Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

Bizitza, ezuste galanta

 

       Aspaldian espero zuten ezkontza hura Thikgoma familiaren etxaldean. Horregatik ezkontza bezperako arratsean jendetza ikaragarria bildu zen, eta denak ahots ozen alaian mintzatzen ziren, harantz eta honantz mugimendu bizkorrez mugitzen ziren, eta giroa pozez eta zirraraz betetzen zuten.

       Sendiko kuttunenak andregaiaren jantziari azken ukituak ematen ari zitzaizkion. Batzuk osagarriekin ari ziren: eskularruak, lore sorta, belarritakoak, lepokoa; besteak, berriz, neska-laguntzaileen soineko guztiak janzteko prest ote zeuden begiratzen.

       Familiako gainontzekoek janarien ardura zuten. Lan horrek eginkizun ugari hartzen zituen, menua prestatzetik eta erosi behar ziren gauzen zerrendak egitetik hasi, eta egun horretarako janariak egosi eta entsaladak nahiz edariak prestatzeraino. Horrez gainera, ontziak, platerak eta mahaiko tresnak lagunen eta sendikoen artean bildu beharra zeuden; izan ere, hori oso ohitura zabaldua baita beltzen artean, besteena erabiltzen ateratzen baitute askotan aurrera bizimodua.

       Noski, beste prestaketa asko hilabeteak lehenago eginak zituzten. Gonbidatuei garaiz egin zitzaien joateko deia eta eguneko egitaraua osatuta zegoen. Emanaldiak eskatuta zeuden; gaueko ospakizunetarako bilera aretoa alokatuta; loradenda bat aukeratua zuten etxeko sarrera apaintzeko; eta andregaiaren familiak apaizarekin eztabaidatua zuen elizkizunaren antolamendua eta haien gustuko hitzaldiaren edukia.

       Prestakizun horien guztien helburua ezkontza zen, eta hurbil zegoenez gero, arratsaldea aldez aurretik erabakitako zereginez betea zuten. Emakume gazteen taldeak eserita zeuden barazkiak zuritzen, eta bitartean gizon zaharrenak lanpetuta zeuden jateko hil zituzten animaliak zatitzen. Emakume zaharrenek animalien hesteak garbitu eta egosteko ardura zuten eta ohiturazko garagardoa egitekoa.

       Oro har, gazteek lan talde horiek zaharkitutzat eta garrantzirik gabekotzat hartzen zituzten. Haien ustez, zaharrek beren buruak dotore ikusi nahi zituzten, eta horretarako herriko antzinako ohituretara jotzen zuten, eta haiekin lotutako beste antzinako uste batzuetara.

       Etxaldearen inguruan hura dena gertatzen ari zen bitartean, familiako kide zaharrenak etxean geratu ziren, ezkontzaz eta harekin zerikusia zuten gaiez hizketan.

       Andregaia eta neska-laguntzaileak bitartean beren zereginetan ari ziren. Lehenik eta behin andregaiak buruan —eta agian etxalde inguruan zegoen jendearen burutik ez oso urrun— kezka bat zuen, alegia, senargaia espero zen bezala, 10etako trenean iritsiko ote zen ala ez. Gau horretan ordea, bazen beste tren bat, 12etan; eta senargaiaren arrebak hitz eman zion andregaiari eta bere familiari, anaiak ez zuela inolaz ere ezkontzara garaiz iristen huts egingo.

       Andregaiak, hala ere, bazekien neska batekin lehia bizia zuela; bere senargai Bassie ezagutu aurretik haren laguna izandako emakumearekin, hain zuzen ere. Makie andregaiari gogora etorri zitzaizkion emakume hark, Bassie berarekin ezkontzekoa zela jakin zuenean, egin zizkion adierazpen gogaikarri eta gorrotozkoak. Makie lanera zihoan —herriko eskola bateko irakaslea zen Makengen— Pusetso, Bassieren andregai ohiarekin topo egiteko zoritxarra izan zuenean. Pusetsok Makie ezagutu orduko, era honetako esaldiak esaten hasi zitzaion:

       —Nirekin ez bada, Bassie ez da inorekin ezkonduko! Ni hil beharko nau Bassierekin ezkondu nahi duen emakumeak.

