|
Soweton kontatuak
Atzera begira
Atzera begiratzen dugunean, beti aurkitzen dugu lurralde berri bat iraganean. Baina aldi berean, askotan gertaerak, handiak nahiz txikiak, jakintzat hartzen ditugu, eta adimenetik kanpora bidaltzen ditugu batere axolako ez baligute bezala. Eta orduan, halako batean, egunak, asteak, hilabeteak edo baita urteak igarota ere, iraganeko irudiak argi eta garbi ageri zaizkigu, eta begi berriz ikusten ditugu. Adimenaren une argitsu horretan, lotura harrigarriak ikusten ditugu iraganaren eta orainaren artean, eta ahaztuak genituen geure bizitzako eta inguruko pertsonen bizitzetako irudiak ikusten ditugu. Horixe gertatu zitzaidan duela hogeita hamar urte baino gehiago gertatu zitzaidan gauza batekin. Garai hartan erruki nintzaien gertaeran parte hartu zuten gazteei, eta kezkatuta nengoen, nire egoera ez baitzen erraza haien aurrean. Orain garbiago ikusten eta sentitzen dut nire herriaren eskuak gogor lotzeko eta gure herria txikitzeko helburua duen kate maila. Eta min ematen dit. Eta haserretu egiten naiz. Etengabe, neure burua aztertu behar dut saminak jan ez nazan. 1950. urtea igaro eta ondorengo urteetan gertatu zen, Europarrak ez ziren Arazoetako Saila entzutetsuan lanean ari nintzenean, artean Johannesburg-eko udaletxeko adarra. Sailaren eginkizunetako bat zen Sowetoko auzo gero eta handiagoan, bizi zen gazte jendearen aisialdiaz arduratzea. Auzoko gazteekin —ni ere auzo berekoa bainintzen— egiten nuen lan. Zortzi urtetik hemezortzira bitarteko neska-mutil gazteentzako egitarauaren osagai ziren, antzinako antzerkia, dantza eta kantua, musika modernoa eta europar dantzak, buztingintza eta beste eskulanak, eta asteburuetako irteerak eta Gabonetako oporretan itsasaldeko kanpaldiak. Azken ekitaldi hori zen beltzen auzoko gazteentzat arrakastatsuena, herriko behartsuenekoak baitziren. Asteburuetako kanpaldiak egiteko lekuetako bat Wilgespruit Elkarteko Egoitza zen, helduentzat eta gazteentzat elizen arteko eta kristauentzako ekitaldiak prestatzen zituen Hego Afrikako biltoki nagusietako bat. Wilgespruit urte askotan segurtasunekoek eta poliziak ikusmiran izan zuten lekua zen. Hiru urte lehenago, egoitza honen gainean ibili ziren helikopteroak, han ezkutatu ziren gazte batzuen bila. Batzuk atxilotu egin zituzten, atxiloketan zigortuak eta torturatuak izan ziren, eta beste batzuk hil egin ziren harrapaketan. Egoitza horretara, hain zuzen ere, joan nintzen asteburu batean, Orlandoko eta Pimvilleko —orduan bi herri ziren, baina orain Sowetokoak dira biak— berrogei edo berrogeita hamarreko neska-mutil talde batekin. Ostiral iluntzean iritsi eta berehala, gazteek gaueko suaren inguruko jaira joateko eskatu zidaten. Proposamenak harritu egin ninduela gogoan dut, ohitura baitzen suaren inguruko bilera handia asteburuko azken egunean egitea eta ez lehenengoan. Ez nuen egitarauaren aldaketa azaltzeko argibiderik eskatu, eta joateko eskaerari baiezkoa eman nion, zirudienez gazteak ni joateko irrika bizian baitzeuden. Gogoan dut jakin minez nengoela eta baita urduri samar ere. Hitz emanda genuen ordu-orduan bildu ginen denok sutondoan. Hasieran elkarrizketa axolagabe samarra zen, motela, baina bazirudien, nik ez beste guztiek bazekitela gauza garrantzitsu bat gertatuko zela. Alferrik saiatu nintzen neure buruari bileraren arrazoiaz galde egiten. Pixkanaka, hizketa huts eta alferrikakoa amaitu egin zen. Mutiletako batek —F.D. izena emango diot— ongietorria eman zidan guztien aurrean eta eskerrak eman zizkidan joateko eskaera onartzeagatik. Ni hartzeko era dotore hark