Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990

 

 

XI

Itaguaitarren harridura

 

      Eta presta bedi irakurlea hiriak egun batez Etxe Orlegiko ero guztiak kaleratzear zeudela jakin zueneko harridura bera sentitzera.

      — Guztiak?

      — Guztiak.

      — Ezinezkoa da; batzuk bai, baina guztiak...

      — Guztiak. Hala zioen gaur goizean Udalari bidali dion txostenak.

      Izan ere, alienistak txosten bat bidali zion Udalari puntu hauek azalduz:

      1. Hiriko eta Etxe Orlegiko estatistiketan egiaztatu ahal izan zuenez, jendearen bostetik bat egoitza horretan zegoela ostaturik.

      2. Jendetzaren leku aldatze honek bere burmuin-gaitzen teoria aztertzera bultzatu zuela, ahalmenak egoki orekatuta azaltzen ez ziren kasu guztiak arrazoi arlotik kanpo uzten zituen teoriaren oinarriak aztertzera, alegia.

      3. Ikerketa honek eta estatistika datuek erakutsi ziotela benetako doktrina ez zela hura, aurkakoa baizik, eta, ondorioz, ahalmenen desoreka normaltzat eta eredutzat onartu behar zela, eta oreka etengabe mantentzen zen kasu guztiak, berriz, hipotesi patologikotzat hartu behar zirela.

      4. Beraz, aztertutakoaren arabera, Etxe Orlegian giltzapeturik zeudenak askatu, eta, aldiz, goian aipatutako egoeran aurkitzen zirenak bilduko zituela adierazten zion Udalari.

      5. Era guztietako ahaleginak egingo zituela egia zientifikoa aurkitzeko eta Udalak beste horrenbeste egingo zuelakoan zegoela.

      6. Balizko eroen lojamendurako jasotako ordainak, arropatan eta janaritan benetan gastatu zena alde batera utzita, Udalari eta senideei atzera emango zitzaizkiela, eta Etxe Orlegiko kontabilitate liburuak Udalak erabakitzen zuenaren zerbitzura zeudela.

      Berebizikoa izan zen itaguaitarren harridura, eta ez zen txikiagoa izan internatuen lagun eta senideen poza. Jan-edanak, dantzaldiak, argiak, musika... denetatik izan zen hain gertaera atsegingarria ospatzeko. Hartu dugun haria ez galtzearren, ez ditut festak deskribatuko; baina sekulakoak, hunkigarriak eta luzeak izan ziren.

      Horrela gara gizakumeok! Simon Bacamarteren txostenak eragindako bozkarioan murgildurik, inork ez zion etorkizuneko esperientziaz betetako 4. pasartearen azken esaldiari erreparatzen.

 

Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990