Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012

 

NIGHCLUBBEUSE-tik TUNISIAN GIRL-era

 

      A zer bidea egina genuen gure teklatu, gure blog eta gure sare sozialak izanik arma bakarrak! A zer bidea, bai, abiaburuan Nighclubbeuse bloga izan zuena, bolada batean Crazy Thoughts bihurtu zena, eta gero, A Tunisian Girl izenaz birbataiatu nuena, Mauritaniako lagun batekin Beiruteko 2009ko Blogari Arabiarren Bigarren Topaketan izandako hizketaldi baten ondoren!

      Askotan etortzen zait hori burura neure ibilbidea nire gurasoenarekin lotzen dudanean orain. Ekintzaileen familia batean jaio nintzen. Aitak espetxean eman zituen bere gaztaroko sei urte, 1974tik 1980ra arte. Ezker tunisiarreko militantea izan zen Burgibaren garaietan. Oso goiz ikasi nuen aise bereizten torturak haren gorputzean utzitako arrastoak. Ama, irakaslea, UGET-Tunisiako Ikasleen Batasun Orokorreko militantea izan zen. Etxean, ez ziren ikusten Tunisiako telebista kateak ni txikia nintzelarik ematen zituen telesail egiptoar edo mexikar haiek, luzeak eta hutsalak, ezta tunisiar gehienek hain interes biziarekin jarraitzen zituzten futbol partidak ere. Palestinarren eta israeldarren arteko gatazka, Golkoko gerra eta Bosniakoa: testuinguru horretan hazi nintzen. Gogoan dauzkat oraindik Berlingo harresiaren suntsipena eta Sobietar Batasunaren desegitea. Umetako nire lehen oroitzapenak 1987ko azaroaren 7koak dira, ZABAk estatu-kolpea eman eta Habib Burgiba erretirora bidali zuen egunekoak. Lau urte nituen. Oroimenean iltzatuak ditut ere En-Nahda mugimendu islamistaren zaleen indarkeria, azidoa erabilita egiten zituzten erasoak. Eta gogoratzen naiz nola miatzen nuen gurasoen liburutegia, aitaren abizena, preso egon zen denbora eta espetxearen izena agertzen ziren liburuen bila. Eta idatzi egiten nuen. Oso goiz, egunkari bat idazten hasi nintzen. Nire gogoetak eta sentimenduak idazten nituen bertan. Horrez gain, jendartearen gaitzak ere azaltzen nituen, nik ikusten nituen bezala.

      Inondik ere aski dirudunak ez izan arren, gurasoek liburuak erosten zizkidaten beti, eta zinera, antzerkira eta kontzertuetara eramaten ninduten. Eta are bidaiak eginarazten zizkidaten ere. Teknologiako eta aisialdiko gailu berrienak erosten zikidaten; beraz, oso goiz izan nuen nire lehen ordenagailua. Garbi gogoratzen dut mahairako lehen ordenagailu handi hura. Argazki, bideo eta testuen mundu liluragarria ezagutzen hasi nintzen. Batxilergoko azken azterketak prestatzen ari nintzela eduki nuen eskura Internet. Ate bat ireki zen munduari zabalik. Blog kontzeptua kasualitatez aurkitu nuen: aldizkari orokor bat irakurtzen ari nintzela, neska japoniar baten blog batez ziharduen artikulu bat topatu nuen. Ideia hark zoraturik, proba egin nahi izan nuen. Nahikoa izan zen Interneten bilaketa llabur bat egitea nire bloga sortzeko plataforma bat aurkitu ahal izateko: Skyblog. Nire lehen blogak Nali83 zuen izena. Nire izenaren letrak, alderantziz jarriak, gehi jaiotze urtea, besterik ez. Blogspot-era aldatu nintzen laster, errazagoa eta nire beharretarako egokiagoa. Garai hartan maiz joaten nintzenez Gammarth eta Hammamet-eko modako dantzalekuetara, nire blog berria Nighclubbeuse deitu nuen, nahiz eta bertan jada aipatzen nituen nire ustez interesgarriagoak ziren gaiak: arazo sozialak eta pertsonen grina gaiztoak. Hala errepideetako zuloez eta trenen atzerapenez nola ikastetxeen egoeraz edo administrazioaren gehiegikeriez hitz egiten nuen.

