Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990

 

 

X

Berrezarpena

 

      Bost egunetako epean, alenistak gobernu berria goratzen zutenetariko berrogeita hamar bat sartu zituen Etxe Orlegian. Herria haserretu egin zen. Gobernuak, txunditurik, ez zekien nora jo. Beste bizargin batek, Juan Pinak, lau haizetara zioen kaleetan Porfirio «Simon Bacamarteren urreari salduta» zegoela; eta adierazpen honek hiriko jende ausartena bildu zuen Juan Pinaren inguruan.

      Bizar-labanari eragiteko ofizioan lehiakide izandakoa matxinadaren buruan ikusi zueneko, ulertu zuen Porfiriok bere hondamendia ezinbestekoa zela, kolpe ikaragarri bat ematen ez bazuen; bi dekretu zabaldu zituen: bata Etxe Orlegia abolitzea, eta bestea alienista erbesteratzea. Argi eta garbi agertu zuen Juan Pinak, esaldi borobilak erabiliz, Porfirioren ekintza itxura besterik ez zela, herriak inolaz ere sinetsi behar ez zuen maula. Bi ordu geroago, porrot egiten zuen Porfiriok lotsagarriro, eta Juan Pinak bereganatzen zuen gobernuaren betekizun korapilatsua. Zikinean eginiko proklamazio agiriak, erregeordeari egindako azalpena eta aurreko gobernuaren beste inaugurazio ekitaldiak tiraderetan aurkitu zituelarik, agudo kopiarazi eta bidali zituen. Kronistek erasten dute, eta aise ulertzen da bestalde, izen guztiak aldatu zituela, eta beste bizargina Udal ustel batez mintzatzen zen pasartean, berak «Bere Maiestatearen interes sakrosantuen aurka zegoen frantses doktrina galgarriek kutsatutako endredamakila bat...» eta abarrez hitz egin zuen.

      Orduan erregeordeak bidali zuen tropa bat sartu zen hirian eta ordena berrezarri zuen. Porfirio bizargina eta ergeltzat jo zituen beste berrogeita hamar lagun baino gehiago bere esku uzteko agindu zuen behingoan alienistak; eta ez zizkioten horiek bakarrik entregatu, baizik eta lehenago matxinadan jasotako zaurietatik suspertzen ari ziren bizarginaren hemeretzi jarraitzaile ere izango zituela ziurtatu zioten.

      Itaguaiko krisialdi honek Simon Bacamarteren eraginaren puntu gorena ere markatzen du. Nahi izan zuen guztia eman zioten; eta beren postuetan berrezarritako zinegotziak, Sebastian Freitas ere ospitalean jasotzeko onespena ematerakoan zein azkar ibili ziren kontutan hartzea besterik ez dugu, mediku ospetsuak zuen botereaz ohartzeko. Zinegotzi honen eritziek funts izpirik ere ez zutela nabaritu zuenean, alienistak kasu patologikoa zela ulertu zuen, eta bere esku uzteko eskatu zuen. Gauza bera gertatu zitzaion botikariari. Crispin Soares Kanjiken matxinadari berehala atxiki zitzaiola kontatu ziotenean, alienistari beti harengandik, baita bezperan ere, jaso izan zuen onespena otu zitzaion eta atzeman zezaten agindu zuen. Crispin Soaresek ez zuen egindakoa ukatu; baina matxinada irabazle ikusi zuenean izualdi bati amore eman ziola esanez azaldu zuen, eta ez zuela beste inolako ekintzarik burutu, eman zuen frogatzat; berehala, gaixorik, ohera itzuli zela gehituz. Ez zion Simon Bacamartek aurre egin; halere, bertan zeudenei esan zien izua ere zoramenaren aita dela, eta Crispin Soaresen kasua nabarmenetariko bat iruditzen zitzaiola.

      Baina Simon Bacamarteren eraginaren frogarik garbiena, Udalak presidentea bera entregatu zionean azaldu zuen otzantasuna izan zen. Kanjiken laidoa garbitzeko hogeita hamar almute odol baino gutxiagorekin ez zela pozik geratuko, adierazi izan zuen presidente duin honek, biltzar erdian; eta hitz hauek, hainbesterainoko kemenez liluraturik zegoen Udaleko idazkariaren ahotik heldu ziren alienistaren belarrietara. Idazkaria Etxe Orlegian internatu ondoren, Simon Bacamarte Udaletxera abiatu zen, non presidenteak «zezenen zoramena» jasaten ari zela azalduz, herrientzat mesede handia izango zen kasu horren ikerketari ekiteko asmoa zeukala eman zuen aditzera. Ez zen, hasieran, Udala deliberatzen, baina amore eman zuen azkenik.

