Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

Galdegiezu ostrukei

 

         Mende hasieran, gizon zuriak etxaldeen jabe ziren lurretan, beltzen maizter-herri handiak izaten ziren. Beltz horietako batzuk bertan bizi ziren bizitza osoan; beste batzuk berriz behin-behineko biztanleak ziren maizter-herrietan. Nekazaritzan aritzen ziren etxaldeetako lur sail landuetan, eta urtaroaren arabera, uzta bat edo beste biltzen zuten.

       Inork ez zekien zenbat denborako onartuko zituzten herrian. Nagusiak behar zituen bitartean eta onartzen zituen bitartean han geratzen ziren. Etxaldeen jabe zuriek ohitura zuten, batez ere Orange Free State-ren garai gogorrenetan, langileak, epe motzean edo baita eperik eman gabe ere, kanpora bidaltzekoa. Hori zela eta askotan ikusten ziren beltzak errepideetan, mendian nora joan ez zekitela lanaren edo bizileku baten bila. Familiak izan ohi ziren, lagunak edo bidaia lagunak besterik gabe. Edonori gerta zekiokeen bat-batean etxerik edo lanbiderik gabe geratzea.

       Horietako familia bat zen Moketeren hiru kideko familia, aitak, amak eta bederatzi hilabete inguruko semeak osatzen zutena. Bidaia tamalgarri bat egiten hasiak ziren orduantxe, lan berri bat aurkitzeko asmoz.

       Neguko egun batean eguzkia atera baino askoz lehenago, abiatu ziren Jan Bottor bass-aren etxaldetik. Nagusiak bezperako arratsean eman zien aldegiteko agiria, bere lurraldetik hurrengo egunean joateko agindu zorrotzak idatzita zituena. Eguraldia oso hotza zen eta familiaren auzokoak errukitu egin zitzaizkien. Gaua igarotzeko beren etxeak eskaini zizkieten, hurrengo egunean, oso goiz, baas-a jaiki baino lehenago, abiatzeko baldintzapean. Eskaintza eskuzabal horren ondorioz auzokoek etxea eta lana galtzeko arriskua zuten.

       Beraz, goiz hotz eta samin horretan, Moketeren familiakoak etxaldetik abiatu ziren, bata bestearen atzetik. Senarrak makil bat zeraman esku batean, eta sorbaldan zintzilik zeramatzan burusi batzuei eusten zien beste eskuak. Mookho emazteak, haurra bizkarrean oihal batean bilduta zeraman, eta buruan, fardel batean, janariaren ontzia zeraman sukaldeko tresna batzuekin batera. Han zeramatzan: hiru hanka zituzten bi poto txiki, ura garraiatzeko ontzia, igeltsuzko poto batzuk, esmaltezko platerak eta ontziak, eta metal merke batez egindako kutxara eta labanen sail bat. Ontzi itxi kirtendun batean sethathabola edo arto zuku pixka bat zeraman. Zuku hura edari eta janari gisa erabiltzen zen.

       Zergatik bota zuen Jan Bottorek Mokete kalera, hain zuzen ere, gazte gaztetandik bere zerbitzari izan zuena? Arrazoia zen Moketek aste horretan bi aldiz egin zuela huts lanean, bularreko min sendagaitz bat zuelako, nagusiak aspalditik ongi zekien arazoa. Jan Bottorek ez zion ez aholkurik eta ez laguntzarik eskaini, eta hura etxaldetik kanpora bota ondoren, ezezko biribila eman zien langileek errukitzeko eta erabakian atzera egiteko egin zizkioten eskaerei.

       Moketek beraz, hamar urtez bere etxe izandako etxaldea utzi behar izan zuen, atsekabeturik, haserre, gaixorik eta inongo laguntzarik gabe.

       Familiak ondoren egin zuen bidaia luze eta nekagarrian, bertako sendagile batekin egin zuen topo. Moketeren eritasunaren berri izan zuenean, sendagileak urarekin hartzeko hauts batzuk eman zizkion. Hiruzpalau egunetan sendagaia hartu ondoren, Mokete askoz hobeto zegoen, eta indarra eta adorea itzuli zitzaizkion aurrean zuen bidaiari ekiteko.

