Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

Azken zirrarak

 

       Neo mende honetako lehenengo berrogeita hamar urteetan hazi zen, beste neska eta mutil gazte askorekin batera, bere arnaren aldeko aitona-amonen etxean. Neskaren familia etxalde batean bizi zen, Thaba Patchua izenekoan, Orange Estatu Askeen eskualdean. Aitona-amonek etxaldea beren gurasoengandik hartua zuten.

       Egunero, afalondoan, Neo eta beste gazteak sutondoan esertzen ziren zaharren antzinako ipuinak entzutera. Ipuin barregarriak eta misteriozkoak ziren, eta neurriz gainezko irudimenezkoak.

       Gaur egun arte, Neok gazte garai horietako oso irudi biziak gorde ditu, eta auzoko gazte, zahar eta lagunekin hitz egiten du gogoramen horiez.

       —Poz eta zirrara handiko garaiak ziren haiek — esaten zuen—. Irrikaz entzuten genituen aitona-amonek eta beste nagusiek kontatzen zizkiguten istorioak: mamuen ipuinak, errekako suge erraldoienak, ahalmen magiko gainditu ezinak omen zituzten txori handienak, eta Tikoloshe-renak, magia ahalmenak zituen izaki txiki eta iletsu batenak. «Noski, guk dena sinesten genuen» esaten zuen amaitzeko.

       Neok esaten zuen, gazteak udako gauen zain egoten zirela etxeko stoep-en (atarian) esertzeko, haien irudimena preso hartua zuen «benetako» izakiren bat noiz ikusiko ote zuten, urduri. Haurrek bazekiten noski, izaki horiek ilundu eta handik denbora luzea igaro arte ez zirela ikusten, egun argiari ihes egiten baitzioten. Garai horretan, gurasoak eta familiako nagusiak etxean lanean aritzen ziren, gazteen adimenak hartuak zituen gertaera latz horiek kontutan izan gabe.

       —Kalean eseri orduko—zioen Neok—, adimena eta begiak berehala etxearen ekialdetik igarotzen zen Leeu ibaian kokatzen genituen, eta halako batean argi bakarti bat sortzen zen ezerezetik, eta guregandik urruntzen zen abiada bizian, hotsik egin gabe. Bat-batean, argia berriz itzultzen zen sortu zen lekura, abiadura berean eta astiroago mugitzeko asmorik gabe. Bitartean, haren antzeko beste bizpahiru argi agertzen ziren ikuskizun bikain horretan.

       Neok zioenaren arabera, agerraldiak aurrera egiten zuen Naledi ya Masa (Goizeko izarra) izeneko izarrak, begira zituenei gauerdia igaro zela adierazteko, bere izpiak igortzen zituen arte.

       Neok gero, iluntzean, sutondoko bileretan ospetsuena zen ipuina kontatzen zuen: suge erraldoiaren ipuina, Leeu ibaiko Agintari eta Jauna zen sugearena. Neok, begiak zabal-zabalik zituela, sugearen neurria erakutsi nahiko balute bezala, esaten zuen:

       —Suge erraldoiak inguru guztia argitzen zuen argi distiratsu bat zuen buruan, eta ilundu ondoren, ibaitik irteten zen harrapakinen eta gustukoa zuen behi gorotzaren bila joateko.

       Haurrek, noski, ibaiko sugearen begi handi bakarra ibaian ikusi ohi zuten argi distiratsuarekin lotzen zuten. Neok ipuinaz gogoratzen zuenaren arabera, suge itxurako izakia ibai ertzetan ibiltzen zen, aurrean aurkitzen zuen guztia, gizona nahiz aberea, berriro ibaira itzuli aurretik, deuseztatzeko asmoz.

       Ipuina sutondoan kontatzen zenez gero, entzule batek bestea kutsatzen zuen beldurrez eta izuz, eta ikaraz deiadar egiten zuten. Bitartean, entzule zaharrenek marmarka aritzen ziren, eta «Oi», «Mmuu», «Xxoo» eta antzeko beldurrezko hotsak egiten zituzten.