      Hortik aurrera bilketa neurrigabea izan zen. Gizon batek munduko gezurrik xumeena sortu edo zabaltzen bazuen, nahiz eta sortzaile edo hedatzailearen onerako suertatzen diren horietakoa izan, tupustean sartzen zuten Etxe Orlegian. Dena zen erokeria. Enigmak gustuko zituztenak, hitz-joko eta anagramen egileak, iraintzaileak, aldamenekoen bizitzaren zelatariak, arreta osoa apainketetan ipintzen zutenak, funtzionario harroputz bat edo beste... Ez zien inork alienistaren komisariei ihes egiten. Neska maiteminduak errespetatu egiten zituen, baina ez zituen, ordea, maitaberak libre uzten; lehenengoek berezko oldar bati amore ematen ziotela uste baitzuen; bigarrenek, berriz, bizio bati. Gauza bera zen gizon bat zikoitza ala eskuzabala izatea: ezbairik gabe Etxe Orlegian sartzen zuten; hortik zetorren burmuinaren erabateko osasunaren eredurik ez zegoelako aipamena. Zenbait kronisten iritziaren arabera, ez zuen Simon Bacamartek beti lege onez jokatzen, eta beren baieztapena —onargaitza iruditzen zaidana, bestalde— indartzearren, zera aipatzen dute: zainetan bizpahiru ontza odol garbi zuela deklaratzen zuen edozein pertsonari, inolako agiri edo ohizko frogarik gabe, esku ezkerreko erpuruan zilarrezko eraztuna erabiltzea zilegitzeko dekretua zabaldu ahal izatea lortu zuela Udaletik. Kronista hauek diotenez, agindu honen xede ezkutua bere kide zen lagun zilargin bat aberastea izan zen; baina, nahiz eta zilarginak bere negozioa poliki aberasten zekusala egia izan, ez da, halaber, egia makala, agindu hark Etxe Orlegiari apopilo mordoa eman ziola ere. Horrela, bada, ezin daiteke ezbairik gabe erabaki mediku ospetsuaren benetako helburua. Eraztuna zerabilen guztiak harrapatzea eta Etxe Orlegian bilduak izatearen arrazoiari dagokionez, Itaguaiko historiaren pasarterik ilunenetakoa dela esan beharra dago. Kaleetan, etxean, elizan imintzioka pepelerdoarena egiten zebiltzalako internatu zituztela zen iritzi sinesgarriena. Guztiok dakigu zoroek keinu asko egiten dituztela. Dena den, susmo hutsa besterik ez da. Ez dago ezer garbirik.

      — Noraino ausartuko da gizon hau? —zioten herrialdeko jauntxoek—. Ai! Kanjiken alde jokatu izan bagenu...

      Udalak dantzaldi handi bat eskaini behar zuen eguneko goizean, alienistaren emaztea bera internatua zutelako berria jakitean, hiri osoa ahoa bete haginez geratu zen. Ez zuen inork sinetsi, umeren batek asmatutako kontua izango zelakoan. Baina ez zen horrela: egia petoa zen. Evarista andrea goizeko ordu bietan sartu zuten. Aita Lopes alienistarengana joan zen arrapataka eta arazoaren gainean galdetu zion zuhurki.

      — Denbora dexente pasa da mesfidatzen hasi nintzenetik —esan zion senarrak serio—. Bi ezkontzak apaltasunez bizi izan zituen, eta Rio de Janeirotik itzuli zenetik ageri zuen bitxi eta farfail, ile-guri eta zetarekiko grina ez dator bat lehengo apaltasun harekin. Ordudanik hasi nintzaion zelatan. Bere elkarrizketa guztiak bitxi haietaz ziren. Antzinako gorteez hitz egiten banion, berehala damen jantzien itxuraz galdegiten zuen. Ni ez nengoela, andre batek bisitatzen bazuen, haren bisitaren arrazoia azaldu baino lehen, zeraman soinekoa deskribatzen zidan, gauza batzuk goratuz eta beste batzuk gaitzetsiz. Egun batean, gogoan izango du Berorrek, parrokiarako Amabirjinaren irudiarentzat urtero jantzi bat egitea bururatu zitzaion. Sintoma larriak ziren guzti hauek. Gaur gauean, ordea, zorotasun itzela geratu da agerian. Udaletxeko dantzaldira eramango zuen janzkera aukeratu, prestatu eta apaindu du, zalantza bakarra granatezko lepoko baten eta zafirozko beste baten artean zuela. Zein eramango zuen galdetu zidan herenegun. Batak zein besteak oso ondo ematen ziola esan nion. Atzo galdera bera egin zidan bazkalorduan. Afal ondoren isil eta pentsakor aurkitu nuen. «Zer duzu?,» galdetu nion. Granatezko lepokoa eraman nahi zuen, baina hain polita iruditzen zait zafirozkoa! «Eraman ezazu, bada, zafirozkoa. Ai! Eta 01duan zer egingo dut granatezkoarekin?» Beno, arratsaldea besterik gabe pasa zen. Afaldu eta oheratu ginen. Gaueko orduak aurrera zirela, ordu bata t'erdiak inguru izango ziren, esnatzen naiz, eta ez dagoela ikusten dut; jaiki naiz, jantzi-gelara joan naiz, eta hara non topatzen dudan ispilu aurrean bi lepokoak, orain bat, gero bestea, probatzen. Erotuta zegoela begi-bistan zegoen. Berehalaxe internatu nuen.

      Ez zen Aita Lopes erantzun horrekin konforme geratu, baina ez zuen inolako eragozpenik ipini. Alienistak, ordea, nabaritu zuen, eta Evarista andrearen gaitza «apaintasun mania» zela argitu zion, ez sendaezina, baina bai, nolanahi ere, aztergai mamitsua.

      — Sei hilabetetako epean sendatzeko asmoa daukat —amaitu zuen—.

      Mediku ohoretsuaren pairamenak ospe handia eman zion. Susmo, imintzio eta mesfidantza guztiak bertan behera erori ziren, bere arimaren kemen guztiaz maite zuen emaztea bera Etxe Orlegian, inolako ezbairik gabe, sartu zuen unean. Ez zuen inork gehiagok haren aurka jokatzeko eskubiderik, eta are gutxiago oraindik zientziarekin zerikusirik ez zuen interesik berari leporatzeko. Hantusterik gabeko gizon handia zen, Hipokrates Katonez azaleztaturik.

 

Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990