PANPINAREN BEGIRADA (Je me suis fait tout petit)
Georges Brassens

euskaratzailea: Xabier Lete
Abestitzak eta poema kantuak, Elkar, 2006

 

Ez nuke noiz ta nola esango

hari begira

dardaraturik gelditzen nintzen,

urteak dira,

suaren bila mitxeleta ero

amets tartean,

eta ez nuen bakerik izan

erre artean.

 

Ttiki-ttikia sentitzen nintzen

panpia hotz haren aurrean,

ttiki-ttikia sentitzen nintzen

begiratzen ninduenean.

 

Bidera sarri joaten nintzaion

maitasun bila,

haren gogoa aurkitzen nuen

hotz eta hila,

keinu batekin ezabaturik

uste guztia...

eta bat-batez bihurtzen nintzen

oilo bustia.

Ttiki-ttikia sentitzen nintzen...

 

Hitz leizetsuak pentsatzen nuen

zirela lege

eta haiekin txundituz bihur

haren errege,

baina bizitzak margotzen zuen

kolore grisa

eta hitz haiek ezerez ziren margoen gisa.

 

Ttiki-ttikia sentitzen nintzen...

 

Nere lagunek irri maltzurrez

esan zidaten

zergatik nuen pozoi hartatik

pozez edaten...

udazkeneko osto lehorrak

lotan bezela

haren arnasak deseginikan

hilko nintzela.

 

Ttiki-ttikia sentitzen nintzen...

 

 PANPINAREN BEGIRADA (Je me suis fait tout petit)
Georges Brassens

euskaratzailea: Xabier Lete
Abestitzak eta poema kantuak, Elkar, 2006