|
Tunisian girl:
«404 ERROREA»
Baziren jada urte batzuk zentsuraren eta torturaren aurkako ekintza garrantzitsuak eta eraginkorrak gauzatzen hasiak ginela Facebooken eta Twitterren, sare sozialik garrantzitsuenak biak, baita gure blogetan ere. Gogoan daukat zentsurarekin izan nuen lehen harremana. 2008. urtea zen eta Estatu Batuetan nengoen, arabiera irakasten Fulbright programako beka baten bitartez. Blog bat sortu nuen nire orduko mutil-lagunarekin, Facebooken bidez ezagutu nuen kazetari disidente batekin, eta zentsuratu egin ziguten, Ben Aliren erregimenak tabutzat jotako gai politikoez hitz egitera ausartu ginelako. Amorratzen jarri nintzen, teklak jotzeari ekin, eta, ordu erdi geroago, hantxe neukan pantailan zentsuraren aurkako nire lehen idazkia. Sami Ben Gharbia-k, ziberekintzaile oso ezaguna bera, Global Voices Online-n argitaratzeko proposatu zidan, blogari boluntarioen talde batek nork bere blogosferan gertatzen direnak partekatzeko erabiltzen duen webgunean. Ez nuen zalantza izpirik izan. Hauxe idatzi nuen: «Internet erabiltzen duten tunisiarrek primeran ezagutzen dute “404 not found” dioen errorea, eta are pertsonaia birtual bat ere asmatu dute: Ammar 404 deitu diote eta zentsuraren guraizeez hornituta dago. Tunisian zaudenean, saia zaitez YouTube edo Dailymotion irekitzen: errore mezu hori jasoko duzu berehala! Al Jazeera-ko edo Alarabiya-ko albisteak jarraitu nahi badituzu, Tunisiako Interneteko Agentziak sentitzen du zerbitzu hori ematerik ez izatea. Tunisiarren eguneroko bizimodua eta arazoak hobeto ezagutu nahi badituzu bertakoen idatziak irakurriz eta, beraz, Tunisian News, aafaq-org edo nawaat.org bezalako orrialdeetara jotzen baduzu, sentitzen dugu berriz ere, baina ezin dizugu halako pribilegiorik eman. Tunisian dagoen atzerritarra baldin bazara eta lagun batek bere blogaren esteka pasatu badizu begiratu bat eman diezaiozun, sentitzen dugu, ezinezkoa da. Mundu osoan zehar zabaldu dira orain Tunisia barruko zentsurari buruzko berriak, batez ere Facebook sare sozialak jasandako zentsura eta gero. [.] Nire bloga ez da Tunisian zentsuratutako blog bakarra. Luzea da zerrenda. Oso egun gutxitan argituko du eguna blog bat edo bi zentsuratu direla jakin gabe: Astrubal, Mochageb, enne9ed, Samsoum, For Gafsa, Against Censorship, Free Word, Free Race, etab. [.] Zapalkuntzak, ordea, ez du aski zentsurarekin, horra arazoa. Harago doa, internautak atxilotzen dira, interpelatzen, espetxeratzen. [.]». Nire banakako lehen ekintza horren ildoari jarraituz, Facebooken zentsuraren aurkako kanpaina kolektibo batean hartu nuen parte. Hamasei egun geroago, sarea berriro zabaltzeko agindua eman zuen Ben Alik. 2008ko abenduaren bukaeran, israeldarrak Gazako zerrenda bortizki erasotzen ari zirenean —oldarraldi hartan ehunka zibil krudelki erail zituztelarik, aireko bonbardaketen bidez hasieran eta lurretik erasoan gero—, nik jazarpen horren aurkako manifestazio guztietan parte hartu nuen Tunisiako hiriburuan. Neguko oporretarako itzulia nintzen, eta krimen horiek salatzen nituen nire blogean. Manifestazio gehientsuenak debekatu edo zapaldu zituzten, nahiz eta gure erregimena ez zegoen Gazako gertakari haietan nahasita ere. Garai hartan, jakin nuen Tunisiako herritar batzuk izugarrizko bidegabekeria jasaten ari zirela ZABAren emaztearen familiakoen, Trabelsi famatuen, erruz. Buruan sartua zitzaien Goleta-ko El Bratel etxebizitza-guneko biztanleak beren etxeetatik kanporatu beharra zegoela, toki hartaz jabetu eta aparkaleku bat edo merkataritza-gune bat egiteko bertan. Hara joan ginen nire lagun kazetaria eta biok. Auzunea poliziaz inguratuta zegoen, eta makina handi batzuk etxe multzo bat eraisten ari ziren bizilagun indargabe eta txundituen begiradapean. Argazki batzuk ateratzen moldatu ginen, eta testigantzaren bat edo beste grabatzen. Gau hartan bertan, dena Interneten zintzilikatu nuenean, guztiek gaiaz paso egiteko eskatu zidaten, erotuta nengoela esanez. Baina neureari eutsi nion. 2009ko otsailean, Estatu Batuetan nengoela berriz, lagun birtual batek argitaratutako artikulu bat topatu nuen, gose-greban zeuden bost ikasleri buruzkoa. Gazteak protestan ari ziren Tunisko Unibertsitatetik kanporatuak izan zirelako UGET-Tunisiako Ikasleen Batasun Orokorraren barruan egindako lan sindikalagatik. Telefonoz mintzatu nintzen haiekin, ez zuten-eta Internet erabiltzerik. Sarean zabaldu nuen haien kanpaina, nire lagun Wissem-ek bidaltzen zizkidan albisteei esker. Wissem UGETeko militantea eta PDP-Alderdi Demokratiko Aurrerakoia izeneko oposizioko alderdi politikoko kidea zen, eta orduak ematen genituen Skype bidez hizketan. Gero, nik idatzi egiten nuen, eta gazteek bidaltzen zizkidaten argazkiak argitaratzen. Estatu Batuetako hainbat gobernuz kanpoko erakunderekin ere jarri nintzen harremanetan, eta haietako batzuek are laguntza-kanpainak antolatu zituzten. Grebak berrogeita hemeretzi egun iraun zuen; gobernuak, ordea, isilik jarraitu zuen beti. Ikasleen egoerak okerrera egin zuen. Haietako batzuk ospitalera eraman behar izan zituzten hainbat aldiz. Egunetik egunera gero eta handiagoa zen arriskua. Jendarte zibileko eragileek greba hura amaitzeko konbentzitu zituzten.
Tunisian girl: |