|
Alienista
I Nola lortu zuen Itaguaik ero-etxea izatea
Itaguai hiriko kronikek diote bertan mediku bat bizi izan zela antzina, Simon Bacamarte doktorea, herrialdeko aitonen semeen ondoko eta Brasilgo, Portugalgo eta Espainietako medikurik handiena zena. Coimbran eta Paduan ikasi zuen. Hogeita hamalau urte zituela Brasilera itzuli zen, Erregek Coimbran unibertsitateko zuzendari bezala edo Lisboan monarkiaren negozioak eramaten geldi zedin lortu ez zuelarik. —Zientzia —esan zion Bere Maiestateari— da nire jarduera bakarra; Itaguai nire unibertsoa. Hau esanik, Itaguain sartu zen eta zientziaren ikasketan murgildu zen buru-belarri, sendaketak irakurketekin txandakatuz eta teoremak kataplasmen bidez frogatuz. Berrogei urte zituela Evarista da Costa y Mascarenhas andrearekin ezkondu zen, hogeita bost urtetako andrea, kanpoko juje baten alarguntsa, ez polita, ezta atsegina ere. Honen osaba bat, paca-ehiztari Jainkoaren aurrean, eta oso egiatia bera, harrituta geratu zen tamainako aukeraz, eta esan egin zion. Simon Bacamartek azaldu zion Evarista andreak berebiziko baldintza fisiologiko eta anatomikoak betetzen zituela, aise digeritzen zuela, primeran lo egiten, eta pultsu ona eta sekulako ikusmena zituela. Oso egokia zitzaion, beraz, seme-alaba sendo, osasuntsu eta azkarrak erditzeko. Nolakotasun horietaz aparte —jakintsu baten arduraren gai izan zitezkeen bakarrak, bestalde— Evarista andreak aurpegi polita ez izanagatik ere, ez zuen horrek batere mintzen, ezta gutxiagorik ere; eskerrak ematen zizkion Jainkoari, aldiz, horrela ez zuelako zientziaren interesak bere ezkontidearen kontenplazio huts, zehatz eta zabarraren atzetik ibiltzeko arriskurik izango. Evarista andreak Bacamarte doktorearen itxaropenak deuseztatu zituen, ez baitzion ez haur sendorik, ez makalik eman. Zientziaren berezko izaera bihotz-zabaltasuna da; gure medikuak hiru urte itxaron zuen, lau gero, eta bost ondoren. Epe hori igaro ostean, arazoaren ikerketa sakon bat egin zuen. Itaguaira ekarritako autore arabiar guztiak eta beste zenbait berrirakurri zituen; unibertsitate italiar eta alemaniarrei kontsultatu zien, eta bere emazteari janari errejimen berezia aholkatuz amaitu zuen. Dama prestuak, Itaguaiko txerriki ederraz soilik elikatzen baitzen, ez zien bere senarraren aholkuei jaramonik egin; eta bere setakeriari —ulerterraza bezain kalifikaezina— zor diogu Bacamartetarren leinuaren desagertzea. Baina zientziak sekulako ahalmena du atsekabe guztiak sendatzeko; gure medikua medikuntzaren ikasketan eta praktikan buruaz aitzur pulunpatu zen. Orduan erreparatu zion honen zoko-moko bati arreta bereziz: zoko-moko psikikoa, burmuineko gaitzen ikerketa. Ez zen kolonian, ezta erresuma osoan ere, halako gaiaz —gaizki edo ia batere aztertu gabe zegoena— funtsezko gauzarik jakingo zuen inor. Simon Bacamartek ulertu zuen zientzia lusitaniarrak, eta brasildarrak batik bat, «zimeltzen ez denetako ereinotzez» estal zezakeela bere burua —hitz horiexek erabili zituen berak, nahiz eta etxeko intimitate euforialdi batean izan—; kanpora begira apala zen, jakintsuei dagokien bezala. — Arimaren osasuna da medikuaren zeregin duinena —aldarrikatu zuen. — Benetako medikuarena —zuzendu zuen Crispin Soaresek, hiriko botikari, eta bere mahaikide eta lagunarteko batek. Itaguaiko Udaletxeak, kronistek salatzen dizkioten beste bekatuen artean, eroei jaramonik ez egitearena zuen. Horrela, bada, ero gaizto bakoitza gela batean ixten zuten haren etxean bertan, eta ez zuten sendatzen, «desendatzen» baizik, heriotza bizitzaren ondasuna ebastera etortzen zitzaion arte; mantsoak solte ibili ohi ziren kalean. Simon Bacamarte berehala saiatu zen hain doilorra zen ohitura zuzentzen; Itaguaiko eta beste hiri eta herrietako zoro guztiei eraikitzera zihoan etxean, harrera ona eginez, ostatu eman eta tratatzeko baimena eskatu zion Udalari, gaixoaren familiak ezin bazuen, Udalak berak emango zion