Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990

 

 

VI

Matxinada

 

      Hogeita hamar bat pertsona bildu ziren bizarginaren inguruan; izkiriatu ondoren, ordezkaritza bat bidali zuten Udaletxera.

      Etxe Orlegia erakunde publikoa zela, eta zientzia —are eta gutxiago istiluek eraginda— administrazio bozketaz zuzentzea ezin zitekeela esanez, Udalak ez zuen onartu.

      —Itzul zaitezte lanera —amaitu zuen presidenteak—, hori da ematen dizuegun aholkua.

      Eragileen haserrea itzela izan zen. Bizarginak matxinadaren bandera altxa eta Etxe Orlegia apurtuko zutela adierazi zuen; Itaguaik ezin zuela zanpatzaile baten ikerketa eta esperientzietarako hilotza soilik izaten jarraitu; pertsona estimagarri piloa, horietariko batzuk printzipalak, besteak xumeak baina preziagarriak, Etxe Orlegiko zuloetan zeutzala; alienistaren despotismo zientifikoa eta aberasteko grina gauza bera zirela, eroei, edota erotzat hartu zituenei, ez baitzieten debalde kasu egiten: familiek, edo Udaletxeak haien ordez, ordaintzen zioten alienistari...

      — Gezurra da! —moztu zuen presidenteak.

      — Gezurra?

      — Badira bi aste , gutxi gora behera, mediku ospetsuaren txosten bat jaso genuela: psikologi balio handiko esperimentuak egiten saiatzen dela eta, Udaletxeak erabakitako soldatari, eta baita gaixoen familien ordainei ere, uko egiten diela adierazten zuen bertan.

      Hain ekintza jator eta bihotz-handikoaren berriak eragileen sua apur bat baretu zuen. Alienista oker egon zitekeen segur aski, baina ez zuen zientziatik kanpoko inolako interesak bultzatzen; eta bere errua frogatzeko, zalapartak eta oihuak baino zer edo zer gehiago behar zen.

      Hau esan zuen presidenteak, zinegotzi guztiek txalotu zutelarik. Une batzuk hausnartu ondoren, bizarginak agindu publiko batez horniturik zegoela eman zuen aditzera, eta Etxe Orlegia «giza arrazoiaren Bastilla hori» —errepikatu zuen adore handiz hiriko poeta bati entzundako perla— suntsiturik ikusi arte ez zela Itaguaira bakea bihurtuko. Hau esanik eta seinale bati jarraituz, guztiak berarekin irten ziren.

      Imajina zinegotzien egoera. Premiazkoa zen bilerak, matxinada, gatazka eta odola eragoztea. Egoera nahasteko, presidentearen alde jarri zen zinegotzietariko batek, bizarginak Etxe Orlegiari giza arrazoiaren Bastilla» deitzen ziola entzun zuenean, hain dotore iruditu zitzaion esaera hura, non bere iritzia aldatu zuen. Etxe Orlegia nolabait menperatzeko, zerbait asmatzea komenigarritzat jotzen zuela esan zuen; eta presidenteak, bero-bero eginda, bere harridura biziki azaldu zuenez, zinegotziak hausnarketa hau egin zuen:

      — Ez dut ezer zientziaren aurka, baina sanotzat hartzen genituen hainbeste gizon ero gisa internaturik badaude, nork ziurtatzen digu erotua ez dela alienista?

      Ados ez zegoen zinegotziak Sebastian Freitas izena zuen, eta, hitza berak zuenez, gehiago luzatu zen oraindik, zuhur, baina irmo. Bere kideak harri eta zur eginda zeuden. Legeari zor zitzaion errespetuaren eta ordenuaren etsenplua eman zezala behintzat, eskatu zion presidenteak; ez zitzala bere ideiak kalean barreiatu, oraindik atomo sakabanatuen zurrunbiloa baino ez zen gatazkaren gorputza eta arima ez piztearren. Irudi honek bestearen eragina itzali zuen apur bat: Sebastian Freitasek edozein ekintza bertan behera uzteko hitza eman zuen, Etxe Orlegiaren menpekotasuna bide legalen bitartez eskatzeko eskubidea beretzat gordez. Eta kilikatuta errepikatzen zuen bere artean: «giza arrazoiaren Bastilla!»

      Bitartean puzten zihoan zalaparta. Ez ziren jadanik hogeita hamar, hirurehun pertsona baizik, bizarginaren alde zeudenak. Honen goitizena adierazi beharrekoa da, matxinadari izena eman zion eta: «Kanjika» deitzen zioten, eta mugimendua «Kanjiken matxinada» izenaz egin zen ospetsua.

