Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990

 

 

V

Izua

 

      Lau egun geroago, Itaguaiko herriak Costa izeneko bat Etxe Orlegian sartu zutelako berria entzun zuen izututa.

      — Ezinezkoa da!

      — Ezinezkoa dela? Gaur goizean sartu dute.

      — Baina, nola liteke? Ez zuen merezi eta... Hori bakarrik behar genuen! Hainbeste gauza egin ondoren!...

      Costa Itaguaiko hiritar estimatuenetako bat zen. Juan V.a Erregeagandik laurehun mila gurutzatu heredatu zituen legezko txanponetan, diru horren errentarekin nahikoa zuela —bere osabak testamentuan adierazi zion bezala— «munduaren bukaera arte» bizitzeko. Herentzia jaso orduko, lukururik gabeko mailegutan hasi zen hura banatzen: mila gurutzatu bati, bi mila beste bati; hirurehun honi, zortziehun hari... hain neurrigabeki, non bost urte geroago ezer gabe geratu baitzen. Miseria tupustean iritsi izan balitzaio, Itaguaitarren harridura berebizikoa zatekeen, baina ezari ezarian iritsi zen: ugaritasunetik urritasunera; urritasunetik pobreziara, eta pobretasunetik mixeria gorrienera joan zen mailaz maila jaisten. Bost urte horren buruan, lehen bera kale muturrean azaltzen zen bakoitzean sonbreirua herrestan lurreraino eraman ohi zutenek, orain sorbalda zapladatzen zioten hurkotasunez, sudurra txatxamurkatzen, eta adarra jotzen zioten. Eta Costa beti umil, irribarretsu. Zakarrenak, hain zuzen ere, zorra oraindik ordaindu gabe zutenak zirela egiaztatzea ez zitzaion axola; aitzitik, atsegin handiagoz eta etsipen gorenagoz egiten ziela harrera ona zirudien. Egun batean, alproja sendaezin haietako batek txantxa zantar bat bota, eta berak barre egin zuela ikusirik, barren beltzeko tipo batek esan zion, maltzur xamar:

      — Agian ordainduko dizulakoan jasaten duzu tipo hori.

      Costa ez zen istant batez ere gelditu: zordunarengana joan zen eta zorra barkatu zion. «Ez naiz harritzen» —esan zuen besteak marmarrean—, «Costak zeruan dagoen izar bat askatu zuen bere eskutik». Costa zorrotza zen; hark bere ekintzari meritu osoa ukatzen ziola ulertu zuen, patriketan inork sartuko ez zion diruari muzin egiteko asmoa leporatzen ziolarik. Costak asko estimatzen zuen bere burua, eta asmamen handiko gizona ere bazen. Bi ordu geroago, halako lohidura ez zegokiola frogatzeko bidea aurkitu zuen: zenbait dobloi hartu, eta mailegu gisa bidali zizkion zordunari.

      — Oraingoan espero dut... —pentsatu zuen esaldia amaitu gabe—.

      Costaren azken bihotzaldi honek sineskor eta sinesgaitz guztiak ados jarri zituen. Ez zituen beste inork hiritar duin haren sentimendu zintzoak zalantzan ipini. Premia larrienak kalera atera ziren; adabakiz jositako kapez eta txapin zarpailez bere atea jotzera joan ziren. Bitartean har batek karruskatzen zuen gupidagabe Costaren arima: bihotz beltz haren ideiak. Baina amaitu zen hau ere. Hiru hilabete geroago berau etorri zitzaion ehun eta hogeiren bat gurutzatu bi egun barru itzultzeko promesaz. Herentzia handiaren hondarrak ziren, baina errebantxa jatorra ere bazen: Costak berehala prestatu zion dirua, berehala eta interesik gabe. Zoritxarrez, ez zuen besteak ordaintzeko betarik izan: bost hilabete geroago, Etxe Orlegian jaso zuten.

