Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012

 

EPILOGO MODUAN EDO

 

Itzultzaileak idatzia

 

      Eta, liburutto hau irakurritakoan, hauxe izan daiteke irakurle anitzen buruan jirabiraka ibil daitekeen galdera: Ben Ali diktadorea kanporatu zutenetik hainbeste hilabete joan diren honetan, loratu al da Tunisian Ben Mhennik eta beste askok amesturiko udaberria, demokrazia eta duintasuna, giza eskubideen errespetua, gizon eta emakumeen arteko egiazko berdintasuna eta justizia soziala ekarriko dituena?

      Galdera hori buruan, idazlearengana jo genuen, haren blogak eta Facebookeko orria baliatuta noski, eta jakin genuen oraindik ere Tunisian manifestazioak egiten dituztela nonahi eta noiznahi, eta Nessma Telebistako zuzendaria auzitara eraman dutela bere telebista katean Marjane Satrapi iraniarraren Persepolis filma emateagatik (balio sakratuak urratzen dituelako, nonbait), eta 2012ko apirilaren 9an manifestazioa antolatu zela, benetako demokrazia aldarrikatzeko, eta poliziak manifestariei oldartu zitzaizkiela, eta apirilaren 19an gazte facebookzale batzuek manifestazio isil baterako deia egin zutela, eskakizun politikorik gabe: hiriburuko etorbide nagusietako bat irakurlez betetzea zuten helburu, sinetsita daudelako irakurleek aldatuko dutela mundua.

      2011ko urtarrileko matxinadan, gazteak izan ziren protesta haietan gidari. Erabateko aldaketa nahi zuten, bizimodu duinago bat, eta eredu laiko eta demokratiko bat zerabilten gogoan. Udaberria joan, udazkena etorri eta, hauteskundeetan, alderdi islamista bat nagusitu zen: En-Nahda, urte askoan debekaturiko alderdia, Anaia Musulmanen ildokoa. Irabazleek iraultzaren oinarriak errespetatuko dituztela hitzeman dute, baina Lina Ben Mhenniri ez zaio iruditzen hala denik. 2012ko apirilean, Bilboko Gutun Zuria Letren Jaialdiko hitzaldi batean parte hartu zuenean, argi eta garbi esan zuen egoera makurragoa dela, Tunisian iraultza garaian daudela oraindik, ustelkeria eta nepotismoa direla nagusi eta diktadurak bere horretan dirauela.

      Bidea malkartsua gertatzen ari da oso —eta non ez?—, zeren, hitzaldi hartan gure ondoan zegoen gizon marokoar batek ederki laburbildu zuen bezala, matxinatzea baino anitzez gaitzagoa, luzeagoa eta nekezagoa baita aldaketak kudeatzea, trantsizioa egoki bideratzea, guztion arteko akordioak lortu eta lotzea; politika egitea, azken batean.

      Iraultza bahitu eta ebatsi nahi dietela salatzen duen arren, blogaria itxaropentsu agertzen da, eta ziberborroketan nahiz kaleko ekintzetan parte hartzen segitzeko prest, uste sendoa duelako Tunisiako gizarte zibila gero eta aktiboagoa eta sendoagoa dela. Denetariko gertaeren berri ematen eta denetariko injustiziak salatzen jarraitzen du Interneten, baita denetariko ekintzak antolatzen ere. Horregatik, harengana jo genuenean Tunisiako gaur egungo egoera politikoari buruzko hausnarketa ttiki bat eskatzera bere liburuaren euskal edizioaren epilogo gisa txertatzeko, hark A Tunisian Girl bere blogeko idazkiak erabiltzea proposatu zigun. Horrenbestez, aurtengo urtarrileko bi aukeratu ditugu, egungo egoeraren erakusgarri, baita Lina Ben Mhenniren iritzi idealista bezain senezkoen argigarri ere. Hona hemen:

 

 

«Osteguna, 2012ko urtarrilaren 5a

Tunisia intzirika ari da!

