Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

Hezkuntza ez da kulturaren ordezkoa

 

       Mendialdeko Nkweng izeneko herritik hurbil bazen erdi amildutako beltzen auzo bat. Baziren jende heziarentzako —irakasle, erizain, apaiz, osasun ikuskari eta abarrentzat— etxe berri gutxi batzuk. Baina biztanle gehienek nekez irakur edo idatz zezaketen, eta oso pobreak ziren.

       Ikasien familiaren eta familia horietako kideen egoera bere auzokoena baino askoz hobea zenez gero, oso harro zeuden beren buruaz. Are gehiago, zenbait familiak beren taldeko ohiturazko balioak eta usadioak gutxiesten zituzten. Beste arrazen antzera jokatu nahi zuten, eta bazirudien talde horien balioak nahiago zituztela beraienak baino. Pentsaera eta jokaera horrek are gehiago mintzen zuen dirua irabazteko edo heziketarako aukerarik izan ez zuten auzokoen gogoa.

       Piet Kgosi jaunaren familia beltzen gizartean goi maila zuten horietakoa zen. Piet eta bere emazte Annie eskolako irakasleak ziren. Senarra irakasle familia bateko bigarren belaunaldikoen ondorengoa zen. Emaztea bere familian lehenengo irakasle-belaunaldikoa zen. Pietek onartzen zuen erabat berak lortutakoa familia osoaren lan handiari esker lortu zuela. Familiaren laguntzarik eta ahaleginik gabe, eta bereziki arrebarenik gabe, bazekien ez zela inoiz eskolako maisu izatera iritsiko. Gertaera hori buruan zuela, erabakia zuen, behar izanez gero, familiari laguntza emango ziola, batez ere eskolarekin lotutako gaietan.

       Piet oso jota geratu zen arreba gazterik hil zitzaionean. Arreba ama ezkongabea zen eta seme bat utzi zuen, Pieten seme zaharrenak baino bi urte gehiago zituena. Inori ezer esan gabe, bere buruari hitza eman zion arrebaren semea gutxienez goi mailako eskolara iristen ikusiko zuela eta lagunduko ziola lana aurkitzen eta familia osatzen. Piet ziur zegoen berari heziketa ona emateko arrebak hartu zituen lan guztiak eskertzeko modu egokia izango zela hori, eta ohitura zabaldua zen gainera Hego Afrikako beltzen artean. Beraz, Pietek, arrebaren semea, Thulo, bere etxera eraman zuen eta bere seme zaharrentzat hartu zuen.

       Pietek berehala ikusi zuen emaztea ez zela erabaki horren aldekoa. Ez zion zuzenean Thulori gorrotorik adierazten, baina mutila ez zuen ongi hartzen.

       Hamabi urte zituen ama hil zitzaionean, eta Thulok amaren aldeko osaba (malome) zuen zaindari bakarra. Txikia zenetik, Thulok oso harreman estua zuen osabarekin, familiako gizonezko bakarra baitzen; familiako burua, berriz, Pieten ama zen, Thuloren amona. Thulok Piet aldi berean osaba eta «aita» zuen, eta osabak ere Thulo modu berean hartzen zuen. Banaezinak ziren, eta hala egin zuten aurrera Annieren gorrotoa kontutan hartu gabe.

       Pietek erabakia zuen iloba bihotz-bihotzez maitatzea, zaintzea eta behar zuen guztian laguntza ematea. Hori zen gehien nahi zuena. Etengabe ematen zion laguntza morala, eta gainera, tarte bat egiten zuen harekin isilpean familiaren egora zailaz hitz egiteko.

       —Thulo —esan ohi zion—, badakit lan handia egin behar duzula geure etxean, familiako beste kideen laguntzarik ez duzula eta ordainetan hitz goxorik ez duzula entzuten. Hori hala izan denez gero, erregutzen dizut hori guztia aldarte onez har dezazun zure hezkuntzaren eta batez ere zure etorkizunaren izenean. Hitza ematen dizut ondoan izango nauzula beti.

       Osabak amaitzeko esan ohi zion:

       —Isilik baldin banago ere, beti izango nauzu zure alde.

       Thulok osabari beti honela erantzuten zion:

       Malome, oso zaila da, baina ahaleginak egingo ditut.

       Pietek hori entzutean eskerrak ematen zizkion mutilari, eta horiek izaten ziren Thulok etxean esker oneko hitzak entzuten zituen une bakarrak.