      Susmatzekoa da itaguaitarren izualdia kasuaren berri jakin zutenean. Ez zen beste ezertaz hitz egiten. Batzuek zioten Costa bazkalorduan erotu zela; beste batzuek goizean goiz izan zela; eta erasoaldiak ikaragarriak, goibelak eta latzak zirela zioten, —edo mantsoak, eta baita barregarriak ere, bertsioen arabera—. Jende asko abiatu zen lasterka Etxe Orlegira eta han aurkitu zuten Costa gizagaixoa, lasai eta pittin bat izututa, oso garbi mintzatzen, eta ea zergatik eraman zuten hara galdezka. Batzuk alienista ikustera joan ziren. Bacamartek onesten zituen gupida eta estimazio sentimendu hauek, baina zientzia zientzia zela gehitzen zuen, eta berak ezin zuela pepelerdo bat kalean utzi. Bere alde erregutu zuen azken pertsona —zeren kontatzera noana gertatu zenetik ez baitzen inor gehiago alienista lazgarriaren bila joatera ausartu— andre gaixo bat izan zen, Costaren lehengusina. Alienistak esan zion, isilpean gordetzeko, gizon duin hark ez zituela bere buru ahalmenak oreka egokian, bere ondasunak nola xahutu zituen ikustea besterik ez zegoela...

      — Hori ez! Hori bai ezetz! —moztu zion andreak biziki—. Berak jasotakoa hain azkar gastatu bazuen, ez da bere erruagatik izan.

      — Ez?

      — Ez, jauna. Nik kontatuko dizut nola gertatu zen. Nire osaba zena ez zen gizon gaiztoa, baina su eta gar jartzen zenean, Santisimoaren aurrean sonbreirua ez eranzteko gauza ere bazen. Egun batez, hil baino lehentxeago, esklabo batek idi bat lapurtu ziola atzeman zuen. Imajina ezazu nola jarri zen!

      Bere aurpegia pipermorro bat zen; gorputz osoa dardaraka; ahoa bitsez irakiten. Gaur izan balitz bezalaxe dut gogoan. Orduan gizon itsusi, iletsu batek, alkandora hutsean, beragana hurbildu, eta ura eskatu zion. Nire osabak, Goian bego, errekara edo infernura joateko edatera erantzun zion. Gizonak begiratu, eta, eskua mehatxu keinu batez irekiz, madarikazio hau bota zion: «Zure diru guztiak ez du zazpi urte eta egun bat iraungo, hau Salomonen zigilua den bezalaxe.» Eta besoan marrazturik zuen Salomonen zigilua erakutsi zuen. Hori izan zen, jauna; madarikatu haren madarikazioa izan zen.

      Bacamartek bi begi labainak bezain zorrotzak zituen andre gaixoarengan finkatuak. Andreak amaitu zuenean eskua luzatu zion berak, kortesiaz, erregeordearen emazteari berari egingo ziokeen bezala, eta bere lehengusuarekin hitz egitera gonbidatu zuen. Andreak sinetsi egin zion. Etxe Orlegira eraman, eta haluzinatuen galerian sartu zuen.

      Bacamarte ospetsuaren gehiegikeria honen berriak izua zabaldu zuen hiritarren arimetan. Ez zuen inork erabat onartu nahi alienistak, inolako areriotasun eta arrazoirik gabe, burutik sano zegoen andrea, erru bakarra gizagaixo batengatik erregutzea izan zuena, Etxe Orlegian itxi zuenik. Jendea marmarrean zebilen bazterretan, bizartegietan. Nobela bat sortu zen: alienistak, garai batean, Costaren lehengusinari bidalitako amodiozko mandatuak, Costaren haserre bizia eta lehengusinaren erdeinua. Eta haren ondorioz, oraingo mendekua. Garbi zegoen. Baina alienistaren hantuste eza eta zeraman jakintza bizitza ez zetozen bat hipotesi horrekin. Esamesak! Guzti hau, noski, deabruaren saltsa zen. Eta sineskorretariko batek beste kontu batzuk ere bazekizkiela eman zuen aditzera, ez zituen esaten ziurtasun osoa ez zuelako; baina bazekizkien, ia zin egin zezakeen.

