|
Tunisian girl:
ZIBERPIRATEN ERANTZUNA
Gure borroka nazioarteko bihurtu zen, eta zibernautak, Tunisiari begira, gure ekintzei begira jarri ziren nonahi. Anonymous nazioarteko ziberpiraten taldekoek opari ederra egin ziguten 2011ko urtarrilaren 2ko arratsean: sarean erasoan sartu baino lehen abisu bat plazaratu zuten beren web-orrialdean, Tunisiako Gobernuari zuzendua. Mezuaren izenburua, honakoa: Mendeku operazioa. Goian, itsaslapurren ontzia, garezurdun bandera beltza agerian, eta hitz hauexek amaieran: «Anonymous gara; adierazpen-askatasunaren aldeko abatar suminduak; demokraziaren sistema immunitarioa gara». Taldearen gutunak honela zioen: «Egiaren ordua etorri da. Jendeak askatasunez hitz egiteko garaia, munduko bazter guztietatik adituak izateko garaia. Tunisiako Gobernuak oraina kontrolatu nahi du gezurrekin eta informazio faltsuekin, herritarrei egia ezkutatuz etorkizunaren bilakaera aldaraziko duelakoan. Baina gu ez gara horren aurrean isilik geldituko. Anonymousek herri tunisiarraren askatasun oihua entzun du. Zapalkuntzaren kontrako borrokan lagundu nahi dio». Leilak eta biok, gure pantailei lotuta beti, zuzenean eta pozari eutsi ezinik jarraitu genituen hacktibista haien erasoak: gobernuaren webguneren bat jo eta hondoratzen zuten bakoitzean, gunea erabilezin gelditzen zen. Txaloka hasten ginen, ziberpoliziek gure guneekin antzera jokatu zuten aldi guztiak gogoratuz. Diktaduraren erantzuna gupidagabea izan zen: ziberekintzaileak atxilotu eta Facebookeko eta posta elektronikoko kontuak —neureak tartean— pirateatu eta itxi zituzten. Hamadi Kaloutcha, Chams Eddine Ben Jemmaa, Azyz Amami, Slim Amamou eta beste batzuk begien itxi-ireki batean identifikatu zituzten, eta Barne Ministerioko ziegetara bidali. Urtarrilaren 6an izan zen, gure lagun abokatuek beren greba egiteko aukeratu zuten egun berean. Justizia Jauregian, poliziek ez zidaten sartzen utzi nahi izan, baina borroka hilabete haietan guztietan zehar, ni aldatua nintzen. Hasieran, gorritu egiten nintzen, hitz egokiak aurkitu ezinik. Ordurako, neure buruaz ziurrago nengoen, blogari baten benetako eginkizunaz jabetua bainintzen: han nengoen argazkiak hartzeko, bideoak filmatzeko, testigantza emateko, ZABAri leial zirenek egotziko zizkiguten zorakeria guztiak ezeztatzeko. Sekretei begietara tinko begiratu, eta espero ez zuten erretolika bota nien, esanez epaitegia toki publikoa zela eta inork ez zuela ez eskubiderik ez ahalmenik jendea hara sartzen ez uzteko. Leilak, irribarretsu eta lasai baina oldarkor samar aldi berean, pitin bat bultzatu ninduen, eta sartzea lortu nuen. Atondoan, togaz jantzitako ehun bat abokatuk pankartak astintzen zituzten umiliazio hura salatuz. Grebalarien artean, erregimenari leial izateagatik ezagunak ziren abokatu batzuk ere bazeuden, igartzen hasia zen erabateko aldaketaren adierazgarri-edo. Kazem Xebbi tunisiar poeta handiaren bertso bat kantatu zuten aho batez eta hainbat bider, ondotik etorri ziren iraultza arabiar guztietako himnoa bihurtuko zena: «Herria inoiz biziko bada, lan egin behar patuak, ilunpe latza aienaturik, hautsirik kate gogorrak». Zibilez jantzitako polizia batzuek, lehenago ere behin baino gehiagotan ikusitako horiexek, nire mugimendu eta keinu guztiak zelatatzen zituzten. Argazkiak eta bideoak salbatzearren, Justizia Jauregiko liburutegian babestu nintzen, eta han, Internetera USB-giltza baten bidez konektaturik, di-da jaitsi nituen bideo guztiak eraikinetik atera baino lehen. Urtarrilaren 8an aspaldi-aspalditik itxaroten nuen abagunea iritsi zen: Sidi Bouzidera bertara joateko aukera suertatu zitzaidan, Mohamed gaztea — bere buruari su eman ziona— bizi zen herrira, alegia. Kazetari frantziar batzuk fixeur baten bila zebiltzan, haiekin batera joateko bai herri hartara bai Kasserine-ra, bertan ere indartzen ari zelako erreboltaren burrunba. Nire zorte onagatik poz-pozik nengoela, ziztuan joan nintzen Les Berges du Lac hotelera haiekin elkartzera, han hartua baitzuten ostatu. Hara hurbiltzen ari nintzela, nire itzal kuttunak ezagutu nituen, polizia taldetxo bat. Afarian, biharamun goizean abiatuko ginela erabaki genuen. Kanpo Komunikaziorako Tunisiar Agentziak, kontrol lanez arduratzen zen erakundeak, izendaturiko gizon bat eramango genuen bizkarzain: filmatu ahal izateko jarritako baldintza.
Tunisian girl: |