       Thulok lan nekagarria izan zuen hamabi urte zituenetik, hemezortzi urte egin eta goi mailako eskola utzi arte. Jaiki, sua piztu eta goizeko tea ateratzen zien familiako beste kideei; haiek bitartean ohean zeuden. Gero garbitzeko behar zuten ura berotzen zien etxekoei; gosari arina prestatu, eta etxeko zenbait leku garbitu eta txukuntzen zituen. Azkenean, eskolara joateko prestatzen zen. Eskolatik itzuli, eta berehala bukatzen zuen etxeko garbiketa. Ondoren familiako jantziak garbitu eta lisatzen zituen. Gero baratzean aritzen zen. Etxeko lanak amaitzeko afalondoko ontziak garbitzen zituen familiako beste guztiak mahaiaren inguruan hizketan atseden hartzen zuten bitartean. Hori egin ondoren, eskolako lanak egitera joaten zen.

       Pietek erabakia tinko hartua zuen: bere haurrek Thulori etxeko lanak egiten lagundu beharko zioten. Baina Anniek ez zion arretarik jartzen, eta haiei Pietek esandakoa eginarazi beharrean, ezkutuan adore ematen zien etxeko eginkizunak Thuloren eskutan utz zitzaten. Adibidez, afalondoan mahaian geratzeko eta eskolako lanak egiteko esaten zien.

       Pietek bere burua bidegurutze batean ikusten zuen. Erdibituta zegoen, alde batetik iloba beste norabait eraman nahi zuen, eta bestetik, bere seme-alabak eta Thulo elkarrekin hazi nahi zituen. Azken nahia izan zen nagusitu zitzaiona; baina Pietek, egunak joan eta egunak etorri, hala egin zuen aurrera, erabaki bat hartuz eta berriz atzera eginez.

       Bizimodu horrek Pieti lan handia ematen zion. Thuloren arazoaz gainera, bere seme-alaben heziketaren kezka zuen. Min ematen zion alaba etxeko lanak egiten ikasi gabe hazten ari zela ikusteak. Beste amek, alabak helduak izatera iristean emakume osoak izateko prestatzen zituztela ikusten zuen. Baina haren alaba Dikgopik hamar urte zituen eta oraindik Thuloren premia zuen galtzerdi motzak eta luzeak garbitzeko, eta beltzen artean oso gauza lotsagarria zen hori.

       Thulok nekaldi hura gainditu zuen. Goi mailako eskola amaitu eta polizia izateko ikasketak egiten hasi zen. Beste bi urtetako aldia. Orduan ere aurrera egin zuen osabaren familiarekin bizitzen, eta izebaren tratu txarra jasaten.

       Osabak eta izebak hiru seme-alaba zituzten, bi mutil eta atzetik neska. Thulok polizia ikasketak hasi zituen garairako, Moji, zaharrena, unibertsitatean hasia zen nekazari laguntzaile izateko ikasketak egiten. Annie etengabe ari zitzaion jendeari esan eta esan nolako seme bizkorra zuen. Tshepo, seme gazteena, Thulorekin oso ongi konpontzen zen, eta beharbada elkartasunagatik edo, bera ere polizia izateko ikasketak hasi zituen. Dikgopiri ez zitzaion eskola gehiegi axola, eta, hamasei urte zituela, bat-batean amaitu behar izan zituen ikasketak haurdun zegoela konturatu zenean.

       Pieti osasuna makaltzen hasi zitzaion, eta hori zama jasangaitza izan zen Thulorentzat. Ezin zuen etxe hartan bizi osabarik gabe. Baina ez zuen beste aukerarik: ikasketen erdi-erdian zegoen, eta ez zuen oraindik familiarik osatzeko modurik. Thulok isilpean osaba sendatzeko errezatzen zuen. Otoitzek ez zuten erabateko erantzunik izan Pietek ez baitzuen onera egin. Baina Thulo pozik zegoen osaba egunetik egunera nola edo hala moldatzen zela ikusten zuelako, nahiz eta elbarritua egon eta lanerako gauza ez izan. Bitarte horretan, Pietek Thulo eta familiako beste guztiak aurrera atera ahal izan zituen aurreratutako diru apurrari esker.

       Thulo oso pozik zegoen polizia prestaketak amaitu eta lana aurkitu zuelako, osaba oraindik bizirik zuela. Bere irabazi eskasekin, Thulok ahalegin guztiak egin zituen osabaren ordainketen zama arintzeko.

       Adibidez, familiari laguntza handia eman zion janariak erosteko. Zalantzarik ez dago Anniek Thuloren diru laguntza onartu eta kontutan hartzen zuela; nahiz eta inoiz eskerrik ez eman, ez zuzenean eta ezta senarraren bidez ere.

       Garaia iritsi zenean, Thulok lan egiteko lekuz aldatu zuen, Nkwengetik Majwengera, eta han berehala igo zuten mailaz. Igoera horrek aukera eman zion dirua aurreratu eta ezkontzeko. Aurrerabide horrek bizkorraldi bikaina ekarri zion osabari, oso pozik baitzegoen Thulo ezkontzen ikusiko zuelako, oraindik hari etxea jartzen laguntzeko gai zela.

