|
Alienista
XII 4. pasartearen amaiera
Itzali ziren argiak; familiak osatu ziren; dena bere onera itzuli zela zirudien. Ordena zen errege, Udalak agintzen zuen berriro kanpoko inolako oztoporik gabe; presidentea eta Freitas zinegotzia beren postuetara itzuli ziren. Gertaerek irakatsita eta, Napoleoni buruz poetak esan zuen bezala, «denetatik probatu ondoren» (baita zerbait gehiago ere, Napoleonek ez baitzuen Etxe Orlegia ezagutu), nahiago izan zituen Porfirio bizarginak bizar-labana eta guraizeen ospe iluna, boterearen ezbeharrak baino. Auzitan sartu zuten, egia da, baina hiriko jendeak Bere Maiestatearen barkamena eskatu zuen, eta baita lortu ere. Asaldari bat uzkaili zuela kontuan izanik, Juan Pina aske utzi zuten. Kronistek uste dute ekintza honetatik datorrela brasildar esaera hau: «Lapur bati lapurtzen dion lapurrak, ehun urtetako barkamena du;» atsotitz inmorala, egia da, baina guztiz baliagarria. Alienistaren aurkako kexak amaitzeaz gain, ez zioten inolako gorrotorik egin zituen ekintzengatik; gainera, erabat bere senean zeudela deklaratu zutenetik, Etxe Orlegiko internatuak onespen sakonez eta poz handiz beterik sentitu ziren. Alienistak omenaldi berezia merezi zuela pentsatu zuen makina bat jendek, eta dantzaldi bat antolatu zioten, eta afariak, eta dantzaldi gehiago ondoren. Hasieran Evarista andreak bere ezkontideagandik banantzeko ideia izan zuela diote kronikek, baina hain gizon ospetsuaren konpainia galtzearen minak, urguiluaren oinaze osoa ezabatu omen zion, eta bikotea lehen baino askozaz ere zoriontsuagoa izan zen. Lehen zuten adiskidetasun mina gorde zuten alienistak eta botikariak ere. Iraultza garaian bertute garrantzitsuena zuhurtasuna zela atera zuen ondorioa azken honek Simon Bacamarteren txostenetik, eta biziki estimatu zuen alienistaren bihozberatasuna, honek askatasuna ematerakoan bostekoa luzatu zionean, lagun zaharren modura. — Gizon handia da —esan zion bere emazteari, gertatutakoa kontatzen ziola. Bastagina, Costa, Coelho, Martin Brito eta istorio honetan bereziki aipatu diren beste batzuei buruz mintzatzea ez da premiazkoa; beren lehengo ohituretara askatasun osoz itzuli ahal zirela esatearekin aski dugu. Evarista andrea hitzaldi batean neurrigabeki goraipatu zuelako giltzapeturik izan zen Martin Brito harexek, beste hitzaldi bat egin zuen, oraingo honetan mediku ospetsuaren ohoretan, «zeinen jenio gorenak, hegalak eguzkia baino askoz altuago altxatuz, lurreko beste izpiritu guztiak bere azpian utzi baitzituen.» — Eskertzen dizkizut zure hitzak —erantzun zion alienistak—, eta ez naiz zuri askatasuna itzultzeaz damutzen. Bitartean Udalak emana zion Simon Bacamarteren txostenari erantzuna, 4. pasartearen amaierari buruzko erabakia bere une egokian hartuko zutelako salbuespenarekin, eta arau batzuk finkatzen ahalegindu zen, azkenik. Alienistari buru-ahalmenak oreka egokian zeuzkaten pertsonak Etxe Orlegian biltzeko baimena ematen zion dekretua eztabaidarik gabe onartu zen. Eta Udalaren aurreko esperientzia mingarria izan zenez, klausula bat jarri zen, non baimena, urtebetera mugatua, behin-behinekoa zela adierazten zen, psikologi teoria berria esperimentatua izan ahal zedin, Udalak, nahi izanez gero, epe hura baino lehen Etxe Orlegia itxi arazi zezakeelarik, ordenu publikoko arrazoiengatik komenigarri iruditzen bazitzaion. Freitas zinegotziak beste arau bat ere proposatu zuen, zinegotziak ez zitezela inola ere alienatuen egoitzan internatuak izan adierazten zuena; Galvan zinegotziak bere desadostasuna azaldu arren, onartu, bozketa egin eta dekretuan sartu zuten klausula. Honako hau zen magistratu honen argudio nagusia: esperimentu zientifiko bati buruz legeak ematerakoan, Udalak ezin zituela bere batzarkideak legearen ondorioetatik kanpo utzi; salbuespena gorrotagarri