PISU TXIKI BATEAN
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

Galdetu diot aitari:

Eta zer egiten duzu egun osoan? Gogoratu

 

Halaxe bada, hautsez betetako pisu txiki honetan, Gliwicen,

sobietar eredura eraikitako bloke baxu batean,

zeinaren arabera, hiriek kuartel itxura izan behar baitute,

eta etxeek gela meharrak, bilkura klandestinoak eragozteko,

han, non horma-erloju batek neke gabe jarraitzen baitu martxan,

 

ia egunero berritzen du 39ko irail argi hura, bonben txistua,

eta Jesuiten Lorategia, Lvov-en, lehen bezain dirdiratsu

astigarren eta lizarren argi berdearekin, eta txoritxoekin,

kanoak Dniesterren, zume eta hondar bustiaren usaina,

neska gazte bat topatu zuen egun beroa, zuzenbide ikaslea,

eta merkantzia bagoi bateko bidaia, mendebaldera, azken mugaraino,

eta ikasleek eskaini zioten 200 arrosako lore sorta,

68ko udaberrian haien alde egin izana eskertzeko,

eta akaso baita sekula ezagutuko ez ditudan beste pasarte batzuk ere,

nire ama izatera heldu ez zen emakume baten muxua,

 

zure haurtzaroko beldurra eta andere-mahats gozoa; oraindik ni gabeko

amildegi abegitsu horretatik ateratako irudiak.

Lanean dabil zure memoria pisu isil honetan: metodikoki

diharduzu, isiltasunean, istant batez berpizteko XX. mende mingarria.

 

PISU TXIKI BATEAN
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021