Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

IV. ATALA
Zenbat balio du teilatu batek?

 

       Alderdi Nazionalistak, 1940. hamarkadaren azken urteetan Hego Afrikako aginpidea lortu eta ia aldi berean, beltzak bizi ziren lurraldeak arautzeko lege gogorrak eta bereziak ezarri zituen. Orain dela urte gutxi arte, «udalak» beltzak beste taldeetatik bereizteko eta hori lortzeko behar ziren gizalegez kanpoko arauak indartzeko erabili izan dira. Biztanle beltzek ez dute zeresanik udaleko jardueran.

       Sistema horren ondorioz sortutako injustiziaren adibideetako bat etxeen jabetzaren inguruko kaosa da. 1950. ondorengo urteetatik hasi eta 1970. ondorengo urteetara, emakumezko beltzei beren etxeen jabetza, edo etxeak alokatzeko eskubidea kendu zitzaien. Gizonezko ezkonduek besterik ezin zuten etxe baten jabe izan edo etxe bat alokatu. Horrek esan nahi zuen, alarguntzean edo senarrarengandik bereiztean emakumezko beltzek etxea galtzen zutela. Ezkontza senarraren gogorkeria zela eta, edo haren zabarkeriagatik eteten zenean, eta baita emazteari haurrak zaintzeko ardura ematen ziotenean ere, etxearen jabetza senarrak hartzen zuen beti legez.

       Emakume askok eta askok jasan behar izan zuten bidegabekeria hori. Baina, Senarrarentzat kapelu bila istorioak erakusten duen bezala, beharbada, alarguntsak izan ziren nekerik handienak jasan behar izan zituztenak. Aukera latz bati egin behar baitzioten aurre: senar berria aurkitu edo etxea galdu.

       Garai horretan horixe zuten aukera bakarra. 1976. urteko istiluen aurretik, eguneroko gauza zen alarguntsei udaleko bulegora joateko dei egitea. Han jakinarazten zitzaien, beren eta etxekoen onerako, berriro ezkondu beharko zutela, baldin eta etxean geratu nahi bazuten. Emakumeek esan zezaketen oraindik senarra hil berria zutela eta usadioak ez ziela berriz ezkontzen uzten epe jakin bat igaro arte. Esan zezaketen oraindik pena handia zutela senarraren heriotzagatik. Esan zezaketen ez zutela berriro ezkontzeko inongo gogorik. Baina dena alferrik. Aginpideak arrazoi horiek guztiak, garrantzirik ez zutelakoan, baztertzen zituen.

       Pentsa daiteke ezkontzeko modu horren ondorioak nolakoak izango ziren. Alarguntsa askok maite ez zituzten senarrak hartzen zituzten. Eta, ezkondu eta handik denbora gutxira, alarguntsetako batzuk kalean geratzen ziren, haur eta guzti. Senarrak beste maitale berririk aurkituz gero, etxetik kanpora botatzen baitzituen. Aginpidea jendearen bizitzan era horretan nahastean, emakumezko eta haur asko, alabak batez ere, tratu txarren arriskua zuten. Kontutan hartzen baldin bada, Soweton bakarrik milioi t'erdi edo bi milioi biztanle bizi zirela, garbi geratzen da milaka emakumezko beltzek jasan behar zituztela jokabide basati horren ondorioak.

       Urte horietan zurrumurru batek zioen, ezkondu nahi ez zuten alarguntsak ofizial baten aurrera joan behar zutela. Han, alarguntsei zenbait gizonen kapeluak erakusten zitzaizkiela eta horietako bat aukeratu behar izaten zutela. Hautatuko kapeluaren jabea izango zen aukera egin zuen emakumearen senarra. Esan beharrik ez dago, ezkontza horiek gehienetan amaiera tamalgarriak zituztela. Egoera horretan zeuden emakume askok isilik jasaten zituzten inoiz maite izan ez zituzten gizonen zigorrak, zeinak etxea lortzea lehenengo helburu baitzuten eta etxea beren onerako erabili nahi baitzuten. Etxearen benetako jabeak, aldiz, ama eta seme-alabak, askotan dena galdu eta kale gorrian geratzen ziren.

       Eta hori izan zen urte askotan Hego Afrikako hirietan bizi ziren emakume beltzen atsekabea. Beharbada beltzak «etxeen eremu» izeneko lurraldeetara joanarazteko zeharkako bidea zen hori, eta, noski, eremu horietan jendeak ez zuen elkar ezagutzen.

