|
Tunisian girl:
SARRERA
Elektroi librea izan nahi duela diosku Lina ben Mhennik bere liburu honetan —ez duela inongo atomo, ion nahiz molekulari atxikirik egon nahi, beraz—, ez duela inolako alderdi, erakunde, edo taldetan sartu eta jardun nahi, esan beharko genuke, fisikatik politikarako itzulpena eginez. Espainian gertatutako trantsizioan Linak orain duen adintsuan ginenok oso bestelako printzipioetan hezi ginen gai horri zegokionez: teoria iraultzailerik gabe ez zegoela mugimendu iraultzailerik, eta iraultzak, benetakoa izango bazen, abangoardia antolatu bat behar zuela, alderdi benetan iraultzaile bat, zentralismo demokratikoan oinarritua, edo fronte nazional bat zela, abangoardia armatuak gainerako erakunde eta alderdiekin osatua —eta bere gidaritzapean, noski-- boterea eskuratu behar zuena, etab., etab., juxtu Neska tunisiar honek aldarrikatzen duenaren alderantzizkoa (A Tunisian Girl blogean bere burua hala izendatzen duenez gero, zilegi dirudi bera hala aipatzea). Tresna edo tramankulu motel irizten die alderdi politikoei liburutxo honetan. Askoz tresna azkarrago, arinago eta hurbilagoak zaizkio blogak, facebook eta twitter. Ez dago dudarik Interneteko tresna hauek “beren tornuia” eman diotela herrialde arabiarretan eta ekialde hurbilean oro har gertatutako erregimen-aldaketei. Mark Zuckerbergek berak aitortu zuen, hala ere, “udaberri arabiarra” deitu zaion horretan berak sortutako sare sozialak izandako eragina eta pisua erlatibizatu beharra zegoela, eta, batez ere, “iraultza” horien nondik norakoa ez zegoela inola ere sare sozialaren erabilerari egozterik (ez dakigu bere irudia salbatzeko ala benetan arazoaren muinaz jabeturik umiltasunez egin zituen adierazpen horiek): “Nire ustez, Facebook ez zen izan ez beharrezko ez aski, hitzordu horietako edozein gauzatzeko. (“Udaberri arabiarreko” hitzorduei buruz, 2011 25/5eko adierazpena). Dena dela, Golkoko Gerran aukera izan bagenuen botereak informazioa manipulatzeko telebista nola erabili zuen ikusteko, oraingoan zapalduek protesta antolatzeko teknologia berriak nola erabili dituzten ikusi ahal izan dugu, eta, horrekin batera, noski, botere politikoa zeukatenak nola saiatu diren barne-ministerioetatik tresna berri horien erabilera oztopatzen, murrizten edo besterik gabe galarazten. Hala ere, politika-azterlariak bat datoz honako honetan: “sare-sozialen armategi berriek Tunisiako iraultza azkartzen lagundu zuten”. Horregatik, arrazoi du Yves Gonzalez Quijanok ohar hau egiten duenean: “Badirudi gertaeraren berritasuna ‘arabiar’ izatean baino gehiago beste honetan datzala: “iraultza 2.0” hauetan sare sozialak erabiltzeak politikari dimentsio berri bat ematen dion aro bati hasiera eman diola”. Hori du, hain zuzen ere, XXI. mende hasierako burrunbada honek ezaugarri berezia: sare sozialak entretenimendu gisa erabili ahal izateaz gain, erabilera politikoa eta are “iraultzailea” ere egin daitekeela. “Behera erregimena!” oihu bateratzailearen uhinak aise hedatu dira herrialde batetik bestera, eta 2010. urte osoan zehar entzun ditugu ehunka eta ehunka manifestaziotan, eta, azkenean, ederki kostata —milaka dira hildakoak eta zaurituak—, diktadoreak ihesean jarri