|
Tunisian girl:
ETA MOHAMED BOUAZIZIK
Bi borroka horien ondotik, bolada lasai samar bat etorri zen nire bizitzan. Uda gehienbat bare joan zen eta negua iritsi zen gero, guztia suspertuko zuen gertakaria ekarriz berarekin. Nire gauak —gureak esan beharko nuke, zeren bitartean Leilarenean kokatua nintzen, geltokira Arabicaren bila joan nintzen egun hartan ezagutu nuen abokatuaren etxean— ikaragarri laburtu ziren 2010eko abenduaren 17an. Sukaldean geunden, nor bere ordenagailu eramangarriaren aurrean, jakin genuenean Mohamed Bouazizik bere buruari su eman ziola. Ikasketak zituen gazte bat zen, kalez kaleko barazki-saltzaile gisa lan egiten zuena Sidi Bouzid-en, Tunisiako erdialdeko herri batean. «Goazen Sidi Bouzidera!», esan genuen aho batez. Zoritxarrez, bitartekorik ez eta ezin joan. Baina, beti bezala, Facebook, Twitter eta Flickr bidez, modua izan genuen jakiteko gaztearen lagunak manifestazioa egiten ari zirela Gobernazioaren egoitzaren aurrean eta, ohi bezala, polizia indarkeria erabiltzen ari zela. Gaua luzea izan zen. Sidi Bouzideko biztanleak eserialdi bat egiten ari ziren eta ez zuten beren etxeetan sartu nahi. Leilaren kide batzuei esker, Sidi Bouziden bertan ari baitziren lanean, sare sozialen bitartez iristen zitzaizkigun berriak egiaztatu ahal izan genituen. Nik, berriz, nire lagun birtualen sare osoari eskatu nion laguntza. Ordura arte besteek bidaltzen zizkidaten berriak partekatzen zituen irakurlea izan nintzen; une hartan, ordea, neu nintzen informazio iturria. Twitterren, #sidibouzid sarean gehien erabilitako hashtaga bihurtu zen, eta ez soilik hemen, Tunisian: mundu osoan zehar zabaldu zen! Abenduaren 19an, ondoko hau idatzi nuen: «Sidi Bouzid sutan! Azkenaldian, beren buruari su eman diotenen kopurua ugaldu da Tunisian. Bizimodu duin baten esperantza erabat galdu duten herritar tunisiarrak dira, oro har, ekintza horietako protagonistak. Ohikoak dira langabezia eta pobrezia, eta bizitza pozoitu diete. Gertakarietako batzuk hedabideetan agertu dira —eta hedabideetan diodanean, jendearen hedabideez ari naiz (blogak, Facebook, Twitter), zeren gure hedabide ofizialek aski dute lehendakariaren jarduerak, boterean dagoen alderdiaren jarduerak, nazioarteko albiste birmoldatuak, kirolak eta abarrak erakustearekin— eta beste batzuk ez. Gertaera horietako batzuk aipatuko ditut: Abdesselem Trimeche-ren heriotza Monastir-en. Bere buruari su eman ondoren hil zen, apirilean. Heriotza horrek jendarte zibilaren interesa piztu zuen eta Monastirko herritarrak altxarazi zituen: ehorzketaren egunean herritar pila eta pila atera ziren kalera beren haserrea eta amorrua erakusteko, gobernuak bere herritarren egoerarekiko agertzen duen axolagabekeria dela eta; Chamseddine El Hani-ren heriotza (inor ohartu gabe pasatu zena). Langabea zen eta jatorriz Metlaoui-koa, Gafsako gobernaziokoa. 2010eko azaroaren 19an su eman zion bere buruari, lana aurkitzeko hamaika saio huts egin eta gero, ilegalki emigratzen alferrik saiatu eta gero. Gauean bertan hil zen, Metlaouiko ospitalean. Mohamed Bouazizi da bere buruari su eman dion azkena. Ikasketak zituen gazte bat zen, langabea, Sidi Bouziden jaioa. Ezbehar horrek Sidi Bouzideko biztanleen sumina piztu du, eta jendea kalera atera da arrapaladan, bere amorrua eta nahigabea erakustera. Gobernuaren erantzuna aurrez espero zitekeena izan da: poliziak eta furgoiak nonahi, eta okerrena etortzeko dago». Sidi Bouzidek nire bizitza osoa hartu zuen. Leilak eta biok egunean hiru ordu bakarrik egiten genuen lo. Idazten eta informazioa biltzen ematen genuen egun osoa. Ez nuen neure burua zaintzen, ez ilea moldatzen, ez makillatzen. Bekainak ere ez nituen depilatzen! Janariaz ere axola gutxi. Zorionez, hantxe zeuden auzoko emakumeak gure osasunaz eta edertasunaz arduratzeko. Bassam, Leilaren lagun mediku bat, aldiro aritzen zen ni zirikatzen eta “andere txikitxo gajoa” deitzen; amorratzen jartzen ninduen horrek. Astebete gabe, Sidi Bouzideko gobernaziopeko herriak matxinatu ziren: Djelma, Menzel, Bouzayène, Regueb, Mezzouna eta Meknassy. Tunisiako poliziaren tiroek zaurituak eta hildakoak eragin zituzten. Gazte batzuk odol hotzean erail izana ere ez zen nahikoa izan irrati eta telebista kate tunisiarren axolagabekeriarekin amaitzeko. Atsedenaldi bakarra izan nuen: Emel, nire laguna eta kantari konprometitua —gero hitz egingo dut berataz—, Tunisiara itzuli zenean hainbat kontzertu ematera. Emeli laguntzeak ideiak aldatu zizkidan.
Tunisian girl: |