larritasuna eta garrantzia ematen zion bilerari. Gogoan dut neure burua prestatzen aritu nintzela, inongo zalantzarik gabe eztabaida gogorra izatera zihoanari aurre egiteko. Gehienetan, neska-mutilen taldeko kideekin nituen harremanak noizbehinkakoak izaten ziren eta lasaiak. Gazteek «K anderea» esaten zidaten edo andereńo, beltzen artean emakume irakasleei dei egiteko ohituraren arabera, eta batzuetan izen hori laburtuta ere esaten zidaten. Eskolako irakasle izandako garaitik zetorkidan izen hori, eta gustukoa nuen, irakaslearen eta ikasleen arteko harreman onaren aztarna baitzuen. Baina gogoan dut, gero, eztabaidan ari ginenean, poztu egin nintzela, ohiko lagunarteko eran, «K anderea» esan zidatenean. Isilik geratu nintzen ondoren zetorrenari arretaz entzuteko. —K anderea —egin zuen aurrera F.D.-k—, gaur, nire lagunen baimenarekin, hona etortzea eskatu dizut. Barruan dudan gauza bat esan nahi dizut zuri eta taldeari. Zuk niri erantzun bat ematea nahi nuke, eta zer egingo zenukeen edo nola jokatuko zenukeen niri gertatutakoa gertatu izan balitzaizu esatea. F.D.-k esaten zuen esaera bakoitzak jakinaraziko zigun gaiaren seriotasuna adierazten zuen. Familiak izandako gertaera negargarri bat adierazten hasi zitzaigun. Antzeko kontakizunak entzunda nituen, eta banekien horrelako gertaerak ez zirela ezezagunak beltzak bizi ziren hirietan. Baina F.D.-ren lehen eskuko kontaketak esperientziaren esanahi sakon samingarria ekarri zidan gogora. Eta orain, gaur, hogeita hamar urte beranduago, istorio horrek berak oihartzun berri beldurgarriak ditu. Ezten zorrotza sumatzen nuen nire baitan, taldeko kide bati horrelako gertaera kontatzen entzuten nionean, batez ere F.D.-k lasai, garbi eta benetan hitz egiten zuelako. Harrituta utzi ninduen mutikoaren heldutasunak, berari gertatutako egoera lotsagarri, iraingarri eta sumingarriaz negarrez hasi gabe hitz egiten baitzuen. Hari entzuten nion bitartean izerditan eta hasperenka ari nintzen, negar egiteko zorian. Une batzuetan, etsipenak, izuak eta lotsak hartuta, burua makurtzen nuen eta begiak tinko jartzen nituen suari begira. Taldeko beste kideek arretaz entzuten zuten, eta noizean behin negarrak eta intziriak entzuten ziren haserrearen eta atsekabearen ondorioz. Burua tente jartzen nuen bakoitzean, lotsak ez zidan gazte haiei aurrez aurre begiratzen uzten. Are gehiago, eta gauzak atzekoz aurrera jarrita, neurri batean atsekabean lagun nituen inguruan sumatzen nituen heldutasuna, begirunea eta ardura. Isilik zeuden han eserita, begiradak eta keinuak elkarri trukatuz hitzik esan gabe. Isiltasun horretan entzun nuen esaten zidatela: —Bai, K anderea, hortxe duzu. Esan. Nora goaz bide horretatik? Harri eta zur nengoen. F.D. ama deskribatzen hasi zen, eta bere auzoko beste emakume dotoreen antzik ez zuela esan zuen. Haren amak ez zuen gazte taldeekin lanean aritzen ginenon antzik: —Ama ez da ikasia eta dotorea ere ez da. Garbi utzi zuen antzinatik iritsi zaizkion ohiturak gordetzen zituen ama soil ohikoa zela. Ez zuen amets egiten, adibidez, bere semeak asteburuetako kanpaldietan beste emakumeei ikusitako jantziekin, edo haien gaueko jantzi eta aldagarri dotoreekin. Emakume isil haren bizitzari, esan zigunaren arabera, bihotz-bihotzean egin zioten eraso: bere etxean. Bi hilabete lehenago, goizeko ordu biak aldera, ate-joka ari zirenen hots zaratatsuek eta harekin batera entzuten ziren garrasiek esnatu zuten familia lo sakonetik: Vula! Vula lomnya-ngo wena («Ireki, ireki ate hori!»). Hasieran, zalapartaren erdian, familiak ezin zuen asmatu nor ari ote zitzaien