       Pieten osasunak onera egin zuen era nabarmenean. Horrek aukera eman zion Thuloren ezkontzari berak nahi zuen bezalaxe aurre egiteko, haren zaindari izateagatik zituen eginkizunak, eta gehiago, beregain hartuz. Bazen beste gauza garrantzitsu bat Pieti poz handia ematen ziona, Thulo eta Tshepo lagun minak zirela ikusteak, hain zuzen ere, bai lanean eta bai etxean.

       Thulo ezkondu eta handik hiru hilabetera, Pieten osasunak txarrera egin zuen. Handik pixka batera bakean hil zen. Familia osoarentzat galera handia izan zen, baina bereziki Thulorentzat, aldi berean osaba, «aita», laguna eta adiskiderik onena galdu baitzituen.

       —Uste dut bidearen amaierara iritsi naizela —esan zuen hura gertatu ondoren.

       Garai hartan familiako kideen artean goxotasuna eta adiskidetasuna adierazten zion bakarra Tshepo zen, polizia lanetan berarekin aritzen zen lehengusua. Thulok osaba galdu zuelako edo, Tshepok lehengusuarengandik hurbil egoteko erabakia hartua zuela zirudien; are gehiago, ez zuen Thulo bere ikusmenetik galdu nahi. Thulo, noski, jokabide berriaz konturatu zen, eta modu onean esan zion Tshepori ez izateko horren errukiorra, Tshepok, hala ere, ez zuen amore emateko asmorik. Horren ondorioa izan zen lehengusuak elkarrengandik inoiz baino hurbilago egon zirela.

       Tshepok, Nkwengera familia ikustera joaten zenean, askotan esaten zion Thulori laguntzeko; eta, joateko gogo handirik izaten ez zuen arren, Thulok ezin zion ezezkorik eman lehengusuaren gonbiteari. Thulok, ordea, hitz eman zion bere buruari ez zuela emaztea bere familiaren etxera eramango. Ez zion emazteari erabaki hori hartzeko izan zuen arrazoirik eman, baina Tsheporekin Nkwengera joaten zenean, ez zuen emaztea eraman nahi izaten. Tshepok, noski, bazekien zer zen haren atzean zegoena; ulertzen zuen Thulok hartu zuen jarrera, eta ez zion gaiari garrantzirik eman nahi. Arazo horrek ez zion batere kalterik egin lehengusuen arteko harremanari. Aldiz, egunetik egunera elkarrengandik hurbilago zeuden, bai lanean, bai atseden garaian eta baita familia bileretan ere. Annierentzat buruhauste handia zen, baina ezin zuen hura aldatzeko ezer egin.

       Asteburu batean, lehengusuek Nkwengera joateko bidaia prestatu zuten. Bospasei astetako tartea izan zen azken ikustalditik, ez baitzituzten ordura arte jai egunak batera izan. Azken unean, Thulori ospitalean gaixorik zegoen ofizial bat zaintzeko eginkizuna eman zioten. Nkwengera egindako azken ikustalditik denbora luzea igaro zenez gero, lehengusuek erabaki zuten Tshepok bakarrik egingo zuela bidaia herriko beste lagun batzuekin. Alferrikako gasturik ez izateko, mutil guztiek auto bakar batean egingo zuten bidaia.

       Thulo eta Tshepo Annieri janariak erosteko elkartu ziren. Ostiral goizean lagunen autoa Tsheporen bila joan zen eta Thuloren etxetik abiatu ziren. Lagunek «osaba-ilobaren arteko familia-hizketaldi amaigabeak» gaitzetsi ondoren, elkarri agur esan zioten. Autoa abiatu baino lehenago, gizonetako batek esan zuen txantxetan:

       —Tshepo, andregaia aurkitu behar duzu osaba-anaiaren praketatik beti zintzilik ez ibiltzeko andre-gixonen erara!

       Hurrengo goizeko seietan, poliziaren bulegoko telefonoak jo zuen; Thulorentzat zen deia. Erantzun zuenean, iruditu zitzaion bezperan Tsheporekin joan zen adiskideetako baten ahotsa ezagutu zuela. Zuzen zegoen. Ze berri zuen? Dardarka eta hitz totelka, lagunaren ahotsak zerbait esan zuen auto istripuaz eta Tshepoz. Erabat izutua, esan zuen Thulok:

       —Mesedez, esan berriz. Ez dizut ulertu.

       Isiltasun osoa izan zen ondoren, eta arnas ozena eta negar zotin nahasia zirudiena besterik ez zen entzuten. Thuloren ondoan zegoen langile batek, haren aurpegian izua ikusi zuenean, erantzungailua kendu zion.

       —Esan, mesedez, nor ari da hitz egiten? —esan zuen argi eta garbi.

       Erantzuna ahots ahul batek eman zuen:

       —Thabo.

       —Thabo —esan zuen laneko lagunak—. Zein da Thulorentzat duzun mezua?

       Ez zen ezer entzun segundo batzuetan, eta ondoren erantzuna:

       —Modise zara?

