|
Tunisian girl:
GAFSAKO MEATZE-ARROA
Errepara iezaiezue orain kopuru hauei: 2009ko urrian 860.000 tunisiarrek erabiltzen zuten Facebook. 2010eko otsailean kopurua 1.250.000ra iritsi zen. 2011ko urtarrilean, kontatzen ari naizen gertakari horien ondoxetik, Tunisian baziren 2.400.000 facebookzale. Bi urtean, % 200eko gorakada ia! Gure herrialdeko gaur egungo hamaika milioi biztanleetarik manifestazioetara joateko edo botoa emateko adina duten gehien-gehienek zuzenean erabiltzen dute Internet edo badute internauten munduarekiko loturaren bat. Imajinatu zer gertatuko zen baldin eta Gafsako meatze-arroa sutan jarri zuen 2008ko errebolta handi hark facebookzale horien guztien ahalmen izugarriaren laguntza izan balu. Ziur nago amaiera bestelakoa izango zela. Garai hartan, irudiak pitinka-pitinka baizik ez zitzaizkigun ailegatzen, eta egunean ordubetez emititzen zuen El Hiwar Ettounsi oposizioaren telebista katearen bitartez bakarrik: YouTube eta Dailymotion, bideoak partekatzeko munduko bi webgunerik ezagunenak, ordurako zentsuraturik zeuden gure herrialdean. Eta, halere, meatze-arro haren bihotzean, eskualde elkor eta ihar hartan, non biztanleek Gafsako Fosfatoen Konpainian lan egin beste aukerarik ez duten, manifestariek bazituzten bukaeraraino iristeko arrazoi sendoak. Urte hartan, 2008ko urtarrilean, 80 lanpostu huts betetzeko deia egin zen. 1.000 izangai agertu ziren segituan, lanpostuak eskuratzeko irrikan, baina RCDren, hots, boterean zegoen alderdiaren inguruko jendeak eskuratu zituen lanpostu guztiak. Erreboltak, UGTT-Tunisiako Langileen Batasun Orokorra buru zuela, urtebete iraun zuen ia, baina gero itzali egin zen, Ben Alik eta manifestariak egiazko balekin tirokatzen zituzten poliziek zapalduta. Hiru hildako, ehunka atxilotu, eta Tunisiako abokatu guztiak tropelka erakarri zituzten epaiketa luze-luzeak. Emaitza ez zen samurra izan: 360 kondena, eta hamar urteko espetxe zigorrak sindikalistentzat, nazioarteko presioari esker murriztu zirenak, zorionez. Errudunek, ordea, hiltzaileek, gure tiranoak eta haren poliziek, baita prentsa ofizialak ere, eutsi egiten zioten, triskantzak eragin eta eragin. Imajinatu sarera loturiko eta Facebook, Twitter, Flickr eta abarren bidez elkarturiko bi milioi eta erdi tunisiar horiek manifestazio haien eta orduko indarkeriaren argazkiak ikusi izan balituzte, biktimen testigantzak entzun izan balituzte! Imajina ezazue zer-nolako mobilizazioa egin zitekeen lana hain bidegabe lapurtu zieten Gafsako behargin haien alde!
Tunisian girl: |