Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012

 

MINUTU BATEKO ISILALDIA SMS BIDEZ

 

      Oraindik ez genuen uste Ben Alik egun hartan bertan alde egingo zuenik, diktadorearen eta herriaren arteko haustura konponezina zela besterik ez genekien. Amak eta anaiak, etxean biak, mundu osoko telebisten bitartez zuzenean ikusten ari zirena azaltzen ziguten: «Etorbidea jendez gainezka dago!». Bata bestearen ondotik eta etengabe, manifestari talde gehiago iristen ziren, bertan zegoen jendetzarekin bat eginez: gizonak, emakumeak, gazteak, zaharrak, are haurrak eta nini ttikiak haur-kotxeetan. Etorbideko eraikin guztietako teilatuetan jendea ikusten zen. Tunisiar guztiak kalera irten ziren diktadurarik ez, zapalkuntzarik ez, ustelkeriarik ez eta Ben Aliri ez esatera.

      Une hartantxe erabaki genuen minutu bateko isilaldia gordetzea martirien oroimenean eta SMSak, Twitter eta Facebook (sakelako bertsioak) erabiltzea minutu hori iragarri eta zabaltzeko. Minutu horrek sekulako arrakasta izan zuen, eta are azaroaren 7ko, hots, Ben Alik boterea eskuratu zuen eguneko erloju beldurgarriak ere parte hartu zuen isilaldi hartan bere zutoin handinahiaren gainetik. Jendetza hura bat egina zen, elkartasunez betea, han ez zen buruzagirik, ez zen liderrik, jende guztiak helburu berbera zeukan, etorkizun berbera irudikatzen zuen, amets berbera amesten. Gazte batzuk Barne Ministerioko leihoetaraino igo ziren, eta bandera batzuk zabaldu. Urte askoan eta askoan, tunisiarrek, eraikin zorigaiztoko horren aurretik pasatzean, begiak jaisten zituzten, urratsa bizkortzen. Bat-batean, ohitura hura menderatu genuen! Ileak laztu zitzaizkidan, eta dar-dar egin nuen denok besoak goratu eta aho batez oihuka hasi ginenean, etorbidea dardaraziz eta historiaren bilakaera aldaraziz: «Alde!». Garaipen haren irudiak mundu osoan barna zabaldu ziren eta zabaltzen dira oraindik ere, arabiar guztien eta diktadura baten mende bizi diren herri guztien ametsak hauspotuz.

      Baina kontuan hartu beharra zegoen hor zeudela indar polizialak, eta ez zutela amore eman nahi. Halako batean, poliziak bonba negar-eragileak botatzen hasi ziren. Jendeak batera eta bestera korrika egiten zuen, eta polizia modu basatian hasi zen egurra banatzen. Aita eta biok lasterka abiatu ginen eskutik helduta. Airea itogarria zen, eta jendea, irristaka, estropezuka, lurrera erortzen zen intsektizidaz zipriztinduriko euliak bezala. Poliziak gure atzetik etorri ziren Errepublikaren geltokiraino. Gero, sigi-saga jarraitu genuen kalexka batzuetan barna. Bonben eztandak aditzen genituen, baita balen txistuak ere. Minutu gutxian, sutan zegoen hiria. Gazte kaputxadun batzuek —haurrak ia— aurka egiten zieten polizia suminduei. Hotelera, kazetariengana itzultzea ezinezkoa zenez, gurasoen etxera joan nintzen. Bertan amarekin eta anaiarekin elkartu nintzen, haiek ere hilabete pasatxoan ikusi gabeak.

      Telebistaren aurrean eserita geundela, berri oso garrantzitsu bat helarazi behar zigutela jakin genuen. Zain egon ginen ordu hura luzea baino luzeagoa iruditu zitzaidan. Gero, azaltzen hain zaila den poz hura, albiste sinesgaitz hura: Ben Ali ihes egina zen, joana zen diktadorea. Kendua genuen gainetik zama astun hura, amesgaizto hura. Askeak ginen! Aurrerantzean ez zituzten ez gure ideiak ez gure ahotsak isilaraziko inoiz!

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012