       —Bai, neu naiz.

       —Okerrik gertatu al da? —galdegin zuen Modisek.

       —Bai. Autoak, Nkwengera gindoazela, irrist egin zigun euri zaparrada ari zuenean, herrira iritsi baino ehun eta berrogeita hamar kilometro lehenago. Irauli egin zuen. Nik zauri txikiak eta bizkarreko mina besterik ez dut izan. Toko ospitalean dago, zainketa berezietako gelan. Eta tamalez esan beharra dut Tshepo istripuan hil dela.

       Ordurako, beste geletako poliziak Thulok lan egiten zuen gelan bilduak ziren, zer gertatu zen entzuteko zain. Thulo inguruko aulki batean eseri zen, eta eskuak mahai gainean jarri eta burua esku tartean ezkutatu zuen. Istripuaren kontakizun osoa entzun aurretik ere, sorbalden zama sumatu zuen, negar egiten zuen bakoitzean mugitzen zituenez gero.

       Ofizialak Thulo eritegira eramateko hurbildu ziren, gertatu zena jakinarazteko eta, behar bazuen, laguntza emateko. Tsheporen heriotzak laster mindu zuen Thulo. Bere azken itxaropena, lehengusu-anaia maitea, laguna eta adiskide mina. Osaba-aitaren lekua hartu zuen gizon gaztea. Esan zuen bere artean:

       —Bakarrik geratu naiz mundu hotz eta anker honetan.

       Lehenengo izualdi hori gainditu bezain laster, zuzenean emazteak lan egiten zuen erietxera joan zen, hari familian gertatu zen zorigaiztoaren berri ematera. Ondoren gauzak prestatu zituen zazpi edo hamar egunetan lanik ez egiteko. Lur jota zegoen gizona zirudien. Manana emazteak ongi ezagutzen zuen Tshepo, eta bazekien Thulok zenbat maite zuen. Heriotzaren ondorioek, ezustekoaren izuarekin batera, Manana ere mendean hartu zuten, eta lur jota geratu zen. Zorionez, erietxeko arduradunek etxera joateko baimena eman zioten.

       Mananak hurrengo ostiralean Nkwengera bidaia egiteko eta hiletara joateko behar zituen paperak prestatu ondoren, Thulo familiaren etxera abiatu zen hiletaren prestaketan eta behar zuten guztian laguntzera. Etxekoak Thulo ikusi orduko negarrez hasi ziren. Thulo eta Tshepo etxera beti elkarrekin joaten zirenez gero, oso gogorra izan zen haientzat hura bakarrik ikustea. Lehenengo aldiz maitasuna adierazi zioten; gauza berria zen harentzat, bitxia, ongieza sortzen ziona. Hala ere, ezer esan gabe onartu zuen. Zalantzarik gabe, Annie erabat jota utzi zuen Tsheporen heriotzak.

       Ondorengo egunetan, Thulo osabaren etxean geratu zen besteetan egin ohi zuen bezala. Emaztea Nkwengera joan zen lehenengo aldiz ezkontzaren egunaz gero. Hileta baino hiru egun lehenago iritsi zen eta bere senarraren osabaren etxean «errain» zaharrentzat eta bakartzat hartu zuten, hain zuzen ere, bere senarrak «bere etxea» zela esan zezakeen leku bakarrean. Etxeko lanen ardura hartu ahala, Mananari eraginkortasuna eta samurtasuna nabarmendu zitzaizkion. Familiako kideak jasaten ari ziren ezinegonak Mananaren barruko onena kanporarazi zuela zirudien. Familia adoretzen zuen, eginkizunak banatzen zituen, gauzak txukuntzen zituen, eta etengabe aritu zen lanean senarraren ondoan. Lanean ari ziren bitartean, Thulok familiako kideak iritsi ahala emazteari ahaidetasun-harremana eta lotura azaltzen zion, familien bileretan gertatu ohi diren gaizki ulertuak edo trabak galaraztearren. Ahaleginak emaitza ona izan zuen: hileta amaitu zenean, ia ez baitzen familiako kideen gaitzespenik izan.

       Mananari joateko garaia iritsi zitzaionean, Annie eta haurrek eskerrak eman zizkioten Thulok eta berak egindako guztia gogoan hartzen zutelako. Mananari eskerrak eman zizkioten bereziki familiarengana lehenengo aldiz une larri eta goibel haietan joan zelako. Anniek Mananari esan zizkion azken hitzak hauek izan ziren:

       —Manana, ez zaitez gutaz ahaztu. Gogoan izan zeuk ere Nkwengen zeure etxea duzula.

       —Laster etorriko naiz zu ikustera, izeba Annie — erantzun zion.

