|
Alienista
IV Teoria berri bat
Evarista andrea malkoetan urturik Rio de Janeiroren bila zihoan artean, Simon Bacamartek ideia ausart eta berri baten alderdi guztiak aztertzen ziharduen, Psikologiaren oinarriak zabaltzeko asmoz. Etxe Orlegiko arazoetatik kanpo libre geratzen zitzaion denbora guztia gutxi zen kalean barna, edo etxez etxe ibiltzeko, jendearekin hamaika kontuz hitz egiten, bere hitzak pertsona adoretsuenek ere beldur zioten begiradaz lagunduz. Goiz batean —hiru aste pasata ziren—, alienistak deitzen zuelako abisua iritsi zitzaion, botika bat prestatzen ari zela, Crispin Soaresi. — Arazo garrantzitsua da, esan didanez —erantsi zuen mandatariak. Crispini zurbildu egin zitzaion aurpegia. Zer berri garrantzitsu izan zitekeen, ahukuaren eta, bereziki, bere emaztearen berriren bat ez bazen? Zeren, kronistek horri eutsi ziotenez gero, topiko hau garbi zehaztuta utzi behar baita: Crispinek bere emaztea maite zuen, eta hogeita hamar urte zeramaten elkarrengandik inoiz aldendu gabe. Hori kontutan harturik uler daitezke orain botatzen ari zen, eta morroiek sarritan entzuten zizkioten monologoak: ĞArraioa! Ondo irabazia duk! Nork agindu zian Cesariako bidaia egiteko baimena ematea? Lausengari, aho-zuri zital halakoa! Bacamarte doktoreari koipea ematearren soilik egin huen! Bada, izorra hadi orain! Bai, izorra hadi morroi alaena, txepel, azpisuge, mixerable hori! Amen esaten duk beti, ezta? Hortxe duk emaitza, petral horrek! Eta gizon batek, besteri, eta are gutxiago bere buruari, sekula esan beharko ez lizkiokeen beste irain asko. Ez da batere zaila, beraz, abisuaren eragina zein izan zen susmatzea. Hau jaso bezain laster, botikak utzi, eta ziztu bizian abiatu zen Etxe Orlegira. Simon Bacamartek, jakintsu bati dagokion bezala, eratasunez lepazintzurreraino botoituriko pozaz hartu zuen. — Oso pozik nago —esan zuen. — Gure jendearen berririk? —galdegin zuen ahots dardaratiz botikariak. Alienistak, keinu anpuloso bat eginez, honela erantzun zuen: — Garrantzi handiagoko zerbait da; esperientzia zientifiko bat. Esperientzia diot, Soares jauna, zientzia etengabeko ikerketa baizik ez denez gero, nire ideia ziurtatzera ausartzen ez naizelako oraingoz. Esperientzia bat da, beraz, baina Lurraren aurpegia itxuraldatuko duena. Oraino zoramena, nire ikergaia, arrazoiaren ozeanoan zegoen uharte galdu bat zen. Kontinente bat ez ote den susmatzen hasia naiz. Hau esanik, botikariaren harridura mamurtzearren, isildu egin zen. Ondoren denbora luzea eman zuen bere ideia xehetasun guztiz azaltzen. Bere ustez, gaitza makina bat burmuinetan zegoen zabaldua; eta arrazonamendu, testu eta adibide pila batez argitu zuen gaia. Adibideak Historian eta Itaguain aurkitu zituen; baina, izpiritu aparta zenez gero, Itaguaiko kasu guztiak aipatzeko arriskuaz konturatu zen, eta Historian babestu zen. Horrela, zenbait pertsonaia ospetsurengana jo zuen: Sokrates, demonio familiar bat zuena; Pascal, ezkerretan amildegi bat zekusana; Mahoma, Karakala, Domiziano, Kaligula... eta abar; izaki gorrotagarriak eta irrigarriak nahastuta agertzen ziren kasu eta pertsonaz osatutako txirikorda. Eta botikaria halako nahaste-borrasteaz zur eta lur geratu zenez, alienistak esan zion dena gauza bera zela, eta, ahots betez, hau ere gehitu zuen: — Zoriona, Soares jauna, groteskoa serioski hartzea