       Bidaian zehar familiak behin edo bitan zorte ona izan zuen, bidean igaro zituzten zenbait etxaldetako langileek zer jana eta gaua igarotzeko aterpea eskaini baitzioten. Baina lan eskaintzarik ez zuten izan etxalde horietan. Gainontzeko gauak izarpean, etxe zahar hondatuetako babesean, edo negu hotz zakarrari aurka egiteko sua pizteko aukera ematen zuen zuhaitzen azpian igaro zituzten. Miragarria zen haur txikiak bizirik irautea.

       Hain zuzen ere, zerupean igarotako gau horietako baten ondoren, ustekabeko egun eguzkitsua argitu zuen. Gauean aterpe izan zuten zuhaitz beraren itzalpean geratzea erabaki zuten. Han prestatu zuten gosaltzeko ahia eta ongi erretako untxia, Moketek bezperan ehizan harrapatutakoa. Hizketan ari zirela, eguzkiaren izpi epeletan ia aurrean zuten etorkizun tamalgarria ahaztuta, Mookhok burua tente jarri zuen, beldurrak hartuta balego bezala.

       —Entzun al duzu hots hori? —galdegin zion senarrari—. Ez al zen haserre dagoen animaliaren apatxek egiten dutenaren antzekoa?

       Moketek soinua entzuteko belarriak zorroztu zituen, baina alferrik. Eta ezer entzun ez zuenez gero, ez zituen emaztearen beldurrak aintzat hartu, eta aurrera egin zuen jaten. Baina Mookhok berriro entzun zuen soinua, eta odol-estu zegoen.

       Halako batean, hotsa Moketeren belarrietara iritsi zen. Harrituta, jauzi egin eta zutik jarri zen, eta hotsa zetorren lekura begiratu zuen. Ozenki esan zion emazteari:

       —Mookho, ostrukak! —eta aitaren batean, lasterka egiteko prest zegoen, makila eskutan hartuta, baina bere «ondasun» guztiak atzean utzita. Mookhok haurra oihalean bildu eta janari ontzia hartzeko besterik ez zuen astirik izan. Norabide bera hartu zuten biek, oin urratsen atzetik, mugimendu nagi baina bizkorrez hurbiltzen ari zitzaizkien hegazti hanka luzeengandik ihes egiteko. Moketek makila astintzen zien abereei, uxatuko zituelakoan. Luzaro gabe, emazteari aurrea hartu zion, biek ere ostrukak oraindik orpoz orpo zituztela.

       Mookho etsi-etsian ari zen lasterka, garrasika laguntza eskatuz. Moketek behin begiratu zuen atzerantz; baina, emazteari laguntzera itzultzeko izutuegi zegoen, eta ostruka beldurgarriengandik ihes egin nahian lasterketa zoroan ari zen.

       Aldapa bat igo zuenean, Mookhori urrutian artalde bat ikusi zuela iruditu zitzaion. Berriro garrasi egin zuen laguntza eskatzeko, norbait artaldea zaintzen egongo zelakoan. Senarra ez zen inondik ageri. Hesi baten ondora iritsi zenean, lehenengo ostrukak harrapatu zuen. Nonbait babesteko azken aukera zuen hura. Garrasika, eta marruka ari zitzaion haurra bizkarraren kontra ongi estutuz, hesia igarotzeko ahaleginetan huts egin zuen. Esku baldar dardaratiez haurra oihaletik askatu zuen eta hesiaren beste alderantz bota zuen. Orduan bira eman zuen, eta zapaltzen ari zitzaizkion ostruken aurka borrokan hasi zen.

