Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

III. ATALA
Zer da familia?

 

       Hego Afrikakoak bezalako gizarte motetan, alegia, estatuek pobreentzat edo arazoak dituztenentzat babes zerbitzu oso urriak eskaintzen dituztenetan, familiak laguntza eta maitasuna ematea eta hartzea baino askoz gehiago esan nahi du; askotan aurrera ateratzeko gai den pertsona eta gai ez dena bereizteko era izaten da.

       Beltzen gizartean familiak duen garrantzi handia, familiak berak sortzen dituen harreman konplexuekin konpara daiteke. Mende honetan zehar, ondorengo lau istorioek erakusten duten bezala, ideia kristauek, mendebalekoek eta usadiozkoek denek batera eragina izan dute ezkontzaz eta familiaz dugun iritzia osatzen; eta batzuetan arrapaladan etorri zaizkigu. Bestalde, kalte handia egin digu ohituren galerak, eta hori jendea hirietara lan bila joan denean gertatu da, batez ere. Hara iritsiz gero, jendeak behar bezala eta txukun bizi ahal izateko duen eskubideari, legezko eta bestelako oztopoak eta trabak jarri izan zaizkio. Migratzaileen lan arautegi berezia aurreko oztopo guztiei erantsi behar zaie.

       Mendialdean ere, zurien interferentziak ez dira beltzen bizitzatik oso urrun egoten. «Askoren arteko bat» istorioan adibidez, Mosa, mutil gaztea, gobernuaren nahitaezko leku aldaketen zeharkako pairatzaile izango da. Leku aldaketa horiek zuzenean ikusi arte, ezinezkoa da ulertzea sortzen duten min fisikoa eta morala. Leku aldaketa horiek ez dira inoiz bertako bizilagunekin eztabaidatzen. Eztabaidarik izatekotan, agintarien eta agintariek estatuko ordezkaritzat hartzen dituztenen artean —gobernuak aldez aurretik aukeratutako «Buruzagi» edo «Ordezkari» bat— izaten dira. Eztabaida horien atzetik gehienetan lekua uzteko dataren iragarpena etortzen da.

       Hasieran, bertako bizilagunek aurre egiten diote bizilekua utzi beharrari. Aurre egite horiek tirabira handiak sortzen dituzte, eta askotan poliziaren erasoa izaten dute azkenean. Zakurrak erabiltzen dituzte eta tiro egiten dute. Era guztietako indarkeria erabiltzen da bizilagunen kontra, jendea beldurtu eta leku aldaketaren alde jarrarazteko. Unerik penagarriena izaten da bizilagunek kutxara-makinek etxeak botatzen edo etxeko gauzak inguruan nolanahi botatzen dituztela ikusten dutenean. Azkenean, bizilagunek onartu behar izaten dute bizilekutik alde egin beharra, handik onik ateratzea lortzen duten ondasun urriak hartuta. Bizilagun batzuek amore ematen dute une horretan, baina beste batzuek oraindik ere ezezkoa ematen diote alde egiteari. Askok bizia galdu dute borroka horietan. Geroago, ordea, bizirik irauten dutenei errealitateak, etxerik, lurrik, edo lantzeko sororik gabe geratu direla ikusarazten dienean, aurrera egin ezinik geratzen dira.

       Beltzen gizartean, beraienak izan diren lurraldeetatik egin beharreko nahitaezko leku aldaketa horiek, oso urrutiraino iristen diren ondorioak dituzte. Horietako bat ohikoa izan zen poligamia (eta beste kultura arau asko) behera egitea izan da, hain zuzen ere hori da «Itxarotearen ordaina» istorioaren gaia. Harreman mota hori onartua eta aintzat hartua izan zen, beharbada, 1930 inguruko urtea arte. Baina beltzei abereen jabe izateko eskubidea kendu zitzaienez gero, senarrek ezin zuten lobola (ezkontza saria) ordaindu, eta hori emaztearen maila erakusteko ezinbesteko baldintza zen. Aldi berean, gero eta handiagoa zen emakumezkoek, batez ere hirietan, hezkuntzan eta ekonomian nabarmentzeko zuten nahia eta asmoa, eta horrek ere traba egiten zion antzinako harreman motari.

       Kristautasunak eta kristautasunaren balioak beltzen taldeetan indarra hartu ahala, eta jendea, gero eta gehiago, ikasten eta lan berrietan lanean hasi zenean, poligamia baztertzen hasi zen, kristautasunaren kontrakoa eta basatia zelakoan. Oraindik kultura arau gisa hari eusten ziotenek jaiotza sakabanatuak izateko neurri baliagarria zelako defenditzen zuten. Ama berriak haurra hazten zuen bitartean, senarra beste emaztearekin bizi zen. Era horretan, ama berriak denbora zuen indartzeko eta haurra zaintzeko senarraren sexu harremanetako eskaeren trabarik izan gabe.

       Poligamia familiaren ekonomiari segurtasuna emateko bidea ere bazen. Emazte guztiek lur sail bat izaten zuten, urte sasoiaren arabera uzta bat edo beste lantzeko erabiltzen zutena. Emazte bakoitza, beraz, gai zen bere haurren beharrak asetzeko. Ondorengo urteetan, beltzei lurrak kendu zizkietenean, Hego Afrikako lege kolonialen bidez, familia bakarreko haurrek ziurtatzen zuten ekonomia. Are gehiago gertatzen zen hori, familia horiek beltzen eskulanaren premia zuten gizon zurien etxaldeetan bizi baziren. Gurasoak zahartzen zirenean, lur horretan geratzeko eskubidea zuten, baldin eta beren seme-alabek lan hitzarmena egina bazuten. Semeek beti ematen zuten ziurtasunik handiena, ohituren eta usadioaren arabera; semea ezkontzen zenean, bera eta emazte berria gurasoekin edo gurasoen ondoan bizi baitzitezkeen. Alabak, bestalde, arriskutsuak ziren, ezkondu ondoren, etxea utzi eta senarraren familiarekin joaten baitziren bizitzera.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999