da. — Barregarria, benetan barregarria! —oihukatu zuen Crispin Soaresek eskuak zerura luzatuz. Zoramen arloa zabaltzearen ideiari dagokionez, botikariari bitxia iruditu zitzaion oso, baina bere izpirituaren apaingarri printzipala apaltasuna zenez, su eta gar goretsi zuen nobleki. Sublimea eta benetakoa zela esan zuen, Ğmatraka kasu garbiağ zela gaineratuz. Estilo modernoan ez du esaera honek baliokiderik. Garai hartan koloniako beste hiri eta herrien antzera, Itaguain inprimategirik ez zegoenez, bi bide zuten berri bat zabaltzeko: elizaren eta udaletxearen atean iltzaturik, eskuz idatzitako kartelen bitartez, edo matrakaren bidez. Hona hemen zertan zetzan bigarren usadio hau: gizon bat egun batzuetarako kontratatzen zen, matraka bat eskuan, herriko kaleetan zehar ibiltzeko. Noizean behin matrakari eragiten zion eta, jendea biltzen zenean, agindu ziotena aldarrikatzen zuen: sukarrentzako botika bat, laboratzeko lur batzuk, soneto bat, elizarentzako emaitzaren bat, hiriko guraizerik onenak, urteko hitzaldirik ederrena... eta abar. Era honek jendarteko bakearentzat eragozpenak zituen, baina bere zabaltze indar handiarengatik irauten zuen. Zinegotzietariko batek, adibidez, Etxe Orlegia eraikitzearen aurkako jarrera hartu zuenak, hain zuzen ere, kontu ona hartzen zuen hilero matrakari eragin erazten, eta, hori zela eta, ospe handia zuen hiritarren artean suge eta tximu domadore bezala, nahiz eta horietako piztitzarrik inoiz domatu ez izan. Eta, kronikek diotenez, ba omen ziren zinegotziaren bularrean kriskitin sugeak dantzan ikusi zituztela baieztatzen zutenak. Sisteman erabateko konfiantza izateak eraginiko gezur hutsa zen. Jakina, jakina, ez zuten antzinako errejimenaren instituzio guztiek ere gure mendearen arbuioa merezi. — Bada nire ideia aldarrikatzea baino gauza hobeagorik: praktikatzea —erantzun zion alienistak botikariaren aburuari. Eta botikariak, ikuspuntu honekin ia guztiz ados zegoenez, baietz esan zion, hobe zela praktikan jartzen hastea. — Beti izango dugu matrakari eragiteko astia —amaitu zuen. Simon Bacamartek oraindik une batez hausnartu, eta esan zuen: — Demagun giza izpiritua maskor zabal bat dela, Soares jauna. Ea arrazoia den perla atera dezakedan ikustea da ene eginkizuna; beste era batera esanda, arrazoiaren eta zoramenaren arteko mugak zehatz-mehatz finkatzen ditugu. Arrazoia ahalmen guztien oreka egokia da; hortik kanpo zoramena, zoramena, eta zoramena besterik ez. Bere teoria berria Aita Lopesi azaldu zion, eta honek ez zela ulertzera iristen adierazi zuen apaltasunez, lan zentzugabea zela, eta, zentzugabea ez bazen ere, hain itzela zela, ezen martxan jartzeak ez baitzuen merezi. — Gaurko definizioaren bidez, garai guztietakoa dena, bestalde —erantsi zuen—, zorotasuna eta arrazoia ongi baino hobeto mugatuta daude. Badakigu non amaitzen den bata eta non hasten den bestea. Zertarako tokiz aldatu hesia? Mesprezua urrikaltasunarekin batera nahasirik zekarren irri baten asmoaren itzal lausoa marraztu zen alienistaren ezpain fin eta sotilaren gainean; baina bere errai gorenetatik ez zen txintik ere atera. Teologiari eskua luzatzearekin nahikoa izan zuen Zientziak —hain ziurtasun handiz, ezen Teologia ez zen erabat deliberatzen bere buruan ala bestearenean sinestera—. Itaguai eta unibertsoa iraultza baten atarian zeuden.
Alienista |