       Harrezkero, Makie ahalegindu zen Bassieri neskaren gaia aipatzen, Pusetso aintzat hartzen ote zuen jakiteko. Baina, hori egiten zuen guztietan, hark eztabaidarako asmorik ez zuela adierazten zion Makieri. Hauek izaten ziren bere azken hitzak horrelakoetan:

       —Zurekin ezkontzen ez banaiz, ez naiz inorekin ezkonduko.

       Baina hitz horiek ez zuten Makie erabat lasaitzen.

       Orain, senargaiaren atzerapena ikusita, Makiek gertaera eta hitz horiek guztiak gogoan zituen, eta burutapen berriek etengabe atsekabetzen zuten. Izan ere, Bassiek ezkontzako jantziak josten zeuzkan hiri berean egiten zuen lan Pusetsok. Makiek beste inork ez zekien Pusetsok norainoko ausardia eta amorrazioa zuen. Ezerk ez zion trabarik egingo Bassie berriro bereganatzeko ahaleginean, eta gizonari kalte egiteko ere prest legoke borroka galtzen ari zela ikusi orduko. Baina barruan gorde zituen Makiek pentsamendu eta sentipen horiek.

       Bassie 12etako trenean ere ez zela iritsi ikustean, bi familiak urduri jartzen hasi ziren. Batez ere andregaiaren familia zegoen aztoratuta. Ezin zituzten burutik baztertu senargairik ez etortzekotan jasan behar izango zituzten lotsak, nekeak eta zalapartak. Haientzat, Bassie ezkontzara ez etortzea familia osoari uko egitea izango litzateke, eta hori irain larria zen.

       Astean zehar andregaiaren familiak izan zuen poza eta alaitasuna pena eta neke bihurtu ziren. Irribarre zabalen lekua hartu zuen negar isilak. Familiak ezin zien gonbidatuei aurpegira begiratu. Egoera guztiz aldatu zen etxalde barruan eta inguruan. Gonbidatuei eta laguntzaileei itxaropen guztiak joan zitzaizkien. Ahots ozen eta alai izandakoak, zurrumurru ilun bihurtu ziren; mugimendu biziak izandako lekuetan, urrats astun eta motelak entzuten ziren orduan. Eta etxea betetzen zuten kantu isil eta ozenen lekua isiltasun goibelak hartua zuen. Goibeltasunak bai gazteak eta bai zaharrak harri bihurtu zituela zirudien. jendeak beharrezkoa zuenean besterik ez zuen hitz egiten, eta orduan ere marmarka.

       Gaua egin ahala, andregaiak ezin izan zuen egoera horretan denbora luzeagoan aurrera egin, eta zoroen moduan hasi zen negarrez, intzirika eta hasperenka. Neska laguntzaileak ere, hari atsekabean lagundu beharrean, negarrez hasi ziren. Hileta giroa zuten ezkontza giroa baino gehiago. Andregaiaren laguntzaile gaztetxoenek ere beren jantzi dotoreen lilura galdua zutela zirudien.

       Bi familien arteko harremanak gero eta okerragoak zirenez gero, Bassieren arreba zaharrena, ezkontzan familiako buru egiten zuena, etxera sartu zen gauzak areago okertu ez zitezen. Andregaiaren familian bere adin berekoa zen emakume bati hitz egin zion. Ahal zuen ongien eman zien adore senideei, eta nola edo hala susperrarazi zituen. Andregaiari erruki zitzaiola adierazi zuen, baina hark ordurako loarazlea hartua zuen eta familiako sendagilearen ardurapean zegoen.