 

      Gaur, urtarrilak 5, beste tunisiar batek su eman dio bere buruari. Gafsan gertatu da, noiz eta meatze-arro hartan 2008an sorturiko gizarte mugimenduaren hasieraren urteurrena betetzen den egunean. Hiru ministro eskualdea bisitatzen ari direla gertatu da immolazioa, bere eskubide sozialak aldarrikatzeko eserialdi batean bildutako jendearekin negoziatzeko asmoz etorri baitira hirira. Liskarrak piztu dira biztanleen eta segurtasun-indarren artean...

      Atzo, segurtasun-indarrek eta armadak indarkeria erabili zuten Goi Mailako Hezkuntzako eta Ikerketa Zientifikoko Ministerioaren kanpoaldean manifestazio baketsu batera bilduak ziren irakasle eta ikasleen aurka. Manifestariek erabaki bat hartzeko eskatzen zioten ministroari, Manuba Unibertsitatean eskolak berriz has daitezen. Manubako Literatura, Arte eta Giza Zientzietako Falkultatea itxita dago islamista talde batek indarkeria erabili zuenetik dekanoaren eta hainbat irakasleren aurka. Talde horrek fakultateko zenbait eremu okupatu ditu hainbat astez, ikasle emakumezkoek azterketak niqaba jantzita egin ahal izateko eskubidea aldarrikatzeko. Gaur, poliziek fakultatea hustu dute... Segurtasun-indarrek Ministerioaren kanpoaldeko manifestazioaren berri ematen ari ziren hiru kazetari ere egurtu dituzte!!

      Orain dela egun gutxi, eserialdi bat hasi zuten Menzel Bouzayene-n, iazko gertakarietan lehenengo martiriak hiltzen ikusi zituen herrian, poliziak egiazko munizioa erabili zuelako. Hango biztanleak beren eskualdea garatu beharra dagoela aldarrikatzen ari dira.

      Beste leku gehiagotan ere badaude manifestazioak eta eserialdiak: Gabes, Jendouba, Thala, Kassserine... Sejnane-n (ipar-ekialdean), biztanleak protestaka ari dira printzerri islamiar bat ezarri dutelako bertan. Salafistek espetxe bat ere prestatu dute eta lege islamiarrak urratu omen dituzten herritarrak atxilotzen aritu dira. Biztanleetako batzuk urte bukaera ospatzeagatik edo alkohola edateagatik atxilotu eta jipoitu dituzte. Segurtasun-indarrek ez dute ezer galarazi.

      Biltzar Konstituziogilea eta Gobernua tunisiarren ardura eta arreta identitate- eta erlijio-arazoetara bideratzen saiatzen ibili dira, eztabaidatu beharrean Tunisiako egiazko arazoez, iaz jendea kalera ateratzera bultzatu zuten arazoez. Kanporatutako diktadorearen jardunbideari jarraituz, egia ezkutatzea eta gezurrak zabaltzea erabaki dute, hark iaz egin bezala. Nonahi protestaka dabilen jendearen benetako arazoei heldu beharrean, nahiago dute oposizioari eta batik bat ezkerreko alderdiei egoztea gertatzen ari denaren erantzukizuna. Jendea engainatzen saiatzen aritu dira berriz, eskubideak aldarrikatzen dituen jendearen helburua herrialdean kaosa zabaltzea dela sinetsarazi nahian tunisiarroi. Argudio bakarra darabilte: “Eserialdiak ekonomia suntsitzen ari dira” (Ben Alik erabilitako argudio berbera). Aitzitik, fakultate bat aste luzez okupatzen utzi diote talde islamista bati, beste ikasle batzuei ikastea galarazten zitzaien arren. Oraintsu, argi eta garbi adierazi dute indarkeria erabiliko dutela eserialdiak eragozteko».