      Blogari tunisiarren munduan benetan sartzen hasi nintzen orduan. Egunero irakurtzen nituen. Luma batzuen ausardiak —hum... teklatu batzuena esango nuke nik!— txunditu egiten ninduen, blogari batzuen idazkerak, berriz, liluratu; testu gehienetan, hitz lauz zein bertsotan, salaketa eta errebolta ziren nagusi. Gero, Facebooken sartu nintzen, are zoragarriagoa den sare sozial horretan. Hori ere kasualitatez etorri zen: Facebooken profila sortzeko gonbidapen bat jaso nuen postontzian, batek daki nola. Gustukoa izan nuen kontzeptu hori, mundu osoko lagunen sare bat osatzeko aukera hori, artikuluak argazkiak, bideoak partekatu ahal izatea, baita lagun horiekin guztiekin zuzenean txateatu ahal izatea ere. Berehala erantsi nituen aurretik ezagutzen nituen lagunak, eta gero “nire lagunaren laguna nire laguna da” delako fasera igaro nintzen. Orduantxe ezagutu nituen, modu birtualean, jakina, giza eskubideen defendatzaileak eta oposizioko alderdi politikoetako kideak. Facebooken bitartez, aukera izan nuen izenez ezagutzen nuen jendearekin mintzatzeko, oposizioko bi egunkarietako batean edo bestean agertzen zen jendearekin, edo El Hiwar Ettounsi telebista katean, erregimen tunisiarraren mende ez zegoen kate bakarrean, albisteetan ikusitakoekin. Baten batzuekin, aurrez aurre bildu nintzen. Hala, kazetari disidente bat ezagutu nuen —nire bikotekide bihurtuko zena— eta blog bat sortu genuen elkarrekin, Farda Wel Kat Okhtha izenekoa, gutxi gorabehera honela itzul daitekeena: A zer parea! 2008. urtea zen, Gafsako meatze-arroan egoerak okerrera egin zuen garaia. Tunisia utzi, eta arabiera irakastera Estatu Batuetara joan nintzen urtea. Facebook izan zen lagunekin eta gurasoekin harremanak izateko bidea. Zuzeneko zentsura lehen aldiz pairatu nuen urtea ere izan zen. Madisonen nengoen, astebeteko ikastaro bat egiten, eta halako batean bikotekideak deitu zidan esateko gure bloga zentsuratua zutela. Orduan bidali nion Sami Ben Gharbiari haserre-mezu hura, berak Global Voices Online webgunean argitaratu zuena, arestian kontatu dudan bezala.

      Bada beste norbait ere ibilbide horretan zehar oso garrantzi handikoa izan dena. Nire lagun Emel, kantari eta emakume konprometitua, nire bihotzarentzat hain ezinbesteko bihurtu zena aitaren sakelako telefonotik haren ahotsa entzun nuenetik, 2005ean. Urte hartan proba asko egin zizkidaten Charles Nicole ospitalean, nire giltzurrunek lanean segitzen ote zuten jakitearren. Ospitaletik ateratzeko baimena eman zidaten ezker tunisiarreko militante maite baten omenezko kontzertura joateko: lagun hura goizegi joana zen gure artetik, gaixotasun gaizto baten ondorioz. Irtetear nengoela, ordea, botaka hasi nintzen, eta konortea galdu. Medikuek lehen hemodialisi saioa egitea erabaki zuten, eta aitari ni gabe joateko eskatu nion, bere kamarada bat ohoratzen baitzuten egun hartan. Ospitaleko ohean etzanda nengoen eta, bat-batean, Emelen ahots liluragarria eta sentsuala aditu ahal izan nuen aitaren deiari esker. 2007an giltzurrun bat transplantatu zidaten, amak emandakoa, nire giltzurruneko gutxiegitasuna zela-eta bi urtez bizi izan nuen infernutik ateratzen lagundu nahi zidalako; izan ere, arratsero peritoneo-dialisi bat egin beste erremediorik ez nuen, nire gorputzak ez zuelako hemodialisia jasaten. Egunero-egunero makina batera konektatu behar izaten nuen bizirik jarraitu ahal izateko. Sufritu egiten nuen, eta banekien gurasoen samina are handiagoa zela. Transplantearen egunetik sei hilabetera, Organo-transplantedunen Munduko Jokoetan parte hartu nuen lehen aldiz, Bangkoken, eta zilarrezko domina eskuratu nuen 3 km-ko ibilketan. Bi urte geroago, bigarren domina bat lortu nuen Australiako Jokoetan. Sarritan konparatzen ditut nire borroka iraultza tunisiarrean eta giltzurrunek eragin didaten oinazealdi fisikoa.

      Emeli benetan eskertzen diot, halaber, bere abestietako bat erabiltzeko baimena eman izana, nik lagundutako ikasleen gose-grebari buruzko bideo bat prestatzeko. 2009ko ekainean, Estatu Batuetatik behin betiko itzuli berritan, Aljeriara abiatu nintzen nire lagunaren kontzertu batera joateko, Annaba-n, eta han, mugan, galdeketa bitxi bat sufritu behar izan nuen: «Zer dela-eta hainbeste bidaia? Zer ari zinen Estatu Batuetan? Zertan ari da lanean zure aita? Zertan ari da lanean zure ama? Zer abestuko du Aljerian ikusiko duzun lagun horrek? Nola jakin dezakegu ziur ez zoazela Aljeriara prostituzioan ibiltzera? Ez al dakizu emakumeek debekatua dutela bakarrik bidaiatzea?».

      «Benetan? Lege berriren bat? Zirkular bat?», galdetu nuen segurtasunez; izan ere, kontu hartaz ondo informatua nintzen, 35 urtetik beherako emakumeak ezin zirela herrialdetik bakarrik atera zioen zurrumurrua zabaldu eta gero. Poliziak paperak itzuli zizkidan azkenean, baina gertakari hark arrasto sakona utzi zuen nigan, emakumeen eskubideen arloan oso aurrerakoia zelako harrotzen zen herrialde bateko herritarra nintzela uste bainuen.

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012