Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012

 

«NI FATMA NAIZ»

 

      Mohamed, bost gose-grebalari horietako bat, nire bikotekide bihurtu zen, eta Legebiltzarrerako eta Lehendakaritzarako hauteskunde-kanpainaren erdi-erdian, 2009ko urrian —22an zehatza izateko—, desagertu egin zen Frantziako irrati batzuetan elkarrizketatua izan ondoren. Nahasmendu hartan, Arabica agertu zen sarean, Fatma benetako izenez. Polizia kriminalaren deia jasoa zuen, blogean idatzitako post huts batengatik. Hirira etortzekoa zela jakinarazi zidan, eta haren bila joan nintzen. Orduantxe ezagutu nuen Leila, zonnar palestinarra zeraman andere adoretsua, lanbidez abokatua. Geltokian elkartu zen gurekin eta, hirurok batera, Djellaz-ko hilerrira joan ginen Naziha-ren hilobiaren ondoan Fatiha, Korana zabaltzen duen sura, irakurtzera. Militante feminista eta giza eskubideen aldeko ekintzaile bat zen Naziha, gaixotasunak hiru egun lehenago lapurtua ziguna. Fatma atxilotu zuten. Ordubete gabe, blog bat eta Facebookeko talde bat sortu ziren, baita Twitter kontu bat ere. Neuk egiten nituen Leila abokatuaren eta blogarien arteko zubi lanak. Mundu osoko internautek hartu zuten parte «Ni Fatma naiz» kanpainan. Mundu zabaleko milaka lagun eta nazioarteko egunkariak atxiloketa bidegabe hartaz mintzatu ziren eta Fatma aske utzi zuten, noiz eta egun gorrotagarri batean, azaroaren 7an, ZABA botereaz jabetu zen egunean.

      Mohamedi dagokionez, aldiz, katramilatsuagoa izan zen kontua. Blogariek laguntza kendu zioten, Tunisiako Langileen Alderdi Komunistako kidea zelako aitzakiarekin, legez kontrako alderdi batekoa, alegia. Bakarrik jardun behar izan nuen, urtebetez soldatarik gabe utzi ninduten arren, horrela isilduko nindutelakoan. Harremanetan jarri nintzen abokatuekin, lider politikoekin eta nazioarteko gobernuz kanpoko erakundeekin, eta Interneten milaka pertsona mobilizatzea lortu nuen, ez soilik Mohamedi laguntzeko, baizik eta beste hogei ikasleri ere: eserialdi batean atxilotuak zituzten, Unibertsitateko ikasle-egoitzan emakumezkoak ere onartzeko eskatzeagatik. 2010eko urtarrilaren 1ean askatu zuten Mohamed, espetxean bi hilabete eta hamar egun pasatu eta gero.

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012