      — Zu bere adiskide mina zarenez gero, ezingo al zeniguke esan zer gertatu den, zergatik izan den guztia...?

      Crispin Soares burutik behatzetara urtzen ari zen. Jende urduri, jakinguraren eta lagun txundituen galdekatze horrek jendarteko onespena suposatzen zuen beretzat. Zalantzarik ez zegoen. Herri osoak zekien, azkenik, bera, Crispin botikaria, zela alienistaren konfidentea, gizon handiaren eta ekintza handietako laguntzailea. Horregatik joan-etorri ikaragarri hura botikan. Guzti hori adierazten zuten botikariaren aurpegi harroak eta barre sotilak, barreak eta isiltasunak, berak ez baitzuen ezer erantzuten; bizpahiru monosilabo solte eta lehor, guztira, irribarre leial, iraunkor eta xeheaz bilduak, arrisku eta desohorerik gabe inolako pertsonari ezagutarazi ezin zizkion misterio zientifikoez beteriko irribarreaz.

      — Zer edo zer bazegok, pentsatzen zuten fidagaitzenek.

      Horietako batek, hori pentsatu izateaz ase, ezaxolarena egin, eta hanka egin zuen. Negozio pertsonalak zituen. Luxuzko etxe bat eraiki berria zuen. Etxea soilik nahikoa zen jende guztia adi-adi geldiarazteko; baina bazen besterik ere: leihoak beti irekita zeudenez, berak zioenez Hungaria eta Holandatik ekarrarazi zituen altzariak kanpotik ikus zitezkeen, —eta lorategia, arte eta gustu oneko opera prima bat zena. Bastagintza zela medio aberastu zen gizon honek, etxe miragarria, lorategi ponpoxoa eta altzari zoragarriak izatearekin amets egin izan zuen beti. Ez zuen basten negozioa utzi, baina etxe berriari begira hartzen zuen atseden. Itaguaiko eraikin handiena zen, Etxe Orlegia baino handiosagoa, Udaletxea baino ederragoa. Bastaginaren etxeaz hitz egiteak, pentsatzeak edo goratzeak negarra eta hortz kaskadak eragiten zituzten hiriko aitonen semeengan: «Bastagin arrunt bat, Jainkoarren!»

      — Han dago, aho zabalik —zioten goizeko ibiltariek.

      Goizero, izan ere, lorategi erdian jarri, eta ordu luze batez, maitemindurik, etxeari so egotea zen Mateoren ohitura, bazkaltzera deitzen zuten arte. Auzotarrek nolabaiteko begirunez agurtzen bazuten ere, gogotik egiten zioten burla atzetik. Mateok bastak beretzat egingo balitu, askoz gehiago aurreztuko lukeela, eta oso aberatsa izango litzatekeela esatera ausartu zen haietako bat; epigrama ulergaitza, baina barre algara handiak eragiten zituena.

      — Han dago orain Mateo, jendeak begira diezaion —zioten arratsaldean.

      Hona beste esaera honen arrazoia: arratsaldean, familiak paseatzera irteten zirenean —goiz afaltzen zuten—, Mateo leihoan jarri ohi zen, erdi erdian, dotore, atzealde ilunetik nabarmen, traje zuriz jantzita, jauntxo jarreran, eta horrela geratzen zen bizpahiru orduz erabat iluntzen zuen arte. Sinets zitekeen mirespena sortzea edo inbidia ematea zela Mateoren asmoa; ez baitzion bere asmoa sekula inori aitortzen, ezta bere lagun minak ziren botikariari edo Aita Lopesi ere. Beraz, ez zuen botikariak ezer aipatu alienistak esan zionean bastagina agian harriez maiteminduta egon zitekeela, eta mania hori berak, Bacamartek, aspalditxo aurkitu, eta aztertzen jarduten zuela. Etxeari beha geratzeko ohitura hura...

