Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990

 

 

VII

Ustekabea

 

      Dragoiak kanjiken aurrera heldu zirenean, txundidura une bat izan zen. Kanjikek ez zuten sinetsi nahi indar errepresiboak beraien aurka bidali zituztenik; baina bizarginak dena ulertu zuen, eta itxaron egin zuen. Gelditu egin ziren dragoiak, eta kapitainak sakabanatzeko agindua eman zion jendetzari; baina batzuk horretara makurtzeko prest egon arren, beste batzuk bizarginaren alde jarri ziren gogor eginez, honek hitz jasoak erabiliz erantzun hau bota zuelarik:

      — Ez gara, ez, banatuko. Gure gorpuak nahi badituzue, har itzazue; baina gorpuak bakarrik. Ez dituzue gure ohorea, gure sinesmenak, gure eskubideak eta, horiekin batera, Itaguairen salbazioa eramango.

      Ez zegoen bizarginaren erantzun hura baino gauza ausartagorik esaterik; ezta naturalagorik ere. Krisialdi latzen zorabioa zen. Bazitekeen ere dragoiek armak erabiliko ez zituztelako gehiegizko konfiantza izatea; baina kapitainak berehalaxe barreiatu zuen balizko konfiantza hura, kanjiken aurkako erasoaldia agindu zuenean. Kinka deskribaezina izan zen. Jendetzak, sumindurik, orro egin zuen; zenbaitek, etxeetako leihoetara igoz edo arineketan kalean barna, hanka egitea lortu zuen, baina gehientsuenak bertan geratu ziren amorruz bafadaka, bizarginaren aldarriek berotuta. Kanjiken hondamena gertu zegoela, dragoien hirutatik bat —arazoaren zioa zeinahi ere den, kronikek ez dute argitzen—, matxinadaren alde jarri ziren bat-batean. Ustekabeko bultzakada honek kanjikei adore emateaz gain, epeldu egin zituen legaltasunaren batailoiak. Adiskide zintzoek ez zuten beren lagun propioei erasotzeko kemenik izan, eta, banan bana, beste aldera pasatzen joan ziren, hala, minutu batzuk geroago, egoera zeharo aldatu zelarik. Kapitaina alde batean zegoen, dragoi bakan batzuekin, heriotza-mehatxu egiten zion jendetza trinko baten aurka. Ez zuen beste erremediorik izan: azpiratutzat eman zuen bere burua eta ezpata luzatu zion bizarginari.

      Iraultza garaileak ez zuen minutu bat ere galdu. Zaurituak inguruko etxeetara eraman ondoren, matxinatuak Udaletxerantz abiatu ziren. Erregea, erregeordea, Itaguai, eta «Porfirio printzipala» goratzen zituzten, oihuka, herriak eta tropak adiskidetuta. Porfirio zihoan aurrean, ezpata, labaina luzexka bailitzan, trebeki erabiliz.

      Garaipenak argi-koroa misteriotsu bat ipini zion bekoki inguruan. Hasia zen gobernuaren duintasuna haren sorbaldak sendotzen.

      Jendetza eta tropa leihoetatik begiztatuz, zinegotziei iruditu zitzaien tropak jendetza atzeman zuela, eta, beste ikerketarik gabe, barrura sartu ziren eta erregeordeari eskaera bat zuzentzeko erabakia hartu zuten bozketaz, dragoiei —«Itaguai beren adoreari esker salbatu baitzen asaldari andana batek jaurtikitako amildegitik—» hilabeteko soldata estra eman ziezaien. Esaldi hori Sebastian Freitasek proposatu zuen, kanjiken alde azalduz, Udal batzarkideak hain txundituta utzi zituen zinegotzi disidenteak. Baina berehala suntsitu zen ilusioa. Bizarginari eskainitako goratze oihuek, zinegotziei eta alienistari zuzendutako heriotza-mehatxuek iragarri zieten errealitate goibela. Ez zuen presidenteak atzera jo: «Geure patua edonolakoa izanik ere, Erregeren eta herriaren zerbitzura gaudela gogora dezagun,» esan zuen. Sebastian Freitasek hitz erdika adierazi zuen hobeto zerbitzatu ahal zituztela koroa eta bizitza atzeko atetik hanka eginez eta epaileagana mintzatzera joanez; baina Udaleko batzarkide guztiek atzera bota zuten proposamen hau.

