Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

Kate mailarik sendoena da
hura eteteko lekurik ahulena

 

       Pulane Tanu izeneko mendiko herrixka baten ondoan zegoen nekazari auzo pobre batean jaio zen. Herriko denda gehienetan janaria, etxeko tresnak eta nekazaritzako gaiak saltzen ziren. Pulane seigarren mailaraino iritsi zen eskolan, inguru hartako ikasle beltzek garai horretan egin zezaketen mailarik garaiena, hain zuzen ere. Zalantzarik gabe, Pulane neska argia zen eskolan, baina Tanu herrixkan 1960. urtean ez zuen aukerarik hezkuntzan aurrera egiteko eta lanbideren baterako agiririk lortzeko.

       Eskola utzi zuenean, familiaren diru premiak bere burua aurrera ateratzeko aukerarik ematen zion edozein lanbide hartzera behartu zuen. Eta horrela, urtebetez edo, nekazari lanak egin zituen. Gero lana aurkitu zuen kafetegietan eta jatetxeetan, mendiko herrixkatik igarotzen ziren bidaiariei jana ematen. Ez zen inoiz lanik egin gabe geratu, beti zuen lan egiteko gogoa, nahiz eta lana prestaketa baino askoz maila beheragokoa izan. Jende askok miresten zuen, bai auzoko gurasoek eta baita lantegietako nagusiek ere. Seme gazteak zituzten guraso askok neska gazte langile hura etorkizuneko errain egokitzat zuten. Arduratsu eta langile izatea ziren ziurrenik beltzen gizartean gurasoek, semeentzat emazte bila ari zirenean, gogokoen zituzten gaitasunak.

       Baina halabeharrak nahi izan zuen bezala, Pulane bere etxetik urrun samar zegoen Boshothu herriko gizon gazte batez maitemindu zen. Mmuso ere oso langilea zen eta izen onekoa. Laster ezkondu ziren, eta ezkontzaren ondorengo lehen urteak oso zoriontsuak izan ziren. Mmuso senar zintzoa zen, familiarekin zerikusia zuten gauza guztiez arduratzen zena. Ezkondu eta handik hemezortzi hilabetera, familiak mutiko bat izateko zoriona izan zuen, eta Lefa (Aberastasun) jarri zioten izena. Beste guraso gazteek bezala, Pulanek eta Mmusok semea maitasunez eta arduraz zaintzen zuten. Ahal zuten guztietan, haurrari opari politak erosten zizkioten.

       Pulanek bezala, Mmusok ere ez zion inoiz lan bati ezezkorik ematen, bestela ospe ona galtzen baitzuen. Eta hiri handietakoren batean lanen bat sortuz gero, familia hara joaten zen bizitzera. Maboneng (Argiak) Tanu herrixka baino berrogeita hamar aldiz handiagoa zen. Mabonengen kale guztiek zoru berria eta argia zuten. Ordu laurdenero trenek jendea zekarten eta zeramaten hiritik. Pulane eta Mmuso liluratuta zeuden jarduerez eta mugimenduz betetako ingurune berri hura ikusita. Pozik eta harro sartu zen Mmuso egunero lanetik hirira zebilen langile multzo handiaren tartean.

       Hasieran Pulaneren familiarekin bizi ziren Sewetsong herrian, Nabonengetik hogeita bost kilometrora. Herriko familia askok ez zuten etxerik. Batzuk auto zaharretan bizi ziren edo kartoiz eta zakuz eginiko txabola hondatuetan, beste batzuk kale gorrian, euriaren, hotzaren, beroaren edo ilunaren kontrako babesik gabe. Garai hori beltzen gizartean gaur egun mailarik gorena iritsi duen «etxerik ezaren» aurrekoa izan zen.

       Hirian zuriak besterik ez ziren bizi, eta, noski, zurien etxeetan etxeko lanak egiten zituzten beltzak. Ama askorentzat lan hori zeruko oparia zen, dirua eta etxea eskuratzen baitzituzten. Baina atsekabe handia ere izaten zen, nagusiek ez zietelako senarrarekin batera bizitzen uzten, eta hango legeak ez ziolako seme-alaba gazteenari ere amarekin geratzen uzten. Senarrak eta haurrak «legez kanpoko» biztanleak ziren, eta nagusiaren etxean aurkitzen bazituzten, poliziak zigortu egiten zituen, etxetik indarka atera, eta batzuetan baita espetxean sartu ere.

