onartu, aukeratu zuen gizonarekin ezkondu eta semea etxean utzi behar izan zuen.

       Hilabete pare bat igaro ondoren, bikotea Goudveld izeneko hiri handira joan zen. Han beltzen bizileku premia larria ezagutu zuten. Eskulana egiten zuen beste jende askori gertatzen zitzaion bezala, haien lehenengo bizilekua ere, nagusiaren etxe handiak zuen aterpe bat izan zen. Jendea hirian sartzen uzteko arauak indarrean zeuden, eta denbora behar izaten zen hirietako legezko biztanle izatera iristeko. Izen horri esker eskubidea zuten «zurien mendeko eremutzat» hartzen ziren hiri sakratuetan etxea nahi zutenen zerrenda amaigabean azaltzeko. Azkenean, bientzat etxe bat lortzeko zoriona izan zuten.

       Etxe berrian familia hazi zen, eta semeak eta alabak iritsi ziren. Etorrera berri horiek lekua uzten zuten hala ere Mosarentzat, hura ere familiako kidetzat hartzen baitzuten. Noizean behin, ama ikustera joaten zen, eta familia bizi zen auzoa ere ongi ezagutzeko aukera izan zuen. Anaia-arrebaordeek anaiatzat hartzen zuten etxera joaten zenean, lehenbizi eskolan ari zen garaian eta baita geroago ere lanean hasia zenean. Amaren aldeko osabaren etxera pozik itzultzen zen oporrak hirian igaro ondoren, etxeko giroan besteak bezala onartua baitzen. Aitaordeak bere haurra balitz bezala hartzen zuen, eta horrek garrantzi handia zuen Mosaren amarentzat.

       Mosa mutil gazte dotore eta langilea egin zen. Osaba bizi zen etxetik hurbil zegoen herri txiki batean aurkitu zuen lana. Osabaren emaztearen jarrera zakarrak etxetik kanpora bidaltzen zuen, eta Mosak babesa aurkitu zuen bere lehenengo andregaiaren familiak eskaini zion berotasunean. Hango jendea maitekorra eta bihotz zabala zen.

       Osabaren etxeko giro istilutsuak Mosa, gaztea zelarik, behartu zuen ezkontzan eta bere etxea eratzen pentsatzen hastera. Behin eta berriz amaren maitasunaren irrikaz zegoen, eta gogo hori areagotu egin zitzaion amona hilez gero. Hura hil ondoren, denbora luzean osabarengan bilatu zuen babesa, hark zaintzen eta onesten baitzuen. Baina maiz samar nabaritu zuen bera eta osabaren emaztearen artean nolabaiteko lehia sortu zela, osabaren arreta lortzeko elkarren kontrako borrokan arituko balira bezala. Sentipen horrek Mosa kezkatua zuen. Berak etxean bakea eta zoriona egotea besterik ez zuen nahi. Konturatzen zen izebak ez zuela gogoan hartzen, are gutxiago aintzat hartzen, berak etxeko diru-premietarako emandako laguntza, txikia nahiz handia izan.

       Mosak orduan, bakarrik eta amarengandik urrun, bere bizitza goibel eta zoritxarrekoaren konponbide bakarra ezkontzea zela erabaki zuen. Hasieran, hori zirudien benetan irtenbiderik onena. Amaren baimena lortu ondoren, bere lehenengo andregaia izan zen Dineo neska gaztearekin ezkondu zen. Neskak herriko tren geltokiko jabearen etxean lan egiten zuen, eta hura auzoko neska gazte askok nahiko luketen lana zen, hain zuzen ere.

       Dineo jazteko modu txukun eta dotoreagatik nabarmentzen zen. Sukaldean lanean ari zenean tantarik gabeko mantala zuria zeraman, beti harekin bat zetorren burukoa eta guzti. Lanetik kanpo, bere adineko nesken iritziz oso janzkera berezia zuen. Jantzietako batzuk nagusien etxekoek «nahi ez zituzten» arropak ziren; nagusien ohitura zabaldua zen hori, soldatak ordaindu edo igo ordez erabiltzen zutena. Baina Dineoren auzoan, mendialdeko ohitura zaharren eragina handia zenez gero, neska gazte oso dotoretzat hartzen zuten.