eraso egiten era hartan, eta garai hartan. Baina berehala konturatu ziren, auzoko familia askori bezala, beraiei ere «ikustaldia» egitera etorri zitzaizkiela udal arduradun nagusiaren bulegoko «katu beltz» entzutetsuak. «Katu beltz» esaten zaie hirietako beltzen auzoetan lan egiten duten polizia beltz guztiei. Ongi merezia dute izen itsusi hori. Edozein ordutan joaten dira etxeetara bertakoei eraso egitera; lege bat edo bestea hautsi dutela leporatzen diete; familiako kide bat edo bi eramaten dituzte, lege haustearen arabera, eta udaleko autoetan sartzen dituzte. Gero etxez etxe eramaten dituzte, lege hausteak leporatzen zaizkien auzokide gehiagoren bila. Azkenik, katu beltzek «zama» udal bulegoetan botatzen dute goizeko laurak aldera. Jendeak orduan 8.30 edo 9.30etan hiritik etortzen diren agintari zurien zain egon besterik ezin du egin. Orduan hasten da galdeketa-lan luzea. Hori zen lege haustea egin duenaren betiko leloa, eta horrela izan da orain gutxira arte. F.D.-k bere familiak, «katu beltzen» bortxakeria ikusita, hartu zuen astinduaren berri eman zigun. Polizia etxean sartu zenean, ate guztiak zabal-zabalik utzi zituzten, eta itxita zeudenak ostikoka ireki zituzten. Etxeko guztien kontra aritu ziren, hitz itsusienak esan zizkieten bai helduei, bai umeei edo baita haurtxoei ere. Eta hitz bakoitzaren atzetik hitz hauek entzuten ziren: Vuka! Vuka! Sihambe! Sheshisha, sheshisha! («Esnatu! Esnatu! Goazen! Bizkor! Bizkor!»). Erasoaldiaren zalaparta, nahasmendua eta izua bizitasun handiz azaldu zizkigun: «Etxeak kaleko antzerkia zirudien. Gurasoen gela ostikoka zabaldu zuten; bitartean haren parean zegoen gelako haur zaharrenak janzteko ahaleginetan ari ziren, denbora guztian dardarka eta negarrez». Une horretan bizi izan zuen F.D.-k izualdirik gogorrena, buruan betiko tinko geratu zitzaiona, eta neurri gabeko haserrea eta atsekabea eragin ziona. Hauxe gertatu zen. Presaka janzten ari zen bitartean, F.D.-k gurasoen gelarantz begiratu zuen, eta berehala amets gaizto batean zegoela iruditu zitzaion. Inguruan zituen beste haurrak ahaztu zituen, eta janzten ari zela ere ahaztu zitzaion. Tinko begiratu besterik ezin zuen egin, begiek erakusten ziotena ulertu ezinik. —Presaka gertatu zen dena —esan zuen—, baina benetan gertatu zen. Han zegoen zutik nire ama gaixoa, bizitza osoan haurrak maitatu eta errespetatu zituen emakumea. Gaueko jantzirik eta etxeko jantzirik izateko premiarik izan ez zuen emakumea. Han zegoen zutik, katu beltzek izuturik, lepoko oihal batez izter gainak estaltzeko ahaleginak egiten. Baina eskuak, beldurrak hartuta zegoenez gero, dardarka ari zitzaizkion, eta oihalak irrist egiten zion eskuetatik. Behin eta berriz ahalegindu zen bere gorputz biluzia estaltzen, baina alferrik. Eta han zegoen nire aita, beti maitatu eta begirunez hartu nuena, eta laguntza eta babes bila askotan joan nintzaiona, haizeak dantzan darabilen zurtoinaren erara, burutik oinetaraino dardara bizian, udal polizia lotsagabe eta bihozgabeak bultzaka zerabilen bitartean, behin eta berriz gorputza estali nahian zebilen amari begira. Amak estualdi ikaragarria bizi zuen, eta aita aurrean zuen begira, katu beltzen irain lotsagarri haien aurrean hari laguntza emateko ezer esan gabe eta ilerik mugitu gabe. Ordurako izerdi patsetan nengoen eta erabat lotsatuta. Nazka ematen zidan pentsatzeak, seme beltz batek —polizia horiek ere amak izango baitzituzten— bere ama era horretan erabil zezakeela. Baina ez zen hura amaiera izan. Urrutitik F.D. begira geratu zitzaidan eta zuzenean egin zidan galdera. Talde osoko begiak niri begira zeudela sumatzen nuen. Argi eta garbi galdegin zidan: —Ellen Kuzwayo, hau da egin nahi dizudan galdera. Zure aita balitz, begirunez hartuko zenuke? F.D.