       Giro hori kontutan hartuta, Mmuso eta Pulane oso zorionekoak ziren Pulaneren familiarekin bizi ahal izateagatik. Hirira joaten ziren guztiak bezalaxe, Mmuso goizeko zazpietan irteten zen etxetik lanera zortzi t'erdietarako iristeko. Garraio publikoen arazoa larria zen hango jendearentzat, beti gainezka egoten zirelako, oso tarteka igarotzen zirelako, eta iristen eta irteten beti berandu zebiltzalako. Baina lanean berandu iristen zirenei soldata jaisten zitzaienez gero, leku guztietako langileek nekeak eta oinazeak izaten zituzten lanera garaiz iritsi, eta, horrela, beren irabazi eskasak urritzen ez ikusteko.

       Herrira iritsi zirenerako, Pulanek eta Mmusok beste haur bat zuten, mutila hau ere. Mpho (Opari) izena jarri zioten. Familia pozez bete zuen etorri berriak. Erantzukizun bat gehiago izan arren, Pulane erraz moldatzen zen etxeko lanak egin eta senarraren arropak garbi eta txukun izateko. Mmusok familia aurrera atera nahi zuenez gero, eta horretarako gai zenez gero, Pulane etxean geratzen zen familia zaintzen. Pulane oso emakume langilea zen, eta osabaren familiari ere laguntza handia ematen zion. Oro har, etxeko giroa zoriontsua zen.

       Familiak hiru urte egin zituen Mabonengen hirugarren haurra, neska, jaio zenean. Lerato (Maitasun) izena jarri zioten. Gurasoak oraindik ere etorri berriarekin pozik zeudela, konturatzen hasi ziren bizitzeko zituzten irabazi eskasak ez zirela nahikoak premia guztietarako. Familiari, haztean, gaineratu zitzaion diru premiaren zama arintzen laguntzeko, Pulaneri lana bilatu beharko zuela bururatzen hasi zitzaion. Zalantzak izan zituen hasieran, eta senarrari gaia aipatzeko une egokia aurkitu beharko zuela erabaki zuen.

       Egun batean, Mmuso lanetik itzuli zen, beti bezala zazpiak laurden gutxiagotan edo. Emazteari begiratu eta esan zion:

       Dumela Mma (Arratsalde on, ama. Era horretan erabilita, «amak» «nire seme-alaben ama» esan nahi zuen).

       Dumela Rra (Arratsalde on, aita) —erantzun zion Pulanek, eta berehala, tea hartu baino lehenago, eskuak garbitzeko ura eman zion senarrari.

       Ondoren eguneko gertakizunaz hasi ziren hizketan, batean galdera bat eta bestean barre algararen bat tartean izan zituztela. Bitarte horretan, Pulane afaria prestatzen ari zen.

       Elkarrizketaren etenetan, Mmusok semeekin hitz egiten zuen. Mutilek orduan eguneko gertakizunen berri ematen zioten aitari, eta zehatzago, beste mutil zaharragoek ikaratu egin zituztela esan zioten. Arretaz eta arduraz entzun zien Mmusok, bazekien eta, semeak, hartu beharreko jokabideaz galdetzera eta laguntza eskatzera joan zirela beregana. Era atseginean, aholku eman zien:

       —Zaindu ongi zeuen buruak, mutilak.

       Edozein ikuslek antzemango luke aita-semeen arteko maitasuna, barnekotasuna, ardura, eta adiskidetasuna.

       Mahaia bedeinkatu ondoren, afaltzen hasi ziren. Garbi ikusten zen afari xume eta eskasak pozten zituela, aita pozik zegoela familiari jaten ematen ziolako, eta amak kontutan hartzen zuela eta aintzat hartzen zituela senarraren ahaleginak eta ekintzak.

       Afalondoan, haurrak ohera joan eta, senar-emazteak tea hartzen eta hizketan ari zirenean, Pulanek senarrari esan zion berak ere lana aurkitu beharko zuela. Baina gizona ez mintzeko, gaia itzulinguru bat eginez aipatu zion:

       Rragwe Lefa (Lefaren aita) —hasi zen, deitura samurra erabiliz—. Ez dakit, nik sumatu ditudan bezala, zuk ere azken hilabeteotan familiak izan dituen diru estualdiak sumatuko zenituen.

       —Pulane —erantzun zuen Mmusok—, ez da harritzekoa estualdia zuk sumatu izana. Izan ere, zu zara etxeaz arduratzen zarena eta dirua hilabetea bukatu arte luzatu beharra duzuna. Gogoan izan halaber familia hazi egin dela.

       Pulanek ongi hartu zuen erantzun bihotz zabal hori. Barruak esan zion hura une egokia zela senarrari berak ere lana bilatu behar zuela esateko.

