HOLANDAKO PINTOREAK
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

Eztainu katilu zamatu eta beteak.

Argiak puztutako leiho sendoak.

Berunezko hodeien materikotasuna.

Ohegaineko itxurako soinekoak. Ostra hezeak.

Hilezkor diren baina balio ez diguten gauzak.

Bakarrik dabiltza zurezko eskalapoiak.

Sekula aspertzen ez diren eta tarteka,

ilargiarekin xakean dabiltzan baldosak.

Neskato itsusi bat tinta ikusezinez

idatzitako eskutitz bati begira.

Maite edo diru kontuak?

Mantelek moral eta almidoi usaina dute.

Gainazalak ez du sakontasunarekin bat egiten.

Misteriorik? Ez dago inolako misteriorik, zeru

urdina baino ez, abegikor eta kaioen txilioak bezain urduria.

Andre bat sagar bat zuritzeari erabat emana.

Umeek zahartzaroarekin egiten dute amets.

Norbaitek liburu bat irakurtzen du (liburu bat irakurria da),

norbaitek lo hartu eta arnasten duen objektu

epel bilakatu da (akordeoi baten pareko).

Maite dute habitatzea. Eta dena habitatzen zuten,

zurezko aulki baten bizkarrekoan

eta Bering itsasartea bezain estua den esne harian.

Ateak parez pare, aldeko haizea,

eta lan ostean atseden hartzen duten erratzak.

Etxeak bistara. Ezkutuko poliziarik gabeko

herrialde baten pintura.

Itzal goiztiar bat baino ez da ageri

Rembrandt ezin gazteagoaren aurpegian. Zergatik?

Holandako pintoreak, esan, zer gertatuko da

sagarra zuritutakoan, zeta itzaltzen denean,

kolore guztiak hotz bihurtzen direnean?

Esan egiguzue zer den iluntasuna.

 

HOLANDAKO PINTOREAK
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021