       1976ko istiluen ondoren, ahalegin berriak izan ziren hirietako ekonomia eta hezkuntza arazoei aurre egiteko. Ahalegin horretan gehien arduratu zen erakundeetako bat Hiri Fundazioa izan zen, Hego Afrikako enpresa gizonek eratutakoa. Hasieran, zuriek sortu eta zurien eskuetan zegoenez gero, beltzei erakunde hori gobernuaren hedapena besterik ez zela iruditu zitzaien. Baina beltzen etxeen jabetzaren alde eta hezkuntzan eta arauetan beltzei mugak eta oztopoak jartzearen kontra jokatu zuenean, haren irudia hobetu egin zen beltz askorentzat. Hala ere, gaur egun arte Hiri Fundazioa zuriei lana emateko erakunde bat izan da gehienbat, eta lan onenak, zahar-saria uzten zutenak, haiei eskaintzen zitzaizkien. Gaur egun, bataz beste, sei zuri dira beltz bakar bateko zuzendaritza taldean, eta hori gutxiegi da taldean lan egiten duten beltzen kopurua kontuan hartzen bada.

       Gai horietako asko konpondu gabe geratu dira, baina 1980. urte inguruan, hirietako biztanle beltzei baimena eman zitzaien lurra erosi eta etxeak eraikitzeko, laurogeita hemeretzi urteko errenta hitzarmen batez baliatuta. Etxearen jabetza izateko eskubideari esker emakume beltzen maila eta komunitatearena oro har, hobetu egin da, eta baita familiaren ziurtasuna bera ere. Laurogeita hemeretzi urtetako errenta hitzarmenak sortu arte, hiriko etxe guztien errenta udalaren esku zegoen, jabea nor zen oso garbi ez zuten etxe gutxi batzuena izan ezik. Ordura arte etxe guztiak familiako burua zen gizonezkoarenak ziren.

       Bigarren istorioak, Amona Basidi, jende gehiegi eta etxe gutxiegi dituen gizarte batean zahar askok bizi duten atsekabea azaltzen digu.

       1950etik 1970era, beltzen hirietan etxeen eraikuntza bertan behera geratu zen, eta hori, zalantzarik gabe, jendea «etxeen eremuetara» bidaltzeko era bat besterik ez zen. Egoera horrek etxea eskatzen zutenen itxaroteko zerrenda luzeak sortu zituen, eta kasu horretan «itxaron» beharrak hamarretik hogei urtera zain egotea esan nahi zuen, eta hala ere askotan etxerik gabe geratzea. Arau horietatik sortu zen etxeen premiaren arazo larria areagotu egin zen «indarrezko bizileku aldaketekin». Arau horren bidez, auzo oso bat lurreratu behar zela erabakitzen zen, eta hango biztanle izandakoak oinarrizko zerbitzurik ez zuten eremu ilunetara eramaten zituzten. Noski, jendea hiriguneetara itzultzen zen eta han geratzen zen, arauak eta debekuak kontutan hartu gabe, hiri batean edo bestean bizilekuren bat aurkitzeko asmoz.

       Etxe premiak pertsona batzuei besteen kontura irabaziak lortzeko aukera eman zien askotan. Zenbait txostenetan ikus daiteke udal zinegotziek etxeak eraikitzeko baimenen truke enpresa pribatuen dirua onartu izan dutela. Familia askok galdu du era horretan nekez aurreztutako dirua, eta hala ere etxerik gabe geratu dira.

       Era berean, ez da alde batera utzi behar zaharren babesik eza. Soldatak oso eskasak direnez gero, jendeak lan egiteari uzten dionean, zahartzarora ia eskale gisa iristen da. Ez dute inoiz asegururik izan hari etenik ateratzeko, eta ezta beren irabazi urrietatik dirua aurreratzeko aukerarik ere. Horrek esan nahi du, berehala, etxeko errentak eramangaitzak egiten zaizkiela, Hego Afrikako beltz zaharrentzat ez baitago errenta beherapenik. Zahar asko erabat zahar-sariaren mende bizi da; sei astero ordaintzen zaie, eta 200R, hau da, 75 dolar ingurura ere ez da iristen. Oso jende gutxik izaten du bere seme-alaben laguntza, asegururen baten etekina edo nagusiren baten ondarea.

       Zahar askok azkenean errentaren ordainketa beste pertsona batekin edo gehiagorekin erdibitu behar izaten du, eta etxea ere bai. Konponketa horietako batzuek irtenbide ona izan dute; beste asko nekeen eta zoritxarren iturri izan dira etxeko zaharrentzat. Zahar batzuek ikusi izan dute kanpotik etxera etorri zaizkienek askotan etxea kendu, eta kale gorrian ezer gabe utzi dituztela. Beste batzuk nor bere etxeko maizter bihurtu dira, «laguntzaileen» mesedeen mende.

       Zenbaitetan, zaharrak etxetik kanpora bidali ditu urruneko sendiko maltzurren batek, bere burua izeba, osaba edo amona «maitearekin» bizitzeko eskaini ondoren. Batzuetan zahar horiek leporaino betetako «behin-behineko kanpalekuetara» jo behar izan dute, edo aukera hobea izanez gero, zaharren etxeren batera. Zahar guztien bizitza ez da egoera tamalgarri eta zalantzazko horretan amaitzen, baina antzeko kontakizunak astero entzuten dira Soweton.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999