|
Alienista
XIII Plus ultra!
Terapeutikaren txanda zen. Simon Bacamartek, gaixoak aurkitzen gogatsu eta azkarra, neurria gainditu zuen gaixoak sendatzeko ahaleginetan jarri zituen ardura eta haiekiko kidetasunarekin. Arazo honetan kronista guztiak bat datoz: alienista ospetsuak sendaketa harrigarriak egin zituen, Itaguain mirespen bizia sortuz. Gaitza zen, izan ere, sendabide arrazionalagorik asmatzea. Eroak motaka zeuden banatuta, bakoitzaren perfekzio moralak besteenarekin konparatuz zuen neurriaren arabera, eta Simon Bacamartek ero bakoitzaren ezaugarri nagusia konpontzeari ekin zion zuzenean. Demagun gizon xume bat. Kasu horretan aurkako sentimendua sortarazi ziezaiokeen sendabidea erabiltzen zuen; eta ez zituen berehala dosi handiekin probak egin: gaixoaren egoera, adina, izaera eta posizio sozialaren arabera mailakatzen zuen. Batzuetan nahikoa izaten zen jaka bat, xingola bat, ileorde bat edo bastoi bat alienatuari arrazoia bihurtzeko; beste kasu batzuetan, gaixotasuna zailagoa zen, eta orduan eraztun bitxidunez, ohorezko goraipamenez... eta abar baliatzen zen. Bazegoen guzti hau jasan zuen gaixo bat, poeta zena. Haren sendaketaz etsitzen hasia zela, matrakaren bidez Correia Garçaoren eta Pindaroren lehiakide berritzat iragartzea bururatu zitzaionean Simon Bacamarteri. — Sendabide santua izan zen —kontatzen zion gizagaixoaren amak lagun bati—. Sendabide santua izan zen. Beste gaixo batek, apala hau ere, sendabideari gogor egin zion, aurrekoak bezalaxe; baina, idazlea ez zenez —bere izena nekez zekien idazten—, ezin zitzaion matrakaren sendabidea aplikatu. Itaguain jarritako Ezkutatuen Akademia-ko idazkari postua honentzat eskatzea otu zitzaion Simon Bacamarteri. Juan V errege zenaren grazia bereziaz, errege dekretu baten bidez ematen ziren presidentearen eta idazkariaren postuek Gorentasun-en tratamendua eta kapelan urrezko plaka baten erabilera suposatzen zituzten. Lisboako gobernuak diploma atzera bota zuen; baina alienistak ez zuela ohorezko saritzat edo legezko goraipamentzat eskatzen adierazi zuen, baizik eta kasu zail baten sendabide bezala soilik. Salbuespen gisa gobernuak amore eman zion eskaerari; eta, hala ere, alienatuaren lehengusu zen Marina eta Itsasoz Bestaldeko Ministroaren ahalegin itzelari esker onartu zuten. Hau ere sendabide santua izan zen. — Miragarria da, benetan! —zioten kaleetan zoro ohien itxura ona eta zoriontsua ikustean. Horrelakoa zen sistema. Beste guztia bide beretik zihoan. Edertasun moral edo mentalaren osasuna ahalik eta sendoen azaltzen zen puntuan erasotzen zuen; eta eragina segurua zen. Baina ez zen beti horrela izaten! Izan ziren kasu batzuk non nolakotasun nagusiak ahalegin guztien gainetik garaile irteten ziren; orduan alienistak beste leku batetik erasotzen zuen, sendabideari estrategia militarrak erakusten duen ikuspuntua egokituz —hau da, gaztelu bat ezin bada puntu batetik hartu, beste batetik hartu behar dela erakusten duena. Bost hilabete t'erdi geroago Etxe Orlegia hutsik zegoen; denak sendatuta! Zuzentasun eta moderazio gaitzak hain ankerki jasan zituen Galvan zinegotziak osaba bat galtzearen zoriona izan zuen; eta zoriona diot, zeren osabak testamentu ilun bat utzi zuenez, Galvanek, epaileak erosiz eta beste oinordekoak nahasiz, haren interpretazio ezin hobea lortu baitzuen. Arazo honetan nabarmendu zen alienistaren egiazaletasuna; xalotasun osoz aitortu zuen berak ez zuela zerikusirik izan haren sendaketan: naturaren vix medicatrix (sendatzeko