Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Denonartean, 2012

 

MARTIRIAK

 

      Sidi Bouzid poliziaz eta militarrez josita zegoen. Hiri lasai bat zen, erabat mendean hartua. Baten batek ezagutu ninduen: Bigarren Hezkuntzako irakasle eta sindikalista bat zen, ni bezala atzerriko telebista kate bateko kazetariei laguntzen ziharduena. Herrian, elkartasuna mamitzen hasia zen, eta beldurra, ordea, gertakari lazgarrien eta amorruaren eraginez, atzera egiten ari zen. Hotelean, berri ona! Jende guztiarentzat tokirik ez eta Kanpo Komunikaziorako Tunisiar Agentziako gure aingeru goardakoak beste nonbait hartu beharko zuen ostatu. Gobernazioaren egoitzaren aurrean plano batzuk filmatzera joan ginen berehala, Mohamed Bouazizik bere buruari su eman zion toki haretxera; bertan, sekreta batek «Linoucha!» bota zidan irri maltzur bat ezpainetan. Ederto ulertu nuen mezua: «Begipean zaitugu».

      Hotelera itzultzean, dei baten bidez jakin nuen poliziak bost pertsona hil zituela Regueben, Sidi Bouzidetik 38 kilometrora zegoen hirian. Gure aingeru goardakoari ezer esan gabe, ordurako lo egitera joana baitzen hotelera, eta nire lagun berria, irakasle sindikalista hura, gidari eramanez, Reguebera iritsi ginen zuloz beteriko nekazaritzako pista bihurri eta bakartuetan barna. Hirian harriak, pneumatiko erreak, kotxe hondatuak eta burdinazko barrak zeuden nonahi. Gas negar-eragileen usaina sumatzen zen oraindik, eta ke zerrendak ikusten ziren zeruan gora, polizia hainbat ordu lehenago alde egina bazen ere, armadari agintea utzita. Ospitalean, nire xarma gazte guztia eta nire limurtzeko gaitasun guztia erabili nituen mediku batek bost martirien izenak zekartzan erregistro handia begiratzen utz ziezadan. Gorpuak familien esku zeuden jada. Zerrenda kopiatu ahal izan nuen, baina iturria ez aipatzeko eskatu zidaten. Eraikinetik irtetean, gazte talde bati erreparatu genion, aurpegiak zonnar edo kufieh palestinarrekin estalita zeramatzatelako. Haietako bik France 24 telebista katean ikusia ninduten behin baino gehiagotan. Martirien familiengana eramango ote gintuzten galdetu nien. Beste gazte batek, Walidek, arratsaldeko gertakarien bideoak zeuzkan eta kazetariek elkarrizketa egin zioten, aurpegia estalita.

      Nizar martiriaren etxean, familiakoak hildakoa gaubeilatzen ari ziren. Beren samina handia izan arren, gaztearen gorpua ikusten utzi ziguten, eta amak semearen aurpegia desestali zuenean zorabiatzeko puntuan egon nintzen. Argazkiak atera behar nituen, baina ez nintzen gauza, nahiz eta familiako kide guztiek adorea ematen zidaten, esanez nahi zutela mundu zabalak jakin zezan nolakoa zen benetan zapaltzen gintuen erregimen kriminala. Gaztearen amak balak jo zion tokia ere erakutsi zidan. Bihotzaren erdi-erdian. Une hartantxe, aitak frankotiratzaileak aipatu zituen, teilatuetatik tiroka aritu zirenak. Arrebak anaiaren arropa odoleztatua erakutsi zigun. Ezin nuen sinetsi nire Tunisia goxo eta abegikorrean nengoenik. Gorrotoz beteta nengoen, eta etsipenak harturik, baina, halere, mugarik gabeko barne indar batek gaina hartzen zidala sentitu nuen. Helburu bakarra nuen: ZABAren erregimenaren izugarrikerien eta krimenen berri ematea. Orduantxe, bi gazte ailegatu ziren hiritik lehenbailehen alde egin beharra genuela ohartarazteko, salatari batzuek gu han ginela esana zioten-eta poliziari. Beste gazte batzuek, motorrean, bidea ireki ziguten.