       Hurrengo egunean, bezperako gertaerak, benetakoak eta irudimenarenak, arreta handia pizten zuten, eta hizketa-gai izaten ziren gazte guztientzat. Haurretako bakoitzak bere erara kontatzen zuen ikusitakoa eta entzundakoa. Eta era horretan baieztatzen zuten ustez ikusi eta bizi izan zutena.

       Suge, txori bitxi eta izaki harrigarri horiei zentzua emateko ohiko bidea, hil ondoren atsedenik hartu ezin zuen jendearen arimak zirela esatea zen. Ibaiko Agintari eta Jabeak, esaterako, edonor, gazte nahiz zahar, bere atzaparretan arrastaka eramateko ahalmena zuen.

       Eta horrela neska-mutilek esperientzia horien bidez, inguruan zuten munduaren argiaz eta ilunaz irudi indartsuak bereganatzen zituzten. Irudi horiek lagun izango zituzten, Neok izan zituen bezala, handik aurrera bizitza osoan zehar.

       Neo eskolan hasi eta hirietako gazte beltzekin elkartu zenean, filmetako eta espazioko istorioak entzuteko aukera izan zuen. Berak mendialdean izan zituen haurtzaroko gertaeren berri eman nahi zien lagun berriei, baina beldur zen ez ote zuten bere kontura barre egingo, mamuen eta ibaiko sugeen istorioak entzunda.

       Neo irakasle egin zen, eta gero, hirietan lan egin zuen gizarte laguntzaile gisa. Urteetan zehar, lankideak ongi ezagutu zituenean, eztabaida ugari izan zituen haurtzaroan eta gaztetan izan zuten bizimoduari buruz. Atseginez eta harriduraz ikusi zuen Neok, lankideetako askok berearen antzeko gertaerak ezagutu zituztela. Aurkikuntza horrek laguntza eman zion iraganaz gogoetak egiteko eta handik hartutako aberastasuna aintzat hartzeko. Bere buruan zuen uste ona areagotu egin zitzaion, eta ohituretan oinarritutako haurtzaroaz eta gaztaroaz izandako lotsa galtzen hasi zen.

       Neo orduan konturatu zen folklorea eta ohiturak erabilgarriak izan zitezkeela bere gizarte lanean. Gero eta gehiago konturatu zen bere jendearen balioak, iritziak eta ohiturak oso garrantzitsuak zirela. Berehala gai izan zen, harrotasun eta ziurtasunez, folkloreaz, musikaz, dantzaz, herriko janariez eta medikuntzaz zuen ezagupen sakona lantaldeari jakinarazteko.

       Lankideetako askok laguntza eta aholkua eskatzen zioten gazteentzat jaialdiak eta lehiaketak antolatzen zituztenean. Neo oso gustura zegoen beltzen taldea sendotzeko eta garatzeko lan egin zezakeela ikusten zuelako. Era berean, poza ematen zion gizarteko beste taldeetako lankideek aholkua eta laguntza eskatzen ziotenean, batez ere zuriak joaten zitzaizkionean. Iraganean bazirudien lankide horiek bazekitela beltzez jakin zitekeen guztia, kulturaz, ohiturez eta, zer esanik ez, bizimoduaz.

       Eginkizun berriak lanean izen ona eman zion Neori eta baita irudi berria ere. Beraz, ez zen harritzekoa izan bere izena zerrendaburu egotea, bulegoak, Erresuma Batuan eta gero Estatu Batuetan aurrera eramango zuen programa batean parte hartzeko, ordezkari bat hautatu behar izan zuenean.

       Itsasoaren beste aldean egon zen garaian, era askotako nazioarteko gertakizunekin harremanak izan zituen. Zuzenean ezagutu zituen beste herrialdeetako jendearen ohiturak; eta, aldi berean, beste ordezkariei bere herrikoen dantza, musika, folklorearen eta ohituren berri eman zien. Elkar trukatze horrek Neori aukera eman zion bere kultura beste herrietako kulturekin alderatzeko.