 

Lina Ben Mhenni

 

* * *

 

«Osteguna, 2012ko urtarrilaren 26a

Hil beharrekoen zerrendan

 

      Atzo, irakasleen gelan nengoela, lankide batek asaldaturik agurtu ninduen, eta esan zidan Manuba Unibertsitatean zegoela eta bazekiela salafistek, unibertsitatea okupatzen hilabeteak daramatzen horiexek, hil beharrekoen zerrendan nengoela iragarri berria zutela. Kontu handiz ibiltzeko eskatu zidan. Ez nintzen batere harritu, beste blogari, giza eskubideen aldeko ekintzaile eta kazetari asko ere antzeko zerrendatan zeuden-eta, dela ilunkeria eta muturreko joerak salatzeagatik dela gobernu berria kritikatzeagatik. Haietako asko zakarki jipoituak izan dira, eta erasoak jasan dituzte, orain dela hiru egun Hamadi Redissi eta Zied Krichene irakasleei gertatu zitzaien moduan: Nessma Telebistaren auziko epaiketara bertaratu ziren, han bildutako ehunka lagunek bezala haiek ere erakutsi nahi zutelako ez dutela onartzen adierazpen-askatasuna, giza eskubide oinarrizko hori, modu ikaragarri horretan urratzerik.

      Goizean bertan, Koraneko hainbat berset eta profeten hitz batzuk zintzilikatu nituen sarean, jende horri erakutsi nahian zein hipokritak diren eta zer urrun dauden Islametik. Emna Ben Jemaa eta Haythem El Mekki nire bi lagun blogariei zuzendutako mehatxuei erantzuteko egin nuen hori. Gure erlijioa bakearen eta tolerantziaren aldeko erlijio bat dela erakutsi baino ez nuen nahi. Hil beharrekoen zerrendetako batean nengoela jakin nuenean, Koraneko aipu gehiago zintzilikatu nituen eta ezetz asmatu zer gertatu zen: salafistek pantailakada batzuk egin zituzten, eta ni beldur nintzela esan zuten. Horrexegatik idatzi nuen honako hau nire Facebookeko orrian:

      Salafistek/Islamistek hil beharrekoen zerrenda batean nagoela iragarri dute, eta Koraneko bersetak eta profeten hitzak sarean zintzilikatuz erantzun diedanean, erakusteko zeinen ergelak diren eta zer urrun dauden erlijiotik, esan dute beldurtuta nagoelako egin dudala hori. Ez, ni ez nago beldurtuta. Ni benetako balen azpian izandakoa naiz zuek zuen ideologia eta sinesmenak agertzera ausartzen ez zinetenean, zuen bizarrak eta goitik beherako beloak eramatera ausartzen ez zinetenean; beraz, ez didazue beldurrik ematen, koldar alaenak.

      Gero, Manubako ikasleetako batek albistea baieztatu zuen: azaldu zidan nola entzun zien bi ikasleri horren berri ematen batzar orokor batean, eta ikasle haietako bat ni irakasle naizen zentroko ikaslea dela. Dagoeneko ederto ezagutzen ditudanez jendea engainatzeko erabiltzen dituzten trikimailuak eta gezurrak, zetorrenari aurrea hartu nion, eta iragarri nuen ez nintzela inoiz Tunisiatik joango mehatxuen ondorioz; izan ere, ziur nintzen gezurretan ari nintzela esango zutela, eta atzerrian asiloa lortzeko egina nuela hori. Ez nintzen okertu, hori ere idatzi zuten eta.

      Ez nago beldurtuta irmoki sinesten dudalako defendatzen ditudan printzipio horietan. Inork ez dit ordaintzen horretarako. Neure hautua da. Niri ez dit inork garuna garbitu haietako askori gertatu zaien bezala. Gure erlijioa helburu politikoak lortzeko bide gisa erabiltzen dutela idazten eta salatzen jarraituko dut. Nolanahi ere, koldar horien erruz zer edo zer gertatzen bazaio edozein tunisiarri edo neuri, gobernua izango da erantzule bakarra. Iaz tunisiarrok amets bat izan genuen eta bete egingo dugu. Inork ez dizkigu gure esperantzak eta desirak ebatsiko».

 

Lina Ben Mhenni

 

* * *

 

«Astelehena, 2012ko apirilaren 9a

Apirilaren 9ko manifestazioa: diktadurak bere horretan dirau...»

 

Lina Ben Mhenni

 

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012