|
Alienista
VIII Botikariaren larrialdiak
Aurreko kapituluan kontatu diren gertaerak pasa eta hogeita lau ordu geroago, bizargina Gobernuaren Jauregitik —honelaxe izendatu baitzuten Udaletxea— irten zen bi funtzionariorekin, eta Simon Bacamarteren egoitzara zuzendu zituen bere pausoak. Bazekien gobernuarentzat itxurosoago zela hura deitaraztea; hala ere, alienistak agindutakoa egingo ez zuen beldurrak pazientziaz eta apal jokatzera behartu zuen. Ez dut deskribatuko bizargina alienistaren etxera zihoala jakin zuenean botikariak sentitu zuen ikara. «Internatzera doa,» pentsatu zuen. Eta bere larritasuna biziagotzen zen. Ez dago benetan iraultza-egun haietan botikariak jasaten zuen tortura morala inolaz ere deskribatzerik. Ez da sekula gizonik egoera estuagoan aurkitu: bere alienistarekiko hurkotasunak haren ondora deitzen zuen; bizarginaren garaipenak harenganantz erakartzen zuen. Lehenik ere, matxinadaren berri xumeak bortizki astindu izan zion arima, bazekielako alienistaren aurkako gorrotoa aho batekoa zela; baina azkeneko garaipena azkeneko muturrekoa izan zen. Bere emazteak, Evarista andrearen lagun mina eta andre kementsua, bere eginbeharra Simon Bacamarteren ondoan zegoela zioen. Bestalde, bihotzak ezetz oihukatzen zion, alienistarenak egin zuela, eta ez zela inor bere borondatez hilotz baten alde jartzen. Katon-ek egin zuen, egia da, sed victa Catoni, pentsatzen zuen, Aita Lopesekin izaten zituen solasaldiak gogoratuz; «baina ez zen Katon kausa galdu baten alde jarri, Katon bera izan zen galdu zen kausa, Errepublikaren kausa. Bere ekitaldia, hortaz, gizon berekoi batena izan zen, egoista nazkagarri batena. Bestelakoa da ene egoera». Hala ere, bere emaztea behin eta berriro harira itzultzen zenez, ez zuen Crispin Soaresek beste irtenbiderik aurkitu, gaixotzea baizik. Gaixorik zegoela aitortu zuen eta oheratu egin zen. — Hara, han doa Porfirio, Bacamarte doktorearen etxera —esan zion biharamunean bere emazteak, oheko burkoan jesarririk—. Beste batzuk doaz berarekin. «Kartzelaraztera doa,» pentsatu zuen botikariak. Ideia baten hariari, bestea lotzen zaio. Behin alienista atxiloturik, haren kide zenez, bere bila etorriko zirela iruditu zitzaion botikariari. Labatibarik onena izan zen ideia hau. Jaiki eta Crispin Soaresek ondo zegoela eta kalera irtetera zihoala esanez, bere ezkontidearen protestak eta ahaleginak tartean zirela ere, jantzi eta kalera irten zen. Kronista zaharrek aho batez diotenez, botikariaren emaztea erabat lasaitu zuen bere senarra sotilki alienistaren alde jartzera zihoalako ziurtasunak, eta zorroztasun handiz azpimarratzen dute ilusio baten neurrigabeko ahalmen morala; izan ere, botikaria Gobernuaren Jauregira abiatu baitzen zuzenean, eta ez alienistaren etxera. Hara heldu zenean, harrituta azaldu zen bizargina ez ikusteaz, bezperan gaixo zegoelako ezin izan zuenez, haren alde zegoela adierazi nahi baitzion. Eta eztul egiten zuen ahalegin handiz. Deklarazioa entzuten zuten funtzionario gorenek, alienista eta botikariaren arteko kidetasun estuaren berri bazekitenez, atxikimendu berriak zuen garrantzi guztia ulertu zuten, eta Crispin Soaresek merezi zuen begiruneaz tratatu zuten. Bizargina berehala etorriko zela ziurtatu zioten; arazo garrantzitsu bat zela eta, Berori Etxe Orlegira joana zen; baina ez zen luzatuko. Aulki bat eskaini zioten, freskagarriak, laudorioak. Porfirio ospetsuaren kausa, patriota guztiena zela esan zioten. Botikariak baiezka jarduten zuen, ez zuela sekula besterik pentsatu, horixe adierazi nahi ziola Bere Maiestateari.
Alienista |