       Programaren barruan, Neori talde txiki batean lan egitea egokitu zitzaion, beste herrialdeetako bi ordezkarirekin batera. Lana, interesgarria baina neketsua zen, eta Columbus eta Dayton hirietan egiteko prestatua zegoenez gero, hiru lankideak Daytongo egoitza batean bizi ziren. Elkarrekin egonda, lana hiruren artean egin zezaketen eta aukera zuten atseden garaia elkarrekin igarotzeko.

       Egoitza lau solairuko etxe garai bat zen. Neori gela bat eman zioten, eta beste bi lankideak elkarrekin jarri zituzten eraikuntzaren beste aldean. Hasieran Neori bakarrik eta mundutik kanpo zegoela iruditu zitzaion, baina laster ohitu zen, eta gainera, gustura egiten zuen lan, eta eskutitzak buru belarri idazten aritzeko aukera zuen. Noizean behin, lankideekin elkartzen zen hizketaldiren bat izateko, eta hirurek otorduak, eta baita ibilaldiren bat edo beste ere, elkarrekin egiten zituzten.

       Neok Daytonen zeraman bigarren astean, egoitzan hiriko eta inguruko auzoetako neska gazte talde bat bildu zen, mintegi batean lan egiteko. la beti isilik eta bakean egon ohi zen egoitza hura aldatu egin zen gazteak iritsi zirenean. Bazter guztiak barrez eta elkarrizketa algaratsuz bete ziren, baina, noizean behin, aspaldian elkar ikusi ez zuten adiskideen oihuek isilarazten zituzten. Zaratak oso gora egiten zuenean, nazioarteko hiru ordezkariak gelara jaisten ziren zer gertatzen zen ikustera. Ikusi zutenean neskak aldageletatik igerilekurantz zihoazela, egoitza egun horretan berpiztu zela iruditu zitzaien, eta gazteen alaitasunak ordu arte egoitzan izan zen asperraldia eten egin zuela.

       Hori izan zen, herrialdera iritsi zenez geroztik, Neok horrenbeste neska gazte beltz elkarrekin ikusi zituen lehenengo aldia. Neskei begiratu zienean, harrituta geratu zen neska horietako asko haurdun zeudela zirudielako. Berehala etorri zitzaion burura Hego Afrikan egoera berean zeuden neska gazteak. Askotan entzuna zuen Amerika bezalako herrialde handietan zeuden aurrerapenen eta demokraziaren berri, eta zaila egiten zitzaion ikusten ari zena herrialdeaz entzun zuenarekin lotzea. Konturatu zen, aldi berean, haurdun zeuden neskak itxuraz oso lasai eta pozik zeudela. Neok ez zekien Ameriketako gizartean adin horretan haurdun egotea gauza arrunta ote zen. Azkenean, Neok erabaki zuen beltzen zoritxarra antzekoa zela mundu osoan. Minduta zuen barrua.

       —Nola, bada, herrialde'honetan ere bai? —pentsatzen zuen behin eta berriz.

       Neskengana hurbildu nahi zuen, eta, azkenean, lortu zuen haietako batzuekin hitz egitea.

       Lankideekin hitz egin ondoren, Neok burua erantzunik gabeko galderez betea zuen. Eta gelara itzuli zenean ere, burua pentsamendu larriez itota zuen. Hala ere, bainatu, hurrengo eguneko lana prestatu, atea giltzatu eta lo zerraldo geratu zen.

       Gau horretan, amets gaiztoa zirudien zerbaitek esnatu zuen Neo. Ametsa izan edo ez izan, Neori haurtzaroa etorri zitzaion gogora. Bihotzaren taupada ozenek esnarazi zuten. Honela adierazi zuen berak gertatu zitzaiona:

