|
Alienista
II Ero uholdea
Hiru egun geroago, Crispin Soares botikariarekin izandako solasaldi intimo batean, alienistak bere bihotzaren misterioa azaldu zuen. — Karitatea, Soares jauna, benetan sartzen da nire eginbidean; baina gozagarri bezala sartzen da, gauzen gatzaren gisa, horrela ulertzen baitut nik San Pablok Korintoarrei esandakoa: «Ezagutu ahal den guztia ezagutuz ere, karitaterik ez badut, ez naiz ezer/ Nire Etxe Orlegiaren lan honetan, garrantzitsuena zoramena eta bere maila ezberdinak sakonki ikertzea da; kasuak sailkatzea, eta, azkenik, arazoaren sorburua eta sendabide orokorra aurkitzea. Hau da nire bihotzaren misterioa. Honekin gizarteari zerbitzu ederra egiten diodalakoan nago. — Berebiziko zerbitzua —zuzendu zuen botikariak. — Eritegirik gabe —jarraitu zuen alienistak—, ezer gutxi egin nezake; horrek nire ikasketetarako arlo askoz zabalagoa eskaintzen dit. — Askoz zabalagoa —gehitu zuen besteak. Eta arrazoi zuen. Inguruko hiri eta auzune guztietatik barra-barra zetozen eroak Etxe Orlegira: suminkorrak, mantsoak, monomaniakoak; izpirituaren deseredatuen familia osoa. Lau hilabete geroago, Etxe Orlegiak herri batek adina jende zuen. Ez ziren hasierako gelatxoak aski izan. Beste hogeita hamazazpiko galeria bat erastea agindu zen. Aita Lopesek aitortu zuen ez zitzaiola munduan hainbeste ero egon zatekeenik sekula bururatu, eta are gutxiago zenbait kasuren ulertezina. Horra, kasu, egunero, bazkal ondoan, tropo, antitesi eta apostrofoez apainduta, eta —bai grekoz, bai latinez— Zizeron, Apuleio eta Tertulianoren aipuz zipriztindutako hitzaldi akademikoa botatzen zuen mutil ezjakin eta arruntarena. Apaizak ezin zuen hura sinetsi. Nola? Berak hiru hilabete lehenago kalean pilotan jokatzen ikusi zuen mutikoa! — Ez diot ezetz esaten —erantzun zion alienistak—, baina egia berorrek dakusana da. Egunero gertatzen da. — Nik neronek ere —ekin zion apaizak— Babeleko Dorrean gertatutako hizkuntz nahaste-borrastearen bidez soilik uler dezaket, Eskriturak kontatzen digunaren arabera; beharbada baliteke antzina nahastutako hizkuntzak orain erraz aldatzea, burua bere senetik irteten denean... — Hori izan daiteke, hain zuzen ere, arazoaren esplikazio dibinoa —amore eman zion alienistak une batez hausnartu ondoren—; baina zientzia eta giza mailako arrazoiren bat izatea ere ez da ezinezkoa, eta horretan dihardut... — Baliteke hala izatea, eta urduri naiz. Halakorik! Amodioz erotutakoak hiruzpalau ziren, baina horietatik bi soilik ziren harrigarriak, beren zoramen apartarengatik. Lehenengoak, Falcón izeneko bat, hogeita bost urtetako mutila, artizartzat zeukan bere burua, besoak ireki eta hankak luzatzen zituen errainuen itxura nolabait ematearren, eta ordu luzeak pasatzen zituen horrela, ea eguzkia sortu zen galdezka, bera erretiratzeko. Bestea beti, beti, beti, egongelen edo patioaren inguruan zebilen, korridoreetan barna, munduko azken mugaren bila. Bere emazteak kakanarru bati segitzeko utzi zuen, gizagaixoa. Ihesaren berri izan bezain laster, haga lodi eta sendo bat hartu, eta haien arrastoaren atzetik abiatu zen. Bi ordu geroago aurkitu zituen aintzira baten ertzean. Krudelkeria finena erabiliz akabatu zituen. Jelosia ase zen, baina mendekatzailea txoratuta zegoen. Eta orduan piztu zitzaion iheslarien bila munduko azken mugara joateko grina hura. Handinahi grinak ordezkari xelebreak zituen. Xelebreena gizagaixo bat zen, traje saltzaile baten semea, inorengana begiratu gabe bere genealogia osoa ormei kontatzen ziena. Honako