       Malkoak zerizkien gelan bilduta zeuden familiako kide guztiei, bai emakumezkoei eta baita gizonezkoei ere. Familiakoek negarrez, atsekabez eta bihotza minduta alde egin zuten. Thulo etxean geratu zen zenbait egunetarako, izebarekin hitz egin behar baitzuen aseguruari eskaera egiteko moduaz.

       Ordurako, Annie ez zen lehengo bera. Haren harrokeria, odol hotzeko zekentasuna eta azpikeria haizeak eraman zituen. Ez zen sinestekoa. Etxeko barandan eseri zen burutik oinetaraino estaltzen zuten doluminezko arropa beltzez jantzita, bere etxetik irteten ziren familiakoei eta lagunei begira. Argi eta garbi ikusten zen jasan zuen zauriak jendeak uste zuena baino sakonagoa zela. Haren alaba Dikgopiri, berriz, familiako beste kideen oinazeak bihotza ez ziola ukitzen zirudien. Eta Moji, seme zaharrena, galdezka eta galdezka ari zitzaion amari noiz eta nola eskatuko zuen aseguruko dirua; une horretan itxuraz amaren burutik urrun zegoen gaia, hain zuzen ere.

       Mojik gogoz hartzen zuen parte aseguru diruaren eskaera egiteko hartu beharreko neurriez eztabaidatzen ari zirenean. Dikgopik ordea berehala urruntzen zuen bere burua horretatik guztitik. Familia Tsheporen heriotzaz hitz egiteko biltzen zen bakoitzean, ahaleginak egiten zituzten Dikgopi tartean izateko. Baina, etortzen zenean ere, ez zuen hitzik esaten, ezta iritzia eskatzen zitzaionean ere. Ez zen erraza haren pentsamenduetan barneratzea. Hotza eta axolagabea zen, eta familiarengandik urrun zegoen beti. Kanpokoekin lasai egoten zen eta erraz hitz egiten zuen, baina etxekoekin ez. Jokabide harrigarria zuen.

       Aseguru eskaeraren lehenengo lanak eginak geratu zirenean, Thulok Majwengera alde egin zuen. Hitza eman zion izebari dei egingo ziola, eta osaba hil zenez geroztik lehenengo aldia zen, telefono zenbakia izebari uzten ziona, ezer behar baldin bazuen dei egiteko. Thuloren irteera etxekoentzat azken kolpea izan zen. Dikgopi ere negarrez hasi zen hura bazihoala ikusi zuenean. Berak eraman zuen taxi geltokiraino eta ez zirudien hark alde egitea nahi zuenik. Taxia abiatzera zihoanean, esan zion Thulori belarrira:

       —Laster utziko dut etxea, eta hiri handira joango naiz lanera.

       —Ez izan txoriburua, Dikgopi. Izeba Annieren ondoan geratu behar duzu eta hari lagundu —erantzun zion Thulok.

       Agur esan zioten elkarri eta taxia abiatzen hasi zen.

       Tshepo ezkongabea zenez gero, amak hartu zuen bere lanbidearekin lotutako aseguruaren dirua. Moji oso pozik jarri zen amari horrenbeste diru ordainduko ziotelako. Annie harritu egin zen jarrera lotsagarri hura ikusita; harentzat munduko diru guztiak ere ez zukeen Tsheporen lekua beteko. Mojiren jokabideak lotsarazten eta haserrarazten zuen. Eta diru guztia eman ziotenean ere, Anniek ez zion diruari jaramonik egin. Ez zirudien ezerk Annie pozten edo alaitzen zuenik edo ezerk laguntzen zionik bere semearen heriotzaz geroztik. Ez. Ezerk ere ez. Geratzen zitzaizkion bi seme-alabek ez zuten galeraren hutsunea betetzen.

       Moji nekazari laguntzaile lanetara itzuli zen anaiaren hileta egin eta handik ia hilabetera. Aurkitzen zuen edozein aitzaki jartzen zuen lanera ez itzultzeko, baina amak azkenean lanera bidali zuen. Dikgopiren ardura bakarra urtebete inguru zuen bere haur txikiarena zen. Ez zituen inolaz ere amaren aholkuak eta eskaerak entzun nahi. Etxeko besteek eskatuta baizik ez zion amari tea edo gosaria prestatzen. Ez zuen ezertan laguntzen. Janaria beretzat eta haurrarentzat egiten zuen, ez beste inorentzat. Mojik ezer eskatzen baldin bazion, ez zion jaramonik egiten.

       Urtebetez edo, Annie oinaze handiz egon zen semearen heriotzagatik. Bitartean bere bi seme-alaben jarrera mendera ezinari aurre egin behar izan zion. Ez zuten Tsheporen antzik, hura aita bezalakoa izan baitzen itxuraz eta izaeraz. Dudarik gabe, Annieri iraganeko gauza asko etorri zitzaizkion burura. Gogoan zituen bereziki senarrak egiten zizkion oharrak eta errietak haurrak era hartara hezten zituelako.