      Beldurra edo gizabide ohiturak zirela eta, jende asko kalera jaisten ez zenez, ekintza mugatua izan zitekeen; baina guztiek, edo ia guztiek, zuten sentimendu bera, eta Etxe Orlegirantz abiatu ziren hirurehun haiek —Paris eta Itaguai konparatu nahi gabe— Bastilla hartu zutenekin pareka zitezkeen.

      Evarista andreak matxinada heldu baino lehen izan zuen haren berri. Bere morroi batek kontatu zion guztia. Une hartan Rio de Janeirotik ekarriak zituen hogeita hamazazpi zetazko soinekoetako bat ari zen probatzen, eta ez zuen sinetsi nahi izan.

      — Txantxa bat izango da —zioen orratz bat lekuz aldatuz—. Benedicta, begira ezan ea ertz hau ondo dagoen.

      — Bai, andrea —erantzuten zuen neskameak lurrean kukubilkaturik—, ondo dago. Eman ezazu bueltatxo bat, andrea. Horrela. Oso ondo dago.

      — Ez da txantxa, andrea; ez horixe. Oihuka ari dira: «Bacamarte doktorea kanpora! Tiranoa hil!» —zioen morroiak ikaratuta.

      — Isil hadi, txotxolo hori! Benedicta, begira ezan hor, ezkerreko aldean. Ez al dirudi jostura oker xamar dagoela? Marra urdinak ez din beheraino jarraitzen; oso itsusia zegon horrela. Askatu egin behar dun zuzen-zuzen gera dadin, eta...

      — Bacamarte doktorea hil! Tiranoa hil! —deiadar egiten zuten kanpoan hirurehun ahotsek. Rua Nova-ra heltzen zen matxinada zen.

      Evarista andrea odol ttanttarik gabe geratu zen. Hasieran ez zuen ez pausorik eman, ezta keinurik egin ere. Izuak lur eta zur utzi zuen. Neskamea senak hala aginduta hondoko aterantz joan zen korrika. Evarista andreak sinetsi ez zion morroiak, berriz, errealitateak bere albistea egiaztatzen zuela ikusiz, bat-bateko garaipen zentzazio antzemangaitza eta barne-barnekoa izan zuen une batez, eta baita atsegin morala ere.

      — Alienista hil! —oihukatzen zuten ahotsek gertuago.

      Atsegin zirrarak ez bazituen aise jasaten ere, ondo zekien Evarista andreak, ordea, arrisku uneetan aurpegia ematen. Ez zen larritu. Bere senarrak estudiatzen zuen barruko gelara joan zen abiada bizian. Han arrapastaka sartu zenean, mediku ospetsua Averroesen testu bat ari zen aztertzen. Gogoetaz lurruneztaturiko bere begiak liburutik sabaira altxa, eta sabaitik liburura jaisten zituen, itsu kanpoko errealitaterako, igarle burulan sakonetarako. Evarista andreak birritan deitu zuen bere senarra, eta honek kasurik ez. Hirugarrenean entzun zuen, eta ea zer gertatzen zen galdetu zion, ea gaixorik zegoen.

      — Ez al dituzu oihu horiek entzuten? —galdegin zion emazte duinak negarrez.

      Orduan bakarrik entzun zituen alienistak oihuak, gero eta hurbilagoak, ikaragarriak, desafiozkoak. Dena ulertu zuen. Eserita zegoen jesarlekutik altxa, liburua utzi, eta pauso sendo eta mantsoz apalategian ipini zuen. Liburua sartzerakoan alboko bi liburuen nibela desorekaturik geratzen zenez, Simon Bacamarte oker txiki eta, bestalde, interesgarri hau zuzentzen ahalegindu zen. Ondoren, bere emazteari erretira zedin esan zion, ez zezala ezer egin.

      — Ez, ez —eskatu zion andre duinak—, zure ondoan hil nahi dut.

      Simon Bacamartek ezetz esan zion berriro, ez zela heriotza-arazoa; eta hala izango balitz, gera zedila erregutzen zion bizitzaren izenean. Dama zorigaitzekoak burua makurtu zuen umil eta negarti.

      — Etxe Orlegia apurtu! —oihukatzen zuten kanjikek.