hau zen: — Jaungoikoak arrautza bat errun zuen; arrautzak ezpata sortarazi zuen; ezpatak David sortu zuen; Davidek purpura sortu zuen; purpurak dukea sortu zuen; dukeak markesa sortu zuen; markesak kondea sortu zuen, ni neu naizena. Koskorreko bat jotzen zion bere buruari, behatzak klaskatzen zituen, eta bospasei aldiz segidan erretolika bera errepikatzen zuen: — Jaungoikoak arrautza bat errun zuen; arrautzak... eta abar. Tankera bereko beste bat, bere burua Erregeren maiordomotzat hartzen zuen eskribaua zen; bestea idiak edonori banatzeko mania zeukan Minaseko itzain bat; bati hirurehun abelburu, besteri seiehun, mila eta berrehun beste bati... eta ez zuen behin ere bukatzen. Ez dut erlijiozko monomania kasuez hitz egingo; aipatu, soilik, Juan de Dios zeritzan tipo batek orain Juan jainkoa zela zioela, eta bera jauresten zuenari zeruetako erreinua agintzen zion, eta infernuko oinazeak beste guztiei; eta honen ondoren, Garcia lizentziatua, ezer esaten ez zuena, zeren eta hitz bakar bat esaten bazuen, hainbestekoa zen Jainkoagandik jasotako boterea, egun hartan izar guztiak zerutik askatu, eta lurra kiskaliko zutela uste baitzuen. Horrela idazten zuen Garcia lizentziatuak, alienistak —karitatez baino gehiago, interes zientifikoak bultzatuta— eman erazten zion paperean. Izan ere, alienistaren pazientzia Etxe Orlegian ostatu hartu zuten mania guztiak baino handiagoa zen, benetan; guztiz harrigarria. Simon Bacamartek administrazio pertsonala antolatzeari ekin zion; eta, Crispin Soares botikariari ideia hau onartuz, bi iloba onartu zizkion, aldi berean; eta azken hauei —berak eman zien eta Udalak onartua zuen erregelamendua bete zedin— janari eta arropen banaketaz, eta baita kontabilitateaz, eta abarrez ere, ardura zitezen agindu zien. Bere lanbidean soilik jarduteko egin zezakeen gauzarik hoberena zen. — Etxe Orlegia —esan zion apaizari— gobernu lurtarra eta gobernu izpirituala dituen mundu baten antzeko zerbait da orain. Eta aita Lopesek hitz-joko horri barre eginez, honako hau gehitu zion —berak ere txantxa bat egitearren—: —Lasai, lasai, Aita Santuari salaraziko zaitut eta. Administraziotik kanpo geratu zenean, alienistak gaixoen sailkapen zabal bat egiteari ekin zion. Lehendabizi bi mota orokorretan banatu zituen: gaiztoak eta otzanak. Hortik azpi-motetara pasa zen: monomaniak, eldarnioak, era guztietako haluzinazioak. Hau eginik, etengabeko ikerketa sakonari ekin zion: ero bakoitzaren ohiturak aztertzen zituen, eroaldiak, ezinikusiak, begikotasunak, hitzak, keinuak, joerak. Gaixoen bizitzak arakatzen zituen, bizibidea, ohiturak, agerkunde morbidoaren zertzeladak, haurtzaro eta gaztaroko ezbeharrak, beste gaixotasun motak, famili antezedenteak... korrejidore kontzientziatsuenak egingo ez lukeen bezalako ikerketa, azken finean. Eta egunero oharpen berri bat, aurkikunde interesgarri bat edo aparteko fenomeno bat apuntatzen zuen. Aldi berean, errejimen hoberena, botika osagarriak, sendatzeko eta arintzeko baliabide onenak ikertzen zituen; ez bakarrik bere arabiar maiteen liburuetan zetozenak, baizik eta baita zuhurtasunez eta pazientziaz baliatuz berak aurkitzen zituenak ere. Baina lan guzti honek denboraren parterik onena eta zabalena kentzen zion. Ez zuen ia jaten, ezta lorik egiten ere; eta jaten ari zenean ere, lanean arituko balitz bezala zen, zeren eta, antzinako testu bat kontsultatzen zuela, arazo batez hausnartzen ari zela, sarritan afari osoa Evarista andreari tutik ere esan gabe pasatzen zuen.
Alienista |