       Okerrena iritsi zen, Dikgopik amari hiri handira, haurra eta guzti, lan bila zihoala esan zionean. Amak egindako erreguak alferrikakoak izan ziren. Anniek bazekien Thulori Dikgopiren asmoaren berri emateko dei egiten bazion ere, hark ezingo zuela ezer konpondu, Majweng oso urruti baitzegoen hiri handitik. Era berean, gogoan izango zuen, ziur aski, Thulo nola gaitzetsi zuen, nola babestu zituen bere seme-alabak, eta nola utzi zien nahi zuten guztia egiten, Thulok lan egin behar izaten zuen bitartean. Baina azkenean lortu zuen gutxienez Dikgopik haurra etxean uztea. Hori izan zen Dikgopik amarengandik onartu zuen aholku bakarra.

       Tshepo hil eta handik hemezortzi hilabetera, amaren osasuna behera egiten hasi zen. Senide batzuk joan zitzaizkion etxeko lanak egitera eta gaixoa zaintzera. Baina eurite handiak izan ziren, eta herrikoek, Annieren familiakoak tartean, lan egin beharra izan zuten lurra goldatzen. Mezuak eta mezuak igorri zizkioten Dikgopiri etxera itzultzeko eta ama zaintzen laguntzera joateko esanez. Thulorekin ere harremanetan jarri ziren lehengusuaren helbidea emateko, eta harekin hitz egin eta itzularazteko ahaleginak egiteko eskatu zioten. Digkopiren erantzunik izan ez zuenez gero, Thulo hiri handira joan zen haren bila. Hura aurkitu zuenean, behartuta eraman behar izan zuen ama zaintzera. Annie Dikgopi itzuli eta handik hamabost egunera hil zen.

       Thulo eta Manana Annie lurperatzeko elkartu ziren familiarekin, Pieten etxeko pertsonarik helduena lurperatzeko, alegia. Lurperatze egokia izan zuen, eta garai batean ama gaztea eta etxeko emakume nagusia zela izan zituen akatsak barkatu zitzaizkion. Berriro ere, Thulok antolatu zuen gertaera. Familia pozik zegoen Manana laguntzaile zutelako. Mojirekin istilu batzuk besterik ez zituen izan, eta Dikgopik orduko horretan lanerako jarrera hobea izan zuen. Nkwengen geratzea onartu zuen gutxienez ama ehortzi eta ondorengo bi hilabeteetan, etxea zaintzen, eta bildu eta gorde behar zen guztia ontzietan eta paketeetan sartzen.

       Familiakoak neurri batean behintzat pozik abiatu ziren etxera. Thulori eta Mananari joateko ordua iritsi zitzaienean, Mojiri eta Dikgopiri ezer behar baldin bazuten dei egiteko esan zieten. Familiako kideen arteko harremanak maitasunezkoak, suspergarriak eta adoretsuak izan ziren elkarri agur esateko orduan. Guztiak harritu eta poztu zituen Digkopiren borondate onak eta lanerako gogoak. Han geratu bitartean etxeaz behar bezala arduratzeko erabakia hartua zuela zirudien.

       Handik hamabost egunera, Mananak Dikgopiren telefono deia izan zuen, eta eskatu zion Thulori esateko mesedez, ahal bezain laster Nkwengera joateko asteburua igarotzera. Thulok baiezkoa eman zion joateari, baina gauza larririk izango ez zelakoan, bidaia hamabost egun barru egiteko atzeratu zuen. Dikgopiren hurrengo telefono-deia zuzenean Thulorentzat izan zen. Berriro ere Nkwengera lehenbailehen joateko erregutu zion.

       Oraingoan Thulok bazekien Nkwengen berehalako arreta eskatzen zuen gauza txarren bat gertatu zela. Asteburu horretan joan zen. Ostiral iluntzean iritsi zenean, ez zuen arazorik sumatu. Dikgopik Thulori ongi etorria eman, eta, asko hitz egin gabe, gelara joaten utzi zion. Ez zen gehiegi harritu Moji gauean etxean ez zegoelako, haren adineko mutil gazte batentzat ohiko jokaera iruditu baitzitzaion. Dikgopiri ez zion aipatu ere egin.

       Hurrengo goizean, Thulo goiz jaiki zen. Etxe inguruan zebilen «antzinako garai onetan» pentsatzen, halako batean, Moji goizaldeko seietan atzeko atetik etxera ezkututan sartzen ikusi zuenean. Moji harrituta geratu zen Thulo ikustean, eta zer egin ez zekienez gero, zuzenean lehengusuarengana hurbildu eta, ongi etorririk eman gabe, Digkopiren kontra gaizki esaka hasi zitzaion.

       —Bai, badakit ni ezustean harrapatzeko dei egin dizula, Dikgopi ergel horrek. Ezkondu egin beharko luke. Ni naiz etxeko nagusia. Nik nahi dudana egiteko eskubidea dut.

