MARX ZAHARRA II
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021

 

Bere azken negua imajinatzen saiatzen naiz,

Londres, heze eta hotza, elurraren muxu geldia

kale hutsetan, Tamesisen ur beltza,

prostituta izoztuek suak pizten dituzte parkean.

Gauez lokomotor erraldoiak negarrez dabiltza nonbait.

Pub-ean langileek azkarregi hitz egiten zuten

hitz erdi bakar bat ere ulertu ahal izateko.

Agian Europa aberatsagoa zen eta lasaia,

baina belgikarrek segitzen zuten Kongo martirizatzen.

Eta Errusia? Haren despotismoa? Siberia?

 

Arratsak ematen zituen leihatilari begira.

Ezin zen kontzentratu, lan zaharrak berridazten zituen;

egunak ematen zituen Marx gaztea berrirakurtzen

eta sekretuan miretsi egiten zuen autore aseezin hura.

Oraindik bazuen fedea bere bisio fantastiko hartan,

baina zalantza une laburretan

kezka izaten zuen ez ote zion munduari

etsipen modu berri bat besterik proposatu;

begiak ixten zituen orduan eta ez zuen ikusten

bere betazalen iluntasun eskarlata baizik.

 

MARX ZAHARRA II
Adam Zagajewski

euskaratzailea: Iñigo Astiz
armiarma.eus, 2021