       Bassieren arrebak orduan zirt-zart erabaki batzuk hartu zituen. Bilera deia egin zuen bi familientzat eta jakinarazi zien, auto bat alokatu eta anaiaren bila joango zela, handik ehun milia ingurura zegoen hiri handira. Biharamun goizean itzuliko zen. Ezteiak atzeratu egingo ziren, baina egun batez besterik ez. Andregaiaren familiak gogo handirik gabe entzun zituen asmo horiek; ez zuen ezertarako grinarik. Haren hitzak entzutean anaia ezkontzera behartu nahi zuela iruditu zitzaien, hark ziur aski bere erabakia hartua bazuen ere. Bassieren arrebari neskaren familiakoek ez zioten sinetsi esan zuena; alegia, ziur zegoela anaiak ez zuela iritziz aldatu, eta arazo larriren bat izango zuela.

       Azkenean, Bassieren arrebak familiaren uste eta kezka guztiak alde batera utzi zituen. Lehenik eta behin, anaiarekin hitz egin zuen telefonoz. Hark ahaleginak egin zituen arrebak bidaia luze hura egiteko asmoan amore eman zezan, eta esan zuen gau horretan bertan iritsiko zela trenez. Arrebak tinko erantzun zion etxera bila joango zitzaiola halako eta halako ordutan. Eta ondoren hiri handira joateko abiatu zen.

       Fika-Tshetlha-ko etxera itzultzean, bizitzak eten egin zuela zirudien. Goizean ezteiak prestatzeko sutan jarritako ontziak hantxe zeuden sukaldean, iseka eginez bezala. Jendeari lotsa ematen zion haiei begira egotea. Baina, esku motelez bazen ere, laguntzaileak janaria prestatzen eta egosten ari ziren.

       Taldeko kideen batasun-sentipen sendoa zen herriaren ezaugarri nabarmena, eta horregatik familiak, bai urrutiko sendikoentzat eta baita auzoko bizilagunentzat ere, etxeko ateak irekita zeuzkan. Eta, sentipen horretan oinarrituta, sendiko eta auzokoek andregaiaren ahaide hurbilen baimena zuten ezkontzarekin zerikusia zuten eginkizun eta betebehar guztiez arduratzeko. Gogor ihardun zuten eginkizun horietan, eta aldi berean, familiari bihotz emateko ahaleginak egin zituzten.

       Andregaia, berriz, Mpule izeneko neska-laguntzaileetako batek zaintzen zuen, aldi berean lehengusua eta adiskide mina zuena.

       Azkenean, Bassieren arreba iritsi zen anaia egona zen lekuraino; han mutila tren geltokira joana zela besterik ez zioten esan, andregaiarengana joateko tren bat hartzeko asmoz. Trena irten baino minutu batzuk lehenago iritsi zen arreba geltokira. Anaia ikusi zuenean, haren konpartimentuan sartu zen, maletak hartu, eta kalera atera eta autoan sarrarazi zuen. Ez zion anaiari ezer esateko aukerarik eman. Berehalakoan autoa Fika-Tshetlha-rako bidean zihoan.

       Orduak aurrera egin ahala, familia, gonbidatuak eta laguntzaileak, autoa iristeko zain, gero eta urduriago eta kezkatuago zeuden. Gehienek zalantzan jartzen zuten arrebak senargaia ekarriko zuenik. Baziren zoritxarreko igarle batzuk ere, eta haien iritzi ozen eta zehatzek etxean giro larriagoa eta estuagoa sortu zuten.

       Beldurrez, itxaropenik gabe eta bihotz gabeturik, andregaiaren familia Bassieren eta haren familiaren kontra gaizki esaka hasi zen. Ahaleginak egin zituzten Makie ere senargaia izan zuenaren aurka jartzeko. Giroa bero-bero zegoen, eta era honetako adierazpenak entzuten ziren: «Ez zukeen zertan guri begiratzeko ausardiarik izan behar» eta «Makieri horrelakorik egiteko lotsarik izan ez badu, zer ez dio egingo senar-emazte izatean?». Beste ahots batek esan zuen: «Makie, Bassie burutik baztertu beharra duzu, ez du ezertarako balio».