eta irrigarria zela. Hitz hauek esaten amaitu zueneko, zinegotziek oihuz eta deiadarrez hasi ziren beren batzarkidearen ausardiaren eta zentzugabekeriaren aurka; honek, berriz, entzun, eta salbuespenaren aurkako botoa ematen zuela besterik ez zuen esan. — Zinegotzigoak —amaitu zuen— ez digu aparteko botererik ematen, ezta giza izpiritutik kanpo uzten ere. Dekretua bere murrizketa guztiekin onetsi zuen Simon Bacamartek. Zinegotzien salbuespenari zegokionez, Etxe Orlegian jasotzera beharturik aurkituko balitz, barru barrutik sentituko zuela adierazi zuen. Klausula zen, nolanahi ere, beren buru ahalmenak oreka egokian ez zeudelako froga onena. Ez zitzaion gauza bera gertatzen Galvan zinegotziari; honek egindako objekzioaren egokitasunak, eta bere batzarkideen erretolikei emandako erantzunaren zuhurtasunak, ondo antolatutako burmuina agertzen baitzuten; horregatik eskatzen zion Udalari entrega ziezaiola. Galvan zinegotziaren jokaeragatik oraindik minduta sentitzen zen Udalak, alienistaren eskaera onetsi, eta aho batez erabaki zuen hura entregatzea. Teoria berria zela eta, ulergarria da Etxe Orlegian norbait sartzeko ekintza bat edo esandako zerbait aski ez izatea; azterketa luze bat zen premiazkoa, iraganaren eta orainaren ikerketa sakona. Aita Lopes, esaterako, ez zuten dekretua agertu eta hogeita hamar egun pasa baino lehen ingresatu; botikariaren emaztea berrogei egun geroago. Andre honen barruratzeak haserre bizian jarri zuen bere ezkontidea. Amorruz lerdea zeriola etxetik irten zen, eta topatzen zuen edonori tiranoari belarriak kenduko zizkiola esaten zion Crispin Soaresek. Alienistaren etsai zen tipo batek, kalean albiste hau entzun zuen bezain laster, bere disidentzi arrazoiak ahaztu, eta Simon Bacamarteren etxera joan zen ziztu bizian zein arriskuren aurrean zegoen jakinaraztearren. Esker onekoa agertu zen Simon Bacamarte bere etsaiaren jokaeragatik, eta minutu gutxi behar izan zituen haren sentimenduen zuzentasunaz, asmo onaz, giza errespetuaz eta eskuzabaltasunaz konturatzeko. Eskuak estutu zizkion eta Etxe Orlegian sartu zuen. — Honelako kasuak bakanak dira —esan zion aho zabalik zegoen bere emazteari—. Itxaron diezaiogun orain gure Crispini. Crispin Soares sartu zen. Minak amorrua garaitua zuen. Botikariak ez zizkion belarriak kendu alienistari. Honek bere laguna lasaitu zuen, kasua ez zegoela galdurik ziurtatuz. Haren emazteak zauriren bat izango zuen burmuinean agian; arreta handiz aztertuko zuen, baina ezin zuen kalean utzi hori egin baino lehen. Eta biak elkartzea komenigarri iruditu zitzaionez, senarraren zuhurtasunak eta zitalkeriak emaztearengan aurkitu zuen edertasun morala nolabait senda zezaketelakoan, hau esan zion Simon Bacamartek: — Egunez botikan lan egingo duzu, baina bazkaldu eta afaldu zure emaztearekin; eta gauak, igandeak eta jai egunak hemen pasako dituzu. Botikari gizagaixoa Buridango astoaren egoeran jarri zuen proposamenak. Bere emaztearekin bizi nahi zuen, baina Etxe Orlegiaren beldur zen; eta kinka larrian ibili zen denboralditxo batez, Evarista andreak, bere laguna ikusi ahal izateko ahaleginak egingo zituela, eta bien bitarteko izango zela zin eginez, estualdi hartatik atera zuen arte. Crispin Soaresek eskerroneko musua eman zion eskuetan. Berekoikeria txepelez kutsaturiko azken ekintza hau zoragarria iruditu zitzaion alienistari. Bost hilabete geroago, hemezortziren bat pertsona zeuden internatuta; baina Simon Bacamartek ez zuen etsitzen. Kalez kale eta etxez etxe joaten zen zelatan, galdezka, miatzen; eta gaixo bat harrapatzen zuenean, lehen dozenaka biltzen zituen poz berberaz eramaten zuen berarekin. Desproportzio beronek egiaztatzen zuen teoria berria; aurkitua zuen, azkenik, benetako burmuin patologia. Egun batez, epailea Etxe Orlegiratzea lortu