       Hesiak hartuta zegoen, baina nondik iritsi zen jakin gabe, gizon bat agertu zitzaion. Berehala, haurra altxa eta ostruka handienaren eta garaienaren irispidetik kanpo jarri zuen. Ondoren presaka joan zen Mookho ostrukatik aske uztera, gainontzeko animaliak iritsi baino lehenago. Gogor aritu zen borrokan animalia handi horietako batekin, eta Mookho ere bultzaka aritu zitzaion eskuekin eta oinekin, ostrukari hozka egiteko aukerarik utzi gabe. Mirariz, gizonak emakumea hesi gainetik arrastaka igaroaraztea lortu zuen bera zegoen alderaino, hura etengabe ostrukari ostikoka, oihuka eta bultzaka ari zitzaion bitartean. Suak hartutako animalia hesiaren beste aldean lasterka hasi zen Mookho harrapatzeko ahalegin zoroan, eta laster hurbildu zitzaion ostruka familia osoa. Handik pixka batera etsipenak hartuta, atzaparrei lurraren kontra eraginez, atzera egin zuten etorri ziren bide beretik.

       Egun horretako heroi izatea Mookhok ikusi zuen artzainari egokitu zitzaion, ikusi edo, borrokaren une gorenean, ustez ikusi zuenari. Emakumeari begiratu eta galdegin zion:

       —Zer gertatu zaizu, emakume? Nondik zatoz? Nora zoaz bakarrik lurralde basati honetan barrena? Etxaldeetako nagusi zuriek ziztu bizian txiki-txiki egin zaitzaketen zakur amorratuak dituzte.

       Horrenbeste galdera batera egin zizkionez gero, zaila egin zitzaion erantzunik ematea. Beldurturik zegoen ezer esateko, eta ezer egin baino lehenago, negar zotinka eta beldurrak hartuta zegoen haurra lasaitzen ahalegindu zen. Gizonak lasaitzeko denbora eman zion artaldeaz arduratzen zen bitartean.

       Itzuli zenean, lehengo galdera bera egin zion emakumeari, haurrarekin bakarrik nora ote zihoan jakiteko. Azkenean, gertatutako guztia jakinarazi zion ezezagunari. Gizonak ezin zuen sinetsi emakumeak esaten ziona, eta halako batean hizketaldia eten zion:

       —Zer esan nahi duzu, senarrarekin zinela hegazti horiek eraso egin dizuetenean? Zure senarra? Zure haurraren aita?

       Emakumeak bere semearen aita eta senarra zuenarekin zegoela baieztatu zion. Gizonak hasperen egin, eta esan zion:

       —Nekez sinets dezaket hori.

       —Baina nire senarra da eta ez dakit non izango den —erantzun zion berehala Mookhok negarrez.

       Haurra negarrez ari zen oraindik eta oso urduri. Gizonak emakumeari begira esan zion apal-apal:

       —Eseri eta lasai ezazu haurra. Aita joan denez gero, bera duzu sendikorik hurbilena. Oraindik ezin dut sinetsi aita batek bere familia, horrela, mamuen esku uztea. Nola utz daiteke haurra bizkarrean daraman emakumea estualdi horretan?

       Mookhok hitz horiek entzutean negar zotinka eta aieneka ari zenez gero, gizonak adore eman zion, esanez:

       —Lasai zaitez eta ez negarrik egin, emakumea — eta urrundu egin zen etxera itzultzeko artaldea biltzera.

       Gizonak haurra bularra hartzen aurkitu zuen itzuleran. Emakumea zotinka ari zen apal-apal eta malkoak zerizkion masailetan behera. Gizona eseri, tabako xehatuaren kutxa atera eta Mookhori eskaini zion.

       —Nahi duzu tabakoa —esan zion—, mina arinduko dizu.

       Pixka bat hartu zuen.

       —Eskerrik asko —erantzun zion, negar zotinka.

       Eseri eta ez zioten hitzik esan elkarri tarte batean. Halako batean esan zuen gizonak:

       —Ni Thulo naiz, eta zu?

       Emakumeak bere izena esan zion.

       —Artaldea etxeratzeko ordua da —aurrera egin zuen gizonak—. Ezin zaitut hemen utzi. Har ezazu haurra eta goazen.

       Haurra bizkarreko oihalean biltzen zuen bitartean, Mookhok esan zuen negarrez:

       —Agian senarra zure herrira iritsiko zen laguntza eske.

       Gizonak baiezkoa eman zion buruari eraginez, eta esan zuen:

       —Agian. Auskalo!

