SÈTE HIRIKO HONDARTZAN LURPERATUA IZATEKO ESKARIA (Supplique pour être enterré à la plage de Sète)
Georges Brassens

euskaratzailea: Xabier Lete
Abestitzak eta poema kantuak, Elkar, 2006

 

Lorez inguratuz pozez bizitzea

Herio zekenak, zer gauza tristea,

inola ez baitit barkatzen,

lurperatzaileen itzalaren susmoz

hasi naiz, paperak argitzeko asmoz

testamentua prestatzen.

 

Busti begirada itsas urdinean

busti zure luma tinta ilunean

eta idazkera ederrez

esazu non utzi nere hondakinak

gorputza eta arima, ez hain lagun min

nere azkenaz adostean.

 

Nere arima, hegan, ortzeruntz joatear

mugarik ez duten zeruen atean

emazte maiteen bila,

Marseillako trenak Paris agurtzean

Sète-ko hirira lehenengo klasean

bidaiatu nahi dut hila.

 

Nere senditarren hilobi zaharra

leporaino dago, egoera txarra,

beste bat ez da kabitzen,

eta horregatik, berandu baino lehen,

herritar lagunak asper ez daitezen

zerbait behar dut asmatu.

 

Itsas bazterrean, hondartzaren mugan

nahi nuke, ahal balitz, eta ez egon dudan,

hilobi bat erosoa,

haurtzaroko lagun delfinen ondoan

hain argitsua den Liongo golkoan

hartu atseden osoa.

 

Haserrealdirik latzenean ere

Neptunok ez baitu gogorik batere

inori egiteko kalte,

itsasontzi batzuk larri badabiltza

kapitainak dauka salbatzeko giltza

tabernara heldu arte.

 

Hamabost urtetan, adin negartia,

ez denez nahikoa plazer bakartia

lehen aldiz, hondartza hartan

dastatua nuen neska bat polita

sirena itxuran nigana etorrita

maitasuna eskeintzera.

 

Errespetu haundiz, Paul Valery jauna

entzun koblakari honetxen esana,

eta barkatu ausardia

bertsotan zu askoz hobea izanik

hilerria, aldiz, ederragoa dut nik

ta herritarren gustokoa.

 

Gehiegi ez balitz hori eskatzea

benetan nahi nuke hantxe aldatzea

pinu eder bat alboan,

horrela, eguzki gehiegitik salbu

nere lagunekin solasterik banu

zoriontsu nintzateke.

 

Zeru eta lurren arteko hilobiak

adur txarrik ez du, ditu men nobliak

eta xarma bereziak,

itsastiarrentzat babes ona izanik

jazkera aldatzeko aukera ona nik

ematen diet guztiei.

 

Espainiar doinuz, edo Italiatik

perfumez beterik haizeen gainetik

musika bat entzutean,

dantzatu nahi nuke tarantela zonbait

eta sardana ere asko gustatzen zait

tramontanaren haizetan.

 

Sirena polit bat hor etzaten bada

loaldi ttiki bat egiteko, iada

bilutsik, oh adur ona!

Jesusi barkamen nahi diot eskatu

gurutze horretan nahi baitut pairatu

nere azken zoriona.

 

Faraon gaixoak, gaixo Napoleon

zenbat piramide ta zenbat Pantheon

errauts batzuk jasotzeko,

agurtzen zaituztet itsas-bazterretik

eternitatea oporretan beti

pozik baitut igarotzen.

 

SÈTE HIRIKO HONDARTZAN LURPERATUA IZATEKO ESKARIA (Supplique pour être enterré à la plage de Sète)
Georges Brassens

euskaratzailea: Xabier Lete
Abestitzak eta poema kantuak, Elkar, 2006