-k lehergailu bat jaurti zidala iruditu zitzaidan. Zer esan ez nekiela eta zur eta lur begira geratu nintzaiola uste dut. Gorputza eta adimena beldurrak hartuta nituen niri begira ari ziren taldeko begiak ikusita. Gaueko suaren inguruko isiltasunak gazte haientzat nire erantzunak zuen garrantziaz jabetu arazi ninduen. Banekien nolabaiteko irtenbide magikoa entzun nahi zutela, guztiok, haiek eta nik, aurrean genuen arazo tamalgarri harentzat; eta egia esateko pentsamendu ugari bururatu zitzaizkidan ziztu bizian. Baina denbora luzea behar izan nuen gazte haiei esateko hitzak aurkitu arte. Isiltasun handi hartan, esaldi bat antolatu nuen bestearen atzetik, eta esan aurretik banan bana baztertu nituen, hutsez eta kontraesanez beteak zirela konturatzen bainintzen. Semearen aitarenganako leialtasuna arriskuan zegoela ikustean, burua, eta mihia, trabatzen zitzaizkidan. Ez nuen F.D.-ren aita ezagutzen, baina semeak esaten zuenagatik, arduratsua eta bihotz onekoa zela zirudien, eta beste ezer baino gehiago familiaren ongi izatea nahi zuela. Haren irudia babesteko premia larria izan nuen, haurren erasoen mende ez ikusteko. Aldi berean, bistan zegoen ez zela ausartu, ezta modurik arinenean ere, udal polizien harrokeriari eta irainei aurre egiten. Neure baitan onartua nuen F.D.-ren aita koldarkeriaz jokatu zuela. Baina ezin nion taldeari hori esan. Beharbada neu ere koldarra nintzen. Baina gizona ezagutu gabe, ez nintzen ausartzen hari buruzko epairik ematen, eta, hori eginez gero, semearen begien aurrean berriro ere gaitzesten. Azkenean, F.D.-ri begiratu eta esan nion: —Beharbada ez zenuke gogorregi epaitu beharko aita, zoritxarreko gertaera bakar horretan oinarrituta. Ez dugu guztiok berdin jokatzen egoera horien aurrean. Ezustean harrapatuko zuen, eta harri eta zur geratuko zen familiako beste guztiak bezala. Baina ulertzen dut baita ere amarengatik duzun kezka. Benetakoa da eta arrazoizkoa. Esan nahi dudana da gertaera bakar horrek ezin duela aita baztertzeko eta gaitzesteko arrazoia izan. Aurrez uste nuen bezala, F.D.-k ez zuen etsi nire hitzak entzunda. Minduta eta haserre zegoen aitak, familiako buru izanik, izan zuen jarrera arduragabearekin, eta batez ere, amari laguntzarik eman ez ziolako. Ezer gutxi adierazi zuten arren, lagunek ere gauza bera uste zuten. Iruditzen zitzaien, beste guraso beltz askok bezala, F.D.-ren aitak huts egin zuela bere familiaren aurrean. Garbi ikusten zuten guraso beltzek eta beste helduek huts egiten zutela, aginpidean zeudenen eta beren ordezkarien mehatxuei, zapalketei eta injustiziei aurre egin behar zieten orduan. 1950. inguruko urteetako gertaera horren benetako esanahia neurri batean behar bezala 1976. urtean ulertu nuen, Sowetoko gazteek aginpidea beren esku hartu zuten garaian. Indarra eta erabaki garbiak adierazi zituztenean, agerian utzi zuten guztiek izan zuten porrota, haserrea eta erabateko laguntzarik eza, mendez mende bigarren mailako hiritar izateko eskaini zitzaien behe-mailako irakaskuntzari erantzuna emateko. Urteak igaro ahala, konturatu nintzen, haserrea eta porrota gure gazte jendearen barruan pilatuz joan zela, eta 1976ko ekainaren 16ko bortxazko adierazpenek luzaroan eutsitako sentipenen indarra agerian uzten zutela. Egun horretatik aurrera, Hego Afrika ez da lehengo bera izan, eta mendekotasun isileko egunak ez dira berriz itzuliko gure herrira.
Soweton kontatuak |