Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

Senarraren kapelua aukeratzen

 

       John 1938ko irailean jaio zen Troyvillen, Johannesburg-en, Ray Phelps misiolari ospetsuaren etxeko aterpe batean. Johnen gurasoek etxe horretan egiten zuten lan.

       Ray Phelps eta haren emazte Dora Ipar Ameriketako Illinoiskoak ziren jatorriz, baina Hego Afrikan gogor lan egindakoak ziren, eta beltzen bizi maila hobetzeko gogor saiatutakoak.

       Txikitatik, Ray eta Dora Phelpsek John etxean hartu eta beren semea balitz bezala hazi zuten. Johnen amak askatasun osoa zuen semea etxe nagusiko inguru guztian zaintzeko. Nagusi gehienek egiten zutenaren kontra, misiolariak eta emazteak ez zuten haurra aterpeko gelan hazi nahi izan, aldiz, Johnen gurasoek logela gisa erabiltzen zuten gela hura, eta otorduak eta atseden garaia Phelps-tarren etxean igarotzen zuten.

       Daniel, Johnen aita, misiolariaren etxean era guztietako lanak egiten zituen gizon trebea zen, eta beltzentzat eta zuriak ez ziren beste talde batzuentzat atseden leku zen Bantuei Laguntzeko Etxean ere laguntzen zuen. Etxe horretan Phelps jaunak Johannesburg inguruan behar-gorrian bizi zirenen osasuna hobetzeko eta atseden garairako egitasmo ugari aurrera atera zituen. Bera eta emaztea izan ziren herrialde osoan beltzak gizarte zerbitzuetan lan egiteko prestatu zituen lehenengo erakundearen sortzaile eta arduradunak: Gizarte Zerbitzutarako Jan Hofmeyr Eskola.

       Daniel, Laguntza Etxean gogor lan egiten zuen kidea zen, eta beti pozik aritzen zen. Geroago bere bizitzan, Johnek beti izan zituen gogoan aitarekin eta Phelps jaunarekin igarotako garai zoriontsuak.

       Johnen haurtzaroan, irakurtzen eta idazten hasi zenean, misiolariak, etxean bere amarekin bakarrik geratzen zenean, liburu errazak ematen zizkion egunean zehar irakurtzeko. Phelps jaunak egiteko zehatza ematen zion, eta, Phelps familia eguna igarota etxera itzultzen zenerako, Johnek gai izan behar zuen irakurritako guztiaren berri emateko. Johni irakurketa behar bezala egiteko esaten zion, etxeko liburutegian. Hark atsegin zituen eginkizun horiek eta denak betetzen zituen.

       Haurtzaroko urte aberasgarri horiek oinarri sendoa izan ziren Johnen bizitzan, izaera eta osasuna finkatzeko, eta indar handia eman zioten aurrean izango zituen erronka askori aurre egiteko. Geroago Johnek berak esaten zuen Phelps-tarrek hazi zutela.

       Johnek bost urte zituenean, gurasoek etxe bat izateko aspaldiko nahia lortua ikusi zuten, 1930. urtean eratu zen Orlando hirian udaleko etxe bat alokatzea lortu baitzuten. Bitartean, Johnek aurrera egin zuen bere heziketan, Phelps jaunaren ardurapean. Hamar urte zituenean, gurasoekin elkartu zen Orlandon, Phelps jaunak John hango Amerikar Misiolari eskolan sartu baitzuen. Johnek horrela seigarren mailako ikasketak egin zituen eta handik Natalera joan zen, aurrekoa baino goragoko maila zuen Adams Ikastetxera. Hogei urte zituela, arrakastaz lortu zituen hango agiriak.

       Handik urtebetera, aita hil zitzaion eta familiaren egoera goitik behera aldatu zen. Daniel hil eta berehala, familia etxea galtzearekin mehatxatu zuten. Alarguntsari azken aukera eman zioten senar berria aurkitzeko, etxea galdu nahi ez bazuen. Johnen amak «kapelua aukeratzeko» proposamenari, eta horrenbestez senar berria aurkitzeari, ezezkoa eman zionez gero, familiak etxeari eusteko beste eraren batean hasi zen pentsatzen. Garai horretan, bakarrik bizi zirenentzat oso bizileku gutxi zeuden, eta udalaren arauek zioten gizonezko ezkonduek besterik ez zutela etxea alokatzeko eskubidea. Beraz egoera larri horren aurrean, irtenbide bakarra zirudien Johnek, oraindik gaztea eta lan iraunkorrik gabea, emaztea aurkitzea. Ezkonduz gero, baimena izango baitzuen etxe bat izateko.

       Eta horrela, Daniel zenak utzi zien etxeari eusteko eta amari nahitaezko ezkontzaren lotsa galarazteko, Johnek tratuzko ezkontza egitea erabaki zuen. la ez zuten prestaketetarako astirik izan, ez sentipenezkorik eta ez bestelakorik, eta ezta ezkongai aldi atseginik izateko ere.

       John ezkondu ondoren ere, etorkizuna iluna zuten. Familiak ez zuen aurreratutako diruaren laguntzarik, eta etxean sartzen zen diru bakarra Johnek taxi gidari gisa irabazten zuen soldata zen. Hilean bi libra eta erdi, eta hortik Johnek etxearen errenta, janaria eta etxean behar ziren beste gauza guztiak erosi behar zituen. Familiak zuen ondasun bakarra Danielena izandako Buick auto zahar bat zen.