      Luze gabe, bizargina, bere zenbait tenientek lagunduta, salan sartu zen eta Udala errenditzera behartu zuen. Udalak ez zuen gogor egin; entregatu eta kartzelara joan zen zuzenean. Orduan bizarginaren lagunek Erregeren izenean hiriko gobernua har zezala proposatu zioten. Porfiriok mandatua onetsi zuen, nahiz eta jakin —erantsi zuen— nolako arantzak ekarriko zizkion. Gehiago esan zuen: han aurrean zeuden adiskideen laguntza ez zuela sekula ahaztuko. Laster sortu ziren aipatutakoen baiezko keinuak. Eta bizargina leihora joan zen eta erabaki hauek jakinarazi zizkion herriari, honek bizargina goratuz onetsi zituelarik. Bizarginak «Hiriaren zaindari Erregeren eta herriaren izenean» deitura hartu zuen. Hainbat agindu garrantzitsu, gobernu berriaren albiste ofizialak, eta txosten zehatz bat bidali zizkioten berehala erregeordeari, Bere Maiestatearen aginduetara zeudela hamaika aldiz zin eginez; azkenik, aldarrikapen motza bezain sutsua herriari:

 

Itaguaitarrok!

      Udal ustel eta zanpatzailea Erregeren eta herriaren interesen aurka ari zen azpilanean. Iritzi publikoak kondenatu egin zuen. Bere Maiestatearen dragoi ausarten laguntza sendoaz, hiritar multzo batek lotsagarriro sakabanatu berri du udal hori, eta, hiriaren aho bateko baimenaz, aginte osoa niri konfiatu zait, Bere Maiestateak bere errege zerbitzurako hoberena deritzona agintzera deliberatzen duen arte. Itaguaitarrok!

      Zuen konfiantza nigan jar dezazuen besterik ez dizuet eskatzen, Udalak hainbesteraino zapuztu zituen, eta orain eskuratu dituzuen bake eta ondasun publikoen berriztapenean lagun diezadazuen. Konta ezazue nire sakrifizioarekin eta koroa gureganatuko dugula ziur egon zaitezte.

Hiriaren Zaindari,
Bere Maiestatearen eta herriaren izenean

PORFIRIO CAETANO DAS NEVES

 

      Guztiek nabaritu zuten ez zuela adierazpen honek Etxe Orlegiaz tutik ere aipatzen; eta, zenbaiten ustez, ezin izan zitekeen bizarginaren proiektu ezkutuen seinale argiagorik. Arriskua are eta larriagoa zen, gertaera garratz horiek suertatzen ziren bitartean, alienistak zazpi edo zortzi pertsona barneratu zituela kontutan izanik, bi andre eta Zaindariaren gizonezko senide bat horien artean. Ez zen desafioa, ezta asmo txarreko ekintza ere; baina guztiak horrela pentsatzera makurtu ziren, eta hiriak arnasa hartu zuen hogeita lau ordu barru alienista atxilotua eta kartzela lazgarria errausturik izango ziren esperantzetan.

      Eguna zorionean amaitu zen. Bandoa matrakaren laguntzaz botatzen zuena izkinaz izkina aldarria errezitatzen zihoan bitartean, herria kaleetan barna barreiatzen zen Porfirio ospetsuaren alde hilko zela zin eginez. Etxe Orlegiaren aurkako oihu bakan batzuk besterik entzuten ez zirela zen gobernuaren ekintzarekiko konfiantzaren froga. Egun hura jai izango zelako agindua argitarazi zuen bizarginak, eta hain komenigarri irizten zion bere baitan mundu honetako boterea eta botere izpirituala elkarrekin uztartzeari, ezen apaizarekin sartu zen harremanetan Te-Deum bat egin ahal izateko; baina Aita Lopesek argi eta garbi adierazi zion ez zegoela bere laguntza eskaintzeko prest.

      — Dena den, ez du berorrek gobernuaren etsaien alde jokatuko, ezta? —galdegin zion bizarginak kopeta zimurtuz.

      Aita Lopesek ezer garbirik adierazi gabe erantzun zion:

      — Zer dela eta alde ala aurka, gobernu berriak ez du areriorik eta!

      Bizarginak irribarre egin zuen: egia borobila zen. Kapitainak, zinegotziek eta hiriko jauntxoek ezik, jende guztiak goraipatzen zuen. Jauntxoek berek ez bazuten goraipatzen ere, ez ziren bere aurka azaldu. Ez zen funtzionario bat ere gelditu bere aginduetara makurtu gabe. Oro har, Itaguai, azkenean, Etxe Orlegitik eta Simon Bacamarte beldurgarriagandik salbatu behar zuenaren izena bedeinkatzen zuten familiek.

 

Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990