Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012

 

TUNISIAN GIRL

Udaberri arabiarraren
aldeko blogaria

 

 

 

 

Martiriei

Askatasuna maite dutenei

Aitari, nire bizitzako gizonari

Amari, bitan ekarri bainau mundura

Anaiari, nire bizitzan egoteagatik

Leilari eta Abdennaceur-i, iraultza egunetan
nirekin egon zirelako, ni bezain larriturik biak

Blogariei eta ziberekintzaileei, sinesteagatik, ekiteagatik

Nire adiskideei

Diktadore zoroen espetxeetako ziegetan usteltzen diren iritzi-presoei

Udaberri arabiarraren alde borrokan ari diren herri arabiarrei

Herri zapalduei, nonahi daudela ere

Bakeari, askatasunari, hitz askeari

 

Nire gaixotasunari, asko erakutsi baitit...

 

 

      Blogaria naiz eta blogaria izango naiz beti. Ziur dakit hori orain, liburu honetara ekarri nahi ditudan gertakariak jazo zirenetik hilabete gutxi batzuk baino pasatu ez diren honetan.

      Ikusten dut zer gertatzen ari den Tunisian 2011ko urtarrilaren 14az geroztik, gainetik kendu genuenetik gure zama hura, ZABAren amesgaiztoa, hala esaten genion-eta ezizenez Al-Albidin Ben Ali-ri, 1987ko azaroaren 7az geroztik Tunisiako lehendakari diktadorea izandako horri. Ben Ali joan egin zen, baina gauza, jende eta ohitura asko utzi zituen atzean, indarkeria asko.

      Elektroi librea naiz eta halaxe izan nahi dut beti. Interneteko ekintzaile naizenetik, jendeak maiz esan dit ez duela ulertzen nola ez naizen alderdi politikoren batean kidetzen: «Bakarrik ez duzu ezer ere lortuko». Baina neure eskarmentuak alderantzizkoa erakutsi dit. Alderdi politikoak ezagutzeko aukera izan dut, alderdietako liderrekin elkartu naiz eta egiaztatu ahal izan dut haien metodoak ez direla eraginkorrak, haien lan guztia salatzea dela, hitzaldiak eta bilerak antolatzea. Sekulako denbora pila galtzen dute beren artean borrokan, lider izateko liskarretan, eta gazteak mendean hartzea besterik ez dute espero orain. Boteretik aparte jarraitu nahi dut. Gu, blogariok, libreak gara, erakunde batean elkartzeari ezetz esan diogu beti, baten batzuk gu halakoetan sarrarazten saiatu diren arren. Elkartzea onartu baldin badugu inoiz, Beiruteko 2008ko eta 2009ko Blogari Arabiarren Topaketetan egin genuen bezala, geure esperientziak partekatzeko baino ez da izan. Alderdi batean, mugatua da denbora, engaiatu egiten zara, lotu, kateatu, agenda politikoari jarraitu behar diozu, ez duzu jada berehalakoan erantzuten, di-da. Arauak daude, protokoloak, mugak. Elektroi libreak ez du mugarik. Blogari bat mila aldiz eraginkorragoa eta azkarragoa da. Ziberaktibismoan, nork bere modura laguntzen du, eta jende guztiak laguntzen du guztian, iraultza tunisiarrean gertatu zen bezala. Tunisiar guztiak izan dira iraultzako ekintzaile, inor ez zen lider izan, denak ziren liderrak, nor bere moduan.

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012