EZINEZKOA
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

[5414, Blackstone, Chicago]

 

Zeinen zaila den idazten saiatzea, berdin du

etxean, hegazkinean, ozeanoen gainean,

oihan beltzen gainean, ilunabar isil batean.

Aldiro berri hastea, lasterketa luze baterako

esnatzea eta laurdena egin ostean

atsekabeturik etsitzea, errenditzea.

Espero dut zuk gutxienez entzungo nauzula,

zeren, ongi dakizunez, teorialariek etengabe

ziurtatzen baitigute, ia egunero, dena ulertu genuela

gaizki, beti bezala, ihes egin zigula

zentzurik sakonenak, ez genituen liburu egokiak

irakurri, eta, zoritxarrez,

ez genituela atera beharreko ondorioak atera.

Hala diote: poesia printzipioz ezinezkoa da,

fokuen laino urrekaran aurpegiak difuminatzen dituen

gela bat bezalakoa da poema, non jendetza suminduaren

murmurio basatiak ahots indibidualak,

babesgabe, itzaltzen dituen.

Beraz, zer? Hitz dotoreak azkar itzaltzen dira,

eta, askorentzat, normalenak ere ez dira nahikoa.

Frogatuta dirudi, hortaz, silentium-ak

ezin duela fidel eskukada bat besterik eduki.

Batzuetan inbidia diet poeta hilei:

haiek jadanik ez dute "egun txarrik", ez dute

"malenkonia" ezagutzen, agur esana diote "hutsunea"-ri,

"erretorika"-ri, euriari, behe presioko guneei,

utzia diote "iruzkin sakonak" jarraitzeari

eta, halere, jarraitzen dute guri hizketan.

Haiekin batera joan ziren haien zalantzak,

bizirik dirau euren entusiasmoak.

 

EZINEZKOA
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021