Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990

 

 

IX

Bi kasu bitxi

 

      Luze gabe egin zion alienistak harrera bizarginari. Ez zuela kontra egiteko biderik, eta horregatik obeditzeko prest zegoela esan zion. Gauza bakarra eskatzen zuen: ez zezatela Etxe Orlegiaren suntsimenduaren lekuko izatera behartu.

      — Oker dabil Berori —esan zuen unetxo baten ondoren bizarginak—. Oker dabil gobernuari indarkeria asmorik leporatzen badio. Arrazoiz ala arrazoirik gabe, jendeak han sartuta dauden zoro gehienak bere senean daudela uste badu ere, gobernuak badaki hori zientzia arazoa dela bete betean, eta ez du arazo zientifikoak bere ekintzez konpontzerik pentsatzen. Bestalde, Etxe Orlegia erakunde publikoa da; horrela onartu genuen ezeztatutako Udaletik. Badago, halere, derrigorrez egon behar du, jendarteko izpirituari sosegua itzuliko dion tarteko konponbiderik.

      Alienistak nekez ezkuta zezakeen bere harridura. Besterik espero zuela aitortu zuen, hospizioaren suntsipena, kartzela, erbestea, edozein gauza, hura salbu...

      — Gobernuaren erantzukizunaren garrantzia kontutan ez hartzeagatik datorkio harridura Berorri —moztu zuen oso serio bizarginak—. Herriak, arazo honetan gupida itsuak eragiten dion legezko haserreak bultzaturik, eska dezake nolabaiteko ekintza mordoa gobernuagandik; baina honek ez du, dagokion erantzukizunaz, praktikara eraman beharrik, bere osotasunean behintzat; eta egoera horretantxe gaude gu. Atzo Udaletxe arbuiatu eta ustela lurrera bota zuen matxinada eskuzabalak, Etxe Orlegia apurtzea eskatzen zuen oihuka; baina, sar al daiteke zoramenarekin bukatzeko asmoa gobernuaren gogoan? Ez. Eta gobernua zoramena ezabatzeko gauza ez bada, gai al da hura ezagutzeko eta bereizteko, bederen? Ezta hori ere. Zientziaren arazoa da. Horrela, bada, ez du gobernuak nahi, ezin du, hain arazo larrian Berorren lankidetza baztertu. Herriari nolabaiteko pozgarriren bat ematea da eskatzen diodana. Elkar gaitezen, eta herriak obeditzen jakingo du. Erdi sendaturik egon litezkeen gaixoak, eta baita garrantzi handirik ez duten maniakoak ere, askatzea litzateke, Berorrek ez badu besterik agintzen, onets dezakegun ideietako bat. Honela, arrisku handirik gabe, tolerantzia eta borondate on apur bat erakutsiko dugu.

      — Zenbat izan dira atzoko gatazkan hil eta zaurituak?— galdegin zuen Simon Bacamartek, hiru bat minutu geroxeago.

      Bizargina aho zabalik geratu zen galdera hori entzutean, baina behingoan erantzun zuen hamaika hilda eta hogeita bost zauriturik suertatu zirela.

      — Hamaika hilik eta hogeita bost zauriturik! —errepikatu zuen bizpahiru aldiz alienistak.

      Eta ez zitzaiola ideia ona iruditzen adierazi ondoren, besteren bat aurkitzen ahaleginduko zela esan zion, eta ondorioa zenbait egun barru emango ziola. Bezperako gertakarien gainean hainbat galdera egin zion: erasoaldiaz, defentsaz, dragoien jokaeraz, Udalaren erresistentziaz, eta abar... zeintzuei bizarginak hitz jario oparoz erantzuteari ekin zion, Udalarekiko zer nolako mesfidantza zabaldu zen azpimarratuz, batez ere. Gobernu berriak ez zuela oraindik hiriko handikien konfiantza bereganatu, aitortu zuen bizarginak, baina alde horretatik lan handia egin zezakeela alienistak. Gobernua biziki poztuko litzateke Itaguaiko eta, segur aski, erresuma osoko izpiritu gorenaren onespenarekin eta borondate onarekin kontatuko balu —amaitu zuen bizarginak—.

      Isilik, harrokeria edo apaltasun izpirik gabe, baina harrizko jainko baten geldotasunaz entzuten zuen gizon handi haren aurpegiera sotil eta hantusterik gabea ez zuen guzti horrek ezertan aldatzen.

      — Hamaika hilik eta hogeita bost zauriturik —errepikatu zuen alienistak bizarginari ateraino lagundu ondoren—. Horra hor burmuinaren gaitz bitxi pare ederra —esan zuen bere artean—. Bizargin honen bikoiztasun eta lotsagabekeriaren zantzuak behin-betikoak dira. Goratu zutenen ergelkeriari dagokienez, hamaika hil eta hogeita bost zaurituak kontutan izanik, ez da bestelako frogarik behar. Bi kasu bitxi!

      — Gora Porfirio ohoragarria! —oihukatu zuten atarian bizarginaren zai zeuden hogeita hamar bat pertsonek.

      Goratzen zuten hogeita hamar pertsonei bizarginak luzatu zien hitzaldi laburraren zati hau entzutea lortu zuen alienistak, leihotik kuxkuxean:

      —... neuk begiratzen baitut eta arduratzen bainaiz, ziur izan zaitezte horretaz, herriaren nahiak bete daitezen. Fida zaitezte nitaz eta dena erarik egokienean egingo da. Ordena besterik ez dizuet gomendatzen; ordena baita, ene lagunok, gobernuaren oinarria.

      — Gora Porfirio ohoretsua! —oihukatu zuten hogeita hamar ahotsek, kapelei eraginez.

      — Bi kasu bitxi! —xuxurlatu zuen alienistak.

 

Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990