       Ezkongai zirenetik ezkondu eta ondorengo lehenengo hamabi edo hemezortzi hilabeteak igaro arte, Mosa eta Dineo herriko hizketa-gai izan ziren eta mendiko auzoko marmarra. Ez zuten ohiko ezkontzarik izan. Estatuak onartutako ospakizunik ez zuten egin, eta ez zituzten ohiturazko ezkontzetako eginbeharrak ere bete. Baina, hala ere, mendiko herrian bikote eredugarria zen. Hirian, berriz, swart witmense edo «beltz-zuritzat» hartzen zituzten. Zurien ustez zurien itxurak egiten zituzten horietakoak ziren. 1920tik 1950 arte, zuriak beldur ziren ingelesa akatsik gabe hitz egiten zuten beltzez. Horiei swart Engelsman edo «ingeles beltzak» esaten zieten.

       Bi urte igaro ondoren, bikoteak haurrik izan ez zuenez gero, jendeak ez zuen haiekin lehengo jarrera bera, batez ere Dineorekin. Ordu arte, beltzen gizartean ohitura zen ezkondu eta seme-alabarik ez zuen emakumea baztertzekoa. Bikoteak beste gazteek egin ohi zizkioten agur beroak galdu zituen, eta baita taldeko zaharren deitura goxoak ere, ngoetsi ea rona («gure erraina») eta antzekoak.

       Denbora aurrera egin eta haurrik jaiotzen ez zenez gero, Mosak eta Dineok kritiken, marmarren eta oinarririk gabeko baieztapenen artean bizi behar izan zuten. Garai horretan bertan, Mosak amari Goudvelden egiten zizkion ikustaldiak eten zituen; familiak eta laneko eginkizunek ez zioten horretarako denborarik uzten. Hala ere, postaz, harremanetan egon zen amarekin eta anaia-arrebaordeekin. Goudveld-era egin zuen ikustaldi batean amak aukera izan zuen semeari laguntza eta indarra emateko, emaztearen familiarekin zituen harreman erdipurdikoei, osabaren familiarekin zituen etengabeko arazoei eta auzokoek berarekin eta Dineorekin zuten kontrako jarrera berriari aurre egin ahal izateko.

       Behin batean, Mosa beti bezala Nukasteleko tren geltokian lanean ari zela, bazkalondoan berandutu eta lanera garaiz ez iristeko arriskuan zegoen. Minutu batzuk irabaztearren, trenbidean zeharka hasi zen korrika. Ez zen konturatu han inguruan salgaien tren bat joan-etorriak egiten ari zela. Ezertaz konturatu baino lehen, atzera eta aurrera zebilen trenak Mosa harrapatu zuen, eta bi hankak moztu zizkion, belaunetik behera.

       Berehala eraman zuten erietxera, eta han beltzentzako sail berezian jarri zuten, egunero gaixoz gainezka zegoen erietxeko sailean, hain zuzen ere. Bere taldeko beste gaixoek bezala, Mosak normaltzat hartu zuen Hego Afrikan beltzak sendatzeko baliabideen eskasia. Mosari erietxean moztu zizkioten hankak. Urrutian entzun zuen erizain eta gaixo batzuk Mosak istripua eragiteko izan zuen jokabideaz gaizki esaka ari zirela. Trenbidea gurutzatu aurretik trenik ez zetorrela ziurtatu behar zuen, esaten zuten. Mosak ahaleginak egin zituen esaten ari zirena kontutan ez hartzeko, eta lasai egon eta bere gurutzea nekez eta oinazez ahal zuen bezala eramateko.

       Emazte zintzo eta maitekorren erara, Dineo maiz joaten zitzaion erietxera ikustera, eta arreta handia eta gozagarria eskaintzen zion. Baina hiriko familiako inor ez zetorkion ikustera. Mosa kezkatuta zegoen horregatik, baina emazteari edo beste sendikoei galdetzen zienean, hiriko familiak istripu larriaren berri bazuela ziurtatzen zioten. Mosa harrituta zegoen oso bere familiaren zati baten isiltasunarengatik. Azkenik, erronka horiek halabeharraren gauza zirela pentsatzea erabaki zuen. Hori zuen gertatzen ari zitzaionari aurre egiteko modu bakarra.

