INON ERE EZ
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

Egun batez izan zen, inon ere ez-en, nire aita lurperatzetik bueltan,

kontinente arteko egun batez, galduta nenbilen Hyde Parkeko

kaleetan amerikar ahotsen txatalak harrapatzen,

inongo izatera iritsi gabe, askea nintzen,

baina askatasuna hori bada, pentsatu nuen, nahiago

errege on baten gatibu izan edo enperadore epel batena;

hostoak udazken gorriztaren kontra zihoazen igerian,

haizeak ehiza txakur baten pare egiten zuen aharrausi,

kutxazaina janari-dendan, inon ere ez-en

(jakin mina pizten zion nire ahoskerak), nongoa nintzen galdetu zidan,

baina ahaztua nuen, gogoa nuen harekin aritzeko

nire aitaren heriotzaz, baina pentsatu nuen: jadanik

zaharregia naiz umezurtz izateko, Hyde Park-en

bizi nintzen, inon ere ez, where fun comes to die,

beste unibertsitateetako ikasleek inbidia ukitu batekin esan ohi zutenez,

nortasunik gabeko astelehen bat zen, koldarra,

formarik gabea, inspiraziorik gabeko egun bat, inon ere ez, doluak ere

ez zuen muturreko itxurarik hartu, sentsazioa nuen

Chopin berak ere, halako egun batez, kasurik onenean,

gehienez ere, eskolak ematen arituko litzatekeela

ikasle aristokratiko eta dirudunentzat;

bat-batean Gottfried Bennek, berlindar dermatologoak

hari buruz idatzitakoarekin gogoratu nintzen,

nire poema maiteenetako batean:

"Delacroixek bere teoria aurkeztu zuenean,

kezkatuta geratu zen, ezinezko zitzaiolako

bere nokturnoak justifikatzea",

bertso horiek, aldi berean ironikoak eta eztiak,

beti bete izan naute ia Chopinen musikaren neurrikoa

izatera heltzen den halako zoriontasun moduko batez.

Hori banekien: ez da zertan justifikatu

ez gaua, ez mina, inon ere ez.

 

INON ERE EZ
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021