|
Soweton kontatuak
Itxarotearen ordaina
Mende hasieran, poligamia arau onartua zen Hego Afrikako leinu batzuetan. Ez zen harritzeko gauza gizon baten emazteak bata bestearen lagun izatea, baita janzkera bera ere, kolorean eta itxuran, berdintsu eramateko neurriraino. Kanpotar batentzat harreman horiek gezurrezkoak edo itxurazkoak dirudite, baina benetakoak ziren, eta atsegina eta poza sortzen zuten gizonarentzat eta baita emakumezkoentzat ere. Dudarik gabe, harremanak etxe batzuetan besteetan baino zoriontsuagoak ziren. Neurri handi batean senarrak bere familian bakea eta lasaitasuna gordetzeko zuen trebetasunaren esku zegoen hori. Beti izaten zen ezinikusiak eta bekaizkeria txikiak emazteen eta haurren artean zabaltzeko arriskua. Khotso etxean giro baketsua sortzen ahalegintzen zen senar horietako bat zen. Berrogei urteak aspaldi beteak zituen eta emazte bakarra zuen. Bi alaba maitagarri zituzten, hamalau eta hamar urtekoak. Denboraldi batean, bikotea alferrik ahalegindu zen beste haur bat izaten, mutila izateko itxaropenez. Huts egite horrek biak atsekabetzen zituen, baina batez ere Khotso, semerik izateko aukerak ihes egiten ziola ikusten baitzuen. Garai horretan, seme bat ez izatea nahigabe handia zela uste zen, semeak baitziren gurasoen ondasunen legezko oinordekoak. Mosidi emazteak ere beste haur bat nahi zuen, baina berdin-berdin poztuko zen neska ala mutila izan. Luze pentsatu ondoren, Khotso bere emaztearengana hurbildu zen eta kezkatuta galdegin zion, zer egin zezaketen familian seme bat izateko. Berehala bururatu zitzaion Mosidiri, agian senarra haurrak izateko bigarren emazte gazte bat hartzea ari zela pentsatzen. Ez zekien hori ote zen senarrak esan nahi zuena, eta aurrera egin zuen erabaki horrek izango zituen ondorioak neurtzen. Proposamen zuzenik egin gabe, Khotsok arazoa zenbait aldiz aurkeztu zion emazteari. Senarra behin eta berriz galdezka ari zenez gero, garbi ikusi zuen bigarren emaztea hartzea zerabilela buruan, eta erabaki zuen gaia berriro aipatzen baldin bazion, erantzun zehatza emango ziola. Luzaro gabe, Khotsok berriro aipatu zion arazoa; garbi zegoen senarrari barrua erretzen zion gaia zela. Lasaitasun osoz, Mosidik senarrari begiratu eta esan zion: —Inoiz bururatu al zaizu zure semerik izan dezakeen ni baino emazte gazteagoren bat aurkitzea? Galdera zuzen hori entzunda, Khotsok zalantzak izan zituen erantzuteko. Bitartean, Mosidik zuzenean begiratzen zion begietara, erantzunaren zain. Azkenean esan zuen: —Zer... zer esan nahi duzu, beste emaztea behar dudala? Zer egingo zenuke egoera horren aurrean? Oraindik ere lasai eta larritu gabe, Mosidik erantzun zuen: —Beste emazte bat aurkitzen ez baduzu, nola moldatuko zara seme bat izateko, nik ezin dudala izan ikusi eta gero? Oraindik ere emaztearen zalantzarik gabeko jarrera ulertu ezinik, Khotsok buru-makur eta lotsatuta esan zuen: —Mosidi, emadazu mesedez zure proposamena aztertzeko astia. Erantzuna emango dizut. —Erantzuna ematean, esadazu hori ez bada, zein den zure ustez irtenbide egokia —erantzun zion Mosidik. Burua nahasita atera zen Khotso etxetik, eta pentsati eseri zen zuhaitz baten azpian. Gau horretan, afalondoan hizketan ari zirenean, Khotsok berriro jarri zuen gaia mahai gainean, emazteak uste zuena baino lehenago. —Mma Lerato (Leratoren ama) —esan zuen—, gure elkarrizketan luze pentsatzen aritu naiz. Egia esateko, ez dut inoiz bestelako irtenbiderik buruan izan. Bigarren emaztea hartzea bururatu zait niri ere. Baina familiara bakea eta zoriona ekarriko duen norbait aurkitzea da arazoa, niri ez baitzait inoiz burutik pasa zutaz gain beste emazterik izatea. Adierazpen hori entzutean zerua argiz bete zitzaion Mosidiri. Errudun zela sentitzen zuen, senarrak bigarren emaztea betidanik nahi zuela uste izan zuelako. Era berean, hark buruan beste norbait zuela