      — Ez, jauna —erantzun zuen biziki Crispin Soaresek.

      — Ez?

      — Barkatuko didazu, baina beharbada ez dakizu goizez ez duela bere lana miresten, aztertzen baizik. Arratsaldez, berriz, besteak dira hura eta haren lana miresten dutenak.

      Eta bastaginaren arratsaldeko ohitura kontatu zion, arratsaldearen hasieratik gaua zabaldu arte.

      Atsegin zientifikoz piztu zitzaizkion begiak Simon Bacamarteri. Edo ez zituen bastaginaren ohitura guztiak ezagutzen, edo, Crispin galdekatuz, susmotxoren bat edo albiste ilun bat konfirmatu besterik ez zuen nahi izan. Ase zuen azalpenak; baina, jakintsu bati dagokion alaitasuna agertzen zuenez, ez zuen botikariak asmo makurrik susmarazi zezakeen ezer nabaritu. Aitzitik, arratsaldea zen, eta alienistak besoa eskatu zion paseatzera joateko. Arraioa! Simon Bacamartek bere konfidenteari halako ohorea egiten zion lehenengo aldia zen. Crispin dardaraka, lur eta zur geratu zen. Baietz esan zuen, prest zegoela. Bizpahiru kanpotar heldu ziren, eta Crispinek, bere baitan, pikutara bidali zituen. Paseoa atzeratzeaz gain, agian Bacamartek haietakoren bat hauta zezakeen elkarrekin joateko, bera alde batera utziz. Hura larritasuna! Hura atsekabea! Abiatu ziren azkenean. Alienistak bastaginaren etxerantz jo zuen. Leihoan ikusi zuen. Bospasei aldiz pasa zen aurretik mantso-mantso, noizbehinka geldituz, haren trazak eta aurpegiaren itxura aztertzen. Mateo gizagaixoak, Itaguaiko figura handienaren jakin-nahi eta harriduraren gaia bera zela konturatu zeneko, bere itxura indartu zuen, bere jarrera zaindu... Dohakabe halakoa! Dohakabea, bere burua galtzea besterik ez zuen egin; biharamunean, Etxe Orlegian jaso zuten.

      — Etxe Orlegia kartzela pribatua da —esan zuen klinikarik gabeko mediku batek.

      Ez zen sekula iritzi bat hain azkar onartua eta hedatua izan. Kartzela pribatua: hona hemen Itaguaiko iparretik hegoaldera eta ekialdetik mendebaldera errepikatzen zena. Beldurrez, egia da, Mateo gaixoa harrapatu ondorengo astean hogeitik gora pertsona —bizpahiru printzipal tartean— bildu baitzituzten Etxe Orlegian. Kasu patologikoak soilik ametitzen zirela zioen alienistak, baina inork gutxik sinesten zion. Herrian bertsioak barra-barra sortu ziren. Mendekua, diru gosea, Jainkoaren zigorra, mediku beraren monomania, Rio de Janeiroko plan ezezagun bat Itaguain hiri haren ospea gutxitu eta ilun zezakeen inolako oparotasun hazirik jaio, hazi edo lora ez zedin; ezer argitzen ez zuten beste hamaika azalpen: hori zen jendearen irudimenaren eguneroko emaitza.

