Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Denonartean, 2012

 

AITAREN POZA

 

      Orduan, zurrumurru bat iritsi zitzaigun: lehendakariaren guardiaren eta armadaren artean liskarrak omen zeuden. Kazetariekin batera lehendakariaren jauregira hurbiltzen saiatu ginenean, bidea itxi ziguten, beti bezala, eta hotelera itzuli ginen, ZABAk 20:00etan egin behar omen zuen hitzaldiaren zain. Izu-larrituta, bihotza kolkoan, ikaragarri bakarrik sentitzen nintzen eta gaua nirekin pasatzeko eskatu nion Leilari. Susmoa nuen bera ez zela ni baino hobeto ibiliko. Etxeratze-agindua hasi baino lehentxeago iritsi zen, eta estu besarkatu genuen elkar ZABAren hitzaldia entzun bitartean. Zurbil, nekatuta, zalantzati... Eszenaratze negargarria benetan. Ben Alik dialekto tunisiarrean hitz egin zuen, Burgibak ohi zuen moduan, eta esan zigun 50 urte baino gehiago zeramatzala Tunisiaren zerbitzura lanean, leialtasunez eta eskuzabaltasunez, eta ulertua zuela gure mezua: engainatu zuten, okerbidera eraman, eta ez zen Lehendaritzarako hauteskundeetara aurkeztuko 2014an. Interneteko zentsura kenduko zuela iragarri zuen.

      Amaiera hurbil zegoen, baina guk ez genekien eta gerora ere gustu txarreko erakustaldi osagarri gehiago jasan behar izan genituen tiranoaren eskutik. ZABAren hitzaldia bukatu aurretik ere, lehendakariaren aldekoak etorbidean barna zebiltzan jada bozinak joka, txaloka. Emakumeak, gizonak, zaharrak, gazteak, pijamak edo txandalak jantzita... Korrika batetik bestera, diktadorearen argazkiak goratuz. Leilak, zoroaldi batek hartuta balego bezala, kalera atera nahi izan zuen. Asmo hura burutik kentzeko indarrik ez nuenez, harekin batera joan nintzen. Amorruaren amorruz, oihuka hasi zen: «Utikan Ben Ali! Gogora ezazue martirien odola! Ben Ali kanpora!». Arraunlari bakarra zen marrazoz jositako itsasoan. Miliziano batzuk oldartu egin zitzaizkion. Ni, txikia eta makala, ziztuan hurbildu nintzen laguna babestera, Leila gorila zital haiengandik bereizteko kapaza nintzela itxura eginez. Zalantza une baten ondotik, gainera etorri zitzaizkion berriro, jipoitzeko asmoz. Leila urrunxeago eramatea lortu nuen, baina bere onetik aterata zegoen. Adiskide on bati laguntza eskatzea, ez zitzaidan beste ezer bururatu, eta Abdennaceur abokatuarengana jo nuen, handik oso hurbil bizi baitzen. Hark atera zuen handik, biharamunean errebantxa hartzeko aukera izango zuela konbentzitu eta gero. Ez zekien ondo zenbateraino zegoen zuzen...

      Biharamun goizean, Fatmarekin eta Karimekin batera, Mohamed Ali plazara joan ginen, erregimenaren aurkako elkarretaratze baterako deia egina zutelako bertan. Betiko aurpegi berberak aurkitu nituen han, jendarte zibileko ekintzaile berberak, giza eskubideen defendatzaile berberak. Baina zer edo zer aldatua zela ulertu nuen poliziek, ni zur eta lur nengoela, pasatzen utzi zigutenean ohiko galdera egin gabe, «nora zoazte?», eta aurpegira bota gabe beren niet hura, «ez, ezin zarete pasatu». Plazan, ehun bat lagun batera garrasika: «Behera Ben Aliren erregimena!». Ordu erdi geroago, jendetza ikaragarrizkoa zen, eta hiriko kale nagusirantz ibiltzen hasi ginen. Unetik unera gero eta handiagoa jendetza. Barne Ministerioaren aurrealdera ailegatu ginen, errepresioaren eta torturaren ikur eta sinbolo gailenaren parera. Aldarria orain: «Barne Ministerioa, ministerio terrorista!». Aitak telefonoz deitu zidan: nirekin bildu nahi zuen. Pozez txoraturik nengoen. Hilabete bat baino gehiago joana zen azken aldiz ikusi nuenetik eta handia zen haren hutsa. Aita iritsi zenean ezin zuen sinetsi bere begiek ikusten zutena. Barne Ministerioaren atetik hurbil geunden; eraikin hartan tortura lazgarriak egin zizkioten 1970eko hamarkadan. Jai giroa zen hangoa, atsegina, emozioz, haserrez, beldurrez eta itxaropenez betea. Aitari begiratu, eta haren poza sentitzen nuen. Eraikinaren argazki bat egiteko eskatu zidan, horrela betiko kendu ahalko balu bezala gainetik han bizi izandako amesgaiztoa.

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Denonartean, 2012