       «Lotan nengoela, kirrinkada hots batek, igogailuaren geldialdiak eta haren atea ixtean egin zuen zaratak esnatu ninduten. Atea indar ikaragarri batek itxi zuela zirudien. Ondoren urrats ozen batzuk entzun ziren, norbait igogailutik irten balitz bezala. Oinetakoen takoien hotsa belarrietan min eman arte sartu zitzaidan. Ordurako banekien esna eta nire onean nengoela. Takoi hotsa nire gelarantz zetorren zuzenean. Entzuten geratu nintzen, arnasa hartu ezinik, eta izaren azpian dardarka. Ez nuen inor alboan esnarazi nahi «entzun al duzu nik entzun dudana?» galdetzeko. Urratsen, tin! tin! tin!, zintzarri hots ozena nire ate ondoan isildu zen. Izerdi patsetan nengoen eta itotzeko zorian. Burua altxa eta begiak ireki nituen. Argi distiratsu bat sartzen zen nire gelara ate azpitik. Orduan iruditu zitzaidan norbaitek atearen euskarriari jira egin ziola. Zorionez atea giltzatuta zegoen. Beldurrak airean nengoen».

       Neok aurrera egin zuen: «Haserre antzean, urratsak irten ziren lekura itzuli ziren, lurraren kontra jo eta jo, lurra puskatu nahiko balute bezala. Gero igogailua bat-batean ireki eta itxi egin zen, eta behera joan zen abiadura beldurgarrian. Orduan hasperen egin eta lasaitu nintzen, emakumearen oin hotsak betiko joanak zirela uste izan nuelako. Edozer gauza emango nukeen zer ordu zen jakitearren, baina beldurtuegia nengoen izaren azpitik atera eta erlojuan begiratzeko. Hura ez zen, ordea, amaiera izan. Handik denbora gutxira, gauza bera gertatu zen, eta modu berean. Bi, hiru, lau aldiz errepikatu zen gertaera, batetik bestera bost edo hamar minututako tartea utzita».

       Izualdian, Neok otoitz egin zuen handik onik ateratzeko. Atzerriko bidaia egun horretan amaitu nahi izan zuen. Etxera itzuli nahi zuen lagunen eta familiakoengana. Gogoa joan zitzaion bidaiak egin eta jende eta bizimodu berriak ezagutzeko, gutxienez amets gaiztoak iraun zuen bitartean. Hitz eman zion Sortzaileari Bere alde lan egingo zuela huts egin gabe, nekaldi hartatik onik ateratzen bazuen. Egun argia iristeko otoitz egin zuen. Bere buruari hitz eman zion ez zuela berriz gela horretan bakarrik lo egingo.

       Neori tarte batean hiltzera zihoala iruditu zitzaion. Eguzki izpiz betetako gelan esnatu zen, baina gauean gertatutakoa buruan oso garbi zuen oraindik. Beldurrez dardarka, ohetik jaiki eta konturatu zen, gelak argi distiratsua izan arren, ez zela atea irekitzera ausartzen. Azkenean, bere buruari gogor egin zion, eta lankideen logelara joan zen zuzenean. Haiei gertaera beldurgarriaren berri eman eta ezer entzun ote zuten galdegin zien. Sinesgogor entzun zioten, baina horren deskribapen zehatza egin zuenez gero, ez zioten oztoporik jarri hark esan zienari. Haien erantzunaren zain egoteko asmorik gabe, Neok galdegin zien, ea egoki iruditzen zitzaien egoitzaz arduratzen zen emakumeari gertaeraren berri ematea. Zalantzak izan zituzten, baina ez zioten ezetzik eman. Neok, aldez aurretik, bere artean erabakia zuen egoitzaren buruari gertatutakoa esatea.

       Neo gela txukuntzera itzuli zen arduradunaren bila joan aurretik. Gauzak biltzen ari zela, ustekabean harrapatu zuen atearen hotsak. «Aurrera» esan ondoren, garbiketako emakumea sartu zitzaion gelan. Elkar agurtu ondoren, Neok, zalantzan, bizi izan zuen gertaera beldurgarriaren berri eman zion andreari. Ez zuen aparteko erantzunik espero, nolabaiteko kemena ematea ez bazen. Baina hori egin beharrean, emakumeak izututa begiratu zion Neori, eta gero ahaleginak egin zituen bere jarrera ezkutatzeko. Ikusitakoa kontuan hartuta, Neok zerbaiten susmoa izan zuen, eta galdegin zion:

       —Ezer berezirik gertatzen al da etxe honetan?