ahalmena) hutsa izan zen. Ez zen gauza bera gertatu Aita Lopesekin. Hebreera eta grekoa ez zituela inola ere ezagutzen jakinik, Hirurogeita Hamarren Bertsioa-ren azterketa kritikoa egin zezala proposatu zion alienistak. Apaizak eginkizuna onartu zuen, eta baita zorionez bete ere; bi hilabete geroago, liburu bat idatzita eta askatasuna zeuzkan. Botikariaren emazteari dagokionez, ez zen luze egon egokitu zitzaion gelatxoan, non, bestalde, ez zitzaion maitasunik falta izan. — Zergatik ez datorkit Crispin bisita egitera? —esaten zuen egunero. Gauza bat zein bestea erantzuten zioten, azkenik egia hutsa esan zioten arte. Ezin izan zituen andre duinak haserrea eta lotsa jasan izan. Amorruzko eztanden artean, honelako esaera ilunak eta hitz solteak atera zitzaizkion: — Gizon gaiztoa! Zitala! Eskergabea! Botika ustel eta gezurrezkoen truke etxe piloa eraiki duen gizon doilorra!... Ai! Zitala! Simon Bacamarte ohartu zen hitz hauek salatzen zutena egia ez bazen ere, nahikoa zirela andre bikain hura bere ahalmenen desoreka egokian berrezarrita zegoela frogatzeko; eta berehala alta eman zion. Dena den, Etxe Orlegitik azken gaixoa irteten ikusterakoan, alienista poztu egin zela uste baduzue, gure gizona ez duzuela oraindik ezagutzen uzten duzue nabarmen. Plus Ultra! zen bere ikurra. Ez zitzaion aski zoramenaren benetako teoria aurkitu izanarekin. Ez zuen Itaguain arrazoiaren erresuma ezartzearekin bere gogoa bete. Plus Ultra! Ez zen poztu; aldiz, kezkaturik eta pentsakor gelditu zen. Teoria berriak bere baitan beste teoria askoz ere berriagoa zeukala susmatu zuen. — Ikus dezagun —pentsatzen zuen—, ikus dezagun azken egiaraino iristen naizen azkenik. Bere Maiestatearen itsasoz harantzagoko lurraldeetako liburutegi aberatsenak ñir-ñir egiten zuen egongela zabalean zehar paseatzen ari zen, hitz hauek esaten zituen artean. Urrezko borlaz, zetaz apaindurik eta gerriko batek lotzen zuen damaskozko tunika zabal batek —Unibertsitate baten oparia— biltzen zuen alienista ospetsuaren gorputz duin eta hantusterik gabea. Eguneroko zientziari buruzko gogamenen bitartez lortutako burusoil sotil eta zabala ileordeak estaltzen zuen. Oinak ez ziren meheak eta femeninoak, ezta handiak edo gizonezkoen tankerakoak ere, bere garaierari zegozkionak baizik, eta soilik latoi huts eta xumezko belarriak zituen zapata pare batez babesturik zeuden. Kontutan har ezazue ezberdintasuna: luxua, zientziarekin zerikusirik zuten gauzetan erakusten zuen; berari zegozkionetan, apal eta xume agertzen zen, jakintsu bati dagokionez. . Horrela zihoan, bada, alienista handia liburutegi zabalaren punta batetik bestera, barneliluraturik, burmuinaren patologiaren arazo lanbrotsuekin harremanik ez zuen guztiaz ahaztuta. Bat-batean, gelditu egin zen. Leiho baten aurrean zutik, ezkerreko ukondoa eskuineko esku zabalean jarrita, eta kokotsa itxita zuen ezkerreko eskuan, egiten zuen bere artean: — Baina, benetan gaixorik zeuden eta nik sendatu egin ditut, ala sendaketa zirudiena ez zen burmuinaren desoreka egokiaren aurkikundea baino? Eta, gero eta gehiago sakonduz, ondorio honetara iritsi zen: sendatu berri zituen ondo antolatutako burmuinak besteak bezain desorekatuak zeuden. Bai, esaten zuen bere artean, nik ezin dut sentimendu edo ahalmen berri bat sarrarazi dudala sinetsi. Bai bata eta bai bestea bizirik zeuden; egoera ezkutuan, baina bizirik zeuden. Ondorio honetara heldurik, bi aurkako zentzazioren artean aurkitzen zen: pozik alde batetik, eta lur jota