       Gauza horiek esaten ari zirela, goizeko zortzi t'erdiak inguruan, auto beltz bat iritsi zen. Poliki-poliki hurbildu zen etxaldeko ate nagusiraino. Bassieren arreba gidariaren ondoan eserita zetorren, eta Bassie arrebaren ondoan, hirurak autoaren aurreko eserlekuetan. Etorrerak Makieren sendiko hurbilenen irainen eta biraoen zurrumurruak izan zituen lagun. Ezin zioten haserreari eta atsekabeari eutsi. Bassie autotik jaisten ikusi zutenean, prest zeuden haren kontra hitzak jaurtitzeko, eta ukabilkadak ere hortxe-hortxe ibili ziren.

       Guztiak harri eta zur uzteko, ordea, Bassie aurpegian sorginkeriazko irribarrea zuela jaitsi zen autotik. Ongi jantzita zegoen, ohitura zuen bezala, eta ez zuen barkamena eskatzeko itxurarik, baina jarrera apala zuen aldi berean. Familia lasai eta harro agurtu zuen, eta banan-banan familiako bakoitzari bostekoa eman zion, gainontzekoek isiltasun osoz begiratzen zioten bitartean. Inork ez zuen hari eskua ukatzeko adorerik izan.

       Bassieren jarrera aldatu egin zen, ordea, Makieren iloba Mpulerengana hurbildu zenean. Eskua eman ondoren, galdegin zion ahotsa dardarka zuela:

       —Non da izeba? Zer moduz dago? Joan, eta esaiozu ikusi nahi dudala.

       Galderak eta eskaerak bata bestearen atzetik egin zizkion, eta ez zion ilobari aukerarik eman, ez erantzuteko, eta ezta familiako zaharrei aholkurik edo baimenik eskatzeko ere.

       Mpule zalantzaz eta beldurrez dardarka ari zen. Bere sendikoei begiratu zien, Bassieren eskaera entzunda, gidaritza eta babesa eskatu nahiko balie bezala. Hitzik entzun ez zuenez gero, deabruak hartuta balego bezala, andregaia zegoen gelaraino joan zen ziztu bizian. Orduan ere ez zuen familiako inork aurrera pausorik eman. Atzera begiratu gabe, Mpulek Bassieren etorreraren berri eman zion Makieri, eta esan zion senargaiak bera ikusteko eskaera egin zuela.

       Berri ematea bukatu baino lehen, norbaitek atea jo zuen poliki. Mpulek atea ireki zuenean, Bassie gelan sartu zen. Mpulek, Bassiek atea itxi eta berehala alde egin zuen, andregaiaren negarrak belarrian deika zituela. Ondorengo minutuetan ez zen inor gelara hurbildu. Ate itxiaren bestaldean gertatu zena Makiek eta Bassiek beste inork ez daki. Inor ez zen galdetzera ausartu, ezta Makieren familiako hurbilenak ere.

       Modu misteriotsu batean, Bassieren jokaerak —ausarta baina neurtua— haserrea, uste txarrak eta, bera iritsi baino lehen, hodei astun baten eran, giroan izandako beste sentipen gaiztoak, etxetik kanpora bidali zituela zirudien. Makieren familia erabat harrituta zegoen. Bassiek ohituren eta antzinako usadioen arabera jokatuko zuela uste zuten, eta horrek suhiaren lotsa eta mendekotasuna eskatzen zuen familia berriarekiko. Bassiek ez zuen haiek espero zuten gauza bakar bat ere egin, aldiz, harro eta dotore jokatu zuen. Egoera horrek familia zer egin ez zekiela eta nora jo ez zekiela utzi zuen.

