Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012

 

INFORMAZIOA, ELKARTASUNA, MOBILIZAZIOA

 

 

      Gaur egungo gazte askok bezala, amets bat daukat: mundua aldatzea nahi dut. Baina ezer ere ez da aldatuko, informazioa zabaltzen ez bada, egia hedatzen ez bada, konektatzen ez bagara. Munduko diktadore guztiak sarearen, Interneten beldur dira. Informazioa kontrolatu, horixe egiten dute beti lehena, hain zuzen ere. Guk, dena den, egungo gazteok, ezin hobeto ezagutzen ditugu teknologia berriak, informaziora zuzenean iristeko eta ,gero, hura zabaldu, partekatu, erkatu eta egiaztatzeko aukera ematen diguten sare sozial berriak. Ziberekintzaile peto bat ez da konformatzen pantailaren atzean gelditzearekin: albistea non, hara joango da, argazkiak egingo ditu, bideoak grabatuko, bertatik bertara bilduko ditu testigantzak eta, ondoren, ordenagailuaren aurrean kokatuko da berriro, informazio puska horiek Interneten zintzilikatu eta zabaltzeko, besteekin bat egiteko. Modu horretan bakarrik egin ahal zaio kalte diktadoreen eta indar zapaltzaileen botereari, demokraziak bere hegoekin egin dezan hegan.

      Berehalakoan erantzuteko duen gaitasun hori da Interneten ahalmena, daukan espontaneotasun hori, jendea jendearekin lotzeko duen indarra. Baten batek ideiaren bat edo informazioren bat bidali, eta jende guztiak segundo horretan bertan jasotzen du. Gainerako internautek di-da har dezakete parte, albistea bidali duenari, bidegabekeria baten kontra borrokan ari den horri lagunduz. Ezin sinesteko moduko elkartasun-sarea da, paregabea: sarea erabiliz lortu genuen egiptoarrak gure eskarmentuaz baliatu ahal izatea, eta erakutsi genien, esate baterako, zer egin behar zuten gas negar-eragileez babesteko.

      Inoizko tresnarik eraginkorrena da mobilizaziorako: diktaduren harresiak zeharkatzeko ahalmena ematen digu, murru guztiak zulatzeko aukera, debekuak, mugak, alderdiak eta are norberaren trabak gainditzeko. Izan ere, neuk horrela gainditu nuen nire lotsa. Ez dugu behar adina bider esan: iraultza tunisiarra erabat aldatu zen 2010eko maiatzaren 22an, hogei bat internautek zentsura salatzeko manifestazio baterako deia egin zuten egun hartan, beste milaka lagunekin elkartu zirenean, haiek ere kamiseta zuriak soinean, hiriburuaren erdialdera abiatuz guztiak batera, eta kafetegietako terrazetan eseri zirenean estu-estu, ZABAren sekretak zeharo nahasita utzirik!

      Sarea ametsezko tresna da demokrazia zuzenerako, herritarren demokraziarako. Nagusirik gabeko mundu bat nahi dugu, jende guztiak erabakiak hartzeko ahalmena eta errealitatean eragiteko aukera izango duen mundua. Nik ez dut uste gainerako facebookzale tunisiarrek baino eginkizun handiagoa bete nuenik. Guk guztiok torturarik gabeko mundu bat dugu amets, zentsurarik gabea, indarkeriarik gabea, mundu bat non denok aukera berdinak izango ditugun. Adierazpen-askatasuna da, noski, horretarako baldintza, botereek iragazi gabeko eta apaindu gabeko informazioetara iristeko askatasuna. Horrexegatik, informazioa eta komunikazioa aldatzeko erakunde nazional independente bateko kidea naiz gaur egun. Prentsa arloko kode zapaltzaile batez libratzeko lanean dihardugu. Tunisiako Konstituzio berrian Interneten sartzeko askatasuna bermatuko duen artikulu bat gehitzea espero dugu.

      Nolanahi ere, bide luzea dugu oraindik aurrean. Hauteskunde garaiak datozela eta komunikabideak... komunikabideak Ali Benenak direla, horrexek kezkatzen nau. Egunkarietako editore batzuk tiranoaren garaiko berberak dira. Jendilaje hori epaitu eta zigortu beharko litzatekeen arren. Tunisiar herriari gezurretan aritu zaizkio diktadura urte guztietan zehar, egia mozorrotu dute, ez digute hitz egin atxilotutako, torturatutako, tiroz hildako ikasle eta sindikalistei buruz. ZABAren erregimeneko kide zahar batzuek Puta Tunisiarrak izeneko webgune bat sortu dutela jakin dut, emakumeak, blogari emakumezkoak iraintzeko. Kazetariek askoz ere hobeto joka lezakete, baina ez dute hala egiten, eta, horrenbestez, poliziak jendea erailtzen segitzen du, eta gure hildakoak lurperatzen segitzen dugu hemen.

      Pantaila aurrean eseri beharra dugu berriz. Beste behin esango dut: blogari baten eginkizuna ez da inoiz agortzen.

 

Tunisian girl:
udaberri arabiarraren aldeko blogaria

Lina Ben Mhenni

euskaratzailea: Itziar Diez de Ultzurrun Sagalą
Denonartean, 2012