Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012

 

2010eko MAIATZAREN 22a

 

EGUN INFERNUTARRA
AMMAR 404rentzat

 

      Nire iritziz, gure iraultzaren une erabakigarria izan zen horri helduko diot orain: 2010eko maiatzaren 22a. Egun hartan, blogariok eta facebookzaleok zentsurari zuzenean aurre egitea erabaki genuen manifestazio bat antolatuz Tunisko hirigunean bertan. Buruan hartua genuen egun benetan infernutarra biziarazi nahi geniela ZABAri eta haren seiehun ziberpoliziei, Komunikazio Ministerioaren barrutik lanean ari ziren-eta guri erasotzeko, Tunisiako Interneteko Agentziarekin bidegabeki bat eginda. Giroa gero eta larriagoa zen, inoiz ezagutu ez bezalako zentsura zabaldu zelako sarean. Ehunka ziren zentsuraturiko blogak, Facebookeko gure profiletako argazkien ordez itsasontzi pirata baten irudia agertu zen, eta albisteei buruzko orrialdeak, eta bideoak nahiz argazkiak behera kargatzeko orriak, Flickr, Wat TV bezalakoak, blokeatuta zeuden. 2010eko apirilaren erdialdera, indarrez sartu ziren gurasoen etxera, lapurtzera, egun argiz. Nire bi ordenagailu eramangarriak, bideo- eta argazki-kamerak, kanpoko disko gogor bat eta hainbat DVD eraman zituzten, baita amaren bitxiak ere. Berehala ulertu nuen polizia politikoaren lana izan zela.

      Une hartantxe erabaki genuen ekintzak bultzatzen hastea. Skypen hizketan hasi zen guztia; gero, di-da, talde itxi bat sortu genuen Googlen. Bertan taldearen hasierako sortzaileek gonbidatutako internautak bakarrik sar zitezkeen. Jatorrizko muin hartan hogei bat lagun geunden: Slim, Sofiene, Yassine, Hana, taldeko gaztetxoena... Eta ondoren baizik ez genuen hitzordurik egin bizitza errealean, elkar ezagutu eta gure ekintzak erabakitzeko. Manifestazio handi eta baketsu baten alde bozkatu genuen, maiatzaren 22rako. Egitekoak banatu genituen. Zereginak iragartzen genituen eta segituan etortzen zen boluntarioen erantzuna: neuk kontu bat irekiko dut Twitterren; nik, orrialde bat Facebooken; nik bideoak grabatuko ditut, beste batek; nik, argazkiak. Manifestazioari berari dagokionez, berriz, legezko tramite guztiak gordetzea erabaki genuen, abokatuei galdetuta. Taldeak Slim eta Yassine izendatu zituen manifestaziorako baimen eskaria eramateko Barne Ministerioaren egoitzara. Egun hartan haiekin joan nintzen. Slimek bere autoko giltzak eta sakelako telefonoa utzi zizkidan. Ministerioko egoitza beldurgarritik gertu samar zegoen kafetegi batean gelditu nintzen zain, eta handik ikusi nuen nola hurbildu ziren nire bi lagunak ateraino eta nola esan zieten ondoko kale batera joateko. Ordubete geroago itzuli ziren. Korrika abiatu nintzen Slim eta Yassinerengana, eta jakinarazi zidaten ministerioak eskaria tramitazeari uko egin ziola eta Hiriko Gobernazioaren egoitzara bidali zituztela, baina han ere ez zutela eskaria hartzerik onartu. Orduan, komunikatu bat idaztea erabaki genuen: nik arabierazko bertsioa idatzi nuen, eta Hanak, frantsesezkoa. Egunkari bakar batek ere ez zuen argitaratu.