zuen, baina hain zuhurki jokatzen zuen, ezen honen ekintza guztiak zehatz-mehatz aztertu eta hiriko printzipalak galdekatu ondoren soilik sartu zuen. Behin baino gehiagotan aurkitu zen erabat desorekatuta zeuden pertsonak biltzeko zorian; hala gertatu zitzaion nolakotasun moral eta intelektual piloa aurkitu zizkion abokatu batekin: hain prestua eta zuzena izanik, arriskutsua zen kalean uztea. Atxilotzea agindu zuen; baina poliziak, mesfidati, esperimentu bat egitea eskatu zuen; gezurrezko testamentu bat egiteagatik auzitan sartu zuten bere adiskide batengana jo zuen eta aholkatu zion Salustiano, hau zen abokatuaren izena, har zezala abokatutzat. — Orduan zuk uste duzu...? — Ezbairik gabe. Joan zaitez; egia zeinahi ere den, dena aitor iezaiozu eta utzi arazoa bere eskuetan. Gizona abokatuarekin mintzatzera joan zen eta testamentua trukatu egin zuela aitortu ondoren, auzia bere gain har zezala eskatu zion. Ez zion abokatuak uko egin. Paperak aztertu zituen, enpatxurik gabe hausnartu, eta argi eta garbi frogatu zuen testamentua benetakoa zela. Epaileak akusatuaren errugabetasuna handikiro aldarrikatu zuen eta herentzia haren eskuetara pasa zen. Aske gelditu zen legegizon bikain hau esperientzia honi esker. Baina izpiritu berezi eta zorrotz batek ez zuen ezer airean uzten. Aspaldidanik nabaritzen hasia zen Simon Bacamarte polizia haren zolitasun, ardura, zuhurtasun eta pazientzia, eta hain esperimentu fin eta korapilatsua zein trebeki eta egoki burutu zuen kontutan harturik, berehala Etxe Orlegian internatzea erabaki zuen; gelatxo onenetako bat eman zion, gainera. Alienatuak moten arabera ostatu zituzten. Xumeen galeria egin zen, perfekzio morala gainezka zuten zoroena, alegia; jasankorrena bestea, jatorrena, leialena, bihozberena, zuhurrena, egiazaleena... eta abar. Internatuen familiek eta adiskideek teoriaren aurka oihukatzen zuten, noski; eta hori bakarrik ez, batzuek baimena baliorik gabe uztera behartu nahi zuten Udala. Udalak ez zituen ahaztuak, ordea, Galvan zinegotziaren hitzak, eta baimena kentzen bazuten, kalean ikusiko zuten, bere postua berreskuratuta; hortaz, uko egin zuen. Mezu bat igorri zien Simon Bacamartek zinegotziei, mendeku ekitaldi hargatik zorionak emanez. Legalitateaz etsiturik, hiriko zenbait jauntxok Porfirio bizarginagana jo zuen ezkutuan, eta Udalaren eta alienistaren aurkako beste mugimendu baten buruan jartzen bazen, jendearen laguntza, dirua eta Gortean eragina segurtatu zioten. Bizarginak ezetz erantzun zien; aurreko aldian gutiziak bultzatu zuela legeak hankaz gora jartzera, baina bere erruaz eta bere jarraitzaileen iritziaren pulamentu kaxkarraz ohartu zenez, zuzendu egin zela; Udalari, bestalde, komenigarri iruditu zitzaiola alienistaren esperimentuari urtebeteko baimena ematea: beraz, epearen bukaera arte itxaron behar zen, edota, Udalak eskaera atzera botatzen bazuen, erretorearengana jo. Ez zuen sekula bere eskuetan porrot egiten ikusitako baliabidearen erabilerarik aholkatuko, eta are gutxiago bere bihotz-zimiko eternala izango ziren hil eta zauritu haiek beren lepotik ordaindu izan zutelarik. — Zer esaten didazu? —galdegin zuen alienistak, agente sekretu batek bizarginaren eta hiriko jauntxoen arteko elkarrizketa kontatu zionean. Bi egun geroago, Etxe Orlegian sartu zuten bizargina. «Atxilotuta txakurra izateagatik, atxilotuta ez izateagatik!» oihu egin zuen gizagaixoak. Amaitu zen epea. Udalak sei hilabeteko luzapena onetsi zuen metodo terapeutikoak entseatzearren. Itaguaiko kronikaren pasarte honen amaiera hain da latza eta ustekabekoa, ezen gutxienez hamar kapitulu mereziko bailituzke; baina narrazioaren amaiera izango den bakarrekin konformatzen naiz, zientziaren uste sendo eta giza pairamenaren eredurik ederrenetakoa azaltzen duenarekin.
Alienista |