ere uste izan zuen. Ezin zion Khotsori aurpegira zuzenean begiratu, eta lurrera begiratu zuen, senarraren ustekabeko hitzei erantzuna aurkitu nahian. Azkenean hitz hauek esan zituen: —Mila esker zure usteak horren garbi azaltzeagatik, Khotso. Emakume egokia aurkitzeko laguntzarik izango duzula espero dut. —Jakin beharra duzu —erantzun zuen Khotsok—, Mosidi, zure laguntzarik eta parte hartzerik gabe, gainditu ezinezko oztopoa dela hori. Emazte gazte onenak emazte nagusiak aukeratuak izaten dira. Khotso ohiturak gordetzen ziren gizarteetan gauza jakina zena ari zen adierazten. Senarrak emazte nagusiaren eskuetan uzten zuen senarrarentzat eta familiarentzat egokia izango zen pertsona proposatzea. Mosidi konturatu zen erantzukizunaren zama berak hartu behar zuela. Ez zitzaion inoiz bururatu horrelako arazo bati aurre egin behar izango zionik. Baina bazekien ezinbestekoa zela bere familiarentzat seme bat izatea; etxeko bakea eta lasaitasuna horren mende zeuden. Azken egunetan Khotso urduri eta kopetilun ikusi zuen, eta gero eta zailagoa egiten zitzaion hari bihotz ematea, ordu arte eginkizun hori erraz eta gustura egin bazuen ere. Erabaki zuen senarraren nahia lehenbailehen eta benetan aztertzen hasi beharra zuela. Mosidik, bere izaera lasaiari eta jendeari zion begiruneari esker, lagun handiak zituen auzoko emakumezko zahar nahiz gazteen artean. Ezagutzen zituen auzoan ongi hartutako emakume gazteak bizi ziren zenbait etxe, eta horietakoren bat izan zitekeen Khotsoren emazte gaztea. Bazekien Mosidik, hala ere, era horretako edozein erabaki arriskutsua izan zitekeela, eta behar zuen denbora hartu zuen emakume egokia aurkitzeko. Bitartean Khotsok bere buruarentzat gorde zituen usteak, beldurrak eta itxaropenak, eta ez zuen galderarik egin gai garrantzitsu eta minberatsu horretaz. Hilabete edo igaro ondoren, Khotsori hamar urte iruditu bazitzaizkion ere, Mosidik berriro eman zion gai korapilatsurako hizpidea. Gauean hitz egin zion, ohean zeudenean. —Khotso —hasi zen emakumea hizketan—, badakizu ez dudala atsedenik hartu, semea izateko gogo bizia zenuela adierazi zenidanez gero. Kristau fededuna naizelako, gogorra egin zait onartzea gure etxean poligamia sartu beharra. Baina, hala ere, hori esan ondoren, esan behar dizut etengabe aritu naizela emakume gazte eta zentzuzko baten bila, zuk beti zaindu eta maite izan duzun gure etxe honetarako egokia izan zitekeen emakumea, eta gure familia maite eta begirunez hartuko lukeena. Mosidiren ahotsa dardara egiten eta ahultzen joan zen azken esaldia esan zuenean. —Familia onekoa da, horrek ezer esan nahi badu behintzat. Khotsoren ezpainetatik irtetea lortu zuten hitz bakarrak hauek izan ziren: —Mila esker, Mosidi. Esango didazu bihar gainontzekoa. Khotso kristaua izenez besterik ez zen, baina bazekien emaztearentzat garrantzi handikoa zela eliza. Mosidi pozik eta harrituta zegoen senarrak ez ziolako besterik galdetu. Kandela itzali zuten eta berehala hartu zuten lo. Bi egun isiltasun larrian igaro ondoren, Khotsok berriro ekin zion gaiari, eta esan zuen: —Mosidi, prest naukazu etxe honetan zure laguntzaile izateko aukeratu duzun emakumezkoaren berria osorik entzuteko. Khotso kezkatuta zegoen Mosidik esango zionaz. Fumane aukeratu zuen, Bafokeng herriko buruzagiaren laguntzaile mina zen gizon baten alaba. Emakumeak hogei urteak eginak zituen eta soin ederrekoa zen, txukuna eta familia eta etxe onekoa. Emakume langilea eta arduratsua zen auzokoentzat, eta hori emakume ezkongaien artean oso aintzat hartzeko ezaugarria zen. Khotso eta Mosidi ez ziren aberatsak. Zeukatena lana eginez lortu zuten, eta horregatik, auzokoek begirunez hartzen zituzten. Fumaneren familiari ospe eman zion Khotsoren familiarekin etxeko alabaren bidez elkartzeak. Berehala egin zuten tratua eta Fumane harro iritsi zen Khotsoren etxera haren