|
Soweton kontatuak
Merkatari bitarikoa
1950. ondorengo urteetan Bonolok irakasle izateko agiria lortu zuen. Hogeita bost bat urte zituen eta neska dotorea eta ederra zen; jantziak bere neurri egokien irudirako propio josita zeudela zirudien beti. Gizon orok —bere adin berekoak eta zaharragoak— harengan jartzen zituen begiak. Hitz batean esanda, auzoko neskarik ederrena zen. Bonoloren izaera lasai-isilak senargai izan nahi zuten mutil asko uxatu zituen, eta haiei errazagoa iruditzen zitzaien sentipenak horren isilik gordetzen ez zituzten beste neskengana hurbiltzea. Baina lasaitasun horri esker neska lagun ugari zituen. Ez zuen lotura handiko lagun min berezirik, eta horregatik, itxuraz behintzat, bere lagun guztiekin lotura bera zuen. Bonolok ez zituen bere gauzak aireratzen, ongi banatzen zuen denbora aisiaren eta eginkizunen artean, eta eguneroko bizitza ongi orekatua eta antolatua zuela zirudien. Neska gazte tolesgabe baten itxura zuen, beretzat ona eta egokia zena ongi ezagutzen zuena, eta horren arabera bizi zen. Haren barruko bizitza liburu itxi baten antzekoa zen. Ez zen zakarra gizonezkoekin, baina adiskide zituen bere gustukoak zituenak, eta uxatu egiten zituen arazo bihurtzen zirenak. Ez zen ez emakumezkoen ez gizonezkoen adiskidetasunaren eskale, baina norbaitek adiskide izateko eskua eskaintzen bazion, hartu egiten zuen inolako loturaren mende jarri gabe. Berri mamitsua izan zen beraz, auzoan ahoz aho Bonolo ezkontzera zihoala zioen zurrumurrua zabaldu zenean. Nonahi entzuten zen galdera zen: «Norekin?». Asmakeria ugari egin ziren zorioneko gizon haren izenarekin. Bonoloren lagunek, bai emakumezkoek eta bai gizonezkoek, isilpeko eztabaida asko izan zituzten gai horretaz, baina inor ez zen ausartu Bonolori ezer galdetzera. Zurrumurru guztiak bezala, hura ere berehala isildu zen, marmar berriagoren batek bazterrean utzita. Eta behin zurrumurrua desagertuz gero, jendeak erabaki zuen hasiera-hasieratik dena gezurra izango zela. Gainera, bere adineko beste neskak ez bezala, Bonolo mutil bakar batekin ez zebilenez gero, gaizki ulertuaren ustea indartu zen. Eskola Gabon-oporretarako itxi baino hamabost bat egun lehenago, Bonolo karta azalak banatzen hasi zen lagunen eta lankideen artean. Hartzaile guztiak zur eta lur geratu ziren, aste gutxi barru ospatuko zen Bonoloren ezkontzara joateko gonbitea zela ikusi zutenean. Gauzarik harrigarriena zen senargaiaren izena ezezaguna zela gonbitea jaso zuten guztientzat. Hala ere, inor ez zen ausartu Bonolori nor zuen senargaia galdetzera. Azkenean, denek erabaki zuten zer gertatuko zain geratzea. Baina, horrek ez zuen esan nahi, noski, gai horretaz ezkutuko hizketaldirik izan ez zenik. Ezkontzara gonbidatutako guztiek erabaki zuten joatea, edozer gauza gertatuta ere. Eta, Bonolok janzteko zuen aho-xuria ezagututa, lanak izan zituzten ospakizunerako modako arropa aproposak lortzen, salneurriari begiratu gabe. Bai gizonezkoek eta bai emakumezkoek, denek ezagutu nahi zuten gizon berezi hura. Bonoloren ezkontzari buruzko eztabaidak askotan esaera honekin amaitzen zituzten: «Hori bai zorte oneko gizona, hori!». Egun «handian», gonbidatuetako askok —batez ere gazteenek, Bonoloren lagunek edo lankideek— erabaki zuten zuzenean elizara joatea, era horretan ekitaldia ongi ikusteko eserlekuak aurkituko zituztelakoan. Gazte horiek guztiek apain-apain zeuden jantzita, eta oso umore onez. Gonbidatu zaharretako gehienek nahiago izan zuten aurretik andregaiaren etxera joan, ospakizunean hasieratik bukaeraraino parte hartzeko. Haize freskoa egiten zuen, baina eguna argia eta eguzkitsua zen. Gonbidatu batzuk, talde txikitan bilduta, hizketan ari ziren, eta beste batzuk, berriz, etxearen inguruan eraikitako kanpadendaren inguruan jarritako aulkietan eserita zeuden. Gainontzekoak atarian zeuden lasai, hizketan eta barrezka. Kanpadenda ondoko gonbidatuen artean emakume heldu bat zegoen, ongi jantzia, baina ez bere adineko beste batzuk bezain dotore. Haur txiki bat zuen eskutik helduta, eta hamar urteko mutil bat eta zazpi urte inguruko neska bat alboan. Inguruko guztiak, eserita, hizketan