      Alienista aurreko balkoi aldera abiatu zen, eta matxinada heldu zen momentu berean iritsi zen bertara. Bere aurrean plantatu ziren hirurehun buru, gizabidez harro, eta etsipenez goibel. «Hil bedi, hil bedi!,» oihukatzen zuten alde guztietatik alienistaren irudia balkoira azaldu orduko. Simon Bacamartek seinale bat egin zuen hitza eskatuz. Eragileek ahotsa estali zioten haserrez betetako garrasiez. Orduan, jendetza isilarazteko sonbreiruari eraginez, bizarginak lagunak lasaitzea lortu zuen, eta mintza zitekeela esan zion alienistari, baina herriaren pazientzia ez toreatzeko ordura arte egin zuen bezala.

      — Ezer gutxi esango dut, edo ezer ez, beharbada. Zer eskatzen duzuen jakin nahi dut lehenik.

      — Ez dugu ezer eskatzen —erantzun zuen bizarginak sutsu— . Etxe Orlegia suntsitua izan dadin agintzen dugu, edo barruan dauden gixaixoak kanpora daitezela behintzat.

      — Ez dut ulertzen.

      — Oso ondo ulertzen duzu, zanpatzaile horrek. Zure gorroto, nahikeria eta irabazte grinatik askatu nahi ditugu biktimak...

      Alienistak irribarre egin zuen, baina gizon handi haren irribarrea ezin zuten jendetzaren begiek ikusi. Ezpainen zimurtze soila besterik ez zen izan. Irribarre egin eta erantzun zuen:

      — Jaunak, zientzia oso gauza serioa da, eta seriotasunez tratatzea merezi du. Ez diot nire alienista ekintzen berri inori emango, Maisuei eta Jainkoari izan ezik. Etxe Orlegiaren administrazioa aldatu nahi baduzue, entzuteko prest naukazue; baina nik neure burua ukatzea nahi baduzue, ez duzue ezer aurreratuko. Zuetariko bat gonbida nezake, guztion ordezkari gisa, bildutako eroak nirekin batera bisitatzera; baina ez dut egingo, ekintza horrek nire sistema zuei azaltzea suposatzen duelako, eta hori ez diet ez eragileei, ezta kontserbadoreei ere argituko.

      Hau esan zuen alienistak, eta jendetza txunditurik geratu zen. Garbi zegoen ez zuela hain indar handirik espero, eta are gutxiago halako seriotasunik. Baina alienistak, jendetza seriotasun osoz agurtuz, buelta eman eta barnerantz geldiro desagertu zenean, harridurak bere marka guztiak hautsi zituen. Bizargina sonbreiruari eraginez iratzarri zen. Bere kideak Etxe Orlegia suntsitzera gonbidatu zituen; ahots ahul batzuek erantzun zioten. Une horretantxe sentitu zuen bizarginak agintze irrika bere baitan jaiotzen. Etxe Orlegia apurtuz eta alienistaren eragina deseginez gero, Udalaren jabe bihurtuko zen, beste agintariak menderatzera heldu, eta bera Itaguaiko nagusi bilaka zitekeela iruditu zitzaion orduan. Urte piloa zeraman zinegotzien zozketaren zerrendetan bere izena ikusi nahian, baina atzera botatzen zuten hain kargu garrantzitsua lortzeko adina kategoriarik ez zuelako. Behin-betiko aukera zen. Gainera, hain urruti eraman zuen iskanbila, ezen porrot egiteak kartzela, beharbada indarkeria, edo erbestea zekarkiokeela. Tamalez, alienistaren erantzunak haren jarraitzaileen sumina epeldu zuen. Ohartu bezain laster, bizarginak amorrazio oldarra sentitu zuen eta «Zitalak! Koldar alaenak!» oihukatu nahi izan zien. Baina baretu, eta hitz hauek jaurtikiz lehertu zen:

      — Adiskideok! Borroka gaitezen amaitu arte! Itaguairen salbazioa zuen esku duin eta heroikoetan dago. Apur dezagun zuen seme eta aiten, ama eta alaben, senide, lagunen eta zeuen kartzela. Bestela gizon zital horren ziegan hilko zarete, gosez eta zigorturik.

      Jendetza asaldatu egin zen, marmar, garrasi, mehatxu egin, eta bizarginaren inguruan bildu ziren guztiak. Makurraldi izpi hartatik matxinadak burua tentetu zuen berriro eta Etxe Orlegia erraustuko zuela zirudien.

      — Aurrera! —oihukatu zuen Porfiriok sonbreiruari eraginez.

      — Aurrera! —errepikatu zuten guztiek.

      Gertaera batek geldiarazi zituen: dragoi batailoi bat abiada bizian ari zen Rua Nova-n sartzen.

 

Alienista
Machado de Assis

euskaratzailea: Joseba Urteaga
Igela, 1990