       Denbora igaro ahala, Dineok erietxera egiten zituen ikustaldiak urritzen hasi ziren. Joaten zenean, senarrari zenbait arrazoi ematen zizkion horren maiz joaten ez zelako. Azkenean, erietxera joateari utzi zion. Osabaren familiakoak ere ez ziren hura ikustera joaten. Mosaren buruhausteak areagotzeko, haien ikustaldiak hura erietxera eraman eta, handik bi astetara, amaitu ziren.

       Pixkanaka, Mosa egokitu zen inoren ikustaldirik ez izatera. Atsekabez amore eman zuen, eta iruditu zitzaion ziurrenik bere emaztea beste norbaitekin ezkonduko zela. Askatasuna zuen horretarako, ezkontza arauzkorik ez baitzuten egin, eta seme-alabarik ere ez baitzuten izan. Baina pixkanaka pixkanaka erabaki zuen hiriko familiak ez zuela inoiz izan bere istripuaren berririk. Erietxean oso bakarrik zegoen, eta ezin zion inori barnea hustu.

       Erietxean bederatzi bat hilabete eman zituenean, hobera egiten hasi zela sumatu zuen. Horrek itxaropena eta indarra eman zion aurrera egiteko eta etorkizunari alaiago begiratzeko. Aulki gurpilduna eman zioten egunean, handik aurrera aukera berriak izango zituela iruditu zitzaion.

       Handik pixka batera, harremanetan hasi zen beste gaixoekin. Elkarrekin zenbait hilabetez trebatzeko ariketak egin bitartean, etorkizuna aztertzen zuten. Hizketaldi horietan, beste gaixoek etxera itzuli eta maite zituztenak berriz ikustean zer gertatuko zen eztabaidatzen zuten. Mosa oso beldur zen une horretaz; izan ere, gainontzekoek ez bezala, berari ez baitzitzaion aspaldian inor ikustera joaten. Hala ere, ez zuen itxaropena erabat galdu. Beste gaixoekin batera egoteak laguntza eman zion bere egoera onartzeko. Aulki gurpilduna erabiltzen ikasi zutenean, erietxe barruan noranahi joateko gauza zirela ikusi zuten, eta horrek gaixoei askatasuna eta kemena eman zien.

       Azkenean iritsi zitzaion Mosari erietxetik alde egin beharreko eguna. la hiru urte eman zituen han. Nor aurkituko ote zuen osabaren etxean bertara itzultzean, joateko zuen leku bakarra hura izanik? Zeintzuk ziren haren itxaropenak eta haren beldurrak? Berak beste inork ez daki. Egia esateko, burua atsekabetua izan behar zuen, ez baitzekien zergatik ez zitzaion familiako inor ikustera joan horrenbeste denboran. Azkenean etorkizunari bihotza zabaltzea eta aurpegi ematea erabaki zuen.

       Poliziaren autoa goiz iritsi zen Mosa etxera eramateko. Mosa barruan sartu zuten aulkia eta guzti, eta autoa abiatu zen. Mosak, bide hura aspaldian egin ez zuen arren, zalantzarik gabe ematen zizkion oharrak gidariari, eta nondik joan behar zuen argi eta garbi esan zion. Herrira iritsi eta Mosak berehala ikusi zituen etxe ezagun batzuk. Baina harri eta zur geratu zen bere osabaren etxea han ez zegoela ikustean. Ez zegoen etxea han inoiz egon zela erakusten zuen ezer, ezta oinarrien aztarnarik ere.

       Alferrikakoak izan ziren familia nora joan zen jakiteko ahalegin guztiak. Azkenean, poliziak larritzen hasi zirela ikusita, Mosari Goudveld-eko amaren etxeko zuzenbidea ematea beste biderik ez zitzaion bururatu, handik 400 miliatara zegoena. Poliziei ama non bizi zen esan zienean, Mosak ez zuen inondik ere uste horren urrutiraino eramango zutenik. Baina polizietako batek haren zalantzei erantzun zien, esanez:

       —Hitzeko gizonak ez garela uste al duzu? Ez al zara gutaz fidatzen, gazte?

       Zalantzarik adierazi izanagatik barkamena eskatu, eta Mosak esan zuen marmarka:

       —Ez nuen uste horren urrutira joan ahal izango zenutenik.

       —Hau da gure lana. Badakigu zer egin behar dugun. Zu eseri hor, guk jaisteko esan arte —erantzun zion poliziak.