eta barrezka ari ziren bitartean, andrea ardurapean zituen haur nekaezinekin lanpetuta zegoen. Emakumea haurren ama zela zirudien, eta kezkatu itxura zuen. Zalantzarik gabe, emakumea ez zen auzokoa. Ez zirudien auzoko inork ezagutzen zuenik, eta inork ez zuen harekin hitz egitera joateko imintzio izpirik ere egin. Elizara joateko ordua iritsi baino ia ordubete lehenago kanpadenda ondoan eseri zirenetako bat zen. Etxetik eta kanpadendatik sartzen eta irteten ziren guztiak ikusteko aukera ematen zion lekuan jarri zen; eta, haurrak leku berean eserita egoten aspertuta zeudela zirudien arren, han geratzeko asmoa zuela esan zitekeen. Azkenean, bi haur zaharrenak larritzen hasi ziren, eta norbaitekin komunera joan nahi zuten. Zorionez, jende arteko neska gazte bat egoera larriaz jabetu zen, eta bere burua eskaini zuen umeak eramateko. Emakumeak eskaintzarekin pozik egon beharra zuen, neskak eserleku egoki hura gordetzeko aukera ematen baitzion. Elizara abiatzeko ordurako ordu erdia falta zenean, kanpadendaren kanpoaldean pozak eragindako zurrumurrua eta mugitzen ari zen jendearen hotsa entzun zen. Hots horrekin batera jauzi eginez eta dantzan ari ziren emakume beltzen ohiko ulu egiteak entzuten ziren, eskuetan erratzak zituztela, lurra garbitzen arituko balira bezala, izan ere hori baita ezkontza taldekoei etxera sartzera doazenean ongietorria emateko hamaika moduetako bat. Jendetza pilatzen hasi zen eta senargaiarengana eta haren laguntzaile taldearengana hurbiltzen, hura andregaiarekin eta neska laguntzaileekin elkartzera joan zenean. Eserita zeuden gonbidatuek ezin zuten eserita egon; erdiek eserlekuak gorde nahi zituzten eta beste erdiek handik atera nahi zuten bikotearen sarrera ikusteko. Batzuk zutik jarri ziren, baina «Eseri mesedez!» eta «Ez diguzue ikusten uzten» eta antzeko oihuek eserarazi zituzten berehala. Egoera gero eta nahasiagoa izango zela antzeman zitekeen. Orduan, agindu zorrotz bat eman zuten: eserlekua zuten guztiek eserita egon behar zuten, ezkontza taldekoek kanpadendara sartzeko eta irteteko lekua izan zezaten. Beste gonbidatuek bezala, emakume ezezagunak ere ahotsak esandakoa bete zuen, eta ateari begira zuen aulkian eserita geratu zen. Gogo beroz, etengabeko uluen eta abestien artean, senargaiaren taldeak kanpoan itxaron zuen andregaiaren taldearekin bat egiteko. Emakumeak ezin zituen haur zaharrenak bere ondoan geldirik eduki, liluratuak baitzeuzkan hango giro alaiak. Halako batean, emakumearen aulkiaren parean zegoen atea ireki zuten eta senargaia eta haren talde-laguntzailea sartu ziren. Denek harantz begiratu zuten. Senargaiak burua tente zuen, eta berehala egin zuen topo atearen aurrez aurre eserita zegoen emakumearen begiradarekin. Zurbildu egin zen bat batean. Mutikoa aulkitik jauzi egitera zihoan amak sorbaldatik heldu eta eserarazi zuenean, eta hantxe geratzeko agindu zion. Amak esandakoa egin zuen, baina harrituta zegoela zirudien. Berehala, senargaiak aitabitxiarengana bira egin zuen eta zerbait esan zion ahopeka sabelari estu-estu heltzen zion bitartean, min handia izango balu bezala. Izerditan eta balantzaka hasi zen, eta gainontzeko gizon laguntzaileek ez zioten lurrera erortzen utzi eta jendaurretik alde egiten lagundu zioten. Senargaia eta andregaia etxetik elizara eramateko alokatutako autoraino zeramatela zirudien. Berehala zabaldu zen jende artean senargaiaren bat-bateko ondoezaren eta haren egoera larriaren berria. Iskanbila, izua eta hondamena izan ziren nagusi. Ordurako, andregaia jantzita zegoen goitik behera, apaizarengana «Bai nahi dut» esatera joateko prest. Jota geratu zen senargaiaren bat-bateko ondoezaren berri jakin zuenean. Negar zotinka hasi zen, eta hari bihotz emateko ahalegin guztiak alferrikakoak izan ziren. F.z zuen sinetsi nahi izan gertatutakoaz jakinarazi ziotena. Esaten zitzaion guztiari berdin erantzuten zion: —Leruo da ikusi nahi dudan bakarra. Leruo, noski, berarekin ezkontzera zihoan gizona zen. Gertatutakoaz txundituta, Bonoloren familia berehala hasi zen suhia izango zutenari laguntza emateko ahaleginetan. Sendagilearengana