      Garai hartan heldu ziren alienistaren emaztea, izeba, Crispin Soaresen emaztea, eta aste batzuk lehenago Itaguaitik abiatu eta Rio de Janeirora joan zen ahuku osoa, edo ia osoa. Alienista botikariarekin, Aita Lopesekin, zinegotziekin eta beste hainbat magistraturekin batera joan zen ongi-etorria ematera. Garai hartako kronistek Evarista andreak begiak bere senarrarengan jarri zitueneko unea, gizartearen historia moralaren gorenetarikotzat daukate, eta hau bi izaeren kontrasteagatik, biak erabatekoak, biak miragarriak. Evarista andreak garrasi bat bota, hitz bat xuxurlatu, eta ezkontideaganantz jauzi egin zuen tigre eta usapalaren zantzu nahastua zuen keinu batez. Bestelakoa izan zen, ordea, Bacamarte ospetsuaren jarrera: diagnostiko bat bezain hotz, zurruntasun zientifikoa une batez ere galdu gabe, besoak luzatu zizkion bere emazteari, hau haietan jausi eta konortea galdu zuelarik. Pasadizo motza; bi minutu geroago, Evarista andreak lagunen ongi-etorria jaso zuen eta ahukuak aurrera jo zuen.

      Evarista andrea Itaguairen itxaropena zen; Etxe Orlegiaren zigorra leuntzeko berarekin kontatzen zuten. Horregatik jendarteko aldarriak, kaleak jendez lepo-hezurreraino beterik, banderinak, loreak eta damaskoak leihoetan. Besoa Aita Lopesenean jarrita —mediku famatuak bere emaztea apaizari utzirik, pauso pentsakorrez laguntzen baitzien—, Evarista andreak batera eta bestera mugitzen zuen burua, ikusnahi, artega, harro. Apaizak, aurreko erregeorde garaietatik bisitatu gabe zuen Rio de Janeiro hiriaz galdetzen zion, eta Evarista andreak munduan izan zitekeen hiririk ederrena zela erantzuten zion kartsuki. Passeio Público-a amaituta omen zegoen eta sarritan joan ohi zela paradisu hartara, eta Rua das Belas Noites-era, Ahateen iturrira... Oi! Ahateen iturria! Ahateak ziren, ahotik ura botatzen zuten metalezko ahateak. Benetan ikusgarria. Apaizak baietz, orain Rio de Janeiro askoz ere politagoa izango zela. Lehen ere hala zen eta! Ez zen harritzekoa, Itaguai baino handiagoa izanik, gobernuaren egoitza ere bazen... Baina ezin zitekeen Itaguai itsusia zenik esan: etxe ederrak zituen, Mateoarena, Etxe Orlegia...

      — Etxe Orlegia dela eta —esan zuen aita Lopesek momentuko gairantz trebeki limurtuz—, jendez leporaino beteta aurkituko duzu.

      — Bai?

      — Halaxe da. Mateo han dago...

      — Bastagina?

      — Bastagina. Costa dago, Costaren lehengusina, Urlia eta Sandia, eta...

      — Guztiak erotuta?

      — Edo hortxe nonbait —amore eman zion apaizak.

      — Zer gertatzen da, bada?

      Apaizak, dena esan nahi ez balu, edo tutik ere ez baleki bezala, ezpainak okertu zituen; testurik ez duenez, beste pertsona bati errepika ezin daiteken erantzun iluna. Evarista andreari benetan harrigarria iruditu zitzaion jende guzti hura eroturik egotea. Bat edo beste, agian; baina, guztiak? Hala ere, zail egiten zitzaion zalantzan jartzea; bere senarra jakintsua zen, ez zukeen inor Etxe Orlegira sartuko benetan burutik jota egon ezean.

      — Zalantzarik gabe, zalantzarik gabe —egiaztatzen zuen apaizak.