       Thulo han geratu zen harri eta zur. Orduan ulertu zuen zergatik eskatu zioten Nkwengera joateko. Thulok ezer erantzun baino lehen, Mojik aurrera egin zuen.

       —Esadazu zertara etorri zaren.

       Ezer esan gabe, Thulok lehengusua hantxe bertan utzi eta aurrera egin zuen, eztabaidak ezertan eragin izan ez balio bezala. Moji etxean sartu eta bere gelara joan zen.

       Gosaldu ondoren, hamarrak inguruan, Thulo etortzekoa zela zekiten familiakoak iritsi ziren, hari ongietorria eman eta familiako bilera hastera. Thulok harrituta entzun zituen Dikgopiren goraipamenak: bere burua eramateko duintasuna zela, etxea zaintzeko modua zela, etxera etortzen zirenak hartzeko era zela... Horrek guztiak haren jarrera aldatu zela erakusten zuen. Thulo hari begira jarri zen, eta esan zion:

       —Mila esker guztiagatik, lehengusu.

       Dikgopik irribarre egin eta erantzun zion:

       —Motsoala (lehengusu), nor bizi daiteke Mananarekin hark egiten duena egiten ikasi gabe? Emazte ezin hobea aukeratu duzu guri laguntzeko.

       Digkopiri hitz atsegin horiek esateagatik eskerrak eman ondoren, Thulok eskerrak eman zizkien han zeuden familiako kideei egin zuten guztiagatik, Dikgopiri eta Mojiri emandako laguntza morala eta materialarengatik, batez ere. Familiakoen aurpegietan ikusi zuen onespena ematen zutela Digkopi aipatzen zuen bakoitzean, baina beste modu batera erantzuten zutela Mojiren izena esatean. Baina, hala ere, konturatu ez zenarena egin zuen. Ondoren adierazi zuen:

       —Hemen ikusten ez dudan pertsona bakarra motsoala Moji da.

       Inork ez zuen erantzun. Digkopi zutik jarri zen, eta esan zuen:

       —Bere gelan dagoen ikustera noa.

       Bost minutu eman zituen kanpoan, eta, Moji atzetik zuela, itzuli zen. Itxura ona zuen, baina agindupekoa zirudien eta ez erabat mozkorraldia gainditutakoa.

       —Egun on —esan zuen Mojik.

       Familiak gogo handirik gabe erantzun zuen:

       Dumela (egun on), Moji.

       Denborarik galdu gabe, Pietek, aitaren aldeko gizon zaharrenak, Mojiren jokaera axolagabeaz zuen kezka azaldu zuen. Jakinarazi zion Thulori azken asteetan, Moji gutxitan joan zela lanera eta Digkopi iraintzen zuela, batez ere edanda zegoenean, eta hori egunero izaten zela. Kezkarik handiena zuten Dikgopik, Mojik jarreraz aldatu ezean, berriro hiri handira joateko mehatxu egin zuelako. Familiako kide nagusiak azalpenak amaitu zituenean, Thulok Mojiri eskatu zion salaketei erantzuteko.

       Zutik, han zeudenak, zahar nahiz gazte, kontutan hartu gabe, Mojik Dikgopiri begiratu eta, berari buruz oinarririk ez zuten baieztapenak egin zituela leporatu zion. Denen aurrean adierazi zuen Dikgopi etxetik alde egiten ikusteko gogo handiz zegoela. Oihuka esan zuen haren adineko beste neskak ezkonduta zeudela, eta, ordurako, Digkopik bere etxea izateko garaia zuela, handik urrun, orain bera baitzen etxeko jabea. Moji bere onetik aterata zegoen eta ezin zuen gelako familiakoen arrazoirik entzun. Garbi ikusi zuten han zeuden guztiek Mojik ez zuela arrebarekin etxe berean bizi nahi.

       Thulok ohikoa zuen era hotz eta lasaian hitz egin zion Mojiri, eta eskatu zion esaten ari zena bukatzeko familiak haren arrazoiak entzun eta ondorioak atera ahal izan zitzan. Thuloren jarrera hotza ikusita harritu egin zen Moji, eta, amets batetik esnatu izan balitz bezala, tente jarri zen. Orduan Thulo Digkopiri begiratu eta esan zion bat-batean:

       —Entzun duzu Mojik esan duena, Dikgopi. Zer duzu erantzuteko?

       Dikgopik lasaitasunez erantzun zuen:

       —Etxe honetan nago —orduan familia erakutsi zuen eskuaz—, zuek gutxienez bi hilabetez etxea zaintzen geratzeko eskatu zenidatelako. Orain hemen esandakoaren lekuko zaretenez gero, Moji eta bere etxea uzteko erabakia hartu dut. Hiri handira joango naiz berriz.