       Gogo txarrez Mookho zutik jarri zen, behin eta berriz ingurura begira, senarraren bila arituko balitz bezala. Thuloren atzetik zihoan poliki-poliki, eta hark artaldea herrirantz zeraman. Iristen ari zirenean etxe batzuk ikusi zituzten. Mookho bat-batean leher eginik negarrez hasi zen. Bere seme gazteak berehala bat egin zuen amaren negarrekin.

       Bere burua halako estutasunean ikusita, Thulok mutil batzuei dei egin zien ardiak kraal-era (bordara) eramateko, eta bitartean bera lasterka joan zen etxera emazteari eguneko berriak ematera. Emazteari berarekin joan zedin eskatu zion bere sentipenen jabe ez zen emakume bitxi hura lasaitzera. Senar-emazteek ahalegin guztiak egin zituzten Mookho eta bere semea pizteko, baina ezer gutxi lortu gabe.

       Ordurako, herriko gero eta jende gehiagoren artean zabaldu zen zurrumurrua. Batzuk artzainaren etxeraino hurbildu ziren galderak egiteko, beste batzuk urruti geratu ziren, gertatutakoa ulertzeko ahaleginak egiten. Istorio asko asmatu zituzten. Batzuek zioten Thulok emazte gazte berri bat aurkitu zuela, eta lehendik elkarrekin biziak zirela beste herriren batean, eta etxera ekarri zuela biena zuten haur txikia eta guzti. Beste batzuk antzeko kontakizuna asmatu zuten, baina emakumea zergatik ari zen negarrez argitzeko aldaketa txiki batekin. Beste zurrumurru batek zioen Thulo borrokan aritu zela emakumearen senarrarekin eta hura hil egin zuela eta horregatik ari zela emakumea negarrez.

       Puleng-ek, Thuloren emazteak, asmakizun guzti horiek entzuten zituen, senarra eta biak Mookho lasaitzeko eta alaitzeko ahaleginetan gogor ari ziren bitartean. Senarra ezagutzen zuen bezala ezagututa, Pulengek ez zien jaramonik egin istorio haiei, nahiz eta harriturik egon ostruken istorioarekin.

       Handik bizpahiru ordutara, izan ere, egunak eta egunak igaro zirela iruditu baitzitzaien, Pulengek lortu zuen Mookhok gaua beren etxean igarotzeko baimena ematea. Behin eta berriz esan zion ziur zegoela herrian bere senarrari gertaeraren berri emango ziotela eta familiaren etxeraino iritsiko zela. Etxera iritsi orduko, alferrikakoak izan ziren Mookhori zerbait janarazteko ahaleginak, eta azkenean Pulengek Mookhori semea kendu zion, lasaiarazteko eta haurrari zerbait jaten emateko.

       Thulo nekazari bikaina izateaz gainera, lurralde horretan bizi zen Bakwena leinuko erregearen laguntzailea ere bazen. Emaztearekin eztabaidatu zuen, zuhur jokatzea ote zen ala ez, erregeari gertaeraren berri ematea. Senar-emazteek erabaki zuten hura zela bide zuzena.

       Zoritxarreko eguna gertatu eta handik urte batzuetara, Mookhok lagun bati adierazi zizkion egun horietako itxaropenak eta beldurrak. Lagunari esan zion, egun hartako itxaropenik handiena zuela senarra ezustean agertzea, nonbaitetik herrira iristea, eta beldurrik handiena zuela Thulo bizi zen lurraldeko nagusi zuriak harrapatu izana. Geroago poztu zen jakin zuenean bera hartu zuten etxea Bakwena leinuarena zela, eta han haiek agintzen zutela, eta leinuaren erregearen araupean bizi zirela. Berri horrek Mookhori galduta eta zalantzan egoteari, atzerritar izateari eta bakardadeari aurre egiten lagundu zion. Han geratzeko, halabeharra onartzeko eta bizitza berri bat hasteko indarra eman zion.