eramateko prestaketak egiten ari zirela, zur eta lur geratu ziren Leruo, inolako aztarnarik utzi gabe bere aita bitxiarekin batera, desagertu zela jakin zutenean. Ezustearen eta iskanbilaren erdian, emakume ezezaguna eta haren hiru haurrak etxetik ihes egin zuten, inori adierazpenik egin gabe, hain zuzen ere iritsi ziren bezala. Zurrumurrua piztu zen orduan, eta haiei buruz galdezka hasi ziren, nortzuk ote ziren, nongoak ote ziren, eta nola iritsi ote ziren etxeraino. Norbaitek esan zuen: —Etxera itzuliko ziren. Orduan beste batek galde egin zuen: —Baina, non izango dute etxea? Inork ezin zion galdera horri erantzun. Etorri bezala alde egin zuten, eta besterik ez zekiten. Harrez gero, egun hartako giro alaia, aldrebeskeria, min eta samin bihurtu zen. Andregaia negarrez ari zen eta bihotzekoak emateko zorian. Berehala eraman zuten sendagilearengana eta handik ospitalera. Familiakoak etxean geratu ziren senargaiaren bat-bateko ondoezaren eta ihesaren misterioa ulertzeko eta argitzeko ahaleginetan. Laster jakin zuten elizan zeudenek andregaiaren etxean gauza larriren bat gertatu zela. Jakin-minak hartuta, harantz joan ziren presaka gertaeraren berri etxean bertan izateko. Iritsi zirenean, iskanbilan sartu ziren eta egun hartako gertakarien nahaste-borrastea handiagoa egin zen. Gonbidatuak taldetan bilduta zeuden, etxe inguruan xuxurlaka ari ziren. Halako batean, norbaitek jendearen jakin-mina erakarri zuen «emakume bitxi haren eta hiru haurren» bat-bateko ihesa aipatu zuenean. Beste norbaitek galde egin zuen barrezka: —Sorgina ote zen? Taldeko batzuek ere barre egin zuten, baina besteek hitz egin zuenari errietan egin zioten une zail eta atsekabezko horietan halako adierazpenak egin zituelako. Etxeko bazter guztietan, talde asko ari ziren beren buruei galdera bera egiten: «Nor ote zen emakume ezezagun hori? Nora joan ote zen? Nola iritsi ote zen? eta, noiz egin ote zuen alde?». Urduri zeudelako ari ziren ihardunean, hizketan aritzeagatik besterik gabe. Inork ez zuen inolako erantzunik espero, eta inor ez zen gai erantzunik emateko. Baina han-hemenka galdera bera entzun zitekeen: —Sorgina ote zen? Ordubete inguru igaro ondoren, gonbidatuen eta sendikoen taldea sakabanatzen hasi zen. Familiako batzuk zer egin zezaketen eztabaidatzen geratu ziren, eta beste batzuk ospitalera andregaia zaintzeko txanda egitera joan ziren. Gonbidatuek bitartean talde txikitan alde egin zuten, askok etxera joateko bide luzea aurrean zutela. Egun horretako gertaerak nahigabetu egin zituen han bildu ziren guztiak. Ondorengo egunetan, auzoan beste gairik ez zen izan. Eta halako batean, handik hamabost egunera, misterioa argitu zen. Auzoko egunkariak horrela zioen:
GIZON EZKONDUA BIGARREN HAREN EMAZTE ETA HAURREK MAHAIAK HANKAZ GORA
Gonbidatu guztientzat buru-haustearen pieza guztiak bere lekuan kokatuak geratzen ziren. «Senargaia», denek benetako «merkatari bitarikotzat» hartua zutena, erabat lotsaturik itzuli zen bere gurasoen etxera. Emaztea, hiru haurren ama, egun horretan sorgin izena eman ziotena, bere burua eta hiru haurrak aurrera atera behar izan zituen. «Ezkontzaren» eguna iritsi arte emaztearekin etxean bizi izan zen senarrak galdu zuen betiko haren uste ona. Gertatutakoa hauxe izan zen: egun horretan langileekin itsasoratzeko asmoa zuela adierazi zion emazteari. Baina ordurako emazteak entzuna zuen, senarra beste emakume batekin «ezkontzekotan» zebilela, eta urruneko hiri batera bizitzera joan nahi zuela. Bonolok, bestalde, ez zuen berriz gizon hura ikusi gertaera mingarri harrez gero. Depresioak jota egon zen, eta ez zuen inoiz onera egin. Galdu zuen neska gaztea zenean izandako lilura, patxada, apaltasuna, lagunak egiteko eta lagunei eusteko trebetasuna. Itxura erakargarria, gizon gazteak lilurarazi zituena, iraganeko gertaera bihurtu zen. Haren noiznahiko irribarrearen lekua betiko kopeta zimurrek eta begirada ilunek hartu zuten. Ordu arte oso tentea izan zuen burua eroria zuen. Ibilera arinak galduak zituen. Geroago ezkondu zen, baina saminduta, goibel, betilun eta lagunik gabe bizi izan zen beti.
Soweton kontatuak |