       Bazekiten ezingo zutela egoera horretan luze iraun, batez ere Johnen ama gaixorik jartzen hasi zenez geroztik. Diru gehiago irabazteko zer egin zezaketen buru-belarri pentsatzen aritu ondoren, Johnek bere amaren iritzia bereganatzea lortu zuen, esan zionean, Buick auto zaharra saldu eta bigarren eskuko auto bat erosi nahi zuela, eta bere kontura erabiliko zuela taxi gisa. Amak baiezkoa eman zion haren asmoari, baina ez zuen uste arrakastarik izango zuenik, ez baitzuen dirurik auto zaharraren sarrera-diruari eransteko.

       Goiz batean etxetik irten ziren biak auto apropos baten bila, ama, doluzko arropa beltzak jantzita, Johnen atzetik arrastaka zihoala. Zenbait auto-dendatara sartu ziren, baina ez zuten Johnen gustuko autorik aurkitu. Baina azkenean, Johnek begiz jo zuen bere lanbiderako egokia iruditu zitzaion auto bat. Auto hura nahi zuela eta ez beste bat garbi azaldu ondoren, bera eta ama bulegora sartzen gonbidatu zituzten tratua egiteko. Saltzaileak egin zion lehenengo galdera hau izan zen:

       —Zenbat ordaindu nahi duzu autoa eramateko?

       —Ordainketaren sarrera gisa utzi nahi dudan Buick autoa, besterik ez —erantzun zuen Johnek lasai eta tinko.

       Johnen erantzunarekin harrituta, eta begiak ia aurpegitik irteten zitzaizkiola, auto-saltzaileak erantzun zuen:

       —Ezingo duzu inola ere auto hori eraman, diru kopururen bat aurreratu gabe.

       —Jauna, ikusten duzu nire ama alarguntsa gajo bat besterik ez dela. Senarra hil berria du. Familiako seme bakarra naizenez gero, aurrera ateratzeko laguntza eman behar diot. Ez dut lanik. Aukera bakarra dut auto hori lortu eta taxi gisa erabiltzea, bizimodua aurrera atera eta zor dudana irabazietatik ordaindu ahal izateko.

       Hori entzutean auto-saltzailea sutan jarri zen, eta Johni begiratu, eta ia begian sartu zion aterantz tinko zuzenduta zuen hatza.

       —Gazte —zaunka egin zuen gizonak—, alde egizue, oraintxe bertan, zu eta ama nire dendatik, poliziari deitu baino lehen!

       Pentsa dezakezu zer sentituko zuen Johnen amak hitz horiek entzutean.

       Irtetera zihoazenean, Johnek saltzaileari begiratu eta esan zion:

       —Arren, entzun nire erregua. Sinets iezadazu. Emadazu autoa. Hitza ematen dizut huts egin gabe epeka ordainduko dizudala.

       John orduan lurraren erdi-erdian makurtu zen eta esan zuen:

       —Ez naiz zure dendatik irtengo autorik gabe, ezta ni hemendik eramateko poliziari deitzen badiozu ere. Berriro esaten dizut huts egin gabe ordainduko dizudala. Ama dut lekuko. Auto hori dut —eta orduan Johnek autoa erakutsi zion—, bizimodua aurrera ateratzeko modu bakarra.

       Une horretan, auto-saltzaileak Johni begietara begiratu zion zuzen-zuzenean eta galde egin zion:

       —Benetan espero duzu zuri sinestea, nor zaren ere jakin gabe?

       —Sinets iezadazu, mesedez! —erantzun zuen Johnek.

       Isiltasun une bat izan zen ondoren, eta bitarte horretan, auto-saltzaileak bere buruarekin zer egin eztabaidatzen ari zela zirudien. Gero Johnen amari begiratu eta esan zion:

       —Zure semeari autoa emango diot, zeure onerako. Zure esku uzten dut hark esandakoa betetzea.

       —Mila esker —esan zuen Johnek.

       Eta gidatzeko baimena poltsikotik atera eta esan zuen:

       —Amak, neronek eta paperak autoa zeure probetxurako erabiliko dugu, eta baita geurerako ere.

       Autoa eskuratua zuela, John amarekin joan zen autoa taxi gisa erabili ahal izateko baimenaren bila. Bulegoko langileekin auto-saltzailearekin erabili zuen bide berbera erabili zuen. Patxadaz hitz egin zien aitaren heriotzaz, etxean zuten diru iturriaren premiaz, amaren osasun makalaz eta lanik ezaz, eta bere tratuzko ezkontzaz. Adierazi zien dirua irabazi behar zuela arrazoi horiengatik, eta baita auto-saltzaileari autoa ordaindu ahal izateko ere. Azkenean taxiaren baimena lortu zuen eta harekin lan egin ahal izan zuen.

       Johnek hitzari eutsi zion. Bere kontura lanean hasi zenez geroztik, huts egin gabe egin zituen autoaren ordainketak, bataz beste 100 libra hileko. Sei hilabeteren buruan, autoa ordaindua zuen, eta auto-saltzailea harri eta zur utzi zuen. Gizon berak erraztasunak eman zizkion bigarren autoa erosteko.

       Johnen lan berriak familia aurrera ateratzako aukera eman zion. Baina handik urte batzuetara, konturatu zen inora ez zeraman bidea zela hura. Lur jota zegoen ikusten zuelako, bere gaitasun bakarrak eskolako agiria eta gidatzeko baimena izanda, ezingo zuela lan interesgarririk eta ongi ordaindutakorik inoiz lortu. Udaleko etxeetan bizitzeko arau gogor eta bidegabekoak familiako guztien bizitzak suntsitu zituen.

       Berak bizi izan zuena bizi ondoren, Johnek ez zuen atsedenik hartu erronka bati aurre egin arte, alegia, ikasle beltzei laguntzea konputagailuak erabiltzen eta ulertarazten, horrela etorkizunean lan egiteko aukera hobeak izan zitzaten.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999