bestetik. Pozik zegoen ikerketa luze eta sakonen, lan lehiatsuaren eta herriarekiko borroka eskergaren ondoren, egia hau baiezta zezakeelako: ez zegoen zororik Itaguain; Itaguaik ez zuen pepelerdorik. Baina ideia honek arima freskatu zioneko, lehengo eragina epeldu zuen beste bat azaldu zen: zalantzaren ideia. Nola! Ez al zuen Itaguaik burmuin orekaturik? Ezta alerik ere? Ez al zitekeen, arrazoi horrexegatik, hain zuzen ere, hain ondorio absolutua oker izatea? Eta ez al zukeen horrek psikologi doktrina berriaren eraikuntza bikain eta aparta erraustuko? Gizon batek inoiz jasan izan dituen ekaitz moralik izugarrienetako bat bezala deskribatzen dute kronista itaguaitarrek Simon Bacamarte ospetsuaren atsekabea. Baina ekaitzek gizon ahula besterik ez dute izutzen; kementsuek gogor egiten diete eta trumoia aurrez aurre begiratzen dute. Hogei minutu geroago, alienistaren aurpegia emeki argitu zen. «Bai, hori izango da koska,» pentsatu zuen. Hori da koska: Simon Bacamartek bere baitan aurkitu zituen buru-oreka eta oreka moral egokiaren ezaugarriak. Zolitasuna, pazientzia, egonarria, jasankortasuna, egiazaletasuna, kemen morala, leialtasuna eta pepelerdo hutsa izateko behar diren nolakotasun guztiak, alegia. Berehala zalantzan geratu zen, egia da, eta irudipen bat zelako ondorioa ateratzera ere heldu zen; baina, gizon zuhurra zenez, adiskideen kontseilua bilatzea erabaki zuen eta zabal-zabalik galdetu zien. Iritzia baiezkoa izan zen. — Akatsik ez? — Ezta bat ere —esan zuen asanbladak aho batez. — Biziorik ez? — Bat ere ez. — Dena egoki? — Den dena. — Ez, ezinezkoa da —oihukatu zuen alienistak—. Hain gogo zabalez azaldu berri duzuen nagusitasun hori nigan sentitzen ez dudala diotsuet. Begikotasuna da hitz eragiten dizuena. Neure burua arakatzen dut eta ez dut zuen onginahiaren gehiegizko azalpenak egiazta ditzakeen ezer aurkitzen. Asanbladak ez zuen etsi. Alienistak gogor egin zion. Azkenik, Aita Lopesek argitu zuen dena, begirale bati hain ongi dagokion burutazio honen bidez: —Ba al dakizu guk guztiok miresten ditugun zure nolakotasun garaiak zergatik ez dituzun zuk zeuk ikusten? Nolakotasun horiek are eta nabarmenago jartzen dituen beste bat duzulako: apaltasuna. Erabatekoa izan zen. Burua makurtu zuen Simon Bacamartek, alai eta triste, apur bat alaiago triste baino. Ondoren, Etxe Orlegian sartu zen; eta bere emazteak eta lagunek geratzeko esan arren, bere senean eta erabat orekaturik zegoela esan arren, ez eskariek, ez asmo onek, ezta malkoek ere, ez zuten une batez ere geldiarazi. — Arazoa zientifikoa da —esan zuen—. Doktrina berri bat da eta lehenengo eredua neu naiz. Neure baitan teoria eta praktika biltzen ditut. — Simon! Simon, ene maitea! —esaten zion bere emazteak aurpegia malkoz beterik. Baina begiak sinesmen zientifiko sendoaz argiturik, mediku ospetsuak andrearen artegatasunari entzungor egin eta alde batera utzi zuen, emeki. Etxe Orlegiko atea hertsirik, ikerketari eta bere sendabidea lortzeari ekin zion. Kronistek diotenez, hamazazpi hilabete geroago hil zen, sartu zen egoera berean, ezer lortu gabe. Zenbaitek aditzera ematen duenez, bera besterik ez zegoen zoratuta Itaguain; baina alienista hil zeneko zurrumurru batean oinarriturik zegoen iritzi horrek zurrumurru baten froga besterik ez du; eta badaezpadako zurrumurrua gainera, gizon handiaren nolakotasunak hain sutsu goraipatu izan zituen Aita Lopesi leporatzen baitzaio. Dena den, hiletak ponperia handiz eta ezohizko ospez egin ziren.
Alienista |