       Hitz horiek Mosaren ahoa itxi zuten bidaia osorako.

       Ondoren egin zuen bidaia luzean burutapen ugari izan zituen Mosak. Denen artean bat nabarmendu zitzaion: «Amaren etxea leku berean egotea espero dut». Bazekien osabaren familiak gobernuaren ezinbesteko leku aldatzeak behartuta alde egingo zuela handik. Bere borondatez joan izan balira, leku aldatzearen berri emango zioten auzokoak ikusiko zituen. Baina Mosak ezagutzen zuen inor ez zen azaldu, poliziaren autoa iritsi zenean, han zer gertatzen zen ikustera. Gainera Mosak bazekien etxe bakar batekoak baino gehiago ez zirela batera bizilekuz aldatzen, baldin eta beharturik ez bazeuden. Bazekien, baita ere, familia handik behartuta bidali bazuten, Mosa horren luze egon zen erietxetik urrun bidaliko zutela. Eta horrek oztopo handiak eta diru premiak sortuko zizkiola familiari erietxera ikustaldiak egitera joateko.

       Bost ordu barru, poliziak autoa Mosaren bigarren etxearen aurrean geratu zuen. Poliziak autoaren atzealdera joan ziren Mosari bere aulkian ateratzen laguntzeko. Ordurako auzokoak bilduta zeuden etxeko atearen inguruan, elkarri galdezka:

       —Nor ote da? Nongoa izango da? Zergatik ekarriko ote zuen poliziak?

       Norbaiten ahotsa entzun zen:

       —Kartzelan luze egondako norbait izan daiteke. Jendeak gogor erantzun zion hark esandakoari:

       Ag sis (ixo)! Mozkor alaena, isilik egon, eta ez hitz egin ezagutzen ez duzun gaiaz.

       Zaparrada hura entzunda, gizon mingain arinak azkar alde egin zuen handik.

       Mosa zela konturatu zirenean, auzokoek etxean sartzeko aulkiari bultza egiten lagundu zioten. Batzuk negarrez ari ziren, eta beste batzuek burua nahasia zuten. Anaia-arrebaorde zaharrenek ezagutu zuten Mosa; gazteek ez. Denak zutik geratu ziren, zer esan ez zekitela. Inork ez zekien hitzik ere Mosaren istripuaz. Auzokoak eta anaia-arrebaordeak inguruan atsekabeturik zituela, Mosak, bazter batera eta bestera eta gela batera eta bestera zuzentzen zituen begiak, aurkitu ezin zuten zerbaiten bila.

       Jende gehiago iritsi zen etxera, familiakoak eta auzokoak. Denak eseri eta lasaitu zirenean, norbait ereserki bat hasi zen abesten, beltzen gizartean norbaitek erronkaren bati edo ezbeharren bati aurre egin ahal izateko, ohiturak agintzen zuen bezala. Ereserkiaren atzetik hizlaria etorri zen, eta Mosari ongi etorria eman, eta ondoren zetorkiona jakiteko bidea prestatu zion. Negar-zotin isilen hotsek hartzen zuten gela.

       Hizlariak amaitu zuenean, familiaren lagun minenek ongi etorria eman zioten Mosari eta, kontu handiz, jakinarazi zioten ama eta aitaordea hilik zituela. Horrek atsekabea eta oinazea sortu zuen etxeko guztiengan. Mosaren aurpegiari zerizkion malkoek han zeudenei malkoak sorrarazi zizkieten. Urtebete igaro omen zen Mpho eta Jabu hil zirenetik.

       Anaiorde zaharrenari laster esan zioten Mosa iritsi zela. Anaiordea bere familiarekin bizi zen hiriko beste leku batean. Erantzukizun hori izan arren, ahaleginak egingo zituen anai-arreba gazteenak bakarrik bizi ziren aitaren etxean aita zenaren lekua betetzen; izan ere, denak, neska bat izan ezik, langabezian baitzeuden. Eta neskak zegoeneko bazituen zenbait haur zaintzeko. Anaiorde zaharrenak hitz eman zuen ahalegin guztiak egingo zituela Mosa anaiari laguntzeko. Mphok gauza handia lortu zuen bere haur guztiak familia bakar bat balira bezala hazi zituelako.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999