      Hiru ordu geroago, berrogeita hamar bat gonbidatu esertzen ziren Simon Bacamarteren mahaiaren inguruan. Ongi-etorriko afaria zen. Evarista andrea izan zen topa, hitzaldi, hamaika bertso mota, metafora, handikeria eta apologo guztien derrigorrezko gaia. Bera zen Hipokrates berriaren emaztea, zientziaren musa, aingeru dibinala, egunsenti, karitate, bizitza, kontsolamendu. Crispin Soaresen iritzi apalean bi izar zeramatzan begietan, eta bi eguzki, berriz, zinegotzi baten ustez. Alienista asper xamar eginda zegoen gauza hauek entzuteaz, baina ez inolaz ere urduri. Gehienez, erretorikak permititzen zituela halako balentria inozoak, xuxurlatzen zion emazteari belarrira. Evarista andreak bere senarraren aburuarekin bat etortzeko ahaleginak egin arren, lausengaldien hiru laurdenak alde batera utzirik ere, asko geratzen zitzaion bere arima betetzeko. Hizlarietariko batek, kasu, Martin Britok, hogeita bost urtetako gazte lirainak, xarmakeria eta amodio kontutan arituak, Evarista andrearen jaiotzea era ezin xelebreago batez azaltzen zuen hitzaldia bota zuen: «Jainko koroaren diamante eta perla diren gizona eta emakumea unibertsoari eman ondoren, Jaungoikoak Jaungoikoa bera gainditu nahi izan zuen, eta Evarista andrea sortu zuen.»

      Evarista andreak begiak jaitsi zituen, apal. Galankeria hura gehiegizkoa eta ausarta iruditu zitzaien bertako bi andreri, eta, etxeko jabearen begiak galdekatuz, alienistaren keinua susmo eta mehatxuz lainoturik antzeman zuten benetan; odolez, segur aski. Ausarkeria handia izan zela pentsatu zuten bi damek. Edozein gertaera tragiko galarazi, edo, gutxienez, biharamunerako utz zezala eskatzen zioten bai batak, bai besteak, Jaungoikoari. Bai, atzera zezala. Bi dametatik jainkotiarrena, Evarista andreak inolako mesfidantzarik merezi ez zuela ametitzera heldu zen bere baitan, hain baitzegoen polit eta xarmagarri izatetik urrun. Baina, halere, gustu guztiak berdinak izango balira, zer gertatuko litzaioke kolore horiari? Burutazio honek dardaraka utzi zuen berriro, baina lehen baino gutxiago, alienista orain irribarre egiten ari baitzitzaion Martin Britori, eta, guztiak zutik, harengana hurbilduz, hitzaldiaz mintzo baitzitzaion. Ez zion xehetasun bikainez hornitutako inprobisazio distiratsua zenik ukatu. Berea al zen Evarista andrearen jaiotzari buruzko ideia, ala beste autore batengan aurkitu zuen, eta...? Ez, jauna; berea zen. Aldi hartan aurkitu zuen eta hizlari-zorabioari ongi zegokiola iruditu zitzaion. Bestalde, bere ideiak ausartak ziren, xamurrak edo barregarriak baino gehiago. Epikarako joera zuen. Behingo batean, esaterako, Pombaleko Markesaren lur jotzeari oda bat egin zion, non ministro hau «Dena-ren hatzapar mendekatzaileek» zanpatutako «Ezerezaren herensuge lazgarria» omen zela baitzioen; eta honen tankerako beste bitxikeria batzuk. Ideia sublime eta aldrebesak, irudi handi eta sotilak zituen gogoko...

      «Gizagaixoa!» pentsatu zuen alienistak, eta jarraitu zuen bere artean: «Burmuineko gaitz baten aurrean gaude. Ez da gaitz larria, baina bai aztertzeko bikaina...»

      Evarista andrea txundituta geratu zen handik hiru egunetara Martin Brito Etxe Orlegian sartu zutela jakin zuenean. Hain ideia apartak zituen gaztea! Aipatutako bi emakumeek alienistaren jelosiari leporatu zioten ekintza hau. Hori besterik ez zen. Gaztearen adierazpena ausartegia izan zen benetan.