ordainaren truke. Proposamenak hiri osoaren jakin-nahia piztu zuen eta eragozpen handia topatu zuen; zentzugabeko ohiturak, eta baita txarrak ere, deserrotzea zein zaila den agerian jarriz. Eroak etxe batean sartu eta elkarrekin bizitzen jartzeko ideia berak ero xamarra zirudien, eta izan zen medikuaren andreari berari hori aditzera eman zionik ere. — Aizu, Evarista andrea —esan zion aita Lopesek, herriko parrokoak— ea lortzen duzun zure senarra Rio de Janeirora joan dadin bueltatxo bat ematera. Beti, beti ikasten jardutea ez da ona, burua nahasten du. Evarista andrea izututa geratu zen. Bere senarra ikustera joan zen; «desioak» zituela esan zion, bat bereziki: Rio de Janeirora joatea eta helburu jakin bat lortzearren, berari egoki iruditzen zitzaion guztia jango zuela. Baina gizon handi hark, berezkoa zuen zuhurtasun bitxiaz, emaztearen asmoari tankera eman zion eta beldurrik ez izateko esan zion irribarrez. Handik Udaletxera abiatu zen, non zinegotziak proposamena eztabaidatzen ari ziren, eta hain isuri handiz defendatu zuen, ezen eskatu zuena ematea erabaki zen gehiengoz, eta ero pobreen sendaketa, ostatua eta mantenua subentzionatzeko zerga baten aldeko botoa eman zuten aldi berean. Zerga-gaia aurkitzea ez zen batere erraza izan; dena baitzegoen zergatuta Itaguain. Ikerketa luzeen ondoren, hiletetako zaldietan bi punpoiloren erabilera onartzea erabaki zen. Hileta-gurdi baten zaldiak lumaztatu nahi zituenak bi xentimo ordaindu behar izango zion Udalari, heriotza eta hilobian eginiko azken bedeinkapenaren artean pasatako ordu bakoitzarengatik ordainketa errepikatu behar zelarik. Eskribaua tasa berriaren etekin posiblearen kalkulu aritmetikoetan galdu zen, eta medikuaren eginkizunean sinesten ez zuen zinegotzietariko batek eskribaua alferrikako lan hartatik aldatzeko eskatu zuen. — Kalkuluak ez dira beharrezkoak —esan zuen—, Bacamarte doktoreak ez duelako ezer konpontzen. Non ikusi da ero guztiak etxe berean sartzeko hori? Magistratu duina oker zebilen; medikuak dena konpondu zuen. Baimenaren jabe egin ondoren, etxea eraikitzen hasi zen Kale Berrian, garai hartan Itaguaik zuen kale ederrenean. Alde bakoitzean berrogeita hamar leiho zituen, patio bat erdian eta gelatxo ugari ostalarientzat. Arabista handia izaki, Mahomak Koranen eroak beneragarritzat aldarrikatzen zituela jakin ahal izan zuen, bekatu egin ez dezaten Alahk zentzua kentzen diela kontu eginik. Ideia ederra eta sakona iruditu zitzaion eta etxeko frontispizioan marraztarazi zuen; baina apaizaren eta, karanbolaz, gotzainaren beldur baitzen, pentsamendua Benedicto VIII.ari egotzi zion, iruzur honengatik —barkagarria, bestalde— aita Lopesek bazkal orduan aita santu goren haren bizitza kontatzea merezi izan zuelarik. Eritegiari «Etxe Orlegia» deitu zioten, Itaguain lehenbizikoz ikusten ziren leiho orlegien koloreagatik. Egundoko ponperiaz inauguratu zen. Gertuko herri eta hiri guztietatik, eta baita urrutikoetatik eta Rio de Janeiro hiri beretik ere, heldu zen jendea, zazpi egunez luzatu ziren zeremonietan parte hartzeko asmoz. Zoro asko zegoen jadanik Etxe Orlegian bilduta; eta senideek bertan zein amodio paternalez eta kristau karitatez tratatuak izango ziren ikusteko parada izan zuten. Evarista andrea, bere senarraren ospeagatik bozkarioz beterik, oso dotore jantzi zen eta bitxiz, lorez eta zetaz apaindu zen. Benetako erregina izan zen egun gogoangarri haietan; ez zen inor geratu bi edo hiru aldiz bera bisitatzera joan gabe —eta hau garai hartako ohitura etxekoi eta begiratuak kontutan izanik—, eta bere inguruan gorte bat osatzeaz gain, laudorioz betetzen zuten; izan ere —eta ekintza hau garaiko gizartearentzat oso ohoragarria da—, izpiritu goren eta ospe handiko gizon baten emazte zoriontsutzat zeukaten, eta, inbidia bazioten, miresleen inbidia santu eta bikaina zen. Zazpi egun geroago amaitu ziren jaiak. Itaguaik bazuen azkenik Ero-etxe bat.
Alienista |