       Horri guztiari egin behar zioten aurre bi familiek ezkontzaren lanei eta eginkizunei berriro ekitean. Tren gelditu baten gurpilak berriro abiaraztea bezalako lana zen hura. Indar berrituz, Thikgoma etxaldeko familiakoak eta laguntzaileak berriro itzuli ziren bakarkako eta taldeko lanetara. Eta, berriro ere, poza eta urduritasuna izan zituzten ekintzen eragile.

       Zuhaitzen arteko ahoz ahoko berri emate zoro baten antzera hedatu izan balitz bezala, auzoko guztiek jakin zuten senargaia iritsia zela, eta ezkontzak aurrera egingo zuela gehiago luzatu gabe. Gero eta jendetza handiagoa bildu zen. Batzuk zaldi gainean etorri ziren, beste batzuk orgatan eta zalgurdietan. Horren aberatsak ez ziren gonbidatuak oinez iritsi ziren. Oso gutxi joan ziren autoz, ibilgailu horiek ez baitziren ohikoak garai horretako beltzentzat. Beste ospakizun nagusietan bezala, ezkontzara joateko aukera ez zen familiako «gonbidatuentzat» soilik; auzoko guztiak, urrunekoak nahiz hurbilekoak ongi etorriak ziren.

       Alaitasunak, mugimendu bizkorrek eta barre algarek bazterrean utzi zuten aurreko egoera iluna. Sukaldetik zetorren ke trinkoak, janari goxoz betetako ontziak irakiten ari baitziren han, aspaldian espero zuten ospakizuna aurrera zihoala zabaltzen zuen alde batera eta bestera.

       Ukuiluko langileek ere lanari ekin zioten, eta zaldiak prestatzen eta animaliei eta gurdiei ezkontzako apaingarriak lotzen hasi ziren, elizako segiziorako prest egoteko. Pixkanaka-pixkanaka, eta hasieran gogo handirik izan ez bazuten ere, andregaiaren familiako zaharrenak ere hunkitu egin ziren, bi familietako gazteek eraginda. Eta orduan, berehalako batean, ospakizunerako bereziki erositako soineko luzeak, motzak eta jantzi onenak jendaurrean ageri ziren. Eta hori guztia egunaren pozari eta edertasunari erantsi zitzaion.

       Azkenean, abesten eta uluka ari zen jendez inguratuta, andregaia etxetik irten zen, urrats sendoak emanez eta neska-laguntzaileak, —bakoitzak masail batetik besteraino luzatzen zitzaion irribarrea zuela—, dotore jantzita atzetik zituela. Andregaiaren atzetik zihoazen neska-laguntzaileek, ezkontzako soinekoaren zardaia eramatean adierazten zuten jarrerak eta duintasunak, barregarri uzten zituen bezperako istiluak. Harro eta tinko andregaiari lagundu zioten gurdi apaindu ederrera igotzen.

       Hura bai zela gertaera bikaina, eta haren ardura dotore prestatutako zaldi ar parearena zen, arin ibiltzeko brandy zurrupada bana hartua zutenena. Beltzen taldeko familia aberatsenek bakarrik zuten bidaia era horretan egiteko aukera. Animaliak kementsu zeuden, isatsak astindu, kimak alde batetik bestera gelditu gabe mugitu eta apo egongaitzekin lurra zanpatzen zuten. Baina berehala menderatu zituen gidari iaio baten esku ziurrek. Eta uhalak tenkatu eta gogor tira egin ondoren; ibilgailu dotorea abiarazi zuen.

       Hura bezain apaingarri bikain eta dotorez, elizarantz segizioan abiatu ziren gainontzeko gurdiak. Janzkeraren edertasunari zegokionez, gurdi bakoitzeko bidaiariak aurreko eta atzeko gurdietan zihoazenekin lehian ari ziren. Gurdiak abiatu eta hamar edo hamabost minutu beranduago, abiatu ziren senargaia eta bere taldea zeramatzaten gurdiak.