       Inguruan norbait entzuten izango balu bezala, emakumeak alde batera eta bestera begiratu zuen, eta ahopeka erantzun zion ahots lodi eta sakonean:

       —Andrea, aholku bakar bat emango dizut leku honetan egoteko. Ez ezazu inoiz argirik itzali ohean sartzean. Piztuta utzi gau osoan.

       Emakumearen hitzak eta imintzioak horren bitxiak zirela ikusita, Neo ia barreari ezin eutsi izan zion. Baina bera ere beldurtuta zegoen.

       —Zergatik? —galdegin zion emakumeari—. Gela sorginduta al dago?

       Gogora etorri zitzaizkion haurtzaroan etxean entzundako mamuen istorioak.

       —Mamuez eta izpirituez ezer ez dakit —erantzun zuen emakumeak—, entzun dudanez eraikuntza berria da erabat. Baina esan didate, aspaldian hemen zegoen etxe zaharra ekaitzak eta uholdeak eraman zutela, eta jende asko hil zela hondamendian.

       Neo mutu geratu zen, eta bere ondorioak atera zituen emakumearen hitzetatik.

       Berri horrek Neori erabat argitu zizkion egoitzako buruari gertatutakoa esateko oraindik zituen zalantza apurrak. Lankideei berriz ezer aipatu gabe, zuzenean joan zen idazkari nagusiaren bulegora. Han, gauean gertatu zitzaion guztia adierazi zion. Neok bizi izan zuen beldurrak atzera bota zituen aztikeriaz egotzia izateko kezkak, eta, gertaeraren berri ematen ari zitzaion bitartean, ia ahaztu zuen kontakizunak idazkariari sorrarazten zion zirraraz ohartzea. Gauzarik garrantzitsuena zen aurreko gauaren antzeko besterik ez igarotzea.

       Neo harrituta geratu zen, erakundeko arduradunak ez ziolako galdeketa zehatzik egin. Besterik gabe, begiratu eta esan zion:

       —Atsekabez entzun dut zure gertaera aldrebes hori. Ahalegin guztiak egingo ditut zuretzat bizilekuren bat aurkitzeko, besterik ez bada norbaiten etxean. Ongi deritzozu?

       —Edozein lekutara joateko prest nago, gela horretan ez gelditzeagatik —erantzun zuen Neok inolako zalantzarik gabe.

       Berehala, Neo oraindik bulegoan eserita zegoela, Egoitzako arduradunak telefonoa hartu eta norbaitekin hitz egin zuen, eta ahalik eta hitz susmorik gabekoenak erabili zituen, hari Neok handik alde egiteko zituen arrazoiak azaltzerakoan. Telefonoan hizketan ari zenak ere ez zituen galdera asko egin, eta Neo etxean hartzeari ia berehala eman zion baiezkoa. Neori iruditu zitzaion etxeko antolamenduan hura eguneroko gauza izango zela.

       Gau horretan, Neo ostalari berrien etxera aldatu zen, herriko apaiz baten eta haren emaztearenera. Goizero gosaldu ondoren elkartzen zen lankideekin. Hasieran, goizean goiz lagunen hutsa sumatzen zuen, baina berehala jarri zen ohitura berrira.

       Ordurako, Neok Ameriketako ikustaldiaren gertaera asko zituen bere buruan aztergai. Azken gertaera horrek ikusarazi zion haurtzarotik bere auzoan entzun zituen istorioak ez zirela bere inguruko jendearen berezitasun hutsa. Emakume garbitzaileak, Neok ez zuen hartaz ohartzeko denborarik hartu, mamuak aipatu zizkion berak «sineskeriak» aintzat hartzen zituen horietakoa zenik jakin gabe. Eta are gehiago, Neok atsekabez pentsatu zuen, atzerritarrek askotan esaten zutela ozenki, Hego Afrikako beltzak ez zirela mendebaldekoak bezalakoak, ezjakinak zirelako eta sineskeriak aintzat hartzen zituztelako.