       —Pentsatzen aritu naiz —egin zuen aurrera Pulanek—, laster Leratok haurtzaindegira joateko adina izango duela, eta horrek lana bilatzeko aukera emango didala niri.

       —Zer esan nahi duzu? —erantzun zuen Mmusok. Haurra haurtzaindegira eraman aurretik, gutxienez sei edo bederatzi hilabeteetan ondoan beharko zaitu.

       Pulanek epea onartu zuen, eta azpimarratu zion hori zela berak ere buruan zuena. Bat etorri ziren beraz eginbeharrekoan, eta Mmusok adierazi zuen Pulanek lana bilatzeko garai egokia urtearen bukaera izango zela.

       Iritsi zen urtearen bukaera, eta Pulanek denboraldi baterako aurkitu zuen lana etxe batean, oporretara joan zen lagun baten ordezko gisa. Ordurako Lefak zortzi urte zituen, Mphok sei eta Lerato txikiak hemezortzi hilabete.

       Mmusok bezala, denboraldi baterako lan egiten zuten langileen artean ohitura zen ostiraletan etxera berandu iristea, erosketak egiten baitzituzten lana bukatu eta soldata hartzen zutenean. Gehienetan beste egunetan baino ordubete edo ordu t'erdi beranduago iristen ziren.

       Abenduko ostiral batean, Pulane kezkatzen hasi zen Mmuso bederatzietarako etxean ez zela ikusita. Hori ez zen ordura arte inoiz gertatu, eta Pulanek bazekien Gabonetan zoritxarrak eta ezuste izugarriak gertatu ohi zirela. Pentsamendu eramangaitz horiek era askotako egoerak sorrarazi zizkioten buruan. Erietxeren batean gaixorik egongo ote zen? Hil egin ote zuten? Atxilotuta ote zegoen? Elkar agurtzeko jairen bat izango ote zuten lantegian? (Baina ez zuen jairik aipatu). Jairik izan bazuten ere, Mmusok ez zuen alkoholik edaten, beraz ezin zuen lurrean botata hor nonbait mozkortuta egon.

       Eta kezka horien artean beste ezinegon ikaragarri bat zuen. Non zegoen Mpho bere semea? Goiz horretan Mmusok emazteari galdegin zion, ea semeak hirira lagunduko ote zion. Ez zion ordu arte horrelakorik inoiz galdetu, eta, galderaz harritu zen arren, Pulanek baiezkoa eman zion haren asmoari. Eta orain biak, aita eta semea, falta ziren. Pulane etengabe ari zen horretan pentsatzen, isiltasunean.

       —Non ote dira? —galdegiten zion bere buruari—. Zer gertatu ote zaie?

       Ez zituen auzokoak asaldatu nahi izan. Bere buruari esan zion onena zain egotea izango zela, beharbada nonbait atzeratu izan zitezkeelako.

       Azkenean, Pulane, Lefa eta Leratok elkarrekin afaldu zuten, baina ez oso gustura. Haurrak, noski, afalondoan nekatzen hasi ziren, eta berehala lo hartu zuten. Pulanek haurrak ohean sartu zituen, baina ondorengo isiltasunak barrua hartu zion eta ez zion bakerik ematen. Hotsik txikienak ere ohetik jaikiarazten zuen, eta aldiro-aldiro presaka joaten zen leihora. Oin-hotsak, eztulak, barre-algarak, elkarrizketak, autoak... horrek guztiak leihorarazten zuen, eta beti emaitza onik gabe itzultzen zen ohera. Bitartean haurraren ondoan etzaten zen, lo hartu nahian, baina alferrik. Noizbehinka esaten zion bere buruari Mmuso lagunak ikustera joana izango zela, baina barruko ahots batek ahopeka esaten zion haurra eramanez gero, hori ezinezkoa zela.

       Azkenean, goizaldean, Pulanek lo hartzea lortu zuen. Begiak ireki zituenean gela argi distiraz betea aurkitu zuen. Burua, ordea, ilundua zuen, pentsamendu eta irudi ilunez betea. Ezin zuen behar bezala pentsatu, burua logalez eta nekez abaildua zuen, eta bihotza astiro ari zitzaion taupadaka. Etxean begiratu zuen, ea Mmuso iritsi ote zen bera lotan zegoen bitartean. Inon ez zegoen. Bat-batean bere buruari galdezka entzun zion:

       —Mmuso, nora joan zara nire semearekin?

       Ahotsaren oihartzunak ez zuen gelan erantzunik izan.