      Baina ni ez nintzen amore ematen duten blogari horietako bat! Sidi Bouzidera itzulitakoan, hoteleko harrera-lekuan, hura baitzen Internetera sartzeko neukan toki bakarra, nire blogerako idazki bat prestatu nuen eta Regueben ateratako argazkiak ere erantsi nituen. Biharamunean, Walidek bideo eta argazki gehiago bidali zizkidan posta elektronikoz, nik neuk argitaratzeko eta kazetariei ere pasatzeko eskatuz. Handik bi egunera, Kasserinen grabatzeko baimena jaso genuen. Hiri hartan dena itxita zegoen, eta ostatu hartzeko hotelik ez. Han ere, nirekin goizean telefonoz hitz egindako abokatu batzuek, togaz jantzita eta Justizia Jauregiaren aurrean, pankartak astintzen zituzten, zibilen kontra egiazko balak erabiltzen zirela salatzeko. Ospitalera sartzen saiatu ginenean, poliziek bidea itxi ziguten, herritar asko, guri lagundu nahirik, atearen aurrean bilduta zeuden arren. Erizain batzuk hurbildu zitzaizkigun, poliziaren krimenak gure kameren aurrean salatzeko gogoz. Ehunka manifestari hirian barna zebiltzan oihu batean: «Ura eta ogia bai, Ben Ali ez!». Halako batean, kazetariengandik urrundu, filmatzera etorria nintzela ahaztu, eta jendearen artean sartu nintzen: inoiz baino tunisiarragoa sentitu nintzen, eta haiekin batera oihuka hasi nintzen, haien esloganak oihukatu nituen, eta nire amorrua ere, nire justizia egarria.

      Gure erreportajeak eta mezuak bidali ahal izateko lekuen bila ibili behar izaten genuen aldiro. Thélepte-n, handik ez oso urrun, hotel txiki batean kokatu ginen. Oso konexio ona zuenez, askoz ere argazki eta bideo gehiago argitaratzeko aprobetxatu nuen. Biharamun goizean, ordea, elektrizitaterik ez eta, beraz, ezin izan nuen Interneten zintzilikatu bezperan egindako erreportajea. Zorionez, Kasserinen, abokatu adeitsu batek bere etxean hartu gintuen Interneteko konexioa erabili ahal izateko eta erreportaje hura Tunisko bidea hartu aurretik bidali ahal izateko.

      Hiriburuan, TV-7, erregimenaren katea, esan eta esan ari zen kaputxadun eta gaizkile batzuk herria suntsitzeko asmotan zebiltzala. Halere, martirien zerrenda gero eta handiagoa zen, eta ez soilik hirietan, baizik eta are herri bakartuetan ere, begirada guztietatik aparte. Bezperan, hiriburuko auzo batean, Ettadhamen-en, beste gazte bat hil zuten. «Ondoko komisariako polizia batek erail du. Nahiz eta gazteak ur freskoa eskaintzen zion beti udan, egarriz zegoenean», esan ziguten gurasoek hilotza filmatzen ari ginela. Noizean behin eztandak entzuten genituen gugandik oso hurbil. Bonba negar-eragileen kirats mingarra, aire zabalean ginen arren, itogarria zen. Nonahi, ikuskari berdinak: ospitalean, anbulantzia baten ate irekien artetik, txapa gorritzen zuen odol gatzatua ikusgai. Eraikinaren barruan, jendea oihuka eta liskarrean. Gizon bat haserre bizian oldartu zitzaigun gu handik kanporatzeko. Larriki zauritutako senide batekin zegoen. Hilerrian, hainbat ehorzketa egiten ziren aldi berean: bezperako martiriak lurperatzen ari ziren. Nire mina gero eta sakonagoa zen, garratza bilakatzen ari zen. Egun horretantxe, etxeratze-agindua luzatu zuten agintariek, herritarrak babesteko asmoz!

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalà
Denonartean, 2012