dituzte (Ben Ali, Tunisian), (Ali Abdullah Saleh, Yemenen), mendebaldeko potentzien laguntzari esker garbitu (Muammar El Ghaddafi, Libian), “justizia”ren eskuetan jarri (Hosni Mubarak, Egipton), eta ezinean dihardute oraindik ere Baxar El Asad boteretik bota nahian, Sirian. Esan daiteke, beraz, erregimen horietako batzuk eraitsi edo suntsitu dituztela eta hauteskunde libreetarako oinarriak jarri. Bestalde, erregimen-aldaketarik izan ez den herrialdeetan ere, eragina ez da nolanahikoa izan, esate baterako Jordanian edo Bahreinen. Epe luzera begira, ziur aski, eragina askoz handiagoa izango da orain komunikabideetan bigarren maila batean gelditu diren beste hainbat herrialdetan, hala nola, Dubai, Saudi Arabia, Qatar edo Palestinan. Hori guztia Tunisian hasi zen, Sidi Bouzideko herrixkan. Hor piztu zen iraultzaren txinparta, Mohamed Bouazizik abenduaren 17an bere buruari su eman, eta urtarrilaren 4an hil zenean. Ez zen bakarra izan halako erabaki latza hartu zuena, ez eta lehena ere. Lina ben Mhennik berak aipatzen ditu kasu gehiago, aurretik gertatuak. Eta, batez ere, ez zen izan Tunisiako erregimen-aldaketarako bere odola isuri behar izan zuen bakarra: “Lortu al dituzte zuen herriek iraultza horietan beren helburuak?” galdetzen zien kazetari batek lau emakumeri Genevan egindako eztabaida batean. Linak erantzun garbia eman zion: “Nire ustez, ez”. Eta han-hemen parte hartu duen hainbat eztabaida, mahainguru eta abarretan garbi utzi du En-Nahda mugimendu islamistak oraintxe bertan jarraitzen duela manifestazioak galarazten, adierazpen-askatasuna oztopatzen, eta eskubide zibilei eta mugimendu laikoei gogor egiten. Are gehiago, apirilaren 22an Bilbon izan zenean, “dictature” hitzaz definitzen zuen Tunisiako oraingo egoera. Giza Eskubideak eta Demokrazia izenburua zuten jardunaldi batzuetan (martxoaren 15ean Genevan), garbi adierazi dute bai Lina ben Mhennik eta bai Mahmoud Salemek “facebook iraultza” edo “internet iraultza” eta horrelako izendapenak erabat desegokiak direla, eta jendeak beren odolarekin egindako iraultzak izan direla, bere baldintza jasanezinen aurrean altxa, eta bizia arriskatuz —eta kasu askotan galduz— burutuak. Diktadorea bota eta gero, ordea, trantsizioaldian hauteskunde libreak egin dira, eta beste leku askotan bezala Tunisian ere islamistek lortu dute gehiengoa. Eta konstituzioa idazten hasi direnean sortu dira lehenbiziko tirabirak: ea xariak —Koranean oinarritutako lege islamikoak— izan behar ote zuen zuzenbide iturri ala ez. Momentuz badirudi bide hori baztertu egin dela, baina, hala ere, badirudi eztabaidaezina dela Tunisiak, herrialde gisa, bere burua herrialde musulmantzat aitortzea. Eta hori gertatzen ari denean, uste dut gure blogariak, hemen orain dela ia hogeita hamabost urte Lluis Llach-ek 1978ko Konstituzioari buruz egindako: No era aixņ, companys no era aixņ kanta ospetsu hartan bezala esan beharko duela.
Ez zen hori, lagunok, ez zen hori, hainbeste gaztek beren odolaz lortu nahi zutena, ez zen hori hainbeste negar eta hainbeste sufrimenduz iritsi nahi genuena, berriro ere ausardia beharko da esateko: “Ez zen hori, lagunok, ez zen hori”.
Xabier Olarra 2012ko udaberria
Tunisian girl: |