|
Tunisian girl:
ABOKATUA ETA PROSTITUTA
Abenduaren 25ean, UGTT-Tunisiako Langileen Batasun Orokorreko sindikalistek Sidi Bouzideko eskualdeko biztanleen alde hiriburuan antolatu zuten lehen manifestazioan parte hartu ondoren, heldu berriz teklatuari, eta honako hau idatzi nuen nire blogean: «Gaur, Sidi Bouzideko biztanleen saminarekin bat egitea erabaki dut. Facebooken adierazitako tokira iritsitakoan, ez naiz harritu manifestazioa abiatzeko zen leku hartan polizia gehiago ikusita manifestariak baino. 11:00etan, manifestariak oihuka hasi dira Sidi Bouziden gertatzen ari dena salatzeko eta, gero, sindikalista batzuek hitz egin dute, Sidi Bouzideko sindikalista batek bereziki, eskualde hartako egoera zertan den azaltzeko. Hitzaldiak bukatu bezain laster, manifestariek Tunisko kaleetan barna joan nahi izan dute. Poliziak bidea itxi die eta horrek bultzadak eta liskarrak ekarri ditu. Manifestariak, dena den, Mongi-Slim kalean zehar aurrera egiten moldatu dira, oihuka eta himno nazionala kantatuz etengabe. Poliziek manifestariak bultzatu dituzte behin eta berriz, jendea zakar irainduz eta are baten batzuk astinduz ere. Mongi-Slim kalea pasatuta, manifestariek Teinturiers kalea hartu dute, eta liskar bortitzak piztu dira han. Lagun batzuk zapalduak izan dira eta poliziek gazte bat jipoitu dute zakarki. Manifestariek atzera egin dute, poliziak hala beharturik. [.] Gero, jende guztia Mohamed Ali plazara itzuli da, eta han ikasle batzuek Tunisiako Ikasleen Batasun Orokorraren himnoa eta Marcel Khalifa-ren abestiak kantatu dituzte, baita Internazionala ere». Manifestazio buruan zihoazen bi emakumeren aurpegiak oroimenean iltzatuta gelditu zaizkit betiko. Estatus sozial ezberdineko bi emakume, helburu berberak elkartuta eta kemen berberaren jabe. Gogoan daukat lehena, ile hori, tindatu eta kizkurreko emakumea, eta nola galdu zuen zapata manifestarien eta poliziaren arteko bultzadetako batean. Abdallah Guech hiriburuko putetxeko prostituta zen, handik gutxira, Ben Alik urtarrilaren 14an ihes egin eta gero, integristek jipoituko zutena. Bigarrena, nire lagun abokatua, Leila, egun hartan benetan bikain aritu zena: zangoetako arazoa ahaztu, manifestazio bururaino ailegatu, eta polizia-lerroa zeharkatu zuen. Leilaren irudia, atzerriko telebista batzuei esker, mundu osoan zehar zabaldu zen. Tunisen bi egun geroago, hilaren 27an, astelehenean, egin zen manifestazioa zela eta, hauxe idatzi nuen nire blogean eta Facebookeko horman: «[.] Amorruaren lehen erakustaldian baino manifestari gehiago bildu dira oraingoan. Jendeak batera abestu du himno nazionala, aho batez goratuz ahots matxino guztiak. Gero, oihuka eta garrasika hasi gara, lanerako, duintasunerako eta askatasunerako gure eskubideak aldarrikatzeko: “Lana, askatasuna, duintasun nazionala!”, “Zuek lapurrak, lana da gure eskubidea!”, “Zu herritarra, zu zapaldua, egin ezazu gurekin bat!”, “Zu, polizia hori, zu, zapaldu hori, etor zaitez gurekin!”». Biharamunean, 2010eko abenduaren 28an, abokatuek ekin zioten. Justizia Jauregiaren aurrean, togaz jantzita, pankartak astindu zituzten. Leloak, honakoak: «Bizitzaren aldeko abokatuak gara»; «Redeyef, Ben Guerdane, Sidi Bouzid: hasia da atzera-kontua». Esloganak politikaz jantzi ziren. eta herri zapalduak orduantxe uxatu zuen beldurra. Orduantxe altxatu zen andere xahartuxe hura, sefseria, zeta zuriko jantzi tradizionala soinean, eta hitzaldi sutsu hura bat-batean bota. Abokatu batzuek aulki baten gainera igotzen lagundu zioten eta, une hartantxe, herriak hartu zuen hitza. Andere xume haren hitzak izugarri adierazgarriak izan ziren: ZABAren emazte Leilak eta Trabelsi familiak herri tunisiarrari jasanarazten zizkioten sufrimenduez hitz egin zuen. Hasteko, luze mintzatu zen bere oinazealdiaz, bere semeaz, ikasketak izan arren lana ezin aurkituz zebilen gazteaz, eta gero ustelkeriaz eta nepotismoaz hitz egin zuen. Txalo zaparrada berez etorri zen, ikaragarria, bihotz-bihotzetik sortutakoa. Berehala argitaratu nuen Facebooken andere adoretsu haren bideoa, eta talde batzuek segituan zabaldu zuten. Sekulako buzza sortu zen! Baina gero, arratsaldean, Abderrauouf Ayadi eta Chokri Belaid abokatuak bahitu zituztela jakin genuen. Berria Twitterren eta Facebooken sartu nuen ziztuan. Gauean, poliziak Justizia Jauregiko elektrizitatea moztu zuen, handik aterarazi nahirik lankideak babesteko eserialdi batera bildutako abokatuak. Ezin diot eutsi eta nazkaz zipriztindutako atsegin handi batekin ekarriko dut hona ZABAk egun hartan bere katetik, TV-7tik, gure gozagarri eskaini zigun berriketa irrigarria: «Gertakariok hartu duten garrantzi neurri gabea, aberriaren onura nahi ez duten zenbait sektoreren manipulazio politikoari egotzi beharra zaio, atzerriko telebista kate jakin batzuetara jo baitute eta kate horiek egiaztatu gabeko baieztapen gezurrezkoak zabaltzen ari dira, dramatizazioan [.] eta Tunisiaren aurkako difamazio mediatikoan oinarriturik». Horrez gain, bendaz estalitako momia baten oheburuan ikusi behar izan genuen lehendakaria, Mohamed Bouaziziren gorpua zela sinetsarazi nahirik. Tunisiarrak, halako eszenaratze iraingarrietara ohituta, berehalaxe konturatu ziren lehendakaria derrigorrezko mantal esterila jantzi gabe sartua zela zainketa berezien eremuan... Biharamun goizean, bahituriko bi abokatuak askatu zituztela jakin genuen. Leila zauritu egin zuten poliziaren eta abokatuen artean Justizia Jauregian izan zen borrokan. Ia ahaztu egin zitzaigun Urtezahar eguna zela. Abenduaren 31n, berandu gauean, Leila bere ohean minez intzirika zegoela, janaria erostera atera nintzen, baina, ezertarako bihotzik ez nuenez, Leilarentzako arrosa sorta eder bat baino ez nuen erosi. Besterik ez!
Tunisian girl: |