       Osabaren familia jaiki zenean, Pulane haiengana joan zen, eta senarraz eta semeaz zituen kezkak eta beldurrak jakinarazi zizkien. Minduta zeuden bezperako gauean ez zituelako esnarazi, haren atsekabean lagun izateko. Tarte batean eztabaidatu ondoren, erabaki zuten poliziari gertaeraren berri ematea. Osabak Pulanerekin poliziaren bulegora lagundu zion, han adierazpenak egiteko. Handik hiru ordutara iritsi ziren etxera, Pulanek oinak arrastaka zekartzan, eta negarrez eta baldar zetorren.

       Itzuleran Mmusoren lantegira joatea bururatu zitzaion, baina berehala konturatu zen larunbatetan ez zutela lanik egiten. Asteburua amaigabea egin zitzaion Pulaneri eta haren familiari. Lefak etengabe galde egiten zion amari, ea noiz itzuliko zen aita Mphorekin. Horrek astunagoa egiten zuen Pulaneren kezka, baina esaten ziona esanda ere, mutilak aurrera egiten zuen, gero eta izutuago, eta galderak egin eta egin. Atea jotzen zuten bakoitzean senarraren larrialdiaren berriak izango zirelakoan, itxaropena pizten zitzaion, baina ez zen inolako berririk izan.

       Pulane eseri eta arazoa aztertzen hasi zenean, zorionekoa izan zela onartu beharra zuen, aurreko hiru asteetan lanean aritu zelako. Ez zuen jakin nahi nolakoa izango zen une horretako egoera, diru apur bat irabazi izan ez balu.

       Astelehenean, lana egiten zuen etxeko nagusiei jakinarazi zien larrialdia, eta baimena eman zioten senarraren lantegira ostiraleko mugimenduen arrastoen bila joateko. Itxaropentsu joan zen zer gertatu ote zen jakiteko aztarnen bila. Senarrak eta semeak zoritxarra lan bulegotik irten eta etxeko bidean aurkituko zutela uste zuen berak.

       Mmusoren lantegira hurbildu ahala, oinak hozten hasi zitzaizkion, eta iritsi zenean, sartzeko beldurrez zegoen.

       —Eta esaten badidate azken aldiz etxera abiatu zenean ikusi zutela? —galdegin zion bere buruari—. Zer egingo dut orduan?

       Tarte batean bere buruarekin bulegoan sartu ala ez sartu eztabaidan aritu ondoren, indarrak bildu eta sartzea erabaki zuen. la berehala ezagutu zuen senarraren lagun bat, Mmusok behin batean etxera eraman baitzuen. Gizonaren aurpegiari begiratu zion, horrek aztarnaren bat ematen ote zion ikusteko. Baina hark begirada lasaia zuen, ezer izatekotan, harrituta zegoen Pulane han ikusten zuelako. Lasai egoteko ahaleginak egin zituen, eta gizona agurtu zuen. Agurra itzuli eta gero arreta berezirik jarri gabe galdegin zion:

       Molato keng Pulane? O batlong mo ka nako e? (Ezer gertatu al da, Pulane? Nolatan horren goiz hemen?).

       Ahotsaren doinuak adierazi zion Pulaneri, bera bulegora eraman zuen arazoaz ez zekiela ezer. Aldi berean, indarra hartu zuen aurrera egiteko eta esan zuen:

       —Senarra ikustera etorri naiz. Esango al diozu etortzeko, mesedez?

       Pulanek zalantza, ezinegona eta nahasketa ikusi zuen gizonaren aurpegian.

       —Zer esan nahi duzu, Mmusorekin hitz egin nahi duzula? —galdegin zion.

       —Bai, zer bada, non da? —erantzun zuen Pulanek, gizonaren nahasketa ikusita.

       Pulaneren galderaz harrituta, gizonak esertzeko esan zion eta pixka batean itxaroteko. Bitartean bulego batean sartu zen, Mmusori dei egitera, hori espero zuen Pulanek. Une horretan, ez zekien zer pentsatu eta zer itxaron. Ziur zegoen senarrak istripu larriren bat izan zuela.

       —Nire semea —esan zuen bere artean.

       Lan handiak izan zituen begiei malkorik isurtzen ez uzten.

       Mmusoren laguna bulegotik itzuli eta apal-apal eseri zen Pulaneren ondoan. Aurpegira begiratu zionean, ikusi zuen gizonaren jarrera erabat aldatu zela. Haren egoera ikusita larritu eta izutu egin zen Pulane. Ondoren emakumeari aurpegira begiratu eta esan zion:

       —Pulane, oso harrituta nago hona senarra ikustera etorri zarelako. Zer esan zizun ostiral goizean etxetik irten zenean?