       Familiakoek behin eta berriz eskatu zioten Dikgopiri Nkwengen geratzeko, baina haren iritzia aldarazten huts egin zuten. Hiri handira itzuli zen, eta han berarekin ezkontzeko eskaintza egin zion gizon bat aurkitu zuen. Senarrak haren haurra onartu zuen eta, bere garaian, beste hiru haur izateko zoriona izan zuten. Dikgopi eta Kgotso, senarra, Kgotsoren amarekin bizi ziren, hiri handiko beltzen auzoan etxe bat baitzuen. Dikgopi oso zoriontsua izan zen eguneroko bizitzan maitasuna, samurtasuna, ardura eta bizimodu baketsua ezaugarri zituen etxe batean bizitzeko aukera izan zuelako. Eta Dikgopiren familia ere oso pozik zegoen hura bizimodu hartara egokitzen ikusi zutelako. Zorte ona izango zuen, ziur zeuden.

       Bederatzi urte geroago familiak jakin zuen lehengo ohiturak hartu zituela berriz; txikitako heziketak menderatu zuen. Bururik gabe hasi zen jokatzen: ez zen lanera joaten, ez zen egunetan etxean azaltzen, eta amaginarreba zaharrari uzten zion etxeko lanen ardura eta baita haurrak zaintzekoa ere. Irabazten zuen dirua nolanahi xahutzen zuen, eta senarrari lantokira diru eske joateko lotsarik ez zuen. Harrigarriena zen senarrak ezkontza ez etetea.

       Dikgopi han-hemenka dabiltzan horietakoa izan zen azkenean, emagaldu bat, bere onetik aterata zegoela zirudiena. Ez zen inoiz Nkwengera edo Thulo lehengusuaren etxera joatera ausartu. Hain zuzen ere, ez zituen kontutan hartu, edo baztertu egin zituen, Thulok eta familiak etxera itzultzeko egin zizkioten deiak; haiek ez zekiten zehazki dei horietatik zenbat jaso ote zituen, ez baitzuen bizileku egonkorrik. Azkenean galduta amaitu zuen bai bere buruarentzat eta baita bere familiarentzat ere. Kultura eta usadiozko iritzi atzerritarren eta oinarririk gabekoen arabera hazitako haurraren benetako adibide bihurtu zen.

       Dikgopi Nkwengetik joan eta berehala Mojik nekazari lana utzi zuen. Amaren ondasunak haizatzen ahalegindu zen. Hurbileko eta urruneko senideek ahalegin guztiak egin zituzten Moji bide zuzenera eramateko, baina ahaleginak alferrikakoak izan ziren. Arropa oso garestiak erosi zituen. Auto dotore batean zebilen, txofer eta guzti. Edari garestiak hartzen zituen, eta mota berezi bateko emakumezkoak zituen lagun, barne kezkarik gabekoak. Auzoko mintzagai bilakatu zen eta zoroen irrikagarri. Auzoko gizon guztiak zituen «lagun». Hiriko mozkorren esaera huts eta merkeak erabiltzen zituen:

       —Bete ongi mahaia, zenbatu botilak eta bildu txanponak.

       Bihotz onekoak zirenak kezkatuta zeuden haren gehiegikeriekin. Baina ezin zuten ezer egin. Urtebete barru azaldu ziren gainbeheraren lehenengo ezaugarriak. Gizon eta emakumezko gutxiago zituen inguruan. Noizean behin kalean oinez ibiltzen zen, eta batzuetan bere autoa gidatzen zuen. Laster zurrumurrua zabaldu zen Moji etxeko altzariak eta etxeko tresna bitxiak saltzen hasia zela. Eta are gauza larriagoa egin zuen, etxea bera saldu zuenean. Handik denbora gutxira kale gorrian geratu zen, inoren babesik gabe, eta garai bateko «lagunek» baztertua utzi zuten.

       Mojik artzain bukatu zuen, bere familiarena baino maila apalagoa zuten familientzat lanean. Baina osasunak laster huts egin zion. Egoera fisiko tamalgarria zuen, belaunak eta hankak handituta. Haren bizitzak Bibliako seme galduaren bizitzaren antz handia zuen, baina gauza batean desberdina zen: Mojik ez zuen inoiz aukerarik izan gurasoei barkamena eskatzeko. Berriro ere, azkenean Thulok parte hartu behar izan zuen. Moji oso gaixorik jarri zenean eta ohean geratu behar izan zuenean, Thulok hartu eta bere etxera eraman zuen Majwengera; eta, laster eraman zuen lurperatzera.

       Bere zoramenean Anniek Thulo iraindu zuen, bere seme-alabak benetan maite zituelakoan. Baina ez zien haiei inoiz irakatsi bere buruaz arduratzen, beren buruaren jabe izaten, eginkizunak betetzen, besteak begirunez hartzen eta gizalegez jokatzen. Haren haurrei ez zien inork beltzen kulturaren berri eman eta ezta hura aintzat hartzen irakatsi ere.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999