bigarren emaztea izateko. Gaztea zenez gero, Fumane ziur zegoen laster izango zela Khotsoren seme bakarraren ama. Hasieran, Mosidiren eta Fumaneren arteko harremanak ona zirudien. Fumane etxean izatea familiarentzat onuragarria izan zen, etxeko lanetan laguntzen baitzuen. Emakume goxo eta atsegina zen, eta berehala egin zen Khotsoren haurren adiskide. Haiek ere maitasunez erantzun zioten. Luzaro gabe, auzokoak Khotsoren familiaren bekaizti ziren, hango bake giroa zela eta. Hilabetez hilabete Fumaneren familiak haren itxura aztertzen zuten irrikaz, haurdun ote zegoen erabaki nahian. Baina hilabeteak igaro ziren, eta ez zen halakoren arrastorik. Baina, Fumane etxera iritsi ondorengo seigarren hilabetean edo, harri eta zur geratu ziren guztiak, Mosidi haurdun zegoela jakin zutenean. Haren neska gazteenak hamar urte zituen orduan. Aurkikuntza horrek zenbait istilu sortu zituen etxean. Mosidi haurdun zegoela jakin eta handik bi hilabetera, Fumaneri antzematen hasi zitzaion goibelaldia eta gogo txarra. Gero eta gutxiago hartzen zuen parte etxeko lanetan, ordu arte lan horretan bikaina izan bazen ere. Gutxiago hitz egiten zuen eta ia beti bakarrik egoten zen. Khotso eta Mosidi konturatu ziren bere buruari erruki ziola ez zelako Mosidi baino lehenago haurdun geratu, nahiz eta hura bera baino askoz zaharragoa izan. Baina hari laguntzeko ahaleginak alferrik egin zituzten. Fumaneren aldaketak, zalantzarik gabe, gogaitu egiten zuen familia. Pixkanaka, etxeko giroa, lehenago auzokoen irrika izandakoa, samindu egin zen. Mosidi saiatu zen Fumane suspertzen, eta laguntza eske joaten zitzaion haurdunaldiak aurrera egin eta traba egitera iritsi zitzaionean. Itxaropena zuen era horretan Fumane bereganatuko zuela, berarekin adiskidetuko zela eta arinduko zituela haren ezinegonak, kezkak eta zalantzak. Baina Fumanek ez zuen ezer esaten eta etxeko inori ez zizkion arazoak eta kezkak jakinarazten, ezta Khotsori ere. Azkenean familiako kide guztiengandik urrundu zen. Aspaldiko garai horietan, beltzak lurrak ematen zuenetik bizi ziren garaian, ohituren arabera, ama berriak haurra egin ondoren hiru hilabetez etxean egon behar zuen. Ama bizkortu bitartean, jendea izaten zuen inguruan, janaria prestatu, etxeko lanak egin eta haurra zaintzen laguntzeko. Arazorik gabeko egoeran, Khotsoren bigarren emaztea zenez gero, Fumanek izango zuen, Mosidik haurra egin eta ohean egon behar zuen bitartean, etxera lan egitera etorriko zirenen artean lanak banatzeko ardura. Baina Fumaneren bat-bateko jarrera aldaketak zaila egin zuen harekin hitz egin eta gauzak antolatzea. Fumaneren jarrera berriak aldaketak sortu zituen baita senarrarekin zuen harremanean ere. Khotsok lotsaren eta erruaren arrastoak sumatu zituen bere baitan, beharbada damua ere bai bigarren emaztea hartu zuelako, Mosidiren haurra mutila izan baitzitekeen. Oro har, ez zeraman oso bizitza lasaia garai horretan, haurraren jaiotza itxaropentsu ikusten zuen arren. Fumaneren jokaera aldrebesak hurbilarazi zituen Khotso eta Mosidi. Bitartean, Khotsoren borondatearen kontra bazen ere, Fumane, behin eta berriz, bere gurasoen etxera joaten hasi zen. Haurra jaio zenean, mutila, Khotsoren familiaren etxean egunik handiena izan zen. Baina Fumanerentzat halabeharra idatzita zegoela zirudien. Haurrak aitaren antz handia zuenez gero, Khotso harro eta pozik zegoen, eta gurasoen arteko harremana areago sendotu zen. Fumane, berriz, gero eta kopetilunago eta urduriago zegoen eta gurasoengana gero eta maizago hasi zen joaten. Batzuetan han igarotzen zuen gaua. Khotsoren familia saiatu zen haren arazoa ulertzen eta ahal zuten era egokienean hartzen. Iruditzen zitzaien haurdun geratzen huts egin zuelako zegoela oinazez, eta Mosidik, bera baino zaharragoa izanik, familiako lehenengo semea ekarri zuelako. Atsekabean lagundu nahi ziotela adierazten