LVOVERA JOATEA
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

Gurasoei

 

Lvovera joatea. Zein geltokitatik abiatu

Lvovera, ametsarenetik ez bada, egunsentiarekin, ihintzak

maletak izozten dituenean eta abiadura handiko

trenak zein tren espresoak jaiotzen direnean. Bat-batean

Lvovera joatea, gauaren erdian, egunez, irailean

edo martxoan. Baldin eta izan, Lvovik bada,

mugen barruan topa badaiteke eta ez nire pasaporte berrian

bakarrik, baldin eta oraindik arbolen lantzek

–makal lizarrenek– arnas hoska jarraitzen badute

indioen pare, eta erreken marmarrean irauten badute

beren esperanto ilunean, eta sugeak, errusiar hizkuntzaren

zeinu leunak bezala galtzen badira

sasitzan. Maleta egin eta joatea, joatea

agur esan gabe, eguerdiz, kordea galtzen

duten dontzeilen modura desagertu. Eta lapa-belarrak,

lapa-belar sorta berdeak, beherago, kafe veneziar baten

eguzkitakoen pean eternitateaz gogoetan dabiltzan

barraskiloekin. Baina gogoratu, katedrala

zuzen altxatzen da, igande bat bezain

zuzen eta ahozapi zuriak eta lurrean

masustaz gainezka den kuboa eta oraindik

sortu ere egin gabea zen nire desira,

lorategiak baino ez eta sastrakak eta gingen

anbar kolorea eta Fedro indezentea.

Beti izan zen Lvov gehiegi. Inork ezingo lituzke

haren auzo guztiak ulertu, eguzkiak

erretako bere harrietako bakoitzaren murmurioa

entzun, gauez, katedralarenaz bestelako zen

eliza ortodoxoaren isiltasuna, Jesuitek

orriz orri bataiatzen zituzten landareak, baina hazi egiten ziren,

menderaezin hazten ziren eta edonon

hartzen zuen bozkarioak aterpe, korridoreetan, bakarrik

zebiltzan kafe errotatxoetan, te kikara

urdinetan, lehen formalista izan zen

almidoian, euri tantetan eta arrosen

arantzetan. Leihoetan horitzen ziren forsitia izoztuak.

Kanpaiek jo eta dardara egiten zuen aireak, mojen

kornetek antzoki parean zebiltzan goleten pare

nabigatzen zuten, hainbestekoa zen biltzen zen mundua

ezen behin eta berriz eskaini behar izaten baitzituzten bisak,

publikoa zoratu egiten zen eta uko egiten zion

aretoa uzteari. Nire izebek oraindik

ez zekiten inoiz berpiztuko nituenik,

eta lasai bizi ziren, beren kasara;

neskameak korrika irteten ziren esne gain fresko bila,

txukun eta plantxatuta, etxeetan bazen haserre pixka bat

eta esperantza handi bat. Brzozowski

hitzaldiak ematen izan zen, nire osabetako batek

Ahalguztidunari eskainitako  Zergatik izeneko poema bat

idazten zuen eta Lvov gehiegi

zegoen, gain egiten zien edukiontziei,

edalontziak lehertzen zituen, pantano guztiak

gainezkatu, lakuak, tximinia guztiak bete

bere keaz, su bilakatzen zen eta ekaitz,

tximistekin egiten zuen barre, baretzen zen,

etxera itzuli, Testamentu Berria irakurtzen zuen,

sofan egiten zuen lo Karpatoetako artisau alfonbraren ondoan,

Lvov gehiegi zegoen, eta orain ez dago

batere, gupidagabe gabe ari zen hazten eta guraizeek

moztu egiten zuten, maiatzean beti bezain hotz

ziren lorezainek, errukirik gabe, maitasunik gabe,

eta itxaron ekain epela iritsiko baita

iratze leunak, udaren zelai mugagabeak,

esan nahi baita, errealitatea.

Baina moztu egiten zuten guraizeek luze-zabal

haren haria, jostunek, lorezainek eta zentsuratzaileek

gorputzak eta koroak segatzen zituzten, zizailek

atsedenik gabe egiten zuten lan, umetako ebakigarrietan

puntuak segitzeak beltxarga edo orein bat sortzen duen bezala.

Guraizeek, labanek eta bizarra egitekoek urratu

eta moztu eta muxarratu egiten zituzten prelatu

soineko puztuak eta plazak eta etxeak, zuhaitzak

zaratarik egin gabe erortzen ziren, oihanean bezala,

eta katedralak ikara egiten zuen, eta agur egiten zuen jendeak

zapirik gabe, malkorik gabe, ezpainak

guztiz idor, ez zaitut gehiago ikusiko, hainbeste heriotza

duzu zain, hiri guztiak bilakatuko baitira

Jerusalen eta gizon guztiak judu, eta egin maleta orain

presaka, beti, egunero,

eta arnasarik hartu gabe abiatu, joan Lvovera,

azkenean, izan badelako, mertxika bat bezain

lasai eta puru. Leku guztietan dago.

 

LVOVERA JOATEA
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021