      Biharamunean, Slimek deitu zidan galdezka ea Barne Ministerioari zuzendutako agiri berri bat sinatuko ote nuen haiekin biekin batera. Ez nuen zalantza izpirik izan eta baietz esan nion berehala. Manifestazioaren bezperan, haiekin elkartzekoa nintzen azken xehetasunez mintzatzeko, baina telefonoz ari ginela betiko kafetegian elkartzeko hitzordua finkatzen, irudipena izan nuen telefonoa zulatua zigutela eta braust eten nuen gure hizketaldia. Gero, mezu bat bidali nion biltzeko lekua aldatzeko eskatuz. Ordu batzuk geroago, halere, Slim ez zen hitzordura agertu, eta deitu nionean, erantzungailua piztu zen. Geroxeago, Yassinek deitu zidan, eta beste hitzordu bat adostu genuen. Eta berdin gertatu zen: Yassine desagertu egin zen. Hanak eta biok beste komunikatu bat prestatu genuen, Slimen eta Yassineren bahiketak salatuz eta, oraingoan, Tunisiako Giza Eskubideen aldeko Elkartera eraman genuen, elkartearen sorreraren urteurrena ospatzen ari ziren egun berean, hain zuzen. Ondoren, etxean, bideo bat grabatu nuen lagunen atxiloketa eta agintarien isiltasuna salatzeko, eta manifestazio-deiari eusten niola azaltzeko. Ez nuenez sartzerik ez nire posta elektronikora ez Facebookera, ziberkafetegi batetik zintzilikatu nuen bideoa, poltsikoan neramatzan bi dinarrak gastatuz. Ezin nuenez Internet erabili, ezin izan nuen jakin Slim eta Yassine gau hartan bertan askatu zituztela. Bideo batzuk grabarazi zizkieten, manifestazioa bertan behera uzten zutela iragartzeko.

      Manifestazioaren egunean, maiatzaren 22an, hiriaren erdialdean, hasierako hogei horiek milaka bihurtu ginen, kamiseta zuriz jantziriko jendetza handi bat. Hauxe zen gure B plana: kamiseta zuriak jantzi eta erdiguneko kafetegiak betetzea, baldin eta poliziak gu uxatzen hasten baziren elkarretaratzea galarazteko. Ez genuen sekula ikusi hainbesteko polizia-mugimendurik, hainbeste sekreta nonahi. Gogoan daukat egun hartan bazela futbol partida handi bat, eta poliziak han ere egon beharko zukeela; Ben Alik, halere, guztiak mugiaraziak zituen guri aurre egiteko. Ikuskari hura barregarria zen, baina tristea ere bai, aldi berean: polizia jendea jotzen ikustea, zergatik eta kamiseta zuriak janzteagatik! Gure betiko kafetegian elkartuak ginen mahai baten inguruan, Barne Ministeriotik ehun metro eskasera zegoen kafetegi ziztrin hartan, eta, halako batean, ni erabat ezustean harrapatuz, bi lagunek, Moudhafer-ek eta Helmi-k, pastel bat eta bi liburu eman zizkidaten opari: guztiz ahaztua zitzaidan nire urtebetze eguna zela. 27 urte...

      Hiru hilabete geroago, berriro ekin genion. Zentsura gure etsaiaren aurkako Flashmob batekin. Interneten eta gure sareen bitartez mobilizatu ginen orduko hartan ere. Kamiseta zuria jantzi behar genuen denok eta, eskuetan, machmoum bana eraman, hau da, jasmin sorta bana, eta talde txikietan ibili Sidi Bou Saiden barna. Bertako giro goxoak eta bugainbileek, eta tea mendarekin eta gazela-adarrak zerbitzatzen dizkizuten kafetegiek famaturiko herria da Sidi Bou Said, baina Tunisia iparraldeko txoko hartara trenez iritsitakoan, polizia talde batek atzera egitera behartu gintuen eta, Tunisko geltokira ailegatu ginenean, zorabiatzekotan egon nintzen ofizial batek, gure artean torturatzaileen errege deitzen genuen harexek, bere taldeari esan zionean gazte guztiek handik alde egitea nahi zuela; guztiak ni izan ezik! Zurrumurruek ziotenez, hainbat ikasle bortxatuak zituen bere ibilbidean. Jazarpenari aurre eginez eta oihuka, jendea guregana inguratzea lortu genuen eta, azkenean, gure lagun blogariekin elkartu ahal izan ginen: La Marsa ondoan ari ziren afaltzen eta, bukaeran, flashmob txiki bat antolatu genuen hantxe bertan. Egitekoa egina!

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012