       —Ezer berezirik ez —erantzun zion.

       —Oso harrigarria iruditzen zait eta baita bulegoko gainontzekoei ere —erantzun zuen—. Izan ere, guk dakigunez, zure senarrak bulegoa goizeko hamaikak aldera utzi zuen, soldata jaso ondoren. Herrian erosketa batzuk egiteko asmoa zuen, bere semearekin batera. Arratsaldeko laurak jota itzuli zen, gu guztiak agurtu eta Boshothu herrira zihoala esan zigun Gabonak semearekin igarotzera. Aspalditik esana zuen bulegoan ostiralean joatekoa zela. Eta zuk ez duzu erabaki horren berririk izan? Ez zizun horretaz ezer esan? —Hitzak eta galderak etengabe botatzen zituen ahotik, pentsatzeko denborarik hartu gabe. Zoratuta zegoela zirudien. Baina Pulane are zoratuagoa eta zurrunduagoa geratu zen hura entzun zuenean.

       Haurra bizkarrean lotuta zuela eta besoak tolestatuta, Pulane zutik jarri zen. Lurrera begiratu zuen hitzik esan gabe, ia hamar minutu igaro arte. Orduan hitz egiteko indarrak biltzen arituko balitz bezala, poliki altxa zuen burua, eta Mmusoren lagunari begira geratu zitzaion. Hari hitz eginez, baina hari hitz egiteko asmorik gabe, esan zion:

       —Zergatik egingo ote zidan Mmusok horrelakorik? Ez genuen eztabaidarik izan ostiralean lanera etorri zenean. Zergatik egin ote dit hori? —eta ondoren, amets batetik esnatu berria balego bezala, esan zion senarraren lagunari—. Pitso, mila esker guztiagatik. Ez dut inolako arrazoirik zuk esan didazuna zalantzan jartzeko, Mmusok egindakoa sinesteko ere inolako arrazoirik aurkitzen ez dudan arren.

       —Eskerrik asko —erantzun zuen Pitsok—. Pulane, itxaron. Ez duzu hemengo nagusiren batekin hitz egin nahi?

       —Esan didazuna baino ezer gehiago esango didatela uste duzu? —galdegin zuen Pulanek.

       —Ez, ez dut uste —erantzun zion Pitsok.

       Besterik esan gabe, Pulanek agur esan eta alde egin zuen, eta han utzi zuen Pitso, aulkian itsatsita. Kale kantoiari bira ematera zihoanean, atzera begiratu zuen. Han zegoen oraindik eserita, eskuek aurpegia estaltzen ziotela.

       Denborarik galdu gabe, Pulane Boshothuko bidaia prestatzeko beharrezkoak ziren bulego guztietan egon zen. Helburua zuen semea aurkitu eta berriro Mabonengera eramatea. Boshothura iritsi orduko, burokrazia lan ugariri aurre egin behar izan zien, eta arazoa agintarien eskuetan utzi zuen. Haiek Mmuso aurkitu zuten, eta Mpho amarengana itzultzeko agindu zioten. Atzerapenik gabe, esandakoa bete zuen. Pulanek Mpho etxera eraman zuen hurrengo egunean.

       Itxuraz ezkontza horren katerik sendoena zirudiena, leku ahulenetik erdibitu zen. Bien arteko kultura maila desberdinak ezinezkoa egin zuen elkarren arteko komunikazioa, axalekoa ez zen beste edozein gaitan.

       Pulanek indartsu kanporatu zituen bere ezaugarririk onenak gertaera tamalgarri horren ondoren. Indarberritu zen, eta lan iraunkor eta ongi ordaindua aurkitu zuen etxe batean. Osaba ere zaintzen zuen, orduan gaixorik baitzegoen.

       Bere garaian, bera eta haurrak bizi ziren etxearen jabe harroa izatera iritsi zen. Lanaren bidez, etxeko nagusi batzuen lagun egin zen. Horietako batzuk itsasoz bestaldeko urrutiko herrietakoak ziren. Haren ausardia, borondatea, baliabideak eta lana izan ziren aurrean izan zituen nekeak eta zailtasunak gainditzeko bidea. Haurrentzat berak izan zituen baina aukera hobeak nahi zituenez gero, eskolan ahalik eta gehien saiatzera bultzatu zituen. Nekaldiaren zulotik irten eta, belaunaldi gaztearen eredu eta iturri bihurtu zen, emakume gazteena bereziki.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999