       Handik urtebetera, Thuloren familiako kide bilakatu zen. Atsegina, zintzoa, hitzekoa, langilea eta irizpide zabalekoa zenez gero, etxean eta taldean lagun asko egin zituen. Aldi berean, bere seme Tefo familiakoa egin eta beste gaztetxoekin batera hazi zuten, Bakwenatarren artean jaioa balitz bezala. Mutil bakarra zen Thuloren familian; haren beste hiru haurrak neskak ziren. Denborak aurrera egin ahala, Thulok gero eta harreman estuagoak izan zituen Teforekin, eta Tefo beste hiru alaben anaia balitz bezala bizi zen. Mookhok ere han jaioa zirudien, eta etxeko lanetan zirt-zart parte hartzen zuen ezer galdetu gabe. Mookho laguntzailea, laguna eta adiskide zintzoa zen Pulengentzat.

       Gizatalde horretan poligamia ez zegoen oso zabaldua; baina ezagutzen zen, eta ez zioten muzin egiten. Garai horretan, emazte berria hartu nahi zuen senarrak emazteari galde egin behar izaten zion aldez aurretik, tratu berria onartuko zuen ala ez jakiteko. Batzuetan, lehenengo emazteak bigarren emazte izateko emakumeren bat proposatzen zion senarrari, eta era horretara egindako elkartze askok alaitasuna eta bakea sortzen zuten.

       Mookho familiarekin elkartu eta handik bi urtera, eta tarte horretan senarrik iritsi ez zenez gero, Pulengek Thulori jakinarazi zion Mookho biziki maite eta miresten zuela, eta hura bigarren emazte gisa hartzea proposatu zion, horrela etxeko poza eta zoriona areagotu egingo zirelakoan. Proposamenak ezustean harrapatu zuen Thulo, baina ongi hartu zuen emaztearen iritzi atsegin eta eskuzabal hura. Urduritasuna eta poza ezkutatu zituen, pentsamendu horiek ordurako izanak zituela agerian ez uzteko. Emaztearen eskaintzari hau erantzun zion:

       —Puleng, era horretako proposamena egin aurretik, gauzak ongi neurtu behar dira. Gainera, Mookhoren senarra edozein unetan ager daiteke. Zer gertatuko litzateke orduan?

       —Thulo, zer esan nahi duzu, ez duzula ikusten Mookhorengan nik ikusten dudan gauza bera? —Pulengek berehala erantzun zion—. Senarra? Ez dut uste ezagutuko duenik, eta are gutxiago semea. Mutikoa jadanik ez da haurtxoa; gazte maitagarria da eta geure alaben anaia. Ez nioke inolaz ere alde egiten utziko.

       Thulok jakin nahi zuen Pulengek Mookhori ezer esan ote zion, eta asko pentsatu gabe, galde egin zion:

       —Ez horrelakorik esan Mookhori gero. Haserretu egingo da eta irudituko zaio geure onerako erabili nahi dugula. Asko maite du senarra.

       Haserreak hartuta balego bezala erantzun zion zorrotz Pulengek:

       —Ostrukengana joan, eta haiei galdegin beharko lieke non den emaztea, eta ez guri.

       Thulok barre egin zuen ozenki.

       Elkarrizketa amaitu ondoren, Thulok inori esango ez zion erabakia hartu zuen. Pulengek berriro gaia aipatu arte, hartaz hitzik ez esatea erabaki zuen. Baina Pulengek hizpidea ematen zion bitartean, Mookhorenganako maitasunak menderatua zuen. Mookhok berehala nabaritu zuen bereziak zirela haren imintzioak eta haren jokaera. Konturatu zen, baita ere, Thulok Tefo semea goxo-goxo eta maitasunez hartzen zuela. Jarrera aldaketak kezka handia sortu zion Mookhori, baina ez zion Pulengi gaia aipatu nahi elkarren arteko istilurik ez sortzeko, lagun onak baitziren.

       Hilabete edo bi hilabete geroago, Pulengek adierazi zion senarrari:

       —Ez al duzu ezer pentsatu Mookhori buruz hitz egindakoaz, Thulo?

