Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999

 

 

V. ATALA
Pertsona bat pertsona da
beste pertsona bati esker

 

       Hego Afrikan misiolarien hezkuntzak izan duen ondorio txarrenetako bat izan da zaharrek uste izan dutela bertako kultura eta balioak, mendebaldekoen ondoan, «antzinakoak» eta «atzeratuak» zirela.

       Urteetan zehar, kolonialismoaren ondoko eta apartheid errejimenetako basakeriak eta itxurakeriak ezagutu ondoren, ikasi dugu zalantzan jartzen mendebaldeko herrialdeez egiten diren era horretako aipamenak. Eta berriro aurkitu dugu gurasoek, aitona-amonek, eta haien aurrekoek utzi diguten jakinduriaren eta ulermenaren oinordekotza aberatsa.

       Mirariaren antzekoa da beltzek antzinako balioen aztarnarik gorde izana. Geure bizitzak bultzaka eta tiraka erabili dituzte alde batera eta bestera, guk hautatu ez ditugun gobernuen gogoaren arabera. Hego Afrikako haur beltz baten bizitza gaur egun arazo, ukapen, erronka eta traba amaigabeez dago beteta. Lauzpabost urte dituztenetik, neska-mutilek, beste edozein gizartetan hogeita hamar edo berrogei urteko gizon emakumeek aurkitzen dituzten arazo berberei aurre egin behar izaten diete. Eta zenbat amonek esango lukete — nik esan behar dudan bezala—, hezkuntzarako izan nituen aukerak askoz handiagoak izan zirela nire seme-alabek edo ilobek Hego Afrikako beltzen heziketan gaur egun dutena baino?

       Balio moralak bizimodu zuzen eta bidezkoarekin daude lotuta. Ez da, beraz, ustekabea, balio horien azterketa egiteko, ondorengo bi istorioek iraganera eta etorkizunari begira egotea, eta ez orainaldi hautsiari.

 

Soweton kontatuak
Ellen Kuzwayo

euskaratzailea: Aintzane Ibartzabal
Txalaparta, 1999