saiatu ziren, baina Fumanek ez zien erantzunik ematen. Haurrak bi hilabete edo izango zituen Fumanek, senarrari ezer esan gabe, bere gurasoen etxera alde egin zuenean. Kanpoan ohi zuena baino denbora luzeagoa eman zuenean, hiruzpalau egun, Khotsok Mosidirekin hitz egin eta Fumaneren atzetik joan zen haren bila, zer gertatu zitzaion jakitera. Irten aurretik, Fumane eta biena izan zen gela ikustera joan zen, eta handik gauza guztiak eraman zituela konturatu zen. Khotso harrituta geratu zen, eta ez zion Mosidiri aurkitutakoaren berri eman hura ez larritzeko. Fumaneren gurasoen etxean, Khotso bihozgabetu zen, alabak gurasoei haren etxean mindu eta lotsarazi zutela esan zielako. Eta horregatik, neskak gauzak zeuden bezala uzteko eskatu zien gurasoei. Azkenean, Fumane gurasoen etxea utzi zuen hirira lan bila joateko, ordura arteko bizimodu zoritxarrekoa ahazteko itxaropenez. Gogoan izan behar da, garai horretan, haurrik izan ezin zuen emakumearen jarrera eta izaera gaitzetsi egiten zirela. Fumaneren bat-bateko alde egite goibelak Khotso erabat hunkitu zuen. Ziur zegoen iraganeko hilabeteetako gertakariek mezu bat adierazten ziotela. Bere emaztea argi berriz inguratua ikusten hasi zen, balio berria eman zion haren izaera lasaiari, bere buruarengan eta besteengan zuen uste onari, eta besteei zien begiruneari. Burura etorri zitzaion Fumane familian izan zuten garaia, eta haren jarrerak sortutako zailtasunak. Berriro ere liluraz eta begirunez ikusi zuen Mosidik Fumaneren kasketaldi eta umore txarrari erantzuteko izan zuen jarrera. Haurrak urtebete edo izango zuen Khotsok bere emazteari barrua hustu zionean: —Mma Lerato —hasi zen esaten—, ezkonduta egin ditugun hamasei urteetan, ez dut inoiz zalantzan jarri zure zintzotasuna, leialtasuna, zentzu ona, eskuzabaltasuna, eta erabakiak hartzean izan duzun begirunea eta garbitasuna. Beti izan ditut kontutan zure gaitasun eta berezitasun bitxi horiek. Zuregandik ikasi ditut. Mila esker zaren bezalakoa zarelako. Eskerrak ematen dizkiot Jainkoari eta arbasoei, zenbaitetan zeure kaltetan, jendearen akatsak eta trebetasunak, hutsegiteak eta arrakastak, gauza onak eta txarrak ulertzeko eta onartzeko dohain apartak dituen emaztea eman didatelako. Zu hobeto ezagutzeak Jainkoarenganako fedea areagotu dit eta ikusarazi nik bakarrik ez dudala ahalmen nahikorik etorkizunari aurre egiteko. Eskerrak ematen dizkizut horregatik. Semea eman diguten ahalguztidunei eskerrak ematen dizkiet —orduan Khotsok Mpho (Emaitza) haurra besarkatu zuen—. Leraloren (Maitasun) eta Basetsanaren (Neska) anaia. Eskerrak ematen dizkizut. Mosidik adi entzun zuen senarrak esandakoa. Khotsok bere hizketaldi luze eta garbitzailea amaitu zuenean, isilik egon zen Mosidi tarte batean hari erantzun aurretik. Gero, ohi zuen bezala, lasai-lasai begiratu eta esan zion: —Eskerrik asko, Rra Lerato (Leratoren aita), nitaz esan dituzun gauza guztiengatik. Niri gertaera horrek eman didan mezurik garrantzitsuena da azkenean gure Sortzailearen maitasuna, kemena eta laguntza onartu duzula. Nire fedeak oinarri horiek ditu. Behin eta berriz, saiatu naiz zuri kristau zaletasuna eta fedearen ardura kutsatzen. Nolabait ziur nengoen gure otoitzak eta eskaerak ez zirela erantzunik gabe geratuko. Baina, garai batean, oso zaila egin zitzaidan hori zuri ikusaraztea. Nire uste ona ez da alferrikakoa izan. Nire nahiak bete dira. Erabat etsita, Khotsok amore eman eta esan zuen: —Gaurtik aurrera, zure fedea nirea izango da, zure Jainkoa nirea, zure nahiak nireak, zure uste ona nirea. Zu izan zara familiaren oinarria, indarra, kemena eta gida. Hala izan dadila beti. Handik sei hilabetera hil zen Khotso. Haren hitzak oinarrizkoak izan ziren handik aurrera Mosidiren bizitzan. Atsekabean laguntza handia izan zuen senarra fededuna eta kristau hil zitzaiolako.
Soweton kontatuak |