       Burutapen horiek barruan zituela, Neok era zorrotzagoan aztertu zituen, urteetan zehar, europarren mailaz eta bizimoduaz izan zituen iritziak. Zein zen hitz horien atzean zegoen egia; adibidez, modu eta era aurreratuak, eta eskola maila garaia azpimarratzen zuten hitzen atzean, edo ezjakintasunetik eta sineskerietatik aske zeudela zioten hitzetan, eta moralaren maila garaia aipatzen zutenetan? Horietako batzuen atzean egia zegoen, bazekien. Baina beste batzuen atzean... Neok haurdun zeuden neska gazteekin izan zituen elkarrizketak gogoratu besterik ez zituen egin behar, talde «aurreratu» deitutako horietan akats oso larriak antzemateko.

       Neo izututa geratu zen hamahiru urte inguruko neska bati lasai entzun zionean esaten, gizonezkoekin oheratzera behartuta zegoela, bizimodua aurrera atera nahi bazuen, familia oso pobrea baitzuen oinarrizko premiei erantzuteko. Neori ikaragarria iruditu zitzaion neskak era horretan gorputza erabiltzera behartuta egotea, eskolara joateko behar zuten dirua irabazteko. Ikusten zuen ondorio bakarra zen, mendebaleko herrialde guztietan, edo gehienetan, beltzak hirugarren mailako gizakitzat hartuak zirela. Neoren ustez, kolorearen eta arrazaren arabera bereizketa egiten zuen pertsona edo gobernua oso urruti zegoen «aurreratu» izatetik.

       Bere herriko beltzen filosofia argi eta garbi entzuten zuen belarrietan. Sei hizkuntzetan gertaera bera aipatzen zen:

       Muthu ndi muthu nga munwe. (Sevenda).

       Motho ke motho ka motho yo mangwe. (Setswana).

       Umtu ngo mtu ngabanye. (Xosa).

       Motho ke motho ka motho e mong. (Hegoaldeko Sotho).

       Umtu ngo mtu ngo monye umtu. (Zulua).

       Umuntfu ungumuntfu ngalo munye muntfu. (Swasi).

       Esaeraren hitzez hitzezko esanahia hau da: «Pertsona bat pertsona da beste pertsona bati esker». Bazekien Neok, filosofia horretan zetzala besteekin, bai bakarka eta bai taldean, izaten ziren harremanen eta elkar trukatzeen oinarria. Gizarte batean jendeak duen elkarbizitza maila erakusten digu. Esaeraren eremua, No man is an island ingelesezko esaerarena baino urrutiago iristen da. Neoren herritarren esaldiak taldean bizitzeko oinarriak ezartzen ditu, eta bata bestearekiko atxikidura nahitaezkoa dela ikusten du.

       Neok gogoan du, neska txikia zela, zuri pobreak ikusten zituela bere aitona-amonen etxera joaten. Han atseginez hartuak izaten ziren, eta abegi ona egiten zitzaien, eta familiarekin batera janari osasuntsuak jatera gonbidatzen zituzten. Argi eta garbi gogoratzen du, mende hasieran beltzek ez ziotela pertsona baten azalaren koloreari begiratzen hura onesteko edo gutxiesteko.

       Pentsamendu horiek guztiak buruan zituela, Neok ondorio bat atera zuen:

       «Nire herriko jendeak izan duen aukerarik eza kontutan hartuta —politikan, ekonomian, hezkuntzan, gizartean eta kulturan—, herrialde bereko beste arrazako taldeek nahi adinakoak zituzten bitartean, zutik jarri eta, kontraesanean erortzeko beldurrik gabe, adierazten dut, lan handiak izan dituela gure herriko jendeak jasan behar izan duena jasan eta aurrera ateratzeko».

       Horregatik esan nahi diot entzun nahi didan edonori: «Ez itzazu epaitu lortu ez dutenarengatik, bere kulturak biltzen dituen balioengatik baizik». Gure artean, gizon baten arrakasta laguntza da beste batentzat. Giza balioak irabazi materialak baino gorago jartzen ditugun jendea gara. Eta gure filosofia horrek zapalkuntza eta zigor urte gogorrak gainditu ditu. Badugu hor benetan zer miretsi.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999