      Zeloak? Baina, nola uler zitekeen handik denbora gutxira José Borges de Couto Leme, gizon estimagarria, Cambraiasetako Paco, alferrontzi xelebrea, Fabricio eskribaua, eta beste batzuk internatuak izatea? Izua areagotu egin zen. Inork ez zekien zein zegoen sano eta zein zoro. Senarrak irteterakoan, kandela bat pizten zioten beren emazteek Amabirjinari. Eta ez ziren senar guztiak ausartzen. Batzuk morroi bat edo biren laguntzarik gabe ez ziren irteten. Izua zen, alafede. Ahal zuenak kanpora jotzen zuen. Iheslari horietako bat hiritik berrehun pausotara harrapatu zuten. Hogeita hamar urtetako gaztea zen, atsegina, hitz onekoa, fina. Hain fina zen, non ez baitzuen inor agurtzen kapela lurreraino eraman gabe. Batzuetan hogei edo hogeita hamar metro korritzen zuen kalean, gizon serio bat, andre bat edo haur bat agurtzeko, epailearen semeari gertatu zitzaion bezala. Kortesiaren bokazioa zuen. Bestalde, gizartearen harreman onak ez zizkien bere dohain pertsonal urriei zor, baizik eta bat, bi, lau, sei begirada makur eta aurpegiluzeren aurrean zuen adore etsigaitzari. Hona hemen gertatzen zena: etxe batean sartuz gero, ez zuen jadanik uzten, ezta etxekoek bera ere, hain baitzen barregarria Gil Bernardes. Kontua da, estimatua zela jakin arren, alienistak begitan hartu zuela, Gil Bernardes ikaratu egin zela jakin zuenean. Biharamun egunsentian, herritik hanka egin zuen, baina berehala harrapatu zuten eta Etxe Orlegira eraman.

      — Bukatu egin behar dugu honekin!

      — Ezin du honek jarraitu!

      — Tirania kanpora!

      — Despota! Zanpatzaile! Goliat!

      Ez ziren kaleko oihuak, etxeetatik irteten ez ziren hasperenak baizik; baina gertu zegoen oihuen ordua. Izua areagotzen zihoan; matxinada gero eta hurbilago susmatzen zen. Gobernuari Simon Bacamarte atxilotzeko eta atzerriratzeko eskakizuna egiteko ideia zebilen zenbait burutan, Porfirio bizarginak izugarrizko haserre keinuz dendan bota aurretik. Kontutan hartzekoa da —eta hari istorio goibel honen orri argitsuenetako bat da— Etxe Orlegia trumilka betetzen hasi zenetik, Porfiriok, handik hain sarritan eskatzen zizkioten izain ezartzeak zirela medio, bere ondasunak hazten ikusi zituela; baina interes partikularrak, zioen, herriaren interesaren menpe egon behar du. «Eta tiranoa bota behar dugu!», gehitzen zuen. Esan beharra dago, gainera, Simon Bacamartek oihu hau bota zuela eskakizun bat zeraman gizona, Coelho, Etxe Orlegian jasoarazi zuen egun berean, hain zuzen ere.

      — Esango didazue zer dela eta dagoen Coelho erotuta! oihukatu zuen Porfiriok.

      Eta ez zion inork erantzuten; bere senean zegoen gizona zela errepikatzen zuten denek. Arazoa herriko lur batzuetan zetzan, eta bizarginaren aurka zeraman eskakizun hura lege ilun bati zor zitzaion, eta ez gutizia edo gorrotoari. Oso gizon jatorra, Coelho hura. Lehiatsuarena edo uzkurrarena egiten, hura urrutitik ikusi bezain laster izkinetara jo eta dendetan sartzen ziren zenbait tipo beste etsairik ez zuen. Egia esan, solasaldi ederra zuen gogoko, zurrutada luzez dastatzen zuen solasaldi oparoa, eta, inor gutxietsi gabe, nahiago zituen etorri oneko lagunak. Horregatik ez zen izaten sekula bakarrik. Aita Lopesek, Dante-zalea bera, eta Coelhoren etsai zena, ez zuen hura sekula ikusten pertsona batengandik aldentzen, pasarte hau aldatuta deklamatu gabe:

            La bocca sollevò dal fiero pasto

            Quel «seccatore»...

      Baina batzuek bazekiten apaizaren gorrotoaren berri, eta besteek pentsatzen zuten latinezko otoitz bat zela.

 

Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990