       Senargaiaren taldekoak txundituta zeuden zaldien edertasuna eta liraintasuna ikusita, eta aho batez onartu zuten edozein auto mota hutsa zela animalia dotore haien ondoan. Zaldi arrak oso egonkorrak eta atseginak iruditu zitzaizkien gonbidatuei, pattar zurrutadaren ondorioak gorabehera. Senargaiaren familia auzoan zituzten behe mailako zaldi arrazarekin eta asto zaharrekin ohituta zegoen. Haiek bizi ziren lurraldean, jende zuri aberatsak bakarrik zituen era horretako zaldiak. Andregaiaren familiakoak, berriz, oso harro zeuden beren zaldiekin. Inguruko auzokoek bezalaxe, zaldiak zituzten bidaiatzeko modu zabalduena eta ohikoena. Eta oso pozik hartu zuten senargaiaren familiak erakusten zuen miresmena eta baita bekaizkeria ere.

       Elizarako bidean, gonbidatuen taldeak bezperan gertatutako gora-beherez ari ziren marmarka. Itxuraz dena konponduta egon arren, orduko zalantzak min eta kezken arrastoak utzi zituen. Gonbidatu eta familiako askok ezkontzak izan zezakeen amaiera zorigaiztokoaz apal-apal hitz egiten zuten. «Zain egon eta ikusi» besterik ezin zutela egin erabaki zuten.

       Elizkizunaren amaieran, Bassieren familiakoak irrika bizian zeuden andregaiari, harro-harro, goitik behera koloretako zintaz apainduta zegoen gurdi dotoreraino laguntzeko. Gurdiak bata bestearen atzean jarrita zeuden. Abiatzera zihoazela aditzera eman zuten zenbait hotsek. Gurdi guztiek batera jo zuten bozina, eta aldi berean auto gidariek taldeko emakumeei adore ematen zieten, bozinei erantzun eta, denek batera ulu egin zezaten. Andregaia eta senargaia gurdian sartu eta lasai eserita zeudenean, ziztu bizian irten ziren, eta besteak atzean utzi zituzten. Ezkon berrien gurdiak atzean, mendiko herrixkako bide bikeztatu gabean, hauts pila harrotua utzi zuen.

       «Nola ausartu dira guri horrelakorik egiten» edo «Ezin al zuten polikiago alde egin?» edo «Bai bihotz gogorrak direla!» eta beste gaitzespen eta biraoen artean gurdi eta zalgurdiek ahaleginak egin zituzten bidea aurkitzen hauts pilaren artean. Andregaiaren familiari galera sentipena areagotu zitzaion, andregaia senarrarekin joan zela ikusi ondoren. Hori gutxi balitz, gainontzeko gonbidatuak etxera eramatera joan zirenean, gidariak jo eta ke saiatu ziren beren trinkili-trankala zaldi dotore eta lirainen urratsak harrotasunez erakusten.

       Denbora igaro ahala, Bassie gero eta suhi errespetagarriagoa izan zen Thikgoma familiarentzat, eta Makie errain errespetagarri, zentzuduna eta maitea Bassieren familiarentzat. Zoritxarreko igarleek ez zuten hura ongi eraman, eta gero eta ezinegon larriagoa izan zuten haurrak, neskak eta mutilak, bere garaian iritsi zirela ikusi zutenean, familia berriaren bizimoduaren ezaugarria poza eta alaitasuna zela, eta familia eta gainontzeko sendikoak maitasunak eta adiskidetasunak elkartzen zituela.

       Aspaldi ahaztutako egun atsekabetu hartatik berrogeita hamar urtera, bikoteak, sei seme-alabek eta familiako gainontzekoek, gonbidapen txartelak bidali zituzten urrezko ezteiak ospatzeko.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999