Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990

 

 

III

Jainkoak badaki zer egiten duen

 

      Handik bi hilabetetara, dama ohoragarria emakumerik urrikalgarriena sentitu zen. Malenkonia sakonean murgildu zen, laru eta argal jarri zen, ez zuen ia mokadurik jaten eta hasperenka ibiltzen zen txokoetan barna. Ez zitzaion kexatzera edo erantzukirik egitera ausartzen, bere senar eta jabe bezala errespetatzen baitzuen; eta hori zela eta, isilean zeraman dena, eta begi-bistan ari zen indargabetzen. Behin batean, afalorduan, senarrak ea zer zuen galdetu zionean, ez zuela ezer erantzun zion, goibel. Gero pixka bat gehiago ausartu zen eta lehen bezain alarguntsa sentitzen zela esateraino iritsi zen. Eta hau gehitu zuen:

      — Nork esango zukeen inoiz dozena erdi bat lunatikorengatik...?

      Ez zuen esaldia amaitu; edo hobeto esan, bere aurpegiaren gauzarik kilikagarriena, begiak —beltzak, handiak, argi heze batez bustiak, egunsentiarenak bezala— sabaira altxatuz amaitu zuen. Keinuari dagokionez, Simon Bacamartek emaztetzat eskatu zuen egunean erabili zuen berbera zen. Kronikek ez diote Evarista andreak arma hura Zientziari behingoz lepoa edo, behintzat, eskuak mozteko asmo zitalez erabili zuenik, baina litekeena da. Dena den, ez zion alienistak inolako susmorik hartu. Eta ez zen gizon handia haserretu, ezta asaldatu ere. Bere begi metalikoak ez ziren batere aldatu; metala bera zen: gogorra, laua, eternala. Botofagoko ura bezain barea zen bere kopetaren azala ez zuen ximurrik ttipienak ere urratu. Agian irriño batek hertsi-ireki zizkion ezpainak, tartetik Kantuen Kanta-ren olioa bezain eztiak ziren hitz hauek zerizkiola:

      — Rio de Janeirora paseatzera joateko baimena ematen dizut.

      Evarista andreak zoru falta sentitu zuen bere oinpean. Ez zuen Rio de Janeiro sekula santan ikusi, zein gaur egun denaren itzal zurbilik ere izan ez arren, Itaguai baino zerbait gehiago bai baitzen. Beretzat Rio de Janeiro ikustea judu gatibuaren ametsaren parekoa zen. Eta are gehiago orain, bere senarra barrualdeko herri hartan behin betiko finkatu zenetik, gure hiri ederraren aireak arnasteko azken itxaropenak galduak zituenean; eta orain, hain zuzen ere, gonbidatzen zuen bere gaztaroko nahiak betetzera. Evarista andreak ezin izan zuen halako proposamenaren plazera disimulatu. Simon Bacamartek, hari eskutik helduz, irribarre egin zuen. Ezkontide irribarrea izanik ere, bazuen nolabaiteko ukitu filosofikoa, non gogoeta hau irakur zitekeen: «Arimako nahigabeentzat ez da sendabide zehatzik. Maite ez dudala iruditzen zaiolako penaz akitzen da andre hau. Rio de Janeiro eskaintzen diot, eta pozik geratzen da.» Eta, gizon ikasi zale zenez gero, gogoan hartu zuen somaketa hura.

      Baina gezi batek alderen alde zulatu zuen Evarista andrearen bihotza. Bere buruaz jabetu zen, hala ere; eta berarekin ez bazihoan, bera ere ez zela joango —izan zen senarrari esan zion gauza bakarra—, ez zela bakarrik abiatuko bideetan barna.

      — Zure izebarekin joango zara —erantzun zuen alienistak.

      Kontutan izan behar da Evarista andreak asmo berbera zeukala gogoan; baina ez zuen eskatu nahi izan, ezta hitzerdika aditzera eman nahi ere; lehenengo eta behin, horrek bere senarrari gastu izugarriak ekarriko lizkiokeelako; eta bigarren, hobe, metodikoago eta zentzuzkoago zelako proposamena beregandik jasotzea.

      — Oi! Baina dirutza ederra beharko da horretarako! —egin zuen hasperen Evarista andreak uste sendorik gabe.

      — Zer axola dio? Asko irabazi dugu —esan zuen senarrak—. Atzo bertan eskribauak kontuak azaldu zizkidan. Ikusi nahi dituzu?

      Eta liburuen aurrera eraman zuen. Evarista andrea txundituta geratu zen. Zenbakiz osatutako Frantses Bidea zen. Ondoren dirua zegoen kutxetara eraman zuen.

      Jaungoikoa! Urre mordoak ziren; milaka eta milaka gurutzatu, dobloiak barra-barra. Hura zen oparotasuna, hura!

      Urrea bere begi beltzez jaten zuen bitartean, alienistak adi-adi begiratzen zuen eta insinuazio zitalenaz zera esan zion belarrira:

      — Nork esango zukeen dozena erdi bat lunatikorengatik?

      Evarista andreak ulertu zuen. Irribarre egin, eta etsipen handiz erantzun zuen:

      — Jainkoak badaki zer egiten duen!

      Hiru hilabete geroago, bidaiari lotu zitzaion. Evarista andrea, bere izeba, botikariaren emaztea, honen iloba bat, alienistak Lisboan ezagutu eta halabeharrez Itaguain zegoen apaiz bat, bospasei morroi, lau dontzeila. Hau izan zen jendeak maiatzaren goiz batez Itaguaitik abiatzen ikusi zuen ahukua. Agurrak, alienistarentzat izan ezik, tristeak izan ziren guztientzat. Evarista andrearen malkoek, ugariak eta egiazkoak izan arren, ez zuten hura hunkitzea lortu. Zientzia gizona zen eta hori besterik ez; zientziatik kanpo ez zuen ezerk larritzen, eta parada hartan ezerk kezkatzen bazuen, jendetzarengana polizi begirada urduria zuzentzen bazuen, jende zentzudunarekin batera nahastuta zororen bat egon ote zitekeelako zen soilik.

      — Agur! —esan zuten azkenik negar-zotinka andreek eta botikariak.

      Eta ahukua abiatu egin zen. Etxerakoan, Crispin Soares zaldi uher argi baten gainean zihoan eta bere begiak haren bi belarrien artean finkaturik zeuzkan. Simon Bacamartek, itzultzeko erantzukizuna zaldiari utziz, hodei-ertzerantz luzatu zituen bereak. Jenioaren eta jende arruntaren irudi biziak ziren! Bata orainari so bere malko eta nostalgietan murgildurik; bestea etorkizuneko egunsenti guztien aztarnei erreparatuz.

 

Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990