       Senarrak erantzun zion:

       —Bai, pentsatu dut, Puleng. Baina ezer egin baino lehen erregeari esango diot, bi urtetan Mookhoren senarra ez dela azaldu, eta aholkua eskatuko diot zer egin behar dudan jakiteko.

       Pulengek poliki bira eman zuen eta senarrari begietara begiratu zion.

       —Thulo —esan zuen—. Ongi egin duzu presakako erabakirik ez hartzen. Mookho asko maite eta miretsi arren, ez nuke harekin presaka elkartu nahi, arazoa bere osotasunean ongi neurtu gabe.

       Hori entzutean, Thulo beldur zen emazteak agian esandakoa gaizki ulertu, eta Mookhorekiko interesik ez zuela uste izan zezakeelako. Berehala erantzun zion:

       —Puleng, eskerrak eman behar dizkizut eskaintza eskuzabal horrengatik. Esan behar dizut gaia aipatu zenuenez gero, etengabe aritu naizela pentsatzen eta neure buruari galdezka, zure hitzak benetakoak ote diren.

       Pulengek bene-benetan hitz egin ziola erantzun zionean, Thulok erregearengana joan eta hari laguntza eskatzea erabaki zuen.

       Zalantzarik gabeko erantzuna eman zion erregeak Thulori:

       —Aspalditik nengoen zure hitz horien zain —eta Thulori begira aurrera egin zuen—. Hau da nire iritzi apala: errespetuz eta miresmenez hartzen zaitut neure laguntzailea zarenez gero. Lehenik eta behin, Mookho eta haren semea salbatu zenituen, hori egin ezean, hil egingo zituzketen txori basati haiengandik. Gero etxera eraman zenituen, herrian izan ziren zurrumurru guztiei aurre eginez. Harrezkero, familian izan dituzu etxerik gabeak. Mookho, zure etxean nola hartzen duen parte ikusita eta zure emaztearekin dituen harreman onak kontutan hartuta, emakume aparta dela esango nuke. Egoera hori bitxia eta harrigarria da. Mookhoren senarra inoiz galderarik egitera hona etorriko balitz, hau izango litzateke nire erantzuna: «Joan eta galdegiezu ostrukei non den zure familia». Emakume hori baztertuko bazenu, Jainkoak emandako altxorra botako zenuke.

       Mookho, Thuloren bigarren emazte bihurtu eta handik urtebetera, haurdun zegoela konturatu zen. Familia osoa poztu zen. Ilunabar batean, Mookhok afaria zerbitzatzen amaitu eta familia suaren inguruan eserita zegoen, kontu kontari. Baina, herriko zakurren etengabeko zaunkek lasaitasuna eten zutenean, Tefo eta bere lagunak zer gertatzen zen ikustera joan ziren. Ezer aurkitu ez zutenez gero, gaueko bilerara itzuli ziren. Baina orduan zakurrak haserretu eta lasterka hasi ziren, eta herriko bakeari amaiera eman zioten.

       Voetsak, voetsak, voetsak!—Zakurrak isilarazteko agindua entzun zen leku batetik eta bestetik, giza irudi ilun bat etxeko atarira hurbiltzen ari zen bitartean.

       Thulok mutilei aginduak eman zizkien zakurrek kanpotarrari kalterik egin ez ziezaioten.

       Ilunpetatik esan zuen ahots batek:

       —Agur, etxekoak.

       Familiako buruak erantzun zuen:

       —Gabon, jauna.

       Kanpotarrak urduri zirudien eta atariko bazter ilun batean eseri zen. Ohiko agurren ondoren —zer moduz eta antzekoak—, isilune luzea izan zen.

       Thulok isilunea eten zuen Mookhori galdetu zionean:

       —Teforen ama, ez al dago kanpotarrarentzat afari mokadurik?

       Mookho gogo txikiz zutitu eta afaria prestatu zion bisitariari. Afaria emateko hurbildu zitzaionean, bien begiek topo egin zuten, eta gizon zahartu eta zirpildu hura bere lehenengo senarra zela konturatu zen. «Mokete» izenaren ordez beste izen bat eman zuen bere burua aurkeztu zuenean. Mookhok ezer adierazi gabe aurrera egin zuen familiaren gau baketsuan zuen eginkizunarekin. Baina kezkatuta zegoen eta dardarka ari zen hezurretaraino. «Ezagutu ote nau Moketek — galdegiten zion bere buruari—. Eta ezagutu baldin banau, jakingo ote du hau dudala etxea? Nire semearen eta nire bila etorria ote da?». Galdera horiek guztiak zerabiltzan buruan jira-biraka.

       Moketeri estalpea eskaini zitzaion bisitarientzako kanpoan zuten gela batean. Hurrengo goizean, familiak atariko bazter batean aurkitu zuen bisitaria bakarrik. Familiako burua hurbildu zitzaionean eta harekin hitz egiten ahalegindu zenean, kanpotarrak hitz gutxi esan zituen baina kezkatuta zegoela zirudien. Mookhok janaria eskaintzen zion guztietan, hura baitzen haren eginkizuna, Moketek harekin hitz egiteko ahaleginak egiten zituen. Aldiro, Mookhok bizkor alde egiten zuen, hitzik esan gabe.

       Hirugarren egunean, Thulok berriro ere bere egoeraz galde egin zionean, Mokete urduri jarri zen. Loturarik ez zuen hizketaldiaren erdian, esan zuen halako batean:

       —Emaztearen eta haurraren bila ari naiz. Aurkitu ditudala uste dut.

       Espero ez zuen esaldi hura entzutean, Thulo harrituta geratu zitzaion bisitariari begira, eta esan zion:

       —Non?

       —Hemen, etxe honetan —erantzun zion Moketek.

       —Oker zaude, gizona -erantzun zion Thulok.

       Laguntzarik eman ez ziotenez, eta ezer lortzeko gai ez zela ikusita, Mokete bere onetik atera eta garrasika hasi zen era nabarmenean. Herriko jende multzoa gertakizun harrigarri hura ikustera bidean bildu zenean, Moketek ozenki esan zuen, Mookho bere emaztea zela eta Tefo semea, eta haien bila etorria zela.

       Hotz eta lasai, hitz hauek esan zizkion Thulok Moketeri:

       —Mookho eta Tefo etxe honetatik eraman baino lehen, kgotla-ri (gorteari) esan beharko diozu, eta hark emango dizu hori egiteko ahalmena. Hori egin gabe ez duzu haiek hemendik eramateko eskubiderik izango.

       Arazoa konponduko zuelakoan, baiezkoa eman zion Moketek Thuloren proposamenari eta gaia herriko arau-emailearen eskutan uzteko nahia adierazi zuen.

       Erregea eta laguntzaileak etxez inguratutako zabalgune batean bildu ziren Moketeren arazoa eta eskaerak entzuteko. Gorteak denbora laburra zeraman Moketeren hizketa haserre eta mehatxuz betea entzuten, eta orduan erregeak galdera bat egiteko, hizketaldia eten zion:

       —Zein egoeratan utzi zenuen familia azken aldiz ikusi zenuenean?

       Berehala Moketek ostrukek berari eta bere familiari eraso egin zieten egunari buruzko gutxi gorabeherako azalpenak eman zituen, eta emaztea eta semea atzean utzi zituela adierazi zuen, hegazti ikaragarri eta basati haiengandik ihes egin zuenean.

       Erregeak Teforen adineko mutil batzuei dei egin zien bere aurrera joan zitezen. Moketeri haien artean nor zuen semea esateko agindu zion. Mokete luze aritu zen pentsatzen nor bereizi erabaki ezinik, eta azkenean bere semearen antza zuen mutiko bat aukeratu zuen.

       Une horretan erregea zutik jarri zen, eta aurpegira begiratzeko agindu zion Moketeri.

       —Jauna —esan zuen erregeak—, gazte hori —eta Tefo erakutsi zion— eta han eserita dagoen bere ama —Mookho erakutsi zion orduan—, gizon horrek atera zituen bizirik ostruka basatien artetik —Thulo erakutsi zion—. Joan eta eskaiezu ostrukei familia